Odol bildua eta garraiatua

  • Bartzelona, 1936ko uztaila. Espainiako Gerra Zibila piztu zenean, Frederic Duran i Jordà medikua (1905-1957) Montjuïceko 18 ospitalean hasi zen hirira iristen ziren gerrako zaurituez arduratzeko.

Frederic Duran i Jordà (1905-1957).
Frederic Duran i Jordà (1905-1957).

Erietxean, orduan, odol transfusio zuzenak egiten ziren, hau da, emailearen besotik hartzailearen besora, eta mediku katalana berehala konturatu zen maiz zaurituek emaile bakarrak eman zezakeena baino odol gehiago behar zutela. Gainera, Aragoiko frontetik Wenceslao Dutrem eta Serafina Palma lankideen gutuna jaso zuen, esanez zaurituak artatzeko odolik ez zutela. Ospitalea uztea erabaki zuen orduan, eta, Errepublikako Armadaren Osasun Zerbitzuaren babesaz, zauritu militar nahiz zibilei behar zuten odola helarazteko zerbitzua abiarazi zuen abuztu hasieran. Irailaren erdialdean lehen zazpi litroak iritsi ziren Aragoiko frontera. Munduko lehen odol transfusio zerbitzu modernoa  izan zen.

Ordurako nolabaiteko transfusio zentroak baziren. Esaterako, Moskuko Sklifosovsky Institutuan transfusioak egiten ziren gorpuen odola erabiliz. Baina Duranen taldeak bazekien hori kaltegarria zela hartzaileentzat. Londresko Gurutze Gorriak ere bazuen zerbitzu bat, baina transfusio zuzen mugatuak egiten zituzten soilik. Eta emaileak frontera eramatea ez zen bideragarria.

Frederic Duran i Jordà odol transfusioak egiten Bartzelonako 18 ospitalean.

Eskura zeuzkaten bitarteko urriekin, dagoeneko asmatuta zeuden antikoagulatzaileak hobetzen ahalegindu ziren, baita odola esteril mantentzeko metodoak eta gordetzeko ontziak ere. Gainera, lehenengoz, herritarren artean odola emateko kanpainak egin zituzten. Eta garraioaren arazoari ere konponbidea aurkitu zioten: arraina garraiatzen zuen lau tonako Diamond kamioia egokitu zuten.

Bidalketak astero egiten ziren frontera eta bertako ospitale guztietan gutxienez 35 litroko bankua izaten ahalegindu ziren.

30 hilabetean Bartzelonako transfusio zerbitzuak 28.900 emaile izan zituen eta 9.000 litro odol prozesatu eta prestatu zituen. Bigarren Mundu Gerran erabat zabaldu zen Duranen metodoa. Haiek erabili zuten teknologia zaharkituta dago egun, baina mediku katalanak ezarritako oinarriak indarrean daude oraindik.

1939ko otsailean Frederic Duran i Jordàk Kataluniatik alde egin eta Ingalaterrara emigratu zuen, Britainiar Gurutze Gorriak gonbidatuta. Hemoterapiaren aitzindaria Manchesterren hil zen 51 urte zituela, leuzemiak, odoleko minbiziak, jota.


ASTEKARIA
2017ko azaroaren 19a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Historia
Otziren tatuaje modernoak

1991n Alpeetan Ötziren gorpua aurkitu zutenetik, egoera oso onean kontserbatutako 5.000 urteko arrastoak ikerketa asko egiteko erabili dituzte. Hasieratik arreta eman zuten azalean zeuzkan 61 tatuajeek. Adituek uste zuten tatuaje horiek azalean ebaki txikiak eginda eta,... [+]


Sabbatai Zevi mesiasaren irakaspenak

Esmirna (Turkia), 1647. Sabbatai Zevi rabinoak (1626-1676) bere burua mesias izendatu zuen. Autoizendatze horrek ez zuen une horretan oihartzunik izan. 1651n Esmirnatik egotzi zuten eta hainbat urtetan Grezian, Trazian, Palestinan eta Egipton ibili zen, noraezean. Baina 1665an... [+]


Euskal Herriaren lehen atlas kartografikoa osatu dute

Ramon Oleagak eta Jose Mari Esparzak egina, 300 mapa dakartza Imago Vasconiae izeneko bildumak eta Interneten ere kontsultagarri dago. Euskal Herriaren historiaren bilakaera irudikatzeko eta "ikerketarako jatorrizko materiala izateko" ezinbesteko tresna sortu dute... [+]


Baskoien beste herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte Nafarroan eta AHTren lanek suntsitu ditzaketela salatu dute

Muru Artederreta herrian, Murugain izeneko muinoan, Burdin Aroko herrixka baten horma agerian geratu da, AHTren lanentzako laginak hartzen ari zirela.  Bizilagunen hango elkarteak salatu du trenarentzako tunel baten ahoa eraikitzeak harresiaren zati bat suntsituko lukeela.


Eguneraketa berriak daude