Kopenhagen Amager Bakke errauste planta, 'elefante zuri' berria

  • Aginte publikoek sustaturik altxatako eraikin oso handi, ospetsu eta garestia, aldi berean bere ustiapen edo mantenuan zama ekonomiko bihurtzen dena, horra zer den ingelesez White elephant eta frantsesez Eléphant blanc izendatzen dutena. Hondakinetatik negozio egiten duten korporazioek Kopenhageko Amager Bakke erraustegi berria saltzen dute munduko aurreratuena delakoan. Aldiz, martxan jarri aurretik bihurtuta dago herritarrentzako buruhauste galanta.

Amager Bakke erraustegia tximinia nagusitik eta bizkarrean daraman beste txikiago batetik kea dariola. Bjarke Ingels Group –berena da argazkia– arkitektura eta eraikuntza konpainia multinazionalak diseinatua, zortzi hilabeteko atzerapenez estreinatu dute.
Amager Bakke erraustegia tximinia nagusitik eta bizkarrean daraman beste txikiago batetik kea dariola. Bjarke Ingels Group –berena da argazkia– arkitektura eta eraikuntza konpainia multinazionalak diseinatua, zortzi hilabeteko atzerapenez estreinatu dute. Oraindik falta ditu gailurretik beheraino luzatuko omen diren eski pistak, kafeteria eta eskaladarako harresia. Interneten aurkitzen diren promozioko beste irudi askotan osagai guzti horiekin estetika futurista ematen du erraustegiak, tximiniatik lurruna uztai borobiletan isuriz.

2016ko urrian Londrestik The Guardianek aurkeztu zion munduari Danimarkako mirari berria: “Ikuspegi bikainak dauzkan erraustegia: Kopenhageko hondakin plantak eski pista eta picnic eremua edukiko ditu”. Ordenadorez egindako muntaian ikus daiteke aintzira eta zelaiz inguratutako paraje baten erdian sutegi futurista, kasualitatez tximiniarik ageri ez duena. Geroztik, Googleri Amager Bakker erraustegiaren irudiak eskatuz gero, aurkitzen dituen lehenak antzeko simulazioak dira, eraikin txundigarria elurpean, teilatu gainean eskiatzaileak, tximiniatik kea ez baina lurrunezko uztai artistikoak isurtzen...

Arrasateko LKSko ordezkariak Perun saiatu direnean Gipuzkoakoa bezalako erraustegi bat saltzen hango agintariei, oso posible da Amager Bakker berri-berria aipatu izana. Modan jarri dute. Izan ere, zerk eduki lezake berme hoberik herrialde nordikoetan maite omen duten labe batek baino? Danimarkan bertan, ordea, kezkatuta dauzka.  

Abuztuan Finans egunkari ekonomikoak argitaratu zuen: “Kaosa  milioiak kostatako erakin berrian: Amager Bakke hondakinak tonaka pilatzera behartuta”. Ekainean labeak estreinakoz piztu bezain laster hondatu zitzaizkion. Hiru sutegietatik bat konpondu arren beste biek aste batzuetarako lanak zeuzkatela eta gobernuak baimena eman zion konpainiari hondakinak usinan metatzeko. Arazo konplikatua, milaka tona haien ia erdia sukaldeko organiko ustelkorrez osatuta zegoelako.

Udako matxura hau ez da izan lehenbiziko arazo teknikoa munduko erraustegi ekologikoena [environmentally-friendly] izateaz gain teilatuan eski pistak edukitzea harro aldarrikatu duen proiektu faraonikoarentzako. Joan den azaroan jakin zen bere hornitzaile nagusi B&W Vølund-ek akats tekniko larriak egin zituela, enpresari 100 milioi euroko galerak eraginez.

Murmur hedabide daniarrak 2016ko azaroan argitaratu zuen Kopenhageko elefante zuri zikina, hiriburuko agintarien proiektu izarraren buru hausteak kontatuz. “Esaten zuten mugarri bat ezarriko zuela konbinatuz arkitektura garaikidea, aisialdiko instalazioak eta hondakinentzako tratamendu aurreratua. Baina zientoka milioi kosta behar duen Amager Bakkeko errauste planta bihur daiteke zama bat zergak ordaintzen dituzten herritarrentzako eta mantsotu ditzake hondakinentzako beste estrategia ekologikoak”.

Bere 85 metroko altuerarekin, Kopenhageko bigarren eraikin handiena da eta zaborrak erretzeko instalazioez gain osoki amaitutakoan eduki behar ditu eskiatzeko hiru pista, eskalatzeko harresia eta kafetegia. Hala ere, eraikina bukatu aurretik Murmurrek abisatzen zuen elefante zuriak eduki behar zuen arazo handiena: “Erraustegiak urtean 500.000 tona erretzeko ahalmena dauka, baina bere jabe diren bost udalerrien artean ez dute hainbeste zabor sortzen”. Aldizkariaren kalkuluetan, horrek eragin lezake 2020 artean 255 milioi euroko defizita, azkenean herritarrek beren zergekin pagatu beharko lituzketenak.

Arriskuaz jabetuta, agintariek erraustegiari eman diote labeetara atzerritik zaborra ekartzeko baimena, urtean 115.000 tona arte, erreko duenaren bostetik bat. Erabaki honek urratzen du Danimarkan 2012an hondakinen planak eztabaidatzean ezarritako hondakinak inportatzeko debekua; baina gastu handienak egin ostean, zorra ordaindu beharrak hartu die gaina klimaren aldaketaren inguruko argudioei.

Ingalaterrako zaborren gose

Amager Bakke erraustegia da, 500 milioi euroko kostuarekin –bidean azaldutako arazo tekniko eta atzerapenen ondorioz–, Europan eraiki direnetan garestiena. Baina zenbait aditu daniarren iritzian, baliteke zaborren inportazioa ez gertatzea aski adabaki bere finantza ahulentzat. Munduko erraustegi fashionenak dauzkan arazoak direla eta, Ingenioren aldizkariak berrikitan titulatu du: “Kiebra jo dezake erraustegi batek? Bai, Svendborgekoak erakutsi digu nola”.

Danimarka hegoaldean, Svendborg hiriak bere aldiriekin biltzen ditu ia 60.000 biztanle. Udalak 1999an estreinatutako errauste plantak oraindik arrastaka daramatza 12 milioi euroko zorrak. Herritarren zergekin egiten die aurre: inguruko udalek erretzera bidalitako tona bakoitzeko 54 euro pagatzen duen bitartean, Svendborg beharturik dago tonako 143 ordaintzera.

Svendborgeko erraustegiak konkurrentzia latza dauka agintariek liberalizatu berri duten zaborren merkatuan. 50.000 tona erretzeko labea eraiki zuten, baina hiriak ez du 18.000 tona baizik sortzen urtean, labeak ase eta kontuak borobiltzeko zaborrak nonbaitetik ekarri behar.

Danimarkak bere osotasunean errauste ahalmen handiegia dauka. Atzerritik zabor pila itzelak inportatzen dituzte, 2015ean Britainia Handitik bakarrik 728.135 tona, daniar bakoitzeko 128 kg. Amager Bakkeren kasuan, 2012an planifikatzen ari zirenetako batzuek ohartarazi zuten zetorren egoeraz, proposatuz lehengo erraustegia zaharberritzea. Baina Murmurren kronikan azaldu zutenez, erraustegiaren sustatzaileek lobby lan bortitza egin zuten, hasieran uzkur agertzen ziren agintari lokal eta nazionalak planta berri iraultzaile eta ikoniko baten alde jarri arte.

“Europar Batasunak Ekonomia Zirkularraz hartu dituen erabakiak –idatzi du Christopher Nicastro Zero Waste Europeren azaroko buletinean– amesgaizto bat bezala dira Danimarkako erraustegientzako. Erretzeko gero eta gutxiago aurreikusita, Kopenhageko labe berri eta distiratsuek iraungitze askoz laburragoa eduki dezakete, galerak handitu eta herritarrei etorkizunean zama ekonomikoak eraginez”.

Danimarka da gaur Europan errausketan txapeldun, etxeetan sortu zaborren erdia kiskali eta, ordainetan, birziklatze tasak oztopatuz. Organikoaren bereizketari dagokionez, Kopenhage da herrialdean okerrena dabiltzan 20 udaletako bat. Aurten hasiko da organikoaren bilketa bereziarekin. Horrekin eta oro har Danimarkak birziklatzea handitzeko hartu dituen erabakiekin, are bazka urriagoa geratuko zaio Amager Bakkeko labeari.

Irakurlea ohartuko zenez, ez dugu hitz bat aipatu Amager Bakke erraustegiak airera isuriko dituen toxikoez, ez hark sortuko dituen 100.000 tonatik gora eskoriez. Badirudi teknologia nordikoaren bermeaz fidatzen direla, nahiz eta eraikitzean ikusitako matxura eskandalagarriek ohar bat baino gehiago bidali Babcock & Wilcox konpainia sonatuaren fidagarritasunaz. Volkswagenek bere autoen isuriak urte luzeetan nola faltsutu zituen ikusi arren, oraindik ez dugu ikasi. VW kasuan legez, isuriak independentziaz neurtuko dituzten ikerlarien zain dago errauste industria.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hondakinen kudeaketa
Espainiako Estatuan inoiz baino ur gehiago botilaratu da, eta behera egin du Hego Euskal Herrian

2022an errekor historikoa hautsi zen Espainiako Estatuan, ia 8.700 milioi litro ontziratu baitziren, Geologia eta Meatzaritza Institutuaren estatistikaren arabera. Aurreko urtean baino 580 milioi gehiago dira horiek, eta 2019an ezarritako mugarria baino % 4,8 gehiago.


Plastiko-fabrikatzaileek iruzur egin dutela erakusten du txosten batek

Sektoreko enpresek hamarkadak daramatzate praktika sustatzen, nahiz eta ebidentziak izan ez dela bideragarria, Center for Climate Integrity-ren ikerketa baten arabera.


Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


Aierdik dio Artaxoan ez zela jaso behar Gipuzkoatik zetorren inongo hondakin likidorik

Artaxoako konpostatze plantara Gipuzkoatik Nafarroara bidalitako lixibiatuek Nafarroako Gobernuko eta Gipuzkoako Diputazioaren arteko hika-mika piztu dute. Ostegun honetan Jose María Aierdi kontseilari nafarrak gaitzetsi egin ditu atzo José Ignacio Asensio diputatu... [+]


Eguneraketa berriak daude