Herrira auzia: 600 urteko kartzela eskaera presoak babesteagatik

  • EPPK-ko presoak defendatzea arriskutsuagoa da XXI. mendeko Espainian frankismo gorrian baino. Edo haien aldeko lan politikoa egitea, haien eskubideez arduratzea edo beren senideak diruz babestea. Salbuespenezko dena da ETA doktrinak bizi-bizi dirau.

Herrira mugimendua 2012an sortu zen eta Auzitegi Nazionalak 2013ko irailean agindu zuen bere aurkako polizia operazioa; “Herrira auzian” guztira 48 pertsona daude auzipetuak.
Herrira mugimendua 2012an sortu zen eta Auzitegi Nazionalak 2013ko irailean agindu zuen bere aurkako polizia operazioa; “Herrira auzian” guztira 48 pertsona daude auzipetuak.

2011ko urriaren 20an ETAk bere historiako erabaki garrantzitsuena jakinarazi zion euskal gizarteari: borroka armatua utziko zuen. Oraingoan gizarte osoak sinetsi zuen erakunde armatuak esandakoa, Madrilgo bulego mesfidatienetik eta euskal gizarteko azken sukalderaino. Sufrimenduaren amaierak bazuen hasiera datarik.

Euskal gizarteak harritzarra kendu zuen gainetik eta beste bat bizkarreratu zuen, Sisifok baino zorte handiagoa izango zuelakoan: bakea eraikitzen hasteko ordua zen. Egia, justizia, erreparazioa eta gisako kontzeptuen dantzari gogor ekin zioten hamaika bazterretan. Esperantza barreiatu zen han-hemenka, baita euskal preso politikoen mundu zabalean ere.

Ezaguna zen ez zela Irlandan moduan gertatuko, han armen isiltzea eta presoen kaleratzea negoziazioz lotua egon zen. Ezker abertzalea jakitun zen presoekiko edozein onura prozesu geldoa izango zela, bereziki kaleratzea. Baina ez hainbeste. Ez zen inongo urratsik egon preso gaixoen esparruan, ez hurbiltze prozesuetan, ezta bestelako espetxe onuretan ere. Eta  oraindik ere ez dago. Aitzitik, espetxe politika malgutzera baino, presoen laguntza mundua inoiz ez bezala zigortzera jo zuen PPren Gobernuak: 2012, 2013 eta 2014 artean euskal presoei babesa emateko sortutako hainbat egituretako 48 pertsona atxilotu zituen eta auziperatu: denak ziren ETA.

Zuzenbidearen munduko protesta agerraldia, presoen abokatuen aurkako sarekada salatuz. (Arg.: Uriola)
ETAren “espetxe frontea”

Horrela sortu zen Herrira auzia edo Espainiako Auzitegi Nazionalean “espetxe frontearen auzia” deitzen dutena, legez 11/2013 auzia. 1960ko hamarkadan ETAren lehen presoak sortu zirenetik dira haien defentsaz arduratzen diren abokatuak; edo gizartean sostengu ekonomikoa edo politikoa eman dieten herritarren sektore zabalak, hainbat moldetan antolatuak. Hala zen 1978an, 1998an baita 2017an ere. ETAren “espetxe frontea” deitzen dio Auzitegi Nazionalak esparru horri eta, 48 pertsonari 8 eta 21 urteko espetxe zigorrak eskatzen dizkie fronte horretakoak izatea leporatuta.

Dena da ETA doktrinapean, Amnistiaren Aldeko Mugimendua eta Askatasuna erakundea legez kanpo utzi zituen Auzitegi Nazionalak iragan hamarkadaren hasieran eta dozenaka lagun espetxera bidali. Epaitegiaren aburuz, Herrira auzia mugimendu haien azken kapitulua da: haiek ETAk zuzentzen zituen eta hauek ere bai, eta hauen zuzendaritzetan direnek edo ordainpeko lanean ari diren denek badakite hala dela.

Dena da ETAren guardasol juridikorik gabe justifika ezina zen “espetxe fronte” horren aurka egitea, eta horren erakusle da Amnistiaren Aldeko Mugimendua 2001ean jarri zuela legez kanpo Espainiako justiziak, ez lehenago. Ezaguna da ETAren jarduera armatuaren garaian nola justifikatzen zen dena da ETA hori. Baina nola justifikatzen du instrukzioa egin duen Eloy Velasco epaileak hauen aurka jotzea ETAk borroka armatua utzi ondoren? Honek jarduera armatua uztea erabaki zuenean, “lehengo jarduera terrorista” “indar metaketaren” truke aldatu zuen; “azken kontzeptu honekin Ezker Abertzale osoaren estrategia berri bati egiten zaio erreferentzia, ‘prozesu demokratikoa’ deitzen dutena, zeinaren helburua den indar politiko eta sozial ahalik eta gehien biltzea Euskal Herria nazio gisa aitortu eta bere erabaki eskubidea lortzeko”.

Bestela esateko, berdin da ETAk jarduera armatua alboratzea eta armak entregatzeko jarrera agertzea; eta berdin litzateke kalean panpinak saltzeari ekingo balio ere, kontua ez baita zer egiten den, noren zerbitzura dagoen baino. Fiskaltzaren ustez presoei laguntza ematen dieten hauek guztiek ETAren aginduetara dira, auzipetuek badakite hori eta, beraz, ETAko kide dira.

Auzipetuak bost taldetan banatzen ditu epaileak: Herrira mugimendua, abokatuak, EPPKren bitartekaritza taldea, Etxerat eta Jaiki Hadi (presoen osasun fisiko eta psikologikoaz arduratzen den elkartea). Leporatzen dizkien jarduera guztiak 2012an, 2013an eta 2014an egindakoak dira: dirua biltzen dute EPPK-ko presoentzat, presoen aldeko kanpainak egiten dituzte, omenaldiak antolatu aske gelditzen direnean, abokatuek defentsa lanak, psikologo eta medikuek zaintza lanak, bitartekaritza lana gizarteko beste eragile batzuekin… Hainbat talde arduratzen dira hauen koordinazioaz, batzuetan Koordinazio Gunea deituko da eta hurrengoan Koordinazio Taldea. Guztiaren gainetik “Halboka” dago –h-rekin idatzia agertzen da agiri judizialetan–, polizi iturrien arabera, “espetxe frontea” gidatzen duen ETAren egitura. Hamar euskal herritar daude auziperatuak “Halboka”-ko kide gisa.

“EPPKren kontrola”

Fiskaltzaren arabera, “AAMrekin edo Askatasunarekin zerikusirik ez dutela diote Herrirakoek, baina erakunde haiek egiten zutena egiten dute”. Eta helburu berberarekin gainera: “EPPKren  kontrol politikoa” (…) “EPPK-ko presoen kohesioa eta ETArekiko hauen fideltasuna giltzarri delako erakunde terroristaren estrategia berriaren garapenerako eta bere helburuen lorpenerako”.

Bitxia da, beste une batean fiskaltzak dio ETArentzat klabea dela EPPK-ko presoek ez onartzea Espainiako espetxe legedirik, eta hori lortzea ere badela “espetxe frontea”ren zeregina. EPPK-k, ostera, 2011tik gaurdaino egindako debatean legalitate hori onartzen duela iragarri du. 2011n ekin zion barne eztabaidari eta 2013aren amaieran iragarri zuen gatazkan “egindako kaltea aitortzen zuela” eta Espainiako legediak eskainitako bakarkako bideak onartzeko eztabaidari ekingo ziola. 2017ko uztailean iragarri zuen ontzat ematen zuela EPPK-ko kideek lege onurak onartzea, beti ere bi marra gainditzera behartu ezean: damua eta salaketa.

2012an Herrira sortu zenean, publikoki adierazi zuen bere zeregin garrantzitsuena izango zela EPPK-ko presoek eta iheslariek egin beharko zuten prozesuan laguntzea, presoak eta gizarte eragileen komunikazioa erraztuz, preso eta iheslarien eztabaida lagunduz eta, azken finean, gatazkaren amaiera ordenatuan presoak ere eragile aktibo izatea babestuz.

Epaile instruktoreak ez dio garrantzirik ematen borroka armatuaren ondorengo garaiari, haren ustez atzemandako agiri ugarietan argi ikusten da presoen inguruko elkarte eta erakunde hauek ETArekin duten harremana. Edozein modutan, guztiz argi ere ez dago antza, auziperatze autoaren lehen kapituluan instruktoreak zera aitortzen baitu Herrira elkarteari buruz: “Atzemandako dokumentazioan ez da aurkitu agiririk Herrira eta ETAren arteko harreman argirik zehazten dutenik”. Orduan, nola dira Herrirako kideak ETAko kide?

2014ko urtarrilean Bilbon adierazpen askatasunaren aldeko manifestazioa jendetsua egin zen, presoen aldeko ohikoa debekatu ondoren. (Arg.: Dani Blanco)
Auziarekiko zalantzak epaileen artean ere

Egiazki, fiskaltzaren salaketan aipatzen diren froga guztiak 2012 aurrekoak dira eta, beraz, ez lieke eragin behar auziperatuei. Hori da behintzat Cándido Conde-Pumpido ponente duen apelazio helegiteak esaten duena, Iñaki Goioagaren auziperatzeari buruzko helegite bati erantzunez. Epaimahaiak atzera bota zuen Goioaga ez auziperatzeko helegitea, baina mahai gainean utzi zituen kontzeptu interesgarri ugari, esaterako frogei buruz: “Une honetan ezin dira kontuan hartu ikertzen ari diren ustezko delituen garaia baino askoz lehenagoko froga dokumentalak, horrela anakronismoan erortzeko arrisku larria dago eta”.

Helegiteari erantzunez, esaten da, “ustezko delituak gertatu zireneko garaia zehazki baloratu behar dela, 2012, 2013 eta 2014koak direla, hau da, erakunde terroristak ekintza armatuak utzi ondorengoak”.  Areago, azpimarratzen da ezin direla kidetza edo kolaborazio kriminaltzat hartu ETAren “behin-betiko desagertzera bideratutako jarduerak”, bereziki hauek “ekintza terroristak egitera bideratzen ez direnean”.

Zalantzak asko dira, eta auzi hau aurrera atera zuen Zigor Salaren Bigarren Sekzioko Jose Ricardo de Pradak ere bereak aireratu zituen idatzitako boto partikularrean. Hainbat arrazoirengatik, ez zegoen ados auziperatzearekin. Esaterako, uste du poliziaren txostenek  “sarri ondorio baloratiboak” dituztela, “gertaera objektiboak izatetik harago”. Aurkitutako aztarnek eta horietatik egin diren interpretazioetatik ezin dela ondorioztatu “jarduera terroristarik izan denik. Aitzitik, agerian uzten dute ETAren bitarteko terroristetatik jarduera politikora dagoen bilakaera”. Irtenbide politikora bideratutako jarduerak ezin direla auziperatu dio De Pradak eta “espetxe legedia ez onartzeak” ondorioak izan ditzakeela presoarengan “baina ezin da hori kriminalizatu”.

Jurista, herritar eta beste askoren iritzia da: halako auzi bat bideraezina beharko litzateke zuzenbideko estatuan, baina ETAren aurkako borrokan eraikitako salbuespen munduan dena da posible: lehen erakunde armatuari aurre egiteko eta orain, mendekurako, euskal gizarteak beharko lukeen bake prozesua oztopatzeko edo Kataluniako independentismoa zigortzeko.

Sareko manifestazio batean bildutako 75.000 bat euro atzeman zuen Guardia Zibilak eta Auzitegi Nazionalak oraindik ez du itzuli.

 

2018KO UDAZKEN ALDERA EGIN LITEKE EPAIKETA

Auziaren instrukzioa Eloy Velasco epaileak egin du. Epaimahaia osatzen dute, Alfonso Guevarak –lehendakaria–, Clara Bayarrik –ponentea– eta Gillermo Ruiz Polancok. Fiskalak ia 600 urteko espetxe zigorra eskatu du 48 auziperatuentzat. Guztiei leporatzen die talde armatuko kideak izatea, salbu eta bati, honi talde armatuarekiko kolaborazioa leporatzen dio. Leporatzen zaizkien gertaera guztiak 2012, 2013 eta 2014koak dira, ETAk borroka armatua utzi ondorengoak –2011ko urriak 20–.

Guevara magistratua oso polemikoa da Auzitegi Nazionalean, bere tonu zakarragatik edo beste kide batzuekin eta auto-gidariekin izandako istiluengatik, besteak beste; hala ere, badu zorrotz ospea ere eta esaten da ez duela men egiten beste botere batzuk saiatzen direnean bere esparruan sartzen.

Clara Bayarrik aurrerazale ospea du espainiar judikaturan eta, esaterako, herriko tabernen makrosumarioan boto partikularra eman zuen epaian, jarritako zigorrarekin desadostasuna agertuz. Bere ustez, funtsean, orduan zigortutako gehienak jarduera politikoa egiten ari ziren, leporatzen zitzaizkien delituak ez zeuden zigor kodean eta, gainera, ez zen nahiko froga aurkeztu auzipetuak  ETArekin lotzeko.

Ahozko auziak ez du datarik oraindik eta luzerako joko duela dirudi. Itxuraz, ez da egingo 2018ko udazkenaren aurretik. Irailaren amaieran fiskaltzak bere zigor eskaera egin zuen eta orain akusazio partikularrak –AVT eta Dignidad y Justicia– beren eskaerak egin behar dituzte. Ondoren abokatuen defentsa idatziaren txanda da.

 

ESPETXE ZIGOR ESKAERAK

Herrira
Fran Balda: 21 urte
Amaia Esnal: 13 urte eta 6 hilabete
Eneko Ibarguren: 13 urte eta 6 hilabete
Ekain Zubizarreta: 13 urte eta 6 hilabete
Roberto Noval: 13 urte eta 6 hilabete
Ibon Meñika: 15 urte
Jose Antonio Fernandez: 15 urte
Oscar Sanchez: 13 urte eta 6 hilabete
Gorka Gonzalez: 14 urte et 3 hilabete
Jon Garai: 13 urte eta 6 hilabete
Sergio Labayen: 13 urte eta 6 hilabete
Manu Ugartemendia: 13 urte eta 6 hilabete
Eneko Villegas: 13 urte eta 6 hilabete
Nagore Garcia: 13 urte eta 6 hilabete
Jesus Mari Aldunberri: 13 urte eta 6 hilabete
Beñat Zarrabeitia: 13 urte eta 6 hilabete
Ane Zelaia: 13 urte eta 6 hilabete
Imanol Karrera: 13 urte eta 6 hilabete
Jon Mindegiaga: 15 urte
Javier Carvallido: 17 urte
Nagore San Martin: 17 urte
Emilie Martin: Zehaztu gabe

EPPKren bitartekariak
Arantza Zulueta: 14 urte
Jon Enparantza: 14 urte
Jose Luis Campo: 12 urte
Asier Aranguren: 12 urte
Aitziber Sagarminaga: 12 urte
Egoitz Lopez de la Calle: 12 urte
Aintzane Orkolaga: 12 urte
Mikel Almandoz: 12 urte
Naia Zuriarrain: 8 urte

Abokatuak
Alfonso Zenon: 11 urte
Kepa Mantzisidor: 11 urte
Eukene Jauregi: 11 urte
Ane Ituiño: 11 urte
Aiert Larrarte: 11 urte
Ainhoa Bablieto: 11 urte
Arantza Aparicio: 11 urte
Onintza Ostolaza: 11 urte
Haizea Ziluaga: 11 urte
Amaia Izko: 11 urte
Jaione Karrera: 11 urte
Atxarte Salvador: 11 urte
Iñaki Goioaga: 11 urte

Jaiki Hadi
Fernando Arburua: 11 urte
Oihana Barrios: 11 urte

Etxerat
Izaskun Abaigar: 11 urte
Nagore Lopez de Luzuriga: 11 urte

Oharrak

  •  Denei eskatzen zaizkie 11 urte ETAko kide izatea leporatuta
  •  9 auzipeturi berrerortzea leporatzen zaie eta larrigarritzat hartzen da (11 + 1)
  • 19 auzipeturi terrorismoa goratzea leporatzen zaie (2 urte eta 6 hilabete)
  • 3 auzipeturi 3 urteko zigor eskaera talde terrorista finantzatzea leporatuta
  • Denei eskatzen zaizkie 12 urteko inhabilitazio berezia enplegu eta kargu publikorako, 10 urteko inhabilitazio osoa, eta 8 urteko zaintzapeko askatasuna

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskal preso politikoak
26 urteko espetxealdia atzean utzita aske da Iñaki Garces otxandiarra

Astelehenean jakinarazi du albistea Etxerat elkarteak. Otxandioko preso politikoa baldintzapeko askatasunean zegoen 2023ko martxoaz geroztik.


Euskal preso eta iheslari politikoen aldeko jaialdia egingo dute Ezpeletan larunbatean

Kontzertuen bidez euskal preso eta iheslariak laguntzea da xedea. Aurten, Rakatapunk, Xutik eta Esne Beltza dira egitarauan.


2024-01-15 | ARGIA
Espetxe politikan salbuespeneko arauak desagertzeko exijitu dute 68.000 lagunek Bilbon

Hamarnaka mila lagunek Bilboko kaleak bete dituzte larunbatean, euskal preso politikoen eskubideak betearazteko eskatzeko manifestazioan. Sarek gogorarazi du ez direla pribilegioak eskatzen ari eta azpimarratu du “euskal gizarte pluralaren ahalegina” ezinbestekoa... [+]


Eguneraketa berriak daude