argia.eus
INPRIMATU
Gaztainari lotutako ondare kulturala berreskuratzen
Garazi Zabaleta 2017ko azaroaren 15
Argazkia: Orozko Udala.

Kantauri isurialde osoan dago –edo behintzat egon izan da– gaztainarekin lotutako tradizio eta ohitura handia, eta lotura hori aztertzeko ikerketa ugari egin izan dira Galizia eta Asturiasetik gureraino. Orozko (Bizkaia) inguruan katalogatuta dauden kirikiñausi kopururik handienetakoa dagoela kontatu digu Jose Angel Aramendi Supelaur kultur elkarteko kideak. Ondare hori guztia baliotan jartzeko helburuarekin antolatzen dute urtero Orozkoko Gaztaina Eguna. Urriaren 29an ospatu dute hamabigarren edizioa, urteroko moduan kirikiñausi handienetakoaren ondoan. 

Kiriki-zer?

Garai batean gaztainak gordetzeko erabiltzen ziren harri multzoz osatutako eraikinak dira kirikiñausiak. Izen hori hartzen dute Orozkon behintzat. Eraikin zirkularrak dira gehienak, eta handienak 7,5 metroko diametroa eta ia bi metroko altuera ditu. “Imajinatu zenbat gaztaina biltzeko edukiera zeukan, eta beraz, gaztainak zenbaterainoko garrantzia zuen hemen”, dio Aramendik.

Orozko kirikiñausia. Argazkia: Orozkoko Udala.

40 kirikiñausi inguru dituzte katalogatuta Orozkon, baina gehiago ere badirela adierazi digu Supelaureko kideak. Azken urteetan mendiko ibilbide zirkular bat antolatzen aritu dira elkarteko kideak, kirikiñausietatik eta bestelako kultur ondare elementuetatik pasatzen dena: antzinako teileri labe bat, errota zahar bat, txondorlekuak eta abar. “Iaz amaitu genuen ibilbidearen trazatua eta Udalak onespena eman zuen bidea egokitzeko. Orain informazio panelekin osatuko dugu”, azaldu digu Aramendik.

Gaztainaren garrantzia

“Urriko azken igandean egiten dugu Gaztainaren Eguna. Aurten ere han goian egon gara 600 pertsona inguru”, dio elkarteko kideak. Herritarrek urtero erantzun oso ona ematen dutela kontatu digu, interesa badagoela. Erromeria kirikiñausi handiaren ondoan egiten dute, eta nola ez, gaztain erreak izaten dira protagonistetako batzuk. “Ondare guzti hori erakustea eta aintzat hartzea oso garrantzitsua da gure ustez, joandako bizimodu baten iragarpena egiten digulako”. Askotan gauzak azkar xamar ahazten baditugu ere, egia baita gaztainondoak duela gutxi arte oinarrizkoak izan zirela inguru hauetako pertsonen bizitzan: elikatzeko edota egurrerako batez ere, baina baita istorio eta mitoak sortzeko ere.