argia.eus
INPRIMATU
Bortizkeria matriuskak
Miren Artetxe Sarasola 2017ko azaroaren 14a

Zabaldu matriuska.

EFE agentziaren berria. Lerro-burua: “Cantabria espainiar ontziak itsasoan aurkitutako 26 gorpu lehorreratu ditu”. Testua: “Ontziak Italiako Salerno hirian porturatu ditu 26 emakumeren gorpuak, itsasoan erreskatatutako beste 400 immigrante eta errefuxiaturekin batera”.

Emakumeak izateak ez du, antza, lerro-bururik merezi (eta kurioski, testuan immigrante eta errefuxiatuak bereizteak bai). Salernoko prefetaren azalpenak jasotzen ditu berriak: hildako emakumeak, ziur aski nigeriarrak, zodiak batean zihoazen gizonekin batera, eta ontzia hondoratzean, emakumeek, zoritxarrez, ahulenak izaki, ondoriorik latzenak jasan behar izan dituzte.

Biolentzia biolentziaren baitan. Haien jatorrizko herrietan gure eraginez sorturiko gatazketatik ihesi doaz. Mugak itxi dizkiegulako doaz ihesi baldintzarik ziurgabeenetan. Eta ziurgabetasun horrek lasta bilakatzen dituen lehenak dira emakumeak.

Esan dutenez, gorpuak aztertuak izango dira, eta biolentzia zantzurik aurkitzen badute, autopsia egingo omen zaie. Autopsiak nekez esango du, ordea, ahulak zirelako hil ziren, ala uretan besteek baino denbora gehiago zeramaten hil zirenean. Dena den, ez dugu autopsien berri izango.

Itxi matriuska.