Beltzetik zurira minbizi bat dago. Ardo beltzetik ardo zurira minbizi bat dago. 1988an Errioxako Murillo del Río Lezan, Jesús Galilea Esteban mahastizainak bitxikeria bat topatu zuen bere mahasti batean. Mahats beltza ematen duen “tempranillo” aldaerako mahatsondo batean (Vitis vinifera) mahats mordo zuri bat aurkitu zuen. Hura eman zuen adarretik abiatuta, txertatu eta txertatu, “tempranillo zuria” aldaera izango zenaren lehen mahatsondoak sortu zituzten.
ADN azterketak eginda, bi aldaerak, azal urdin-beltza eta azal zuri-horizta dituztenak, ia erabat berdinak direla antzeman zuten. Beren informazio genetikoaren %97,8 bera da. %2,2 ziztrin horrek bereizten ditu. Baina emaitza zeharo desberdina da: batetik ardo beltza sortuko da eta bestetik zuria.
Mutazio bat gertatu zen mahatsondo sonatu hartan. Mutazio horretan kromotripsia gertatu da, hau da, geneak eta informazio genetikoa daramatzan kromosomaren haustura masibo baten ondoren, etendako zatiak lehengoa ez bezalako hurrenkera batean elkartzen dira. Ondorioz aldaketak gerta daitezke. Gure espeziean tumoreen sorkuntzarekin eta zenbait gaixotasun genetikorekin lotzen da kromotripsia.
Horrela sortua da “tempranillo” zuria. Eta dagoeneko hedatzen ari da Errioxa jatorrizko izendapeneko lurretan. Hor sortua da, eta lehen txerto haietatik hazitako mahatsondoen kimuak txertatuz zabaltzen ari dira, beraiek nahi duten sailetara, betiere Errioxa markapeko Nafarroa, Araba eta La Riojako lurretan. Ez omen da “tampranillo” beltza bezain emankorra, baina berria izateak eta bere sorreraren bitxikeria denboran eta kokapenean hain hurbilekoa izateak sona polita eman diote. Dezenteko alkohol maila duten ardoak ematen omen ditu.
Deskuiduan ardo zuri berri honek izen pixka bat hartu eta dirua egiten hasten bada, bateren bati zanga-zanga batzuekin txilibrizkatu eta mahasti berezi horietako adar batzuk hartu eta txertatu eta bere kasa ugaritzen hasteko gogoa etorriko zaio.