Teklatu doinu leunak, ahots fina, gitarraren eta txeloaren marrazki xumeak eta politak... Liberen atmosferaren osagai batzuk dira. Erritmo oinarri sendo baten babesean aritzen diren teklatuak eta ahotsak dira Libe taldearen bereizgarri nagusiak, lehenengo lanean erakutsi zuten bezala, eta bigarren disko honetako kantuak xehetasun eta ukitu ugarirekin jantzi dituzte. Arretaz entzuteko lana da, behin baino gehiagotan, bere edukiaz ongi jabetzeko.
Rock kutsuko musika lasaia da, iradokitzailea, melodia ederrekin jantzia, eta tentsioa ere transmititzen duena. Libe Garcia de Cortazarrek barruak askatu ditu, bere desioak eta barruan daukana atera du. Besteak beste, ateratzeko, bizitzeko eta bizitzaz gozatzeko gogoa, barne hustasuna gainditzeko nahia, aurrera egin ahal izateko kemenaren beharra, lagun bat izatearen premia, maitasunaren gazi-gozoak eta izateko zentzuaren gaineko kezkak transmititzen dituzte kantuek.
Neubat, Sorkun, Ekon eta Izaki Gardenak taldeekin aritua da Libe Garcia de Cortazar, Libe taldea sortu baino lehen bere kantu propioak interpretatzeko. Ihesaldi handia (Bonberenea Ekintzak, 2014) da kaleratu duen lehen diskoa. Ilargia erori da bigarren lana aurrekoaren jarraipena dela esan daiteke, zertzelada desberdin batzuekin, eta “helduagoa”, kantak landuagoak daudela eta taldekideek zer egin nahi zuten argiago zutela suma baitaiteke.
Diskoa burutzeko parte hartu dutenen lana aipagarria da, nabarmena da eskarmentu handiko musikariak direla, gustu onekoak. Libe Garcia de Cortazarrez gain (ahotsa, teklatuak), Txus Villalabeitia (gitarra), Dani Arrizabalaga (bateria) eta Karlos Osinaga (baxua, ekoizpena, grabazioa eta nahasketak) Tolosako Bonberenea estudioan aritu dira grabazio saioak egiten. Maite Arroitajauregik txeloa jo du bi kantutan eta Jon Basaguren abesten aritu da kantu batean. Halaber, Jon Basagurenek berak hitzak idazten lagundu dio Libe Garcia de Cortazarri.
Diskoa aurkezteko emanaldiak egiten hasi dira jadanik. Aukera ederrak Liberen atmosferan bertatik bertara murgiltzeko.