"Errepublika bat ez da aldarrikatzen, eraiki egiten da"

  • Bartzelonan jaioa 1975ean, kooperatibagintzan dabil buru-belarri: Sants auzoko Ciutat Invisible liburu denda kooperatiboa sortu zuen eta Katalunia osoan aritzen da proiektu kooperatibo eraldatzaileak sustatzen, interkooperazioa lantzen, erakunde publikoekin elkarlan bideak bilatzen... Kataluniaren independentzia helburu baino tresna da ekonomia sozialeko aktibistentzat, eta prozesu konstituziogilea demokratikoki eta behetik gora egin beharra azpimarratu du: “Herritarrek erabaki dezatela nolako ekonomia izan behar dugun”.


2017ko azaroaren 12an
Victor Serri

Kataluniako Ekonomia Sozial Solidarioko erakunde eta kideek manifestua atera zenuten urriaren 1eko erreferendumarekin bat eginez. Zer lotura du ekonomia sozial solidarioak independentzia prozesuarekin?

Ekonomia sozial solidarioa, ekonomia ulertzeko bere moduagatik da demokratikoa, autoantolatua, autodeterminazio ekonomikoaren aldekoa, eta beraz, lotura oso zuzena du Kataluniaren autodeterminazio prozesuarekin. Baina hori ez da ekonomia sozial mugimendu osoa.

"Guk independentzia nahi dugu gizartea eraldatzeko. Independentzia ez da helburu, bitarteko baizik. Beharrezko ikusten genuen erdigunean eztabaida batzuk jartzea, debate markoa kontu identitariotik edo nazionalistatik zabaltzeko"

Kataluniako ekonomia sozial solidarioko aktibista batzuontzat garrantzitsua zen gure kooperatibek eta espazioek babesa adieraztea independentzia prozesuari. Eztabaida nazionala gai sozialera bideratzeko modua ere bazen. Guk independentzia nahi dugu gizartea eraldatzeko. Independentzia ez da helburu, bitarteko baizik. Beharrezko ikusten genuen erdigunean eztabaida batzuk jartzea, debate markoa kontu identitariotik edo nazionalistatik zabaltzeko.

Baita ere ikusten dugu prozesu konstituziogile demokratiko bat egon behar dela, herritarren osotasunak erabaki dezan nolako ekonomiak antolatuko dituen gure beharrak. Trantsizioko itunak, 78ko Erregimenak, monarkiaren gaineko kontsentsuak, merkatu ekonomiak, estatuaren batasunak... horrek ez du baimentzen eztabaida konstituziogilerik, ekonomia eztabaidagai duenik. Indarrean dagoen ekonomia kapitalista da eta publikoa hainbat kasutan. Kito. Guretzat Kataluniaren askapen prozesua aukera bat da eztabaida sozial hau planteatzeko. Zer eredu sozioekonomiko nahi dugun, nola antolatu nahi dugun ekonomia.

Eztabaida sozial hori egin al da orain arte, edo orain da garaia?

Une honetan herritarren zati handi batek ekonomiaz eztabaidatzeko beharra du. Ikusi dugu hainbat eragile ekonomikoren jokaera zein izan den Katalunia eta Espainiaren arteko azken krisian. Zer jokaera duten kapital handiko enpresek, La Caixak, Ibexeko enpresek, ADN kataluniarra duten kapitalismoaren operadore handiek... Kataluniako goi klase burgesak Espainiako merkatu batu baten alde daude. Eragile ekonomiko hauek egin duten xantaia politikoak ekarri du herritarren zati handi batek eztabaidatzeko beharra sentitzea, beste eredu ekonomiko batzuen inguruan jakin mina piztea. Eta guztion onerako eta herrialdearen zerbitzura egongo den ekonomia izateko premia larria sentitzea. Eragile ekonomiko horiek herria esplotatzen aritu dira, baliabideak xurgatzen, prekarizatzen, La Caixa eta Sabadell dira etxe-kaleratzaile nagusiak, Kataluniako langile klasea odolusten ari dira, eta langile klase kataluniarrak gehien behar dituenean babes politiko, ekonomiko eta sozialak, hartu eta martxa? Beste enpresa komertzial batzuk ere badoaz, merkatu kuotak galtzera gainera! Hau ekonomiaren ikuspegi erabat instrumentala da.

"Saiatuko gara Kataluniako Errepublikak prozesu konstituziogilean izan dezan debate sozioekonomikoa, errepublikarentzat nolako eredu ekonomikoa nahi dugun lantzeko"

XESetik (katalanez Ekonomia Solidarioaren Saretik) adostu dugu sustatuko ditugula ahalik gehien eraldaketa sozioekonomikoko eszenategiak, egungo testuinguruan. Saiatuko gara Kataluniako Errepublikak prozesu konstituziogilean izan dezan debate sozioekonomikoa, errepublikarentzat nolako eredu ekonomikoa nahi dugun lantzeko. Adostasun horren barruan badaude kontu zehatzagoak: nola erraztu CDRek izan ditzaten eztabaidak ekonomia konstituziogile gakotan. CDRak kalea defendatzen ari dira gehiago, herri botere politikoagoa da, baina interesgarri iruditzen zaigu herri botere ekonomikoa ere izan daitezela. Zabaldu ditzatela alternatiba ekonomikoak, beren udalerrietan planteatu ditzatela zein proiektu ekonomiko sustatu nahi dituzten eraldaketa soziala azkartzeko.

CDRetako jardunaldi batean ari ziren adierazten prozesu konstituziogilean partaide izan behar dutela, konstituzio berria herritarrek egina izango dela bermatzeko, eta herritar batek publikotik ezbaian jarri zuen, “indarrak banatzea zela, horretarako daudela alderdi politikoak, Òmnium eta ANC”.

"Hau da Kataluniako Errepublika proiektuak orain duen ahulezia nagusia: errepublikaren errepresentazio baten aldeko apustua egin dela, baldintza materialak sortu gabe berau aplikatua, garatua eta eraikia izan dadin"

Debate horrek adierazten du errepublikaren planteamendu liberalaren ahulezia. Ikuspegi liberalaren arabera, errepublika aldarrikatu egiten da, prozesu juridiko bat da, goitik eraikia, konstituzio eta aditu batzuekin. Hau da errepublika liberalaren ikuspegia dutenen eredua. Eta hori da bere ahulezia nagusia. Zeren errepublika bat ez da aldarrikatzen, eraiki egiten da. Harreman material bat da, ez harreman juridiko bat. Zuk ez baduzu indar material errepublikarrik, errepresentazio modu bat soilik eratzen baduzu oinarrian ezer izan gabe, ezingo duzu errepublika altxa. Hau da Kataluniako Errepublika proiektuak orain duen ahulezia nagusia: errepublikaren errepresentazio baten aldeko apustua egin dela, baldintza materialak sortu gabe berau aplikatua, garatua eta eraikia izan dadin. Guk beti aldarrikatu dugu prozesu konstitugile bat ez dela formala, materiala baizik. Prozesu konstituziogilea egin behar da gako herrikoian, sozio-ekonomia gakoan, indar materialen korrelazioen gakoan, klase gakoan, ekonomiaren jabetze kolektiboan... edo garatzen da ekonomia kolektibista, demokratikoa eta guztion onuraren zerbitzura dagoena, edo ez da errepublikarik izango.

"Hemen bada ohiko parte-hartzetik kanpo dagoen herritarren zati bat, migranteen kolektiboa, auzo askotan %20 dena, eta garrantzitsua da jende hau subjektu aktiboa izatea nazio eraikuntzan"

Prozesu konstitugilea anitza izan behar da, behetik eraikitakoa, eta Katalunia osoan dagoen aniztasun territorial, sozial eta politiko osoa integratzen duena. Hemen bada ohiko parte-hartzetik kanpo dagoen herritarren zati bat, migranteen kolektiboa, auzo askotan %20 dena, eta garrantzitsua da jende hau subjektu aktiboa izatea nazio eraikuntzan. Faxismoak erasotzen dituen lehenak dira... euren eskubideen urraketei ez badie erantzuna ematen prozesu konstituziogileak ere, arazo handia izango da. Garrantzitsua da espazioak irekitzea, prozesu konstitugilea plurala izan dadila. Eta debate sozialerako legitimatu daitezela ireki diren espazio politiko guztiak: prozesu konstituziogilea ezin da izan trantsizio nazionalerako espezialisten komisio huts bat, hori errepublika liberalaren proiektua da. CDRak (katalanez sorreran Erreferendumaren Defentsarako Komiteak eta orain Errepublikaren Defentsarako Komiteak) legitimatu behar dira egitura berri bezala: txikiak eta xumeak dira, baina sarean antolatuta daude eta mobilizatzeko gaitasuna dute. Proposamenak egiteko eta erabakiak hartzeko espazio izan behar dute CDRek.

Lehenik, ikusgarri egin behar dira erreferenduma defendatzeko borroka egin duten eragile guztiak eta eragile horiek guztiek eraiki behar dute errepublika. Nekazariek, beren traktoreekin, planteatu behar dute nekazaritza eta lurralde eredua, eta gainerako dena ere bai. Errepresioa jasaten ari dira, Madrilgo Nekazaritza mahaitik bidali dituzte eta 30 milioi euroko diru-laguntzak izoztu dizkiete. Suhiltzaileek parte hartu dute, bada haiek ere erabaki behar dute zer errepublika nahi duten, nolako zerbitzu publikoak nahi dituzten... eskoletako irakasleek dena eman dute erreferendumean, eurek planteatu behar dute hezkuntza eredua, eta erreferenduma babesteko aktibatu den hezkuntza eredua, eredu publikoa izan da, oinarritik lanean ari dena. Eskoletako gurasoak, kooperatibak, kontsumo elkarteak, zamaketariak... Erreferenduma harrigarria izan zen, auto-antolaketa gaitasun handia erakutsi zuen, masan egina eta desobedientzian oinarritua. Europan azken urteetan egin den esperientzia indartsuenetakoa izan zen. Baina urriaren 3ko greba orokorrari ere eman behar zaio izan zuen balioa. Greba orokorraren asanbladan eragile guztiak geunden elkartuta, eta hori ere botere konstituziogile eraldatzaile indartsua da, eredu politiko-ekonomikoaren aldaketarako oinarria ziren asanblada haiek. Horiek dira artikulatu behar ditugun espazioak. Hortik atera behar du konstituzioak.

Hori nola egiten da?

"Eragile politikoek errepublika materialki eratzeko fase honetan parte hartu dezakete zerbitzuak munizipalizatuz"

Paper idatzia badugu: XESen zehaztua dugu nolakoa izan beharko lukeen ekonomia sozialaren legeak, eta hortik atera daiteke nolako ekonomia eredua eraiki dezakegun. Baina hori dena papera da, ez da nahikoa. Ekonomia solidarioaren saretik ikusten dugu prozesu konstituziogilean badagoela guztiontzako lana. Adibidez, eragile politikoek errepublika materialki eratzeko fase honetan parte hartu dezakete zerbitzuak munizipalizatuz: Bartzelonako Urak agentziak bere egoitza soziala aldatzen badu, Barcelona En Comúk, aldaketaren hiriek eta abarrek ur enpresak munizipalizatu ditzakete, adibidez. Hau nazio gakoetan eginiko debate bat da? Bai. Baina batez ere, entitate berri bat materialki eraikitzeko modu bat da, kolektibista eta demokratikoa. Egungo eszenategian, XESetik argi dugu mundu guztiarekin egin behar dugula lan. Bildu behar gara Òmniumekin, ANCrekin, eta debate ekonomikoa planteatu behar diegu. Baina baita Barcelona en Comúrekin eta bere inguruko organoekin ere, debate konstituziogileak planteatuz. Eremu sozioekonomikoan aurrera egiteko eremu handia dago. Ez dakit zergatik ez den banku publiko bat egin errepublika aldarrikatu eta biharamunean, edo zergatik ez zen lehenago egin!

Argazkia: Victor Serri.

Alderdi politiko independentistak prest egon daitezke horrelako prozesu konstitugile herritar bat egiteko? Edo eliteen indarra gailenduko al da?

Uste dut denok oso eskuzabal jokatu behar dugula une honetan. Agian egongo dira hau ontzat ikusiko ez duten PDeCAT-eko fanatiko liberalak, baina uste dut gutxiengoa izango direla. Bloke soberanista kontziente da zer aliantza egin diren azken hilabeteotan eta mundu osoak eman duen guztiaz, eremu denetan. Proiektu kolektibo bat izan da, kolektiboki jaso behar duena bueltan. CUP, Podem eta ezker antikapitalistako sektoreek babestuko dute, baina nik uste dut ERCk ere ohore egin behar liokeela bere genealogia errepublikar, kolektibista eta demokratikoari, eta sozio-ekonomia gehiago eraldatuko duen prozesu bat babes dezakeela.

Ezkerreko jendearentzat errepublika edukiz betetzea da interesgarriena, baina erreferendumaren aurretik eta orain arte, errepresioari aurre egitera bideratu behar izan dira indar asko.

"Agertoki antierrepresiboa ez da ilusionagarria. Beldurrak atzera eginarazten du edo erresistentzia eremuak sorrarazten ditu. Gure ekarpenak eraikitzea izan behar du"

Agertoki antierrepresiboa ez da ilusionagarria. Beldurrak atzera eginarazten du edo erresistentzia eremuak sorrarazten ditu. Ekonomia sozial solidarioa atzeguardia da, beti eraikitzen saiatzen dena. Gure ekarpenak eraikitzea izan behar du. Baita erresistentziarako erremintak sortzea ere: dirua bilatu behar bada gai batzuk finantzatzeko edo zaintza kolektiboko espazioak sortu behar badira. Atzeguardiako eztabaida hau planteatu behar da, beti ere alternatiba eraikitzeko asmoz, ez erantzun bat emateko soilik, baizik, sinesten dugulako defendatzen ari garen gizarteak horrela funtzionatu behar duela. 

Estatu egiturarekin beti kritiko izan direnek estatu eredua landu behar dute orain.

Askotan errezeloz begiratu diogu estatuari, estatuak bereganatzen zuelako

"Sozialki eta politikoki antolatzeko beste modu bat sortu behar dugu. Espainiako monarkiaren kopia bat egiteko, zentralista, goitik beherakoa, kapitalista... zertarako independentzia?"

kolektiboki ekiteko daukagun gaitasuna. Ez zaigu interesatzen ekimen kolektiboak monopolizatuko dituen estatu hori. Ahalik eta egitura deszentralizatuena interesatzen zaigu, munizipalismoa bultza dezala, tokiko burujabetza oso garrantzitsua baita. Ikas dezagun beste eredu batzuetatik: Kurdistango konfederalismo demokratikoak baditu ezaugarri interesgarriak, baita Hego Amerikako konstituzioek ere: botere bikoitza, herritarren parte-hartze espazioak, bestelako arkitektura politikoak... sozialki eta politikoki antolatzeko beste modu bat sortu behar dugu. Espainiako monarkiaren kopia bat egiteko, zentralista, goitik beherakoa, kapitalista... zertarako independentzia?

Independentzia aldarrikatu ostean beste fase batean sartu da Katalunia. Zer dator?

Epe ertain-luzeko eszenategian sartu gara. Zailtasunez betetako hilabete edo urteak etorriko dira. Gutxieneko eskubide demokratiko batzuk bermatu ahalko direla espero dugu, politikoak eta zibilak, antolatzen jarraitu ahal izateko. Hau da ekonomia sozial solidarioak duen beste arrazoi bat prozesu konstituziogilea babesteko, monarkia espainiarrarekin alternatiba ekonomiko bat aurrera ateratzea oso zaila baita. Klandestinitatetik –erreferenduma egin zen bezala– jarriko dituzu martxan kooperatibak?

Gehitu nahi duzunik?

"Guretzat oso polita izan da Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen babesa (Olatukoop), ulertu dugulako elkarrekin ari garela eraikitzen errepublika kooperatibo, solidario eta eraldatzaile bat"

Asko eskertzen dugu Euskal Herritik jaso dugun elkartasun guztia. Benetan hunkigarria izan da. Beti egon da elkartasun hori, eta uste dut gero eta gehiago ari garela elkarrekin ikasten. Guretzat oso polita izan da Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailearen babesa (Olatukoop), ulertu dugulako elkarrekin ari garela eraikitzen errepublika kooperatibo, solidario eta eraldatzaile bat. Guretzat oso garrantzitsua eta hunkigarria izan da kidetasun hau. Baita Espainiako Estatuko beste sektore batzuekin izandakoa ere: REASek komunikatu batean Kataluniaren autodeterminazioa babestu du, eta zoragarria da estatutik termino horietan planteatzea gaia, Andaluziako SAT sindikatua, Madrilgo antikapitalistak, eta noski, Valentzia, Mallorca... kidetasun errepublikano hau aitortu eta eskertu behar da.

EKONOMIA SOLIDARIOA INDARTSU KATALUNIAN

“Oinarrizko faktore hauek eragin dute ekonomia sozial solidarioak Katalunian zentraltasun handiagoa izatea, gehiago ikustea, bere buruaren kontzientzia handiagoa izatea, aurreko ziklo ekonomiko-politikoarekiko.

Bata, noski, krisi ekonomikoa: ase gabeko behar berriak sortu ditu, eta proiektu ekonomiko berrien oinarrian dagoen energiaren modukoa da.

Beste elementu bat da mugimenduak soziopolitikoki artikulatzeko duen gaitasuna: antolatzen aritu da eta gero eta ikuspegi estrategiko handiagoa izan du, ez direla merkatuan lehiatzeko garatzen diren kooperatiba solte hutsak; sektorearen zati batek, ekonomia sozial solidarioak, badu eraldaketa sozialaren ikuspegi estrategiko bat. Antolaketa estrategiko hau handitzen joan da azken hiru-lau urteetan.

Ekonomia sozial solidarioaren zati batek ikuspegi politiko bat ere landu du, nola esku hartu erakundeetatik ekonomia sozial solidarioa sustatzeko, zer funtzio dagokion herriko administrazioari edo autonomikoari...

Erakundeetan, ziklo munizipalista izan da, eta honen sustraiak hainbat erro ditu, bata M15, CUP... ziklo munizipalistak eragina izan du ekonomia sozial solidarioan. Lehen ekonomia sozial “konbentzionala” soilik sustatzen zen, “langabetuek kooperatibak edo elkarte laboralak sortzeko...”, eta orain, udal askotan ulertzen da ekonomia sozial solidarioa eremu sozio-ekonomiko oso bat dela,  eta badituela forma soziolaboral formalagoak eta beste batzuk komunitarioagoak. Eta badago apustu bat sustatzeko eremu sozioekonomiko hau, ekonomia pluraleko marko baten barruan. Horrek dakar herrietan ekonomia sustatzerakoan ez soilik kapitalismoa bultzatzea.

Erakundeetan ere independentzia prozesuak indar soberanisten arteko indar harremanak eraldatu ditu: aurreko legegintzaldian CIU hegemonikoa zen ekonomia eremuan, eta honek bere ondorioak zituen ulertzen zelako kooperatibek beren burua eraldatu eta egokitu behar zutela marko ekonomiko orokorrera. Eta gobernu berriarekin, ERC-k du ekonomia sozialaren eskumen politikoa. Haiek ekonomia sozialaz hitz egiten dute, ez solidarioaz. ERCk ez du oraindik bere ikuspegia eredu osoenera ireki, eredu tradizionalean jarraitzen du. Baina apustu sendoa egin du kooperatibismoa sustatzeko, Ateneo Kooperatiboen proiektuarekin. Ikusiko dugu hau guztia zertan geratzen den, Generalitat kolonialaren garai honetan. Eroriko ote den beldur gara”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Katalunia independentziarantz
Junts-PSOE akordioa
Amnistia legea eta negoziazio mahai berria, legealdi akordioaren truke

Akordioaren bidez Juntsek eta PSOEk Kataluniako gatazka historikoa bideratuko duen etapa berri bat ireki nahi dute. Horretarako, bi indarren arteko negoziazio mahai bat eratu dute eta bertako edukiak eta akordioak segitzeko bitartekaritza mekanismoa adostu ere bai.


'La Directa' babestu dute ARGIAk eta beste hainbat hedabidek: "Kazetaritza ez da terrorismoa"

La Directa-k salatu du Jesús Rodríguez kazetaria inputatu izana “informaziorako eskubidearen aurkako erasoa” dela. Elkartasun manifestua plazaratu dute Rodríguezi babesa helarazteko, eta dozenaka hedabide eta erakundek sinatu dute jada, ARGIAk... [+]


La Directako kazetari bat ere "terrorismoagatik" inputatu dute Tsunami Demokratikoaren auzian

Espainiako Auzitegi Nazionalak “terrorismo-delitua” egotzi dio Jesús Rodríguez La Directako erredaktoreari eta beste hamaika pertsonari, tartean Carles Puigdemont presidente ohi eta Marta Rovira ERCko idazkari nagusiari, 2019ko epaiaren aurkako... [+]


Puigdemont eta Rovira inputatu ditu Auzitegi Nazionalak Tsunami Demokratikoagatik

Espainiako Auzitegi Nazionala 2019ko udazkeneko protestetan “terrorismo” deliturik izan ote zen ikertzen ari da. Bitartean, PSOEko eta JxCko ordezkariak Bruselan bilduta daude.


Jordien indultua egokia dela onartu dute eta Miquel Buch kontseilari ohia lau urtera zigortu

Ostegun honetan ezagutu dira bi epaiak. Batean, Espainiako Auzitegi Gorenak balekotzat eman ditu Jordi Cuixart eta Jordi Sánchezen indultuak. Bestean, Bartzelonako Auzitegiak laur urte eta erdiko kartzela zigorra jarri dio Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari... [+]


Eguneraketa berriak daude