Astekari honetan berean, kronikariek ederki agertu dute Kataluniako aferak nola atxikitzen gaituen hatsa trenka hurran: egun oroz zerbait berri jaukitzen zaigu, alde batetik edo bestetik, guztiak, iragan urriaren 27ko Kataluniako Errepublika deklarazioaz (15:27) geroztik are gehiago dabiltzala, din-dil, leize gainean hedatu burdinazko hariaren orekan.
Euskaldunak, anitzek diotenez, Bartzelonako katalanisten ekinari inbidiaz begira dagozkie “zergatik ez gu” galdezka bezala, ongi dakitelarik ez garela horretara prest, ez instituzionalki, are gutxiago kolektiboki. Europak, halaber, ez du kuraia politiko askorik erakusten gertatua eztabaidatzeko bederen, bakoitzak bere kalkuluak egiten ditu, Macronek adibidez, badaki leku seguretik Puigdemont hautatzen baldin badu, zer galduko duen Rajoyen parean (sostengu bat alabaina, Bruselan –ustez irabazle– negoziatu duen Langile Ibiltarien akordioan).
Nik, alta, nahiko nuke beso-indarkak iraun dezan, aste bat, hilabete bat oraino, katalanen faborez bistan dena. Espainiako Gobernuak bereziki ez dezan bere kontrola zorrotz pean eman TV3 katea, Nit I Dia telesaila gaitzaren hirugarren sasoiaz gozatzea espero dudalako 2018an ere.
Balirau, lirauke: Visca Sara Grau & Aitor!