"Administrazioak umeak lapurtu dizkigu"

  • Hainbat gurasoren garrasia da, minez eta amorruz betea: seme-alabak kendu dizkiela administrazioak, haiek behar bezala zaintzeko kapaz ez direla iritzita. Salatu dute arinkeriaz eta gehiegikeriaz jokatzen dutela teknikariek, txostenak puztuz eta desitxuratuz, bermerik ez duen atzera-bueltarik gabeko prozesuan umeak betiko galtzen dituztela. Nola funtzionatzen du haurren babeserako zerbitzuak eta zer dago horren guztiaren atzean?

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi
2017ko azaroaren 12a

Seme-alabengandik bidegabeki banandu dituztela salatzen duten gurasoen elkartea da Marea Turquesa, iaz Espainiako Estatuan sortua. Pasa den ekainean hasi zuen bere ibilbidea Marea Turquesa Euskadik eta 15 guraso inguru dira dagoeneko. Gipuzkoako hiru amarekin bildu gara gu. “Orain lasai har dezakezu arnas, munduko denbora guztia daukazu zuretzat”, esan zion Diputazioko teknikariak Maiteri (izen faltsua). “Nik ez dut nahi munduko denbora guztia niretzat, nik nire seme-alabak nahi ditut!”. 2 urteko semea harrera-familia batekin eta 4 urteko alaba zentro batean ditu Maitek ekainetik, bikotekidearengandik banandu eta emakumeentzako aterpetxe batean zegoenean bizilagun batek salatu zuelako alabari errieta egin ziola oso hitz itsusiak erabiliz; “eta gero puzten eta puzten joan dira, nirekin zerikusirik ez duten iradokizunak bata bestearen atzetik, ez hanka ez buru: depresiorako joera dudala, tratu txarrak ematen dizkidaten gizonenganako joera, zainak moztu nahi izan ditudala (Jainkoarren, baina nondik atera dute hori?!), tronpa-ligadura egiteko esan zidatenean ezetz esan niela ere jarri dute txostenean, alabak ilea ez zuela garbi eramaten (rastak dituelako)… Munstroa banintz bezala jarri naute txostenetan, baina nire umeen zaintzan buru-belarri aritu naiz beti. Urte luzez auzo berean bizi izan gara eta inoiz ez dut inolako arazorik izan inorekin, alaba eskola on batera joan da 2 urte zituenetik, ez zaie inoiz jatekorik, janztekorik eta baliabiderik falta izan; zergatik ez diete umeei galdetzen? Begira zein bitxia, Osakidetzako psikiatrak egin didan txostenak eta Diputazioak hautaturiko psikologoarenak ez dute zerikusirik”.

Arantxa Akizu eta bikotekidea desintoxikazio zentro batera sartu ziren, beren borondatez, eta bitarte horretan, euren familia izan zen haurra kendu ziena, horretarako izapideak eginez. Zentrotik atera ostean, ordea, umea ez zietela “inolaz ere” itzuliko esan zieten Diputazioan. Hiru urte daramatza kontsumo-analisietan negatibo ematen, txosten ofizial positiboak pilatzen eta epaiketak eskatzen, baina alferrik. Itxaropena ez du galdu, halere.

Ama izateko aukerarik ez diote eman Susanari (izen faltsua): haurdun zegoenean, bikotekideak eta biek gizarte zerbitzuetara jo zuten, laguntzaren bat lortzeko esperantzan, baina oso bestelakoa izan zen ondorioa. Egoera berean dauden askoren esaldia da Susanarena: “Madarikatua gizarte zerbitzuetara jotzea erabaki genuen eguna!”. Erditu eta bost egunera, Diputazioak aginduta umea eraman zuten ospitaletik bertatik; “marihuana erretzen nuela leporatu zidaten (porro bat egunean!), diru-sarrera nahikorik ez genuela, gazteagoa nintzenean harrera-zentro batean egon nintzela, aurreko harreman batean tratu txarrak jasotzeagatik asko sufritu dudan emakumea izan naizela eta nire iragan gatazkatsuagatik ezin dudala bizimodu normal bat izan... Nire iraganagatik betiko kondenatu naute eta nik iragan gogorra izan dut, bai, baina zenbatek bukatuko zuketen bizimodu kaltegarri batean kateatuta? Ni aurrera atera naiz, beti aritu naiz lanean, ile-apaindegian ez bada tabernan, eta hori guztia ez dute baloratu. Aurrez epaitua zaudenean zaila da buelta ematea, umea ‘badaezpada’ kentzen dizute, eta gero hor konpon. Orain, hilero analisiak egiten ditut frogatzeko ez dudala ezertxo ere hartzen, bikotekidea lanean ari da kontratu batekin, ni ikasketak egiten ari naiz nire poltsikotik ordainduta, etxebizitza egonkor bat daukagu… eta aldaketa horiek guztiak ez ditu kontuan hartu Diputazioak. Are okerrago, epaiketa eskatu dugu eta bertan behera uzteko esan dio epaileari Diputazioak, gure aurrekariak aintzat hartuta. Preso sartzen dutenak gutxienez seme-alabak berreskuratu ohi ditu kartzelatik ateratzen denean, bada guk ez daukagu horretarako eskubiderik”. Susanak eta bikotekideak azaro bukaeran dute epaiketa, umea jaio, kendu eta ia urtebetera.

“Bizitza zaila izan dugulako, ez dugu merezi umea izatea? –diote– Baliabide gutxiko jendea garela aprobetxatzen dute. Ez gara inor haientzat, azken hondarra, eta zenbat eta zaurgarritasun egoera handiagoan egon, orduan eta harrapakin hobea gara”.

Susana, ama: “Hilero analisiak egiten ditut frogatzeko ez dudala ezer hartzen, bikotekidea kontratuarekin ari da lanean, etxebizitza egonkorra daukagu... baina aldaketa horiek guztiak ez ditu kontuan hartu Diputazioak”
Patxi Agiriano, Gipuzkoako Diputazioa: “Bereiztea azken neurria da eta aurretik ahalegintzen gara familiak baturik jarraitu dezan bestelako esku-hartzeak egiten. Izatekotan, esku-hartze goiztiarra falta da”

Gizarte zerbitzuak, azpikontratak eta administrazioa
Administrazioak du erabakimena seme-alabak gurasoengandik banantzeko, baina segimendua administraziotik kanpo jarduten duten lan-taldeek eta enpresa azpikontratatuek egiten dute, eta txosten horietan oinarrituta hartu ohi ditu erabakiak administrazioak. Garbi utzi nahi du Gipuzkoako Diputazioko Haurren eta Nerabeen Babeserako zerbitzuburu Patxi Agirianok: “Bereiztea azken neurria da eta aurretik ahalegintzen gara familiak baturik jarraitu dezan bestelako esku-hartzeak egiten. Gipuzkoan, gaur egun, 1.117 ume ari dira familien gaineko esku-hartze programetan parte hartzen eta babes neurriak dituztenak 695 dira”. Balore Tresna izeneko metodo “objektiboa” erabiltzen dutela kontatu digu: “Tresna hori berriki berriz ebaluatu du Euskal Herriko Unibertsitateak. Balioespen psikosozial horietan umearen bizitzan dauden eragileek ematen duten informazioa alderatzen da (eskola, Osakidetza, aisialdiko ekintzak, senideak...). Txostenetan biltzen den informazio guztiak egiaztatuta eta alderatuta egon behar du, kalitatea, objektibotasuna eta erabakien zehaztasuna bermatzeko. Gainera, horrelako erabaki bat hartzen denean, maiz bidea luzea izan da aurretik, udaletik igaro da eta ondoren aldundietatik. Zerbait faltatzekotan gure babes sisteman, esku-hartze goiztiarra falta da”. Neurri eta ebaluazio guztiak modu kolegiatuan egiten direla eta hiru mailako filtro-sistema dutela azpimarratu digu Agirianok: lehen maila batean, kontratupeko taldeak egin duen proposamena erakundean bertan aztertu behar da modu kolegiatuan; bigarrenik, foru-profesionalak berriz aztertzen du neurria; eta hirugarrenik, behin betiko proposamena “zurrunki” aztertzen du batzordeak. “Azkenik, eta filtro horietatik igaro ondoren, proposamena foru diputatuari bidaltzen zaio”.

Gaiotan aritzen den abokatu donostiar bati galdetu diogu eta berak ez du hain garbi ikusten: “Nik ez dut esaten gehienetan esku-hartzea justifikatuta ez dagoenik, argi dago arriskuan dauden umeak badirela, baina egia da kasu ugaritan gehiegizko esku-hartzea dagoela administrazioaren aldetik. Gaia zaila da, ez delako pertsona bakarra erabakia hartzen duena, talde-lana dela suposatzen da, batzuen eta besteen txostenak daudela tartean, baina nik ikusi ditut oso bideratuta dauden txostenak: gauza batzuetan fokua jarri eta aldiz, interesatzen ez zaizkien gauzak jaso ere egiten ez dituztenak; gurasoen alde egin dezakeen informazioa berariaz ezkutatzeak asko esaten du batzuen objektibitateaz. Gurasoak gizarte zerbitzuetara doaz laguntza bila, solasean ari direlakoan interrogatorioa egiten ari zaizkie, hasten dira txostenak gora eta behera, iraganeko informazioa ere erabiltzen dute zure kontra, bergizarteratzeko eskubiderik ez bazenu bezala, eta azkenean aurkitzen duzu lizentziatu berri den gaztearen idatzia, esperientziarik gabea, gurasoen jokabidea zorrotz epaitzen, pedagogian aditua bailitzan”. Gizarte zerbitzuetan zein egokitzen zaizun, juzguak oso erraz egiten dituztela dio Maitek: “Niri gertatu zait, aurrez aurre inoiz izan ez nauen gizarte laguntzaileak idaztea niri buruzko txostena, psikologoaren, aterpetxeko jendearen eta hirugarren pertsonen hitzetan oinarrituta. Eta ez da kasualitatea, beti berdinak dira halakoak egiten dituztenak, badakidalako niri umea kentzea ahalbidetu duen gizarte laguntzaileak beste askori gauza bera egin diela”.

Zergatik, baina?
Elkarrizketatu dugun abokatuaren esanetan, administraziotik kanpoko enpresa eta profesional askok egiten du lan arlo honetan, diru asko mugitzen da, eta batzuetan badirudi makineriak funtzionatzen jarraitzea interesatzen zaiola hainbati, euren lana justifikatzea: “Zerbitzu publikoak enpresa pribatuei azpikontratatzen dizkiezunean, bestelako interesak tartekatu daitezke”. “Harrera zentroak pribatuak dira eta interes handia dago plaza guztiak beteta egon daitezen”, dio Consuelo García kazetariak, Espainiako Estatuan gaiak duen dimentsioaz aurten atera duen ikerketa liburuan (El desmadre de los servicios sociales). Azpikontratatzearen arriskuak ukatu dizkigu Agirianok: “Gestioa egon liteke azpikontratatua, baina erantzukizuna publikoa da beti. Horregatik, gure funtzioa da bermatzea lana irizpide eraginkor eta koherenteekin egiten dela eta kalitate kontrolak badira horretarako”.

Abokatua: “Beste herrialdeetan, erabakia hartu aurretik audientzia ematen dizute, alegazioak aurkezteko aukera… Hemen defentsarako eskubidea gerorako uzten dute: lehenengo umea hartzen dute, eta gero zuk ikusi helegitea jartzen duzun”
Consuelo García, kazetaria: “Harrera zentroak pribatuak dira eta interes handia dago plaza guztiak beteta egon daitezen”

Administrazioak erabaki behar du, ala epaileak?
Europako hainbat herrialdetan, epaileak agindu behar du adin txikikoen esku-hartzea, baina Espainiako Estatuan administrazioak du horretarako eskumen osoa, eta ez du inolako baimen judizialik behar. “Berdin dio duela gutxi gurasoak dibortziatu eta sententzia bat egotea umearen zaintza zehazten duena, administrazioa iritsi eta bestelako erabakia har dezake lasai asko”, dio abokatuak.

Hain juxtu, Patxi Agirianorentzat idealena da eskumena administrazioarena izatea eta ez Justiziarena: “Haurren babes sistema, zorionez, gizarte zerbitzuetan dago, eta bermatzen du maila guztietan egiten den esku-hartzea, balizko babesgabezia egoerak atzematea barne, hezkuntzan eta psikologian prestakuntza egokia duten profesionalen ardurapean, eta bermatzen du azkartasun handiagoa esku-hartzean, susmoa baitugu umeen bizitzan eragingo duten erabakiak atzeratuko liratekeela babes-sistema judizializatuta balego”.

Prozedura horri hutsune handiak ikusten dizkio abokatuak, ordea: “Beste herrialdeetan, erabaki administratiboa hartu aurretik audientzia ematen dizute, alegazioak aurkezteko aukera… eta hori printzipio konstituzionala da, defentsarako eskubidea. Hemen defentsarako eskubidea gerorako uzten dizute: lehenengo exekutatu egiten dute, umea hartu, eta gero zuk ikusiko duzu helegitea jartzen duzun ala ez. Babesgabetasun handia sortzen du horrek. Batetik, askok ez duelako helegitea jartzeko baliabiderik ez indarrik; lotsa eta beldurra tartekatzen dira, edo administrazioak leporatutako argudioren batengatik errudun sentitzen dira eta administrazioaren dinamika barneratzen dute, bisita-orduak negoziatzen, terapia egiten… Bestetik, helegitea jartzea erabakiz gero, erreakzionatzen duzunerako eta epaitegiak esku hartzen duenerako, gutxienez urtebete igarotzen delako tartean”.

Abokatuaren hitzetan, helegitea jartzea bera gaizki hartzen du administrazioak, “ez duzulakoan tratamendua onartu, haien egia onartu, zure bizimodua aldatzea onartu”. Epaitegietan talde psiko-sozial ona dagoen arren administrazioak indar handia duela, bere lan-taldeak aurkeztutako txostenek pisu handia dutela eta argudio ugari subjektiboak direla dio abokatuak. Emaitza, ia inoiz ez dutela gurasoek irabazten. Administrazioaren inpunitate eta botekeriaren isla da elkarrizketatu ditugun amentzat; aldiz, arrazoia administrazioak duela esan nahi du Agirianorentzat. Berak eman digu datua: 2016an, 46 helegite aurkeztu ziren Familia Epaitegian, eta guztiak ezetsi zituzten.

Arantxa Akizu zarauztarrak hiru urte daramatza borrokan, alaba berreskuratzeko. 2016an, 46 helegite aurkeztu ziren Familia Epaitegian, eta guztiak ezetsi zituzten.

Atzera-bueltarik gabeko erabakia?
Beste kritika bat nabarmentzen dute amek, artikulu hasierako testigantzetan ere jasoa: leporatzen dizkieten jarrera desegokiei buelta eman arren, zuzendu beharrekoak zuzendu arren, ez dutela seme-alaba berreskuratzen. “Beste herrialde batzuetan, umea kendu diezazukete, baina saiatzen dira gurasoek dituzten arazoei aurre egiteko baliabideak jartzen, gero umea berreskuratu ahal izan dezaten. Hemen aldiz, abiapuntua da familiari lagundu beharrean umea behin betiko kentzea, eta gero familia da berreskuratzeko ahaleginak egin behar dituena”, kexu da Arantxa Akizu.

Agirianok dio ez dela horrela, kontrol eta ebaluazio etengabea dagoela, eta esku-hartzeak uneoro birbideratu daitezkeela: “Lan handia egiten da familia batuta egon dadin hasieran, edo familia berriz batzeko, gero. Baina txirotasuna edo toxikomania babes-neurriak hartzeko elementu direla pentsatzea ez da zuzena. Kontuan hartu beharreko adierazleak dira, bai, baina gakoa beti da ea guraso horiek kapaz diren edo ez umeak zaintzeko”.

Kontuak kontu, datuek diote hasieran “behin-behineko” gisa izendatutakoa “behin betiko” bihurtu ohi dela, eta haurrak bukatu dezakeela harrera-familiak adoptatuta, guraso biologikoengandik urrun (harrera-familiek 600 euro jasotzen dute hilero ume bakoitzeko Gipuzkoan).

Patxi Agiriano: “Txirotasuna edo toxikomania babes-neurriak hartzeko elementu direla pentsatzea ez da zuzena. Kontuan hartu beharreko adierazleak dira, baina gakoa da ea guraso horiek kapaz diren edo ez umeak zaintzeko”
Abokatua: “Nik ikusi ditut oso bideratuta dauden txostenak: gauza batzuetan fokua jarri eta aldiz, interesatzen ez zaizkien gauzak jaso ere egiten ez dituztenak, gurasoen alde egin dezakeen informazioa berariaz ezkutatuz”

Nahikoa al da ordubete astean?
Ordu edo ordu eta erdi astean izan ohi da gurasoek banandutako seme-alabekin egoteko duten tartea, teknikariren baten begiradapean. Nahikoa denbora al den galdetu diogu Haurren Babeseko zerbitzuburuari: “Ume bakoitzarekin, familiarekiko harreman beharren azterketa egiten da, eta behar horien arabera, eta umeak duen denboraren arabera, bisita-erregimena antolatzen da gurasoekin. Kontuan izan behar da guraso hauek arazo larriak dituztela, eta bereizteko neurria hartu dela min ematen ziotelako umeari eta ez ziotelako uzten modu osasuntsuan hazten”.

Jaio eta bost egunera kendu zioten umea Susanari: “Ez dut uste semeak ezagutzen gaituenik, berarentzat gara astean ordubetez kariñoa ematen dioten bi ezezagun. Lehenengo hitzak, lehenengo pausoak… beste familiarekin emango ditu, eta izugarri mingarria da hori. Gainera, gero umea itzuliko al diguten erabakitzeko garaian, irizpide inportantea da haurrak zeinekiko duen atxikimendu gehien, baina norekin izango du, guk astean ordu eta erdiz baino  ikusten ez badugu?”.

Maitek gauero telefonoz hitz egiten du zentro batean duten 4 urteko alabarekin: “Negar zotinka aritzen da, nirekin itzuli nahi duela esaten dit behin eta berriz”. 2 urteko semea harrera-familia batekin dago eta ordubete ikusten du astean. “Atzo behea jo nuen. Badakit harrera-familiak ez duela asmo txarrez egin, baina umearen urtebetetzean collage bat egin zioten ospakizuneko argazkiekin eta semeak erakutsi zidanean tristura handia sartu zitzaidan, nik apenas ospatu ahal izan dudalako berarekin urtebetetzea, eta pentsatzen dudalako nik ere eskaini diezaiokedala hori guztia”.

“Zerbait egingo zenuen”
Beldurra eta lotsa sentimendu ohikoak dira guraso hauen artean. “Ez da kontatzen zoazen zerbait, jendeak beti pentsatzen du, ‘zerbait egingo zenuen’, eta azkenean isolatu egiten zara”. Etengabe epaituak eta mespretxatuak sentitzen direla esan digute, “emakume bezala eta ama bezala”. Inpotentzia aipatu digute, umiliazioa, zaborra bailiran, baina ez daude amore emateko prest: “Gu bezala dagoen jendeak ikus dezala ez daudela bakarrik, bat eginik borrokatuko dugula”. Kontaktua gehitzeko eskatu digute: mareaturquesaeuskadi@gmail.com. “Itxaropena ematen digu kolektiboak, indarra egiten dugu elkartuta, epailearengana gero eta jende gehiago bagoaz agian lortuko dugu funtzionamendua eta lan egiteko modua ikertzea, kasu bakoitza berrikustea eta desegoki jokatu duten guztiak kargutik kentzea”.


Haurren eskubideak kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-21 | Jon Torner Zabala
Haurren kontrako sexu indarkeriaz jardunaldiak Leioako campusean

Hainbat datu gordin eman du EHUk, jardunaldiak testuinguruan kokatze aldera: lau neskatotik batek eta zazpi mutikotik batek sexu indarkeria jasan dute 13 urte bete aurretik. Kasuen %90etan, haurraren familia edo inguru hurbilekoa da erasotzailea


Bilboko jolas-parkea gudu-zelai bihurtua, iaz 15.500 ume gatazka armatuen biktima izan zirela salatzeko

15.500 haur hil, mutilatu edo soldadu egitera behartu zituzten iaz, gatazka armatuetan. Gerretara armak saltzen dituzten herrialdeak salatu eta salerosketa hori amaitu dezatela eskatzeko, Bilboko jolas-parke bat gudu-zelaia bailitzan irudikatu dute.


Pausoka Eguna, behar bereziak dituzten haurren integrazioa helburu

Behar bereziak dituzten haurren guraso elkartea da Pausoka, diru etekin asmorik gabeko elkartea, “gure seme-alaben integrazioa eta eskubideak” lortzea helburu, eskolan, lanean eta beste edozein arlotan. Bihar, urriaren 14, Pausoka Eguna egingo dute Urnietan, elkarteak egiten duen lan handia laguntzeko.


Izar Donostian eskolatzeko eskatu dute ehunka lagunek

Intxaurrondoko ikastolan matrikulatu dute Sara Majarenasen alaba eta hilaren 7an hasiko da ikasturte berria, baina bai Sara Majarenasek bai Izarrek Alcobendasen (Madril) jarraitzen dute, harrera-zentroan. “Izar ikastolara” ozen aldarrikatu dute ehunka lagunek Donostian.


Haurrei debekatutako hotel eta jatetxeen ostean, orain zineak. Umefobia?

3 urtetik beherako umeei zinean sartzea debekatzeko neurriak hartu ditu Udalak Mazatlán hirian (500.000 biztanletik gorako hiri mexikarra). Haurrik gabeko gune gero eta gehiago eskaintzen diren garaiotan, polemika piztu du albisteak: lasaitasuna nahi duten helduak erakartzeko zilegi diren erabakiak ala umefobia?


2017-02-23 | Hiruka .eus
Bea Sever (Chrysallis elkartea): "Ez dago munduan gauza okerragorik, inork ez ikustea baino"

Bea Sever Egaña algortarra Chrysallis Euskal Herria elkarteko kidea da. Transexualitate-egoeran dauden umeen gurasoek osatzen dute elkartea, eta euren seme-alaben zoriontasuna dute helburu. Horrez gainera, jendartean bulba duten mutilak eta zakila duten neskak badaudela aldarrikatu gura dute, eta horren inguruko errealitatea ezagutarazi. Hori dena azaltzeko zortzi hizkuntzatara itzulitako materiala sortu du Chrysallis taldeak, mundu osoan erreferentea izatea lortu duen baliabidea.


2017-01-27 | ARGIA
Haurren kontrako abusuen gaian inplikazio handiagoa eskatu dio lehendakariari EH Bilduk

Besteak beste, Juan Kruz Mendizabal apaizaren kasuaz egindako adierazpenetan atzera egitea eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.


2016-12-26 | Jon Torner Zabala
Informazio gabeziari aurre egin nahi dio Eraikiz-ek

Adinez txikikoen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu. Sistema patriarkaleko subjektu zaurgarrienak diren heinean, ordea, badute berezko ezaugarri bat: sufritzen dutena ezkutuan gertatu eta geratzen da, erasotzaileak haien senideak direlako gehienetan. Isiltasun horrek, baina, ezin duela errealitatea desitxuratu kontatu ziguten duela gutxi Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak eta Eraikiz elkarteko pedagogo Aitziber Bañuelosek. Hain justu, Eraikiz-ek txosten mardula plazaratu du... [+]


Familia, isiltasun gotorleku

Adinez txikikoen kontrako indarkeriak hamaika aurpegi ditu. Sistema patriarkaleko subjektu zaurgarrienak diren heinean, ordea, badute berezko ezaugarri bat: sufritzen dutena ezkutuan gertatu eta geratzen da, erasotzaileak haien senideak direlako gehienetan. Isiltasun horrek, baina, ezin duela errealitatea desitxuratu kontatu digute Bilgune Feministako kide Saioa Iraolak eta Eraikiz elkarteko pedagogo Aitziber Bañuelosek. Indarkeria sufritzen duten umeak ez dira bat edo bi; guztiok omen... [+]


2016-05-11 | Anboto
Nekazariek ere babesa erakutsi diote Durangaldeko Berton Bertokoa dinamikari

EHNE sindikatuak, ENEEK erakundeak eta Durangoko merkatu plazako baserritarrek atxikimendua eman diote eskola jantokietan bertako produktuak jatearen aldeko plataformari. Dinamika gero eta indar handiagoa hartzen dabil.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude