IV. mendeko nanoteknologia

  • Alexandria edo Erroma, 290-325 urte inguruan. Likurgoren kopa izeneko beirazko eta metalezko pieza berezia egin zuten, ziur aski Erromatar Inperioaren toki batean baino gehiagotan. Adituen ustez, kopa egiteko prozesuan hiru lantegik hartu zuten parte, eta beirazko blokea aurrez prestatuko zuten Palestinan edo Egipton. Beiran zizelkatuta, Likurgo traziarren erregea ageri da mahatsondoz inguratua, eta Bako jainkoak eta haren bi jarraitzailek erregeari barre egiten diote; Bako gurtzeko ospakizunetan erabiltzeko sortu omen zuten.

Likurgoren kopa Erromatar Inperioan egin zuten III. mendearen amaieran edo IV.aren hasieran. Beira dikroikoaren eraginez, argia aurrean duenean kopa berde ikusten da, eta atzean duenean, aldiz, gorri. (Arg: The British Museum)
Likurgoren kopa Erromatar Inperioan egin zuten III. mendearen amaieran edo IV.aren hasieran. Beira dikroikoaren eraginez, argia aurrean duenean kopa berde ikusten da, eta atzean duenean, aldiz, gorri. (Arg: The British Museum)

Kaiola-kopa edo diatretum berezia da Likurgorena, osorik iritsi zaigun mota eta garai horretako bakarra. Baina berezitasun nagusia da beira dikroikoz eginda dagoela. Material bitxiari esker, argia aurrez aurre duenean, kopa berdexka eta opakoa da, baina atzetik argiztatuz gero, gorri-gorri ikusten da eta transluzidoa da, azaleko erresonantzia plasmonikoa izeneko efektuaren eraginez.

1990etik aurrera eta soilik transmisiozko mikroskopio elektronikoei esker ikusi ahal izan zuten ikerlariek zergatik egiten duen kopak efektu hori: beirak urrezko eta zilarrezko nanopartikulak ditu, 50 nanometro ingurukoak, hau da, gatz aleak baino mila aldiz txikiagoak. Eta partikula horiek koloide moduan sakabanatuta daude. Alegia, kopa egin zuten artista/zientzialariek nanoteknologia erabili zuten, nanoteknologia zer den jakin gabe ere.

Egun, horrelako beira dikroikoa egiteak prozesu neurtu eta arduratsua eskatzen du. Baina IV. mendean zenbateraino kontrolatzen eta ulertzen zuten prozesu hori?

Zenbaiten ustez, halabeharrez lortu zuten efektua, urre eta zilar hautsak beira ezustean kutsatu zenean. Eta litekeena da egileek ez jakitea beirak, zilarraz gain, urrea zeukala, zilar erromatarrak urre zati txikiak izaten baitzituen maiz.

Baina, Likurgoren kopa beira dikroikozko pieza erromatar oso bakarra izanagatik, garai bereko horrelako beira zati gehiago ere aurkitu dira, koloreen aldea hain nabarmena eta ikusgarria ez bada ere. Ondorioz, prozesua neurri batean kontrolatzen zutela pentsatu behar da, eta behin eta berriro errepikatzeko gai zirela.

Ez zekitena da hamazazpi mende geroago kopa inspirazio iturri izango zela nanoplasmoien ikerketan eta teknologia horrek, besteak beste, haurduntza probak egitea, gaixotasunak diagnostikatzea eta arrisku biologikoak identifikatzea ahalbidetuko zuela.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Erromatarrak
Gerra Hotza eta Erromatar Inperio baketsua

Ekialde Hurbila, K.o. II.-III. mendeak. Erromatar Inperioak 1.000 kilometro inguruko defentsa lerro bat osatu zuen ekialdeko limes edo muga zaindu eta persiar armadaren nahiz tribu nomaden erasoei aurre egiteko. Lerro hura iparraldetik hegoaldera luzatzen zen, Palmiratik egungo... [+]


Erromatar legioaren "hozkailua"

Varsoviako unibertsitateko arkeologoek, Danubio bazterreko erromatar garaiko indusketa gune batean Antzinaroko "hozkailua" aurkitu dute.


Erroma salbatu zuten antzarak

Erroma, K.a. 406. Hiriak gerra deklaratu zion Veii herriari, handik 10 milia ingurura zegoen kokaleku etruriarrari. Urte luzez Veii aberastu egin zen, nagusiki gatz merkataritzaren kontrolari esker, pixkanaka erromatarrei itzal eginez.


Ponpeia baino lehen

Vesuvio, duela 3.800 urte. Sumendiak eztanda egin zuen enegarren aldiz, eta mendi magaleko Brontze Aroko Afragola herrixka errautsek estali zuten, K.o. 79an Ponpeia eta Herkulanorekin gertatu bezala.


Eguneraketa berriak daude