argia.eus
INPRIMATU
Amiantoak 4.000 langile hil ditu jadanik
  • Duela urte batzuk pentsatzen zen amiantoarena esajerazioa zela, produktu kantzerigeno horrek hurrengo hamarkadetan milaka lagun hilko zituela esaten zenean.

Juan Mari Arregi 2017ko azaroaren 02a

Seguruenik ez dugu inoiz amiantoak hildakoen zifra zehatza jakingo, baina badakigu 1994tik 2008ra Espainiako Estatuan gutxienez 4.000 pertsonak galdu dutela bizia haren ondorioz. Enpresa eta sektore askotan erabili zen amiantoa: laneko gaixotasunak, produktuarekin kontaktua izan eta handik urte askora azaleratzen dira. Azkeneko aldiz 80ko eta 90eko hamarkadetan erabili zen gurean, 2002an debekatu egin baitzen. Horregatik diogu hurrengo urteetan amianto hiltzailearen ondorioek hor segituko duela.

Minerala ezkutatuta egon da eta bere biktimen gehiengoak ez du laneko gaixotasunaren aitortzarik izan, ezta indemnizaziorik jaso ere. Kalteturiko hainbat senideren irmotasunak –CCOO eta beste sindikatu batzuek lagunduta– ekarri du auzia Gasteizko legebiltzarreraino iristea Bildu, EAJ eta PSEren eskutik, eta hortik Madrileraino. PP kontra izanda ere, Madrilen onartu da amiantoak kalteturiko pertsonentzako konpentsazio funtsa eskatzen duen proposamena; enpresek, mutuek eta aurrekontuek elikatuko dute.

Beharrezkoa da funts horren alderdi sustatzaileak geldi ez geratzea eta Espainiako Gobernuari eskatzea berehala martxan jar dezala funtsa. Asko baitira inolako konpentsaziorik gabe hiltzen diren biktimak eta haien senideak ere ahanzturan geratzen baitira. Gobernuek baimendu zuten 2002ra arte amiantoarekin lan egitea, bada orain haren biktima eta senideek ordain txiki bat izan beharko lukete behinik behin.