Kolonia (egungo Alemania), 1496ko azaroaren 7a. Arnold Von Harff noble renaniarra, 1471n Bedburgeko Harff gazteluan jaioa, erromesaldian abiatu zen. Erroman, Jerusalemen, Santiagon eta beste hainbat tokitan egon ondoren, hiru urteren buruan, 1499ko azaroan itzuli zen etxera.
Bidaia luzean ikusi eta entzundakoak idatziz jaso zituen, eta 1860an E. von Groote-k argitaratu. Euskal Herritik bitan igaro zen. Santiagora bidean Izuratik sartu zen, eta Iruñea, Gares eta Vianatik pasa ondoren, Ebro zeharkatu zuen. Bueltan, Gasteiztik Tolosara joan zen, San Adrianen barrena, eta Irundik ere igaro zen.
Von Harffek berak adierazi zuenez, “erromesaldi onuragarria egitea erabaki nuen, nire arimaren kontsolagarri eta salbagarri [...] baina baita hiriak, herrialdeak eta herrien ohiturak ezagutzeko ere”. Zenbaitek Behe Erdi Aroaren eta Aro Modernoaren arteko haustura espiritualaren isla ikusten du erromes-bidaiariaren jarreran.
Bidaiaren alderdi ludiko eta praktiko hori nabarmentzen da, besteak beste, euskara, bretoiera, esloveniera, turkiera, hebreera, arabiera, albaniera, hungariera, siriakoa, amharera eta armenierazko hiztegitxoetan. Egungo bidaia-gidetan bezala, oinarrizko hitz eta esaldi praktikoen ordainak eman zituen hizkuntza horietan. Zenbakiak euskaraz bat, bij, yron, lae, boss, see, sespe, tzortzey, wedeatzey eta hammer ziren. Ogia, ura eta ardoa nahi izanez gero ogea, oyra eta arduwa eskatu behar ziren, eta prezioa jakiteko, schambat galdetu.
Erromesaren asmo ez hain zerutiarren froga nagusia hiztegitxo guztietan –armenierakoan izan ezik– sartu zuen esaldia da: “Neska ederra, etorri nirekin ohera”. Euskarazko ordaina, hauxe: schatuwa ne tu so gausa moissa. Adituak bat datoz lehen hitzen esanahian; schatuwa ne tu so hori “neskatoa, nahi duzu” litzateke. Julio Urkixo eta Justo Garatek uste zuten gausa moissa “gauza motza” zela, “alua” esan nahi zuela eta aditza (kasu honetan, adibidez, “erabili”) elipsian legokeela. Koldo Mitxelenaren ustez, aldiz, gausak “gautzan” edo “goazen” esan nahi du, eta ez zeukan garbi moissa zer zen: “Ohera”? “Batera”?
Hizkuntzalariak ere bat ez zetozen esaldi horrekin, lortu ote zuen Von Harffek schatuwaren batek baiezkoa esatea edo proposamena ulertzea behintzat?