Monsantoren eskuliburua: zientzialarien lana desitxuratu, pozoia saltzen jarraitzeko

  • Urriaren 25ean glifosato herbizidaren merkaturatze-baimena luzatu edo eteteaz bozkatuko dute Europar Batasuneko estatu kideek. Aurtengo abenduaren 31n iraungiko da gaur egun indarrean dagoen baimena, eta Europako Batzordeak beste hamar urterako berritzea proposatu du, 2015ean IARC erakundeak –minbizia aztertzen duen OMEren menpeko organismoa– glifosatoa seguraski kantzerigenoa dela esan arren.

Unai Brea @unaibrea
2017ko urriaren 29a
Europan abiarazitako Herri Ekimen Legegileak 1.300.000 sinadura baino gehiago helarazi dizkio Europako Batzordeari, glifosatoa debekatzeko eskatuz. Batzordeak, haatik, haren merkaturatze-baimena hamar urtez luzatzeko proposatu du.
Europan abiarazitako Herri Ekimen Legegileak 1.300.000 sinadura baino gehiago helarazi dizkio Europako Batzordeari, glifosatoa debekatzeko eskatuz. Batzordeak, haatik, haren merkaturatze-baimena hamar urtez luzatzeko proposatu du.

IARCen iritziari kontra eginez, hainbat europar agentziak, tartean elikagaien segurtasunaren zaindari den EFSAk, adierazi dute ez dagoela arrazoirik glifosatoa –munduan gehien saltzen den herbizida– kaltegarria denik esateko. Azken hilabeteetan, ordea, EFSAri berari eta Europan substantzia kimikoen segurtasunaz arduratzen den ECHAri leporatu izan zaie hainbat ikerlan kontuan hartu ez izana beren ebazpena egiterakoan.

Monsantok aspalditik zekien

Salaketa horien azken pasartea joan den urriaren 4an gertatu zen. Egun hartan, AEBetan Monsantoren aurkako auzia abiarazi duten zenbait pertsona –denak minbiziak jota– Bruselan izan ziren, euren abokatu eta guzti, europar agintariei eskatzeko aintzat har dezatela glifosatoaren arriskuaz berriki zabaldu den ebidentzia.

Desklasifikatutako Monsantoren dokumentuetan ikus daiteke konpainiak aspalditik zuela glifosatoaren toxikotasunaren berri

Monsantoren aurkako auzibidearen karietara multinazionalaren barne agiri ugari –Monsantoren paperak izena eman zaie– desklasifikatzeko agindu du epaitegi estatubatuar batek. Horietan argi ikusten da enpresak aspalditik zuela bere produktu nagusietako baten toxikotasunaren berri. Konpainiak 1999an eskatutako ikerlan baten ondorio modura, James Parry toxikologoak Monsantori ohartarazi zion glifosatoak zeluletan mutazioak eragiteko gaitasuna zuela, eta ondo aztertu beharko litzatekeela haren formulazio komertzialak, enpresak Roundup markapean saltzen duenak, zer eragin eduki dezakeen.

Parryren ikerlana ez zen sekula argitaratu, eta haren gomendioak ez ziren aintzat hartu. Baina transnazionalak bazekien glifosatoa arriskutsua izan zitekeela, Monsantoren paperen artean dagoen agiri batek argi uzten duenez. Donna Farmer, konpainiako toxikologo batek, honakoa idatzi zuen 2002an: “Ezin dugu esan Roundup-ak minbizia eragiten ez duenik. Ez dugu haren kartzinogenitate azterketarik egin”.

Zientzialarien ospea auzitan jartzen

Monsantok bere ikerlanen emaitzak estali zituen isil-isilik, baina aldiz, zalaparta handia eragin zuen IARCek 2015ean esan zuenean glifosatoa seguraski minbizi-eragilea dela gizakiengan. Agentzia horretako hainbat arduradunen esanetan, glifosatoari buruzko ebazpenak atea ireki zion beren aurka sekula ikusi gabeko erasoaldiari.

2016ko apirilean, Reuters agentziak argitaratutako artikulu batek zalantzan jarri zituen IARCek substantzia minbizi-eragileen sailkapena egiteko darabiltzan irizpideak, eta beren-beregi kritikatu zuen zerrenda horretan glifosatoa jarri izana.

Artikuluaren edukiak zabalpen handia izan zuen mundu osoko hedabideetan. Luze gabe jakin zen –baina ez horrenbeste zabaldu– haren egilea, Kate Kelland, Monsantok hautatutako eta emandako materialean oinarritu zela. Bestalde, Kellandek “zientzialari independente” modura aurkeztutako Bob Tarone Monsantoren ordainpeko aholkularia da. Carey Gilliam Reuterseko kazetari ohiak azaldu zuenez, Kellandek berak lagundu egin zuen Science Media Centre taldea sortzen; haren helburua da zientzialari eta kazetari jakin batzuk –esaterako, Tarone eta Kelland– harremanean jartzea, eta agrokimikoen arloko konpainietatik eskuratzen du finantzazioaren zati handi bat, Monsanto barne. Hemerotekara bisitatxo azkarra egitea aski da ohartzeko Kellandek artikulu ugari sinatu dituela Reutersen, IARCek glifosatoarekiko ebatzitakoa gogor kritikatuz.

"Junk science"

Reutersen artikulua kanpaina handi baten adibide bakana baino ez da, Le Monde egunkarian Stéphane Horel eta Stéphane Foucart kazetariek argitaratutako ikerketa-lan baten arabera. Lehenik eta behin, Monsantok adierazi zuen IARCen erabakia zientzia txarraren ondorioa izan zela. Zehazki, ingelesezko junk science esamoldea erabili zuten.

Beren interesen kontra doazen ikerlanak zientzia txartzat jotzea konpainia handien eskuliburuan ageri den lehen urratsa da aspalditik; taktika horren bidez lortu zuen tabakoaren industriak, hainbat hamarkadaz, saltzen dituen produktuen eta minbiziaren arteko lotura ezkutatzea, edo behintzat zalantza piztea, eta geroztik sistematikoki erabilitako metodoa izan da. Monsanto da adibiderik argienetakoa, hain zuzen.

IARCek inoiz ez bezalako erasoaldia jasan du 2015ean glifosatoa seguraski minbizi-eragilea dela ebatzi eta gero

Missouriko multinazionalak hedabideetan mezu hori zabaldu bitartean, bere abokatuek gutunak bidali zizkieten IARCerako glifosatoari buruz azterlanak egindako zientzialariei, beren dokumentuak bidaltzeko eskatuz. AEBetakoak, horrez gain, epaitegietara eraman zituzten. Aldi berean, hazien eta pestiziden alorreko lobbyek IARCen erabakiaz kexak bidali zituzten erakundea finantzatzen duten organismoetara.

Armada txiki bat Monsantoren egia zabaltzen

Monsantoko exekutiboek eurek azaldu dute badutela Let nothing go izeneko lan-ildo bat, funtsean konpainiak jasotzen dituen kritika guzti-guztiei erantzutean datzana. Horren arabera, Monsantok, beste enpresa batzuen bitartez, itxuraz industriarekin loturarik ez duten pertsonak kontratatzen ditu, hedabide eta sare sozialetan multinazionalaren produktuak eta jarduerak defendatzeko, eta haren aurkariei erasotzeko.

Ez daude lan horretan bakarrik. Sigla zopa baten atzean aurkitu daiteke pestiziden, hazien eta sintetiko kimikoen alorretako industriaren interesak defendatzen dituzten talde ugari; IARCen eta harekin lankidetzan dabiltzan beste erakundeen aurkikuntzak kritikatzen dituzte etengabe, ikerketen emaitzak zalantzan jarriz.

EFSAren independentzia ezbaian

Monsantoren paperen artean badira konpainiaren eta AEBetako Ingurumen Agentziaren (EPA) arteko lotura estuak erakusten dituzten zenbait mezu. Urriaren 4an Bruselara joan ziren Monsantoren aurkarien abokatuek iradoki egin zuten Europan gauza bera gerta litekeela. Gaur-gaurkoz horren froga zehatzik ez badago ere, irailean The Guardian-ek argitaratutako artikulu batek erakusten zuen glifosatoa segurutzat jotzen duen EFSAren txostenaren zenbait pasarte Monsantok idatzitakoen berdinak direla, hitzez hitz.

Bestela ere, EFSAren independentzia auzitan jarri da behin baino gehiagotan. Lobbyen jarduna behatzen duen CEO gobernuz kanpoko erakundeak ekainean argitaratua du txosten bat, esanez EFSArako lanean dabiltzan zientzialarien erdia inguruk elikagaien industriarekin loturaren bat duela.


Glifosatoaren debekua kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-02 | Unai Brea
Zergatik da hain garrantzitsua Monsantorentzat glifosatoa defendatzea?

2016ko hasieratik bosgarren aldiz, Europako Batzordeak ez du lortu EBko estatu kideen gehiengoa glifosato herbizidari baimena luzatzearen alde agertzea. Indarrean dagoen baimena aurtengo abenduaren 31n iraungiko da, eta beste hamar urterako berritu nahi du Batzordeak, erabilerari inolako mugarik ipini gabe.


2017-10-13 | Unai Brea
Monsantoren eskuliburua: zientzialarien lana desitxuratu, pozoia saltzen jarraitzeko

Urriaren 25ean glifosato herbizidaren merkaturatze-baimena luzatu edo eteteaz bozkatuko dute Europar Batasuneko estatu kideek. Aurtengo abenduaren 31n iraungiko da gaur egun indarrean dagoen baimena, eta Europako Batzordeak beste hamar urterako berritzea proposatu du, 2015ean IARC erakundeak –minbizia aztertzen duen OMEren menpeko organismoa– glifosatoa seguraski kantzerigenoa dela esan arren.


Glifosatoa, europar baratzeetatik desagertzear?

Europar Batasunak urtea amaitu baino lehen erabaki behar du glifosatoa –munduan gehien saltzen den herbizida– erabiltzeko baimena luzatuko duen ala ez. Monsantok 70eko hamarkadan merkaturatutako substantzia 40 enpresak baino gehiagok saltzen dute gaur egun; “segur aski minbizi-eragilea” dela esan zuen Minbizia Ikertzeko Nazioarteko Agentziak 2015ean.


30 eurodiputatuk glifosatoaren baimena ez luzatzeko eskatu dute

Europako Parlamentuko 30 legebiltzarkidek glifosato pestizida salerosteko baimena ez luzatzeko eskatu diote Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidenteari.


2017-02-08 | Unai Brea
Milioi bat sinaduraren bila, glifosato pestizidaren debekua eskatzeko

Europar Batasunean gehien erabiltzen den pestizida da glifosatoa. Europako Batzordea hura merkaturatzeko baimena luzatzen duen edo ez erabakitzen ari den bitartean, herritar talde batek abian jarri du substantzia debekatzea helburu duen herri ekimen legegile (HEL) bat. Haien eskaria formalki batzordera iritsi dadin, milioi bat sinadura bildu behar dute 2018ko urtarrilaren 25era bitartean. Izenpeak gutxienez EBko zazpi estatutan jaso behar dituzte.


2016-05-20 | Unai Brea
Europako Batzordeak ez du lortu oraingoz glifosato pestizidaren baimena luzatzea

Bigarrenez, bertan behera utzi dute glifosatoaren baimena luzatzeari buruzko bozketa Europako Landare, Animalia, Elikagai eta Pentsuen Batzorde Iraunkorrean. Europako Batzordeak pestizida ezagun hori, munduan zabalduena, beste bederatzi urtez baimentzeko proposamena eraman du –ekainaren 30ean agortuko da gaur egun indarrean dagoen baimena–, baina behar adinako gehiengoa lortuko ez zutenez, ez dute bozkatu ere egin.


2016-03-09 | Unai Brea
Kantzerigenoen zerrendan dagoen glifosato herbizidari buruzko erabakia atzeratu du Europak

Kontsentsu zientifiko (eta politiko) ezak eta talde ekologisten presioak eraginda, Europar Batasunak maiatzerako utzi du glifosato herbizidaren baimena luzatzeari buruzko erabakia. Osasunaren Munduko Erakundeak "segur aski kantzerigenoen" zerrendan sailkatu zuen glifosatoa 2015eko martxoan, baina Europako Batzordeak baimena beste hamabost urtez luzatzeko proposamena egin du, substantzia arriskutsua ez dela dioen Europako Elikagaien Segurtasun Agentziaren (EFSA) txosten batean... [+]


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude