Jatorrian, Korsikako italieraz, macchia hitzak “sasiz estalitako zelaia edo basoa” esan nahi du. Ondoren, maki hitza ekosistema mediterraneo jakin bat izendatzeko erabiltzen hasi ziren, nagusiki Frantziako hego-ekialdean topa daitekeena eta zuhaixka eta zuhaitz termofilo ugarikoa.
Gerra napoleonikoen garaian derrigorrezko errekrutatze militarra saihesteko eremu horietan ezkutatzen zirenei maquisards edo maqui esan zieten. Eta aurrerago, Bigarren Mundu Gerran, frantziar erresistentziako kideek, batez ere landa eremuan, izen hori hartu zuten, baita geroago frankismoaren aurka arituko ziren gerrillariek ere.