Kulturak egiten gaitu nor

  • Nor izatearen alde emanaldiaren kronika. Urriaren 12an, Donostiako Tabakalera ondoko plazan.

Irudia: Ainara Lasa.

“Boteprontoan eta piroteknia handirik gabe”. Jarraian datorrena hala datorrela aurreratu du Amagoia Gurrutxaga kazetariak. “Kataluniaren aldeko elkartasunez. Eta maitasunez”. Kultur munduko herritar batzuk antolatu, eta plaza hartu. Gauetik goizera, ia-ia, dei bat honi, atea jo hari. Aurpegi ezagun ugari batu dira, baina bakarra ere ez zen iragartzen bezperan zabaldutako afixan. Garrantzitsua ez baita zeinek, ezpada zer. Tira, urriaren 12a da-eta.

Bi mikrofono eta bost kartel horma kontran; hori attrezzoa, ekitaldiaren neurrikoa. Urriko eguzkitan gozo daudenak ipurdia altxa, eta mikrofono pareko itzalean batu dira. Lorea Agirrek irakurritako manifestuak argitu du plaza hartu dutenen kezka: “Galdera da ea ba ote garen geure buruentzat nor. Geure buruari baimena ematen ote diogun nor izateko, gorputz politikoak izateko, aske izateko”.

Kantuz jarri diete #subiranotasunarenalde, #erasoenkontra, #gukataluniagara aldarriei alea askok –Aloña Jauregi eta Oneka Garmendiak hasteko–, eta poesiari heldu diote beste hainbestek: Olatz Beobidek Maria Mercè Marçal poeta kataluniarra ekarri du; Ainara Lasak Oier Guillan; Maialen Berasategik Adrienne Rich; Alberto Barandiaranek Vicent Andres Estelles; Petra Elser, Idurre Eskisabel, Eider Rodriguez; Paul Bilbaok Bertol Brecht; eta Jose Luis Otamendik berandu baino lehen manifestutzat har genezakeen Iritsiko da eguna poema propioa.

Galtzeko asti barik, bat desagertu ahala agertzen da hurrengoa. Bistan da bakoitza bere-beretik ari dela. Argia da Amaia Lasarena; inperioaren eguna ospatzen denean Ameriketako gitarrek erresistentziaren eguna dutela gogoratu du, eta indigenen alde, eta herrien Europaren alde paratu da behin Nikaraguako gerrillan borrokan aritu zena. Bere poema bat irakurri, eta diot benetakotasuna dariola plaza inprobisatu honi.

Martxelo Otamendik ezustean harrapatu gaitu Txarangoren Agafant l’horitzó kantua jarri duenean, prozesuan erreferentziazko abestia bihurtu dela-eta gazteen artean. Eta mambo, dantzan-edo jarri du plaza. Orduan konturatu gara gazte asko ez dela inguruan. Giroari eutsi diote Joxe Mari Agirretxe, Txapas eta lagunek Epo ita ita ye “konjurua” bota dutenean. Paul Bilbaok “demokraziaren aldeko iraultza katalanez” egiten ari direla azpimarratu du, eta mundial Mursego, Dut-en Haize eza eta RIP-en Terrorismo policial klasikoekin aurrekoen errebeldia zirikatuz.

Gustura nabari da jendea, eguna ez ospatzeko modu bat bilatu duelakoan, akaso. Izan da besterik, eta ezin aipatu barik utzi: Ines Osinaga aspaldikoz, Ekhi Atorrasagasti kazetariaren testigantza, Joseba Tapiaren ironia fina, Dani Fanoren atzeko lana, Morau eskemak hausten, Dana Sarrionandiaren hitzetan, Amaia Zubiria Rossinyol-i emana. Eta, bai, L’Estaca eta Els segadors amaitzeko.

Diot nik, ez dela behar gehiago plaza hartzeko, laster eroriko bada, nor izango bagara.


ASTEKARIA
2017ko urriaren 29a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kultura
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


Mamu bat gure artean da

Eguzkiarekiko gertutasunak moldatu egin ei du Lurrak duen abiadura, eguzkia inguratzeko mugimenduan. Beste abiadura batzuk ere badira, ordea, eta balirudike lurraren abiada gero eta azkarragoa dela edo, bederen, aldaketak etengabean ditugula orpoz orpo jarraika. Egoera honetan,... [+]


2024-04-21 | Reyes Ilintxeta
Elisabeth Pérez. Sorkuntzaren defendatzailea
"Adimen Artifiziala etorkizuneko tresna ei da, baina bere funtsa iraganeko sormen lanak lapurtzea da"

Martxoan Iruñean egin zen liburu denden kongresuan ezagutu nuen Elisabeth sortzaileen lana pasioz defendatzen Adimen Artifizial sortzailearen aurrean. Handik gutxira elkarrizketa egiteko gelditu ginen Bolognako Liburu Azokara eta Kolonbiara joan aurretik. Aitortzen dut... [+]


Eguneraketa berriak daude