Erreboltaren beste jarrera

  • Iragan mende hasierako eta 1936ko Gerra Zibilaren garaiko libertarioak gogoratu ditugu erreportajearen abiaburuan. ETAren hasieratik bere jarduera armatuaren amaierarainoko –1958tik 2011ra– hainbat militante anarkisten esperientziak ekarri ditugu ondoren. ETAren historian asanblearismoa praktikatu da, anarkismoa ere presente izan da. Komando Autonomo Antikapitalistak (KAA) erakunde armatua jite horretakoa izan zen. Halaber, erakunde gisa “antolatu gabeko” militante libertario ugari izan dira eta badira Euskal Herrian. Asko ezker abertzalearen inguruan ari(tu) dira, azpiegitura erraldoien aurkako borrokan jardun dute bereziki: Lemoizko zentral nuklearra, Leizarango autobidea, Itoizko urtegia edota AHTren kontra, besteak beste. Era berean, herri mugimenduetan “autonomia” aldarrikatu duten talde alternatibo anitz ezagutu ditugu: armadaren aurkako intsumisoak, irrati libreen sortzaileak, gaztetxeen eta okupazioaren sustatzaileak... Halaber, euskal musikaren esparruan espresio anarkistak loratu dira, rock eta punkaren inguruan, kasu. ETAko bi kide historikorekin –Emilio Lopez Adan Beltza eta Mikel Orrantia Tar– hasi dugu kontaketa. Segidan, horien hurrengo belaunaldiko Jakue Pascual eta Juantxo Estabaranzekin mintzatu gara. Asel Luzarraga, Itziar Madina Elgezabal eta Sales Santos Veraren esperientziek osatu dute periploa. Ekarri duguna anarkismoaren ikuspegi mugatua da, Euskal Herriko zenbait libertariok mende baten bueltan bizitakoa, mugatua baina interesgarria.

Felix Likiniano anarkista: ETA-ren anagramaren egilea

ETAko kide historiko Emilio Lopez Adan Beltza (Gasteiz, 1946) libertarioaren iritziz, euskal anarkismoaren historian pertsona inportante bezain ezezagunak daude. Hala nola, Espainiako gerra garaiko Isaac Puente mediku bizkaitarra (Abanto-Zierbena, 1896), Gasteizen bizitakoa. Higienista, anarkista erradikala, kontrazepzioaren aldekoa. 1934ko iraultzan parte-hartzeaz akusatua, frankistek 36an afusilatua. Horacio Martinez Pietro (Bilbo, 1902), Lanaren Konfederazio Nazionalekoa (CNT), erbesteratua. Euskadiko Jaurlaritzarekin harreman zuzena izandakoa, joera posibilistakoa. Fernand Elosu mediku baionesa (1875-1941), oso ezezaguna. PCFko komunistatzat ekarria, baina anarkista. Bakezale, higienista eta emakumearen eskubideen aldekoa. Horien ondoren, iragana eta oraina lotu zituzten anarkistak ditugu: Felix Likiniano (Eskoriatza, 1909) eta Casilda Hernaiz (Zizurkil, 2014), baita Manolo Chiapuso ere. Gerra Zibileko erresistenteak eta gisa batez, EAJren aurka gatazkan arituak: “Anarkismo mota asko izan da, eta horiek CNTari lotuak izan ziren, borrokalari oso leialak, klaseko anarkistak. Marc Legasse dator gero, baina hau ez da klaseko anarkista. Halere, bai Likinianok bai Legassek ETArekin harremana izan zuten [Aizkora eta Sugea-ren anagrama Likinianok egin zuen]. Biek errespetu handia zioten elkarri, baina oso diferenteak ziren, ez zuten doktrina bera”. Likiniako Elkarteko Juantxo Estebaranz, Breve historia del anarquismo vasco liburuaren egilea eta AnarkHerria liburuaren egile Jakue Pascual horien segidakoak dira, belaunaldi berri bateko militanteak, Beltza-ren hitzetan.

“EAJrena terriblea da. Eraikuntza nazionala zimenduaren gainean –azpiegituren estakuruz– eraiki nahi baitu. Jaurlaritza lortu zuenez geroztik, autonomismoan eroso dago, dirua eta negozioen kudeaketa ditu lehen helburu”

EMILIO LOPEZ ADAN
(Beltza)

Bi belaunaldi anarkista horien artean, Mikel Orrantia (Tar) dago –Beltza-ren garai bertsukoa–, Askatasuna mugimenduaren sortzailea trantsizio garaian. Orrantiak CNTaren anarkismo sindikala  eta Euskadiko tradizio anarkista klasikoa batu nahi izan zituen. Askatasuna talde konfederala euskal nortasun nazionala ezagutarazteko helburuz jaio zen. Garai hartan ernatu ziren “autonomoak” izeneko lehen espresioak. ETAtik LAIA sortu zen (Langile Abertzale Iraultzaileen Alderdia) eta hauen barnean LAIA Ez. Horien ondorioz KAA sortu ziren gero. Autonomoentzat Euskal Herriaren nortasuna funtsezkoa da, baina ez dute Euskal Estatua lehentasuntzat jotzen. Asanblearioak izaki, langile mugimenduaren autoeraketa lehenetsi dute. ETAren eta ezker abertzalearen inguruan, “autonomia” adieraren inguruan aritu dira, autogestioaren ildoan. Espresio asko izan da, hala nola, langile komiteak, auzoko asanbleak, mugimendu antinuklearrak eta ekologistak, intsumisoak, okupak eta gaztetxeen sustatzaileak.

ETA desagertzear dagoen unean, hauxe Beltza-ren aburua: “Ezker abertzalean krisi handia dago. Bere militantziaren arazo nagusia ‘autonomoa eta diziplinatua’ izatea izan da, eta hori oximorona da. Diziplinatuak izan behar dute buruzagitzarekiko eta autonomoak Estatuaren kontra. Ezker abertzaleak mugimendu antinuklearra, ekologista edota garapen jasangarriaren aldeko mugimenduak –AHTren aurkakoa, kasu– ‘baliatu’ ditu nolabait. Borroka armatuak iraun zuen bitartean, talde horien dinamika balio izan zaio ETAri, baina orain ez, Sortuk berak deskalifikatu baitu borroka armatua. Mugimendu horietan aritu den jende askok ez daki zer egin gaur egun. Barne krisia izugarria da”. Beltza-k ezker abertzalea noraezean ikusten du EAJren hegemoniaren aurka, jeltzaleei hegemonia kentzea baitu lehen xedetzat: “Alta, EAJrena terriblea da. Eraikuntza nazionala zimenduaren gainean –azpiegituren estakuruz– eraiki nahi baitu. Jaurlaritza lortu zuenez geroztik, autonomismoan eroso dago, dirua eta negozioen kudeaketa ditu lehen helburu”.

Mikel Orrantia: CNT eta askatasuna

Mikel Orrantia Tar (Balmaseda, 1947) 1969an erbesteratu zen lehen aldiz, Iparraldera. Bigarrenez, Bruselara 1975ean: “Nik ETA masa mugimendua izatea nahi nuen. Orduan ez nuen borroka armatua kuestionatzen, berau ez baitzen antolamenduaren ardatza, baliabide bat baizik”. Orrantia 1969an komunista zen, erbestaldian leninismoa eta nazionalismoarekin kritikoa bihurtu zen. “1969ko Euskadi eta Espainia oro har, alfer lurrak ziren. Ez zegoen libururik, hierarkia eta agintekeria baino ez”. Erbestean ikasteko aukera izan zuen: “Nire nazionalismoari gertatu zaio nire katolizismoari gertatu zitzaiona, hezten joan ahala azukre koskorra kafean bezala urtu dela. Independentista naiz, baina ez nazionalista. ETAn izan ere, Espainiako Estatuaren esferan bezala, adiskidekeria ordaindu eta inteligentzia baztertuz joan zen, beraz, anarkismoaren aukera ernatu zitzaidan”. 1977ko amnistiaren ondoren Euskal Herrira itzuli zen.

CNTaren berregituratze lanean jardun zuen “barnean eta erbestean”. Orrantiaren ustez, 1975era arte CNT sostengatu beharreko indarra zen:  “CNTk bi arazo zituen, euskal independentziaren aurkari eta PSOE-UGT bikoa bezain espainolista izatea. CNTn tradizioaren pisua izugarria zen gure artean, baina guk ez geneukan haien akto sakramentalen pisua gure gainean. Anarkismoa birpentsatu nahi genuen gaztetxoak ginen”.

Mikel Orrantia Tar

Askatasuna mugimenduaren inguruan ehun bat  lagun bildu ziren, gehienak Askatasuna aldizkaria sustatu zuten militanteak. 1971n Bruselan sortu eta Bilbon 1980an amaitu zen, faxistek euren egoitza leherrarazi zutenean: “Bi mundu artean bizi ginen, nazionalismo tradizionalaren eta nazionalismo industrialaren artean. Bigarren hau, kapitalisten eta burgesen interesen defendatzailea zen. Hala ere, kapitalismo hark bere herentzia baliagarria izatea nahi zuen bere ondorengoentzat ere onuragarria izan zedin. Aldiz, gaur egun kapitalismo teknologikoaren aroan gaude, nik ‘kapitalismo eskorpioia’ deitzen diot. Estatuak eta kapitalismoak iparra galdu dute”. Kapitalismo berri honi –jarraitzen du Orrantiak– bost axola zaio deszendentzia edo boterearen ondorengotza, pikutara bota du munduaren etorkizuna: “Aurreko kapitalismoak bazuen proiektu bat, mundu konkretu bat nahi zuen: erlijioa eta estatua haren zerbitzura, hezkuntza, justizia eta arlo militarra kontrolatuta. Kapitalismo berriak berehalako etekina nahi du, aurrean duen guztia akabatu behar badu ere. Ekologia bost axola zaio, planetaren bukaera ekarriko badu ere. Egungo mundu kapitalistan ziurgabetasuna erabatekoa da”. Bere iritziz, “ez dugu oraindik egungo sistema ulertzeko behar ditugun bitartekoak eraiki, beraz, kapitalismoa borrokatzeko gaitasunik ez badugu, are gutxiago berau garaitzeko. Kapitalismo teknologiko eskorpioi honek ez du I. Internazionalak borrokatzen zuen mundu kapitalista harekin zer ikusirik. Egungo komunisten pentsamenduak ez du balio kapitalismoa borrokatzeko. Edonola ere, Bakunin eta Marxen ideiak mundua aldatzeko baliagarriak izan ziren, altxor kulturala da, ezagutu beharrekoak. Beraz, egun ere baliagarriak izan daitezke munduari alternatibak eskaintzeko, estrictu sensus erabili gabe betiere”.


Alternatibarik ba al dago egun?

1999. urtean Munduko Merkataritzako Erakundeak (MME) Seattlen egin zuen goi-bileraren aurkako mobilizazioez geroztik, koiunturaz koiuntura, gazte olde erradikal berriak altxatu dira egungo sistema neoliberalaren aurka. Orrantiak hala ikusten du: “Mugimendu berriek agertu dute posible dela globalizazioari aurre egitea. Horietako askotan ordea –Nikaraguako iraultzaren ostean– marxista iraultzaileek bereziki pentsatu zuten Kuba berri bat gertatuko zela. Zoritxarrez, mugimendu berauek suntsi nahi duten germena beren barruan ernarazten dute: autoritarismoa eta botere nahia. Euren izaera nazionalistak estatuaren helburua aldarrikatzen du gizartea eraldatzeko eta horrek bizitzaren sistema erregulazioa eta pentsamendu librea oztopatzen ditu. Iraultza horiek garaile atera direnean, astiro-astiro pentsamendu-askatasuna baztertu dute”.

Aurreko kapitalismoak bazuen proiektu bat, mundu konkretu bat nahi zuen: erlijioa eta estatua haren zerbitzura, hezkuntza, justizia eta arlo militarra kontrolatuta. Kapitalismo berriak berehalako etekina nahi du, aurrean duen guztia hil behar badu ere. Ekologia bost axola zaio, planetaren bukaera ekarriko badu ere. Egungo mundu kapitalistan ziurgabetasuna
erabatekoa da”

MIKEL ORRANTIA Tar

Euskal Herriaz hauxe dio Orrantiak: “ETAk nazio arazoaz harago joan zitekeen alternatiba politiko bat eratzea egotzi du. Ezker abertzaleak autoritarismoa sustatzeaz gain, botereaz abusatu du. Sakrifizioaren heroiak sortu ditu, germen nazionalistak kalte egin dio herri honi. Areago, ETAk ezker abertzalearen inguruan harropuzkeria hauspotu du bere helburu askoren alde bat egiten genuenon aurka. Espainiako Estatuaren egituren aurka jo ahala beldurra zabaldu du herrian. Estatuari ETA etorri zaio primeran. Hala izanik, egia da ere ETA asko izan direla. Niretzat, 1987 arteko –Hipercorreko atentatua tarteko– eta geroztiko ETA bereiziko nuke. Terrorismoaren bidera lerratu baitzen. ETAk euskaldunon bizitza baldintzatu zuen harrezkero, eta gainera, beste aukerak mamitzen eragotzi. ETAren alde edo kontra delako jaidura errotu zen. Lur errea da gurea. Baina, hauxe ere egia da: orain ETA gabe umezurtz geratu gara. ETAren ondorioen jarraipena luzea izango da, zoritxarrez. Ezker abertzaleak ez du jendartearen %20 baino gehiago ordezkatuko luzera begira, presoak dauden bitartean zalantza-balantzan ibiliko da. Presoek militanteak izateari utziko diote ETA ezerezean desegiteko. Eta zaila da ETArik gabeko ezker abertzale bat eraikitzea. Kontraesana da, baina bera izan da mugimenduaren motorra, bihotza, arima, bandera eta ideologia. Baina orain hori ez dago. Horregatik, ETAko kideentzat amnistia defendatzen dut, nire belaunaldikoen aldeko amnistia defendatu zen bezala. Eta damutu gabe. Libre. Besterik gabe. Beren errebindikazioak politikoak direlako eta jarduera militarra abandonatu dutelako. ETAren ekintzek gure pentsamenduan eragin gabe, soseguz, presio militarrik gabe, herri honek bere bidea aurki dezake datozen bi hamarkadatan”.

“Egun, sozialistek, komunistek eta libertariook begirada atzera bota behar dugu aurrerapauso bat emateko. I. Internazionalaren sortzaileek aurkitu zuten tesiturara iritsi behar dugu. Sozialismoaren ildo guztiek ibai alternatibo batean konfluitu behar dute. Horrek barneko lege demokratikoa behar du, baina ez demokrazia bertikala, horizontala baizik. Libertarioen ekarpena hori behar da izan, marxistek ohartu behar dute inoiz ez direla hautesleen %20 baino gehiago lortuko. Ezinezkoa dela hein hori gainditzea. Badago aurrekari bat: jendea askoz hobeto bizi izan da mendebaldeko kapitalismoan herrialde komunistetan baino. Hori onartu behar da. Eta libertariook ere gure kontraesanak gainditu behar ditugu, bestela berriz ere, 1936ko Katalunian aurkituko dugu gure burua: boterea lantegietan bai, baina ez gizartean”, diosku balmasedarrak.

Burujabetasunari dagokionez, hauxe: “Euskaldunok ez ditugu Nafarroako Erregeak behar gure subiranotasuna errebindikatzeko. Niretzat euskaldun garaikideen borondateak balio du, historiaren pisuak baino gehiago balio du behintzat. Nire aukera, sozialismo libertarioa da, independentista eta konfederala, Frantzia, Espainia eta gaineratiko estatuetako herriekin koordinazio berri bat sortzeko. Euskaldunok ez dugu lortu nazioaren ideia kontsolidatzea, prozesu batean gaude oraindik. Hitz egin behar dugu horretaz, baina aurre-kontzeptuak erabili gabe, euskal nazioa aldarrikatzen dugunok kontzeptu horien ikuspegi ezberdinak ditugulako”.

Anarkismoa esperientzian elikatzen da bere hitzetan: “Nik akats handi bat egin nuen, CNT berreraikitzeko aukera aintzat hartzea. CNTn endredatu nintzen, masa organizazio handi bat nahi nuelako, eta tronpatu nintzen. Beste akats bat: Euskadiko Ezkerra [EEko militantea izan zen] PSOEn sartzearen alde egotea eta ni neu sartzea. Ez nuen egin behar. Denbora galtzea izan zen, esfortzu horri etekina ateratzea baino, beste proiekturen batean lanean aritu izan bagina, hobe. CNTk, hala ere, badu adierazi mitiko bat anarkista guztientzat, baita niretzat ere. PSOEk aldiz, ez. Bi fenomenoak bereizi nahi ditut. Nire ‘akatsetako bat’ berriz ere errepikatuko nuke, ETAn militatzea. 1960ko urteetako Euskadin egin beharrekoa baitzen”.

Jakue Pascual eta Anark-herria

Jakue Pascualek (Donostia, 1961) honela esan ohi du: “Gurea beti izan da herri antiautoritarioa, estatu bik zapalduta dagoelako”. Elkarkidetza beharrezkotzat jotzen du: “Norberaren autonomia errespetatuz gero, taldeen arteko harremanak hobetu zitezkeen”. Ordea, bere iritziz, iraultzaileen arteko harremanak ez dira onak izan. 1975ean hasi zen trantsizio garaiko militante libertarioa da, auzo elkarteetan, Lemoizko zentral nuklearraren aurkako komiteetan eta gero zabalduz joan ziren irrati libreen eta gaztetxeen inguruan aritua: “Ez genuen ‘abangoardia’ delakoek aritzeko zuten modua ‘ulertzen’. Ildo libertarioa eratzen hasi zenean, paraleloki, mugimendu horizontalek aukera hobeagoa ematen ziguten borroka garatzeko. Libertariook ez gara aurreiritzi batetik abiatzen, aitzitik, gauzak egiteko moduak helburuetara iristeko aukera ematen digu. Interesatzen zaizkigun gauzak lortzeko modu horiek eraman gintuzten anarkismoaren ildora, ez alderantziz”.  

Jakue Pascual

Trantsizio garaiko herri mugimenduetan talde marxistak eta maoistak gehiengoa eta nagusiak zirela diosku Pascualek: “Guk prozesua ez dugu inoiz haiek bezala ulertu, hau da, ‘ideia hau daukat eta martxan jartzen dut’. Helburuak betetzen joan izan garen neurrian, ideiak balio izan zaizkigu libertariooi, bestela ez”. Lemoizko zentral nuklearraren inguruan gertatua adibide: “ETAren ekintza armatuak ez zuen zentrala geldiarazi. Zentrala herri honen borroka bateratuak geldiarazi zuen. ETAren ekintzek gizarteko indar korrelazioa tenkatu zuten. Talde batzuek ez zuten ETAren ekintza errefusatu, ados, baina beste batzuek ez genuen argi ikusten, hala ere, kohesioa mantendu zen. Eta mantendu zen auzoko eta herrietako talde ‘autonomo’en komunikazio zuzenaren bidez. Kontra-informazioa oso ongi antolatuta zegoelako. Herriko asanbleek eta jendartearen dinamikak lortu zuten zentrala geldiaraztea. Ezker abertzalearen eta ezker muturreko abangoardien borrokak nagusiak ziren, baina garrantzizkoena gizartean jarduteko zegoen horizontaltasuna zen. Jende gehienak ez zuen inoren aginduetara borrokatzen”.

“Garaia hartan –dio Pascualek– talde asanblearioek orduko talde armatuekin “elkarrekin” bizi behar izan zuten estatu errepresiboaren aurka, kontraesan eta tirabira guztiekin bizi ere. Abangoardiek ezarri zuten dinamikatik atera beharra zegoen. Tejerazo delako estatu kolpe saiakera izan zenetik Ajuria Eneko Ituna bitartean ebatzi zen gaur egun bizi dugun egoera politiko eskasa eta garratza. Euskal arazoa deitua, are arazo handiagoa bilakatu zen. ETAk garai berrietara egokitu nahi izan zuen, baina ez zuen lortu. 1987. urte aldean kalkulu txarra egin zuen, eta harrezkeroko urrats guztiak hutsegiteak izan dira.

Populazioaren ehuneko oso txikiak onartzen zuen borroka armatua ordurako, prestigioa galdu zuen eta koste handiak ekarri zituen. Aljeriako negoziaketen porrota handia izan zen, eta Lizarra–Garaziko Akordioaren ostean galerak are handiagoak izan ziren. Izan ere, EAJrekin aurrera egin nahi izan zuten, eta bide hori gauzatzea ezinezkoa da”.

Ezker abertzale soziologikoa eta politikoa –instituzioetan egituratua– bereizten ditu soziologo honek: “Ezker abertzalea egituratze baten metaketa absurdua da. Buruzagiak estatuzaleak dira. Estatuak ‘komuna’ren defentsa eta ‘komuna’ren administrazioa bereizten ditu. Libertariook berriz, ez. 1936ko Gerra Zibilean anarkista konfederalek komunaren defentsa eta administrazioaren defentsa egin zuten, baina ez zituzten biak bereizten. Hori da diferentzia. Libertariook estatua errefusatzen dugu, estatuak errealitatea premisa batetik artikulatzen baitu, ez errealitatetik beretik. Gure izaera herrien konfederazioen aldekoa da, Euskal Herriaren beraren konfederaziotik hasita, hau da, bere oinarrizko errealitatetik abiatu behar dugu”.

AnarkHerria liburuaren egilea abangoardiekin kritikoa izan da betidanik: “Abangoardiek lastra izugarria eragin dute jendearengan. Eragina belaunaldiz belaunaldi erreproduzitu da, beldurra diotelako mugimenduaren autonomiaren izaerari. Kontrola behar dute. Leninistak direnez gero, etapaka artikulatzen dituzte euren prozedurak”.

Pascualek dioenez, ezker abertzalearen eremu zabalean talde libertarioak ere arazo nazionalaren bulkadaz aritu dira, autodeterminazioaren eskubidea gauzatzeko bidea zabaltzen. Mugimendu sozialetan eta talde txikien bidez. Auzo mugimendua izan zen hasieran, gero mugimendu ekologista zabala. 80ko hamarkadan talde alternatibo eta autoritarismoaren aurkako ugari izan ziren, horizontalak, sare izugarria garatu zutenak. Orduko irrati libreak kontrainformazioaren aurkako agentziatzat jo ditu: “Inflexio unea izan zen oinarrizko egituraketan. 50 irrati libre eta beste hainbeste gaztetxe sortu ziren. Abangoardiek horiek pikutara bidali nahi izan dituzte beti, entente adeitsu bat izan arren. Martxa eta borroka lemapeko garaia eklosioa izan zen, belaunaldi batek musika eta irrati libren bidez hitz egin zuen, ikasteko prozesu baten barnean. Irrati libre horiek programazio sendo eta interesgarria lortu zuten  bitarteko gutxirekin. Kazetaritza alternatiboa egin zuten, teknikoki nahiz ideologikoki. Industria krisiaren birmoldaketa unean erein garaia izan zen, gazteen erdia langabezian baitzegoen. Populazioaren %25ean ez zegoen ez espektatibarik ez alternatiba instituzionalik. Adibidez, orduan ez zeuden egungo kirol edo kultura gune instituzionalak. Mugimendu alternatiboek herri honetako kultura egin genuen”.

Bilboko Errekalde auzoko Kukutza Gaztetxea  jarri du adibidetzat. Haren osagai libertario-zeharkako lana, funtsa autogestionarioa eta asanblearioa, eta batez ere funtzionatzeko era azpimarratu du: “Kukutza auzoko ekipamendu sozio-kulturalaren parte-hartze erreala zen, ideia kooperatiboa. 1980ko hamarkadatik funtzionatzen hasi zen mugimendu baten emaitza, hamabost urtez iraun zuena. Baina EAJk ez zuen eredu hori gauzatzen utzi. Kukutza ez zen eraikin baten aldeko borroka soila, elementu sinboliko bat. Bilboko mugimendua alternatiboarekin batera eratu zen, oso dibertsifikatua. Azken bataila ezker abertzaleko mugimenduarekin batera libratu zen, baina Bilduren lehen koadroak egungo egoerara trantsitatzen hasi ziren –egun EH Bildu dena– eta erretagoardian geratzen hasi. EAJk ez zuen nahi hiriaren bere birmoldatze planen aurkako inolako oposiziorik, are gutxiago alternatiboak. Baina EAJ baino, arazoa ezker abertzalea da, ez baitu aitarekin apurtu”.

Bilbo metropolitanoan gertatu zena Gasteizko Errekaleor auzoan gertatzen ari delakoan dago.  EAJk bataila planteatzen dio mugimendu alternatiboari, ezker abertzalearen oinarri soziologikoarekin harremanetan dagoena: “Baina nola jokatu behar du EH Bilduk?”. Pascual ezkorra da, ez da fio. AHTren kasua gogoratu du: “Beste adibide bat, Bilduk Gipuzkoako Diputazioaren kudeaketa hartu zuenean ‘hau ez da gure eskumeneko arazoa’ esan zuen. Garapen iraunkorren aldeko indar alternatiboak txukun antolatzen ari ziren oraindik ere, baina Bilduk Madrilgo zakurren ahora bota zituen”.

Ez dute ulertzen zer den herri mugimendua. ‘Independentista’ edota ‘iraultzailea’ izatea aukera baino ez da izatez, egin baina, egunez egun egiten da. Kataluniako Assemblea Nacional Catalana, (ANC) edo Òmnium Cultural mugimenduak ez dira berez sortzen, baina, tamalez, ezker abertzaleak oztopatu ditu horien modukoak sortzea”

JAKUE PASCUAL

Pascualen ustez, ezker abertzalean espazio instituzionalaz harago herri mugimenduak ari dira, badago presioa behetik gora, baina asmo horiek goialdean desegiten dira: “Bildu modu zabalean eratzean hasi zen unean ez zuen jakin maniobratzen. EAJ, EAEko Gobernutik kanpo egon zenean –ezker abertzalea ilegalizatua zegoen garaian– jeltzaleak soken kontra zeuden, baina ezker abertzaleak zentraltasunera itzultzen lagundu zuen. 2012an hasi zen berriz ere mamitzen ezker abertzalearen frakaso politikoa. Sei urte igaro behar izan dira ohartzeko. Akats politiko hori ordaintzen ari gara, horren lekuko EAJrekin ‘itun’ politikak, Gasteizen eta Iruñean. EH Bildu EAJren itunen jokoan erori da kontra-partidarik gabe”.

“Bildu antolatu aurretik salbuespen egoeran izan ginen denok –segitzen du Pascualek–, ildo askotariko jendea berriz ere saiatu ginen modu horizontalean antolatzen. Aberri Egunean mugimendu independentista berria plazaratu zen. Gure planteamendua zen, komite independentistak herri bakoitzean eta auzoetan lanean hastea modu naturalean, indar korrelazio errealen arabera. Baina  ohiko komisarioak azaldu ziren berriro ere, liberatuak, betiko bulego politikoa ezarri zuten, dena kontrolatzeko. Horiek ez dute uzten oinarrizko kontraboterea sortzen. Nora nahi duzu joatea? Ondoren ere, Gure Esku Dago (GED) ekimena antolatu du ezker abertzaleak, bulego are zabalago bat, EAJ barruan dela. Tontoak al gara edo zer?”.  

Bere ikuspegitik, EH Bilduren estrategiak EAJri terrenoa leundu dio enegarrenez. Independentistekin hasi eta Anoetan hautetsontziak marrazten bukatzeko: “Bulego bat jarri dute martxan berriz ere: mahaiak, aulkiak, afixak eta banderak... eta mugimendua martxan dagoela diote. Ez dute ulertzen zer den herri mugimendua. ‘Independentista’ edota ‘iraultzailea’ izatea aukera baino ez da izatez, egin baina, egunez egun egiten da, eta ez goitik beherera. Kataluniako Assemblea Nacional Catalana, (ANC) edo Òmnium Cultural mugimenduak ez dira berez sortzen, baina, tamalez, ezker abertzaleak oztopatu ditu horien modukoak hemen sortzea”.


Juantxo Estebaranz: Autonomiaren ildoan

Juantxo Estebaranz (Bilbo, 1966), Likiniako Elkarteko kidea izan zen: “1950eko hamarkadan bi mugimendu jalgi ziren elkarren aurka: langileena eta nazionalistena. Langileak gurean euskal nazionalisten aurka oldartzen ziren. Halere, aldi berean Aberria eta Askatasuna lemapeko mugimendua altxa zen munduan, antiinperialista eta antikapitalista, pentsamendu libertarioa berritu zuena. Gu horren barnean hezi ginen, aurreko libertarioekiko diferentzia horrekin. Nazionalismoaren ikuspegia sezesionista da, baina gure belaunaldikoentzat nazionalismoa a priori antiinperialista da”.

1936ko gerra osteko libertarioak bizirik zeuden   herri mugimenduetan. 1980ko hamarkadan –Estebaranzek dioenez– euskal mugimenduaren ortodoxiak uxatuak izan ziren. Anarkismoa “autonomia” deitu ideia berriaren ildoan lantzen hasi ziren.  Mugimendu libertario “ofizialean” sartu zirenean, paraleloki, mugimendu antinuklearretan giro arraroa omen zegoen: “CNT hautsia zen bi joeratan, existentzialista eta egun CGT dena. Giro nahasia zegoen. Ildo anarkosindikalisten arteko lehiak harrapatu gintuen, hainbat talde autonomo gainbeheran zen, eta giroa zaila zen. Penintsulan ari ziren talde autonomo horiek koordinatzen zituen Gaztedi Libertarioetan hasi ginen gu. Talde anarkista ez ohikoa ginen, sindikalismotik at ari zena. Ez ginen ez CNT ez CGT. ‘Autonomia’ lehenetsi genuen”.

Likiniano elkartearen sorrera

1980ko amaierako egoera politikoa gogoratu digu Estebaranzek: “ETA eta Espainiako Gobernuaren arteko Aljeriako negoziazioen aurreko garaia zen. Hura gertatu orduko tentsio ikaragarria pilatu zen herri mugimenduetan. Adibidez, 1987an, bi hildako izan ziren Portugaleteko PSOEko egoitzaren aurkako atentatu batean. HBko Mahai Nazionalak Mendeku talde libertarioari egotzi zion egiletasuna. Ezker abertzalearen inguruko taldeen arteko harremanak oso ukituta geratu ziren harrezkero”. Garai bertsuko bi gertaera historiko ere oroitarazi dizkigu: “Berlingo Harresiaren erorketa eta Sandinisten garaipena izan ziren. Ardatz antiinperialista erori zen munduan, baina miliek espero zuten negoziazioaren fruituak ez ziren heldu Aljerian”.
“Autonomia” lantzen zuten taldeen asmoa espazio berria sortzea zen –anarkia izenetik at–, mugimendu alternatibo berrien barruan aritzeko. Espazio fisiko intergenerazionalak uztartzeko xedez, hainbat talde libertario-autonomoren arteko harremanak landu zituzten. 1990 eta 1992 artean, Likiniano Elkartearen oinarria ezarri zuten, eztabaida-guneak sortu zituzten: “Hasteko, autokritika egin genuen gure militantismoaz eta sektarismo txikiaz. Liburu eta diskoen zabalpenari ekin genion”. Likiniano Elkartearen sortzaile honek dioenez, 1992tik 2007ra bitartean kapitalismoaren  hamabost urte loriatsuak izan ziren. Globalizazioak bere “onena” eman zuen: “Garai horretan, mugimendu kulturalen gaitasuna izugarri garatu zen. Likiniano Elkarteak ere burbuila ekonomiko hura ‘baliatu zuen’. Diskoak eta liburuak editatzeko eta erosteko ahalmena handia zegoen. Baina burbuila lehertzen joan ahala auto-desegin ginen, horretaz ere autokritika egin genuen”. Garai hartan, halaber, 1997-2007 aldikoa Lizarra-Garaziko eta Loiolako negoziaketak izan ziren.

1990eko hamarkada mugimendu antinuklearraren garai gorena izan zen, espresio ekologista anitz ari ziren garapen

Juantxo Estebaranz

kapitalistaren aurka. Egun garai hura lekutan dago: “Garapen kapitalista amaitu da mendebaldeko Europan. Oraindik ere proiektu batzuk ditu, baina beste fase batean gaude. 2007tik burbuilaren lehertzearekin batera birkokatze bat izan da. Ideologikoki non gauden? Bada, kapitalismo europar batean, bere indarra gutxitzen doana, petrolioaren aroaren gailurrera iritsi gara. Peak oil-arekin paralelismoa eginez, kapitalismoak goia jo du. Nik ‘kapitalismo mesetarioa’ deitzen diot, zeinak behera baino ezin duen egin”.

Errealitatea hori bada, non geratu da Estebaranzen “ideologiatik baino, borrokatik jaioa da autonomia” delakoa? Non bere funtsa? Bere ustez, iraganeko joerak berreskuratu nahi baditugu, bizirauteko gaitasunak aktibatzeko, gogoeta berria egin behar da. Sistema kapitalistak ongizatearen estatua ahalbidetu du, eta horri buruzko hausnarketa egin beharra dago. Datu hauxe eman digu gogoetatzen hasteko: “Espainiako Estatuak erosteko ahalmen bost aldiz handitu du 50 urtetan”.

Alabaina, ongizatearen estatua egitura burokratiko garestia da oso –segitzen du–. Berari bakarrik eusten ahal zaio garapen egoera azkar batean, eta hori bukatu da: “Gizabanakook bizi-irauteko gaitasuna galdu dugu. Ez dakigu sortzen eta hiltzen, ez dakigu ereiten eta landatzen, ez dakigu... Hau da, 1929ko kapitalismoaren krisiaren aldean, egungoa oso diferentea da. Krisi hari aurre egin zion jendeak ez zuen beldurrik izan, bazekielako aipatutako zeregin horiek betetzen. Orain, ia mende baten ondoren, gaitasun horietatik desjabetuta gaude. Elikaduraren, aterpearen edota janzteko gaien jabetza galdu dugu, ongizate estatuaren eraginez. Hala izanik ere, gain-beherakada kapitalista hau aukera bat da birpentsatzeko. Krisia aukera da beti. Egonezin sozial honetan, berriz ere sozializazio aro berri bati ekin behar diogu, giza baloreen pobretzearen aurka. Izan ere, krisi honetan errazena kontrakoa egitea izan da, ezker iraultzaile eraldatzailearen hainbat sektorek ongizatearen estatua errebindikatzen segitzen dute, hartara, egungo sistemaren bukaera atzeraraziz”.

1995 urte aldean, mundializazioaren burbuilan tren lasterraren aurkako mugimendua hobeto moldatu zen. Burbuila lehertu zenean, AHT proiektuaren egileentzat azaldu ezina izateaz gain, bidera ezina zenean, haren aurkako mugimenduak indarra galdu zuen, baita jendea mobilizatzeko gaitasuna ere. Indar galtzea ulertzeko atzera egin behar da, ezker abertzalearen eraldatzearen bidean mugimendu herrikoiak izan dira pairatzaileak”

JUANTXO ESTEBARANZ

AHTren paradigma aipatu digu egungo egoera deskribatzeko: “Bitxia da, 1995. urte aldean, mundializazioaren burbuilan tren lasterraren aurkako mugimendua hobeto moldatu zen egun baino. Burbuila lehertu zenean, AHT proiektua egileentzat azaldu ezina izateaz gain, bidera ezina zenean, haren aurkako mugimenduak indarra galdu zuen, baita jendea mobilizatzeko gaitasuna ere. Zergatik? Indar galtzea ulertzeko atzera egin behar da, ezker abertzalearen eraldatzearen bidean mugimendu herrikoiak izan dira pairatzaileak. AHTren aurkako mugimenduak berezko ezaugarriak zituen. Manifestazio jendetsuen ostean, ekintzaileak obretara joaten ziren edo lur eremuak okupatzera. Desobedientzia zibila ere landu izan zuten. Gaur egun, egungo ezker abertzalearen barruan eraldaketa bilatzen ari diren elite politikoek ez dute hori ongi barneratu, beraz, ez daude eroso. Hartara, mugimendua indargabetzen joan da”.

Mugimendu antikapitalistak, joera libertariokoak barne, krisi paralelo bat jasan du Estebaranzen iritziz: “Ez da gauza izan hegemonia moduko bat ezartzeko krisi garaian. 1994tik 2012ra iraun zuena autodesegiten ari da. AHTren kontrako asanblea desegin zen. Espresio antikapitalista zorrotzena, asanblearioa, baina ez zen gauza izan eraldaketa garai horretan zeuden taldeen kohesioa mantentzeko”.


Asel Luzarraga: anarkismoa punkaren bidean

Asel Luzarraga (1971; Bilbo, Bermeo) idazlea da eta Punkamine musika taldeko partaidea izana: “14 urterekin ikusi nuen nire burua anarkista, La Polla eta beste talde punkiak ezagutzean. Punkak eragina izan zuen, punka anarkoa zela jakin gabe”. 1980ko hamarkadaren erdialdean, Bilbon, Luzarraga bakarrik sentitzen ei zen gazte giroan: “Euskal gatazka bor-bor zegoen. Ni izan ezik, denak ezker abertzalekoak ziren, ETAren aldekoak. ‘Ni, ez HBkoa ez EAJkoa, ni anarkista naiz’ nioen”. Isolatuta zebilela diosku: “Gaztetxean hasi nintzen, Iraun taldea sortua zen, haren kideek ekintza zuzena aldarrikatzen zuten. A borobildua zegoen hormetan. Ez nekien nola iritsi haiengana, ez nuen kontakturik. Autodidakta izan naiz guztiz, nire lehenengo anarkismoa neure hausnarketatik sortu nuen, musikaren eraginpean”.

Gerra garaiko familia abertzale bateko semea da. Txikitan “handitan lehendakaria izango zela eta independentzia aldarrikatuko dut”, zioen. Aitita-amama euskaldunak ziren, gurasoek euskara galdu zuten ordea. Sabino Arana euren etxean eta imaginarioan presente zegoen, baina une batez, nerabezaroan, klip moduko bat izan zuen: “Lagun hurkoak abertzaleak ziren, baina erdaraz bizi ziren. Bederatzi urterekin idazten hasi nintzen, bat-batean kontradikzioa ikusirik, ezin nuen erdaraz jarraitu. Hamabost urterekin ikasten hasi eta unibertsitatean erabat euskaldundu nintzen”.

Asel Luzarraga

Gaur egun, independentziarako erreferenduma izango balitz alde bozkatuko lukeela dio, baina hurrengo egunean Euskal Estatuaren aurka borrokan hasiko litzatekeela: “Euskal Estatuari aitzi egingo nioke, ez dut estaturik nahi. Ez naiz eroso sentitzen ezein alderdi politikoan, gaztetan HBkoa edo EAJkoa ote nintzen hautatzea oso deserosoa egin zitzaidan. Nik ez dut aginterik nahi gurean, ez gobernurik, ez mugarik, ez poliziarik ez armadarik...”. Ideia horiek guztiak punken giroan jaso zituen, eta talde intsumiso, antimilitarista eta antiinperialisten artean gauzatu: “Nire burua anarkistatzat daukat, eta nire ondoan dagoen bakar batek bezala pentsatzen badut, zerbait txarto dagoen seinalea da. Ezinezkoa da pertsona bik berdin pentsatu, anarkistak ere ez dira berdinak. Erosoena inguruak pentsatzen duen bezala pentsatzea da, gauza da nork bere pentsamendua eraikitzea. Horrela aberasten dugu mundua, osterantzean, elkarren kalkoa bagara, mundua gaizki doa”.

2003an Punkamine musika taldean hasi zen. Taldekideen artean, batzuk ezker abertzalekoak ziren eta beste batzuk ez: “Hori izan da iragan hamarkadatako euskal abertzale gazteen dilema, hau da, ETA edo ezker abertzalekoa izan edo ez. Ni horietatik kanpo ibili naiz, edo... batzuetan ertzean, esparru horretan ari ziren asko lagun dudalako. Hainbat gauzatan bat nentorren haiekin, baina sarritan euren sektarismoa nagusitzen zen. Indarkeria guztien aurkakoa naiz. Ez dut nire ideiengatik ontzat jotzen inor hiltzea. Niretzat gaindi ezinezko hesia da bortxaren erabilpena. Baina, hainbat lagun kartzelan izan ditut eta euren alde paratu naiz, noski”.

Ezker abertzalearen jarrera sektarioak autozentsura handia eragin du. Ikusezina, baina oso barneratua izan da jarrera hori. Gazte anarkista ezkerrekoak eta euskaltzaleak ere izan dira, baina ortodoxoek haien filosofia libertarioa purgatu nahi izan dute”

ASEL LUZARRAGA

Izan ere –bere hausnarketaren arabera–, euskal gazteentzat ETAren inguruan sortutako gazte mugimenduak indar aglutinatzaile moduan balio izan du, baina batzuetan oztopo izan da mugimendu guztiak elkarrekin gauza gehiago egin ahal izateko, konfiantzaz borrokatzeko: “Ezker abertzalearen jarrera sektarioak autozentsura handia eragin du. Ikusezina, baina oso barneratua izan da jarrera hori. Gazte anarkista ezkerrekoak eta euskaltzaleak ere izan dira, eta badira, baina ortodoxoek haien filosofia libertarioa purgatu nahi izan dute. Libertarioak ETAren eta ezker abertzalearen interesez harago joan direnean, zokoratu dituzte. Izan ere, abangoardiaren diziplina hautsi duten bakarrak, zoritxarrez, anarkistak edo autonomoak izan dira, ETAren esanei jarraitu ez dietenak, kolektibo heterogeneoak”.

Asel Luzarraga Euskal Herrian “itota zegoen” eta Argentinara joan zen. Han egin zituen lagunak anarkismoan luzaroan arituak ziren. Hasieran, hango anarkisten mundua berezia egin zitzaion: “Egiari zor, banekien nor zen Proudhon eta Bakunin, baina ez nituen irakurriak, ez nuen inor irakurri nahi. Ez nuela euren beharra nioen, ‘badakit zer eta nor naizen?’. Lagun batek esan zidan ‘ez zaitez horren harroa izan zure autodidaktismoaz, irakurri pixka bat’”. Malatesta, Bakunin, Proudhon, Kropoktin... irakurri nituen. Enrico Malatesta italiarrak eragin handia izan zuen Argentinan, lagunak haren hurbilekoak ziren, langile klasekoak eta ikasiak”.


2009an Txilera bizitzera joan zen, eta horri esker, besteak beste, herri maputxearen egoera bertatik bertara ezagutu zuen. Urte hartako abenduaren 31n atxilo hartu zuten, herrialde hartan izandako atentatu saiakera batekin zerikusia zuela leporatuta. Gertakari haiek “ospea” eman zioten. Ordurako, idazle izateagatik ezaguna bazen ere. Hala edo nola, Hego Ameriketatik libre itzuli zen. Euskal Herria oso barruan zeraman. Iragana eta oraina  ekarri ditu hizpidera: “Gaztetxeen mugimendua ezinbestekoa izan zen –eta da– hausnartzeko eta borrokan irauteko. Okupazioa autoritateari aurre egiteko berebiziko ekimena da. Autogestioaren filosofia erakundeetatik kanpo aritzeko eta giza eskubideen alde ekiteko beharrezkoa da. Gaztetxe gehienak ezker abertzalearen ildokoak izan dira, baina jarrera libertarioak oso errotuak izan dira beraietan”. Bere hitzetan, Kukutza Gaztetxea iraganean edo egungo Izarbeltz Ateneoa, filosofia anarkistaren emaitza ere izan dira, kultura autogestionarioa lantzea premiazko da herri honetan.

Sare sozialei buruzko ikuspegia eman digu ere Luzarragak: “Sare sozialetan ari naiz. Facebook erabiltzen dut, baina sistemaren tresnak bezala ikusten ditut. Idazten dudana nire ingurukoek ontzat jotzen dutelakoan nago, baina ez dakit irakurtzen duten ere. Alegia, gustatzen zaigu sinestea norbait garela hainbat gauza esateko, eragiten dugula, baina ez naiz ziur. Gure zilborrari begira bizi gara, ni lehena. Mikro-ghettoak sortzen ari gara, gure burua autoelikatzen dugu eten barik. Baina paradoxikoa da, aldi berean horiek behar ditugu, hortik kanpo ez baikara existitzen”.

Kintoko filosofiaren arrastoan   

Sales Santos Vera (Badajoz, 1956) eta Itziar Madina Elgezabal (Cullera, Herrialde Katalanak, 1974) Comunidades sin Estado en la Montaña Vasca liburuaren egileak dira. Madinak Beste eguzki nobela ere idatzi du (Txalaparta, 2007). Bi liburuak jite libertarioaren adierazleak dira. Urepelen bizi dira, Quinto Real edo País del Quinto lur eremuaren mugan, baserri batean: “Kinto gure iragan galduaren lekukoa da, euskal komunitatearen arrastoa, gure arbasoen elkartasunaren adierazle”, dioskute.
Bikote libertario honek iragan hurbilaren komunitarismoa darama espirituan. Le Cercle des montagnes The Circle of Mountains liburua ekarri dute erreferente gisa. Sandra Ott iparramerikarrak Zuberoko Santa Grazi herriaz eginiko lan antropologikoa da. Euskaldunon komunitarismoaren adierazle paregabea da euren hitzetan. Bien filosofiaren arabera, “hitzek ez dute funtsik engoitik ”, edota “etorkizuna atzera joanez iritsi behar den oraina da”.

Itziar Madina Elgezabal eta Sales Santos Vera

Itziar Madinak lizeo garaian (Baionako René Cassin) ezagutu zituen libertarismoaren ildoak: “Sartre eta Camusen arteko eztabaida historikoa azaldu zigun irakasle on bat izan genuen. Gehienok Camusen alde paratu ginen. Bazegoen ere Parisko Komunaren historia ezkutatu nahi zuten irakasle eskuindarrak”. Iparraldeko Patxa talde libertarioaren garaia zen: “Ideia eta ekintzaren arteko lotura eta koherentzia landu genituen”. Gazteek bitartekotasunik gabe, ideiak praktikara eraman beharra hartu genuen eredutzat. Euskal Herriko borroka kontuan harturik, euskaltasunean, manera igualitarioan. Bilkura irekiak ziren eta grebara guk deitzen genuen. Patxak afixa eta fanzinen bidez zabaldu ohi zuen berehalako informazioa, lemak eta leloak, eta guk haien moldean ikasi genuen, karrikako aktibismo zuzena pratikatzen, buruzagitzarik gabekoa, segidako emaitzen alde ekinez”.

Sales Santosen ibilbidea bestelakoa da, berezia. Badajozen jaioa da, Nafarroan etorkin. Iruñean eta mendialdean eman du bizitza. Hiriburuan industrian aritu zen nerabezarotik, langileen borrokan engaiatua. Aezkoara jo zuen gaztetan, mendialdeko udalerrietako auzolana eta batzarra ezagutu eta landu ditu. Urtasun herrian bizi izan zen luzaz: “ Euskal Herriaren izaera eta jarduera kulturala benetan defendatuko bagenitu, ez genuke teoriko marxisten ez anarkisten beharrik. Lehen osagai liberatzailea herriko jende xumearen bizitzeko modua da, modu antihierarkikoa, solidarioa eta anaia-arrebarena gisakoa. Euskaraz bizitzea bera horren emaitza da. Izan ere, hemen, Baigorri haranean euskara galduz joan ahala, herri honen jite askea hilez doa”.
Itoizko urtegiaren aurkako mugimenduan parte hartu zuen Santosek: “Borroka hark hiru galderari erantzun zien. ‘Zergatik, zertarako eta norentzat?’. Baina, abangoardiak sartu zirenean, talde politikoak, aldarrikapen horiek lurraren izaera galdu zuten.

Euskal Herriaren izaera eta jarduera kulturala benetan defendatuko bagenitu, ez genuke teoriko marxisten ez anarkisten beharrik. Lehen osagai liberatzailea herriko jende xumearen bizitzeko modua da, antihierarkikoa, solidarioa eta anaia-arrebaren gisakoa. Euskaraz bizitzea bera horren
emaitza da”

SALES SANTOS
ITZIAR MADINA

Jite politikoa hartu zuen. HBren eta inguruko taldeen izaera. Gu Iratiren defentsan ari ginen, haiek parke naturalaren defentsa nahi zuten eta Itoizko urtegiaren borroka bazter utzi zuten”. Beren iritziz, esperientzia hark hainbat herri borrokatan jasotako porrota erakusten du. Lehenago Leizarango Autobidean gertatu zen eta egun ere, AHTren inguruan gertatu da: “Hasieran Solidarioak taldearen inguruan aritu ginen. Nik urtegiaren aurkako sabotajearen antolaketan parte hartu ez banuen ere, ez nintzen ados sabotajea deitzearekin. Ekintza publikoki azaltzearen aurkakoa nintzen, eta laidotu ninduten. Nik ekintza ez zela errebindikatu behar nioen, ez zela egin zen bezala egin behar, bertan geratuz. Egin zen bezala egitea sabotajea hiltzea izan zen. Sabotaje hartan Estatuari jokoa egiteko aukera eman zitzaion. Hau da, ekintza armatu batek berez esplikatu behar du bere izaera, bestela ez du balio eta kaltegarria da denontzat, baita egiten duenarentzat ere. Borrokatu daiteke eta galdu, baina ‘lur errea gera dadin’ borroka egitea ez da onargarria”.

Santos eta Madinaren aburuz, Leizarango autobidea, Itoizko urtegia eta AHTren kontrako borroka ekologistaren ondoren, lurraren defentsa galduz joan da. Komite antinuklearren eta ekologisten kausa hilda omen dago, lurraren aldeko sena galdu da: “Abangoardiek gure aldarrikapenak bere egiten dituzte, politikoki etekinak ateratzeko helburuz. Lurraren defentsa ez da euren helburua, aldiz, borroka erabili dute Estatuarekin negoziatzeko. Gainera galdu dute guztiz. Hemen, ororen buru, lurra andeatu da. Herri talde asanbleario alternatiboak estatuari aurre egiteko borrokatu izan gara, eta abangoardiak gure borroka instrumentalizatu du. ETAk borroka armatua gaizki erabili du, herri honen bitartekari bilakatu nahi izan du, baina tokian tokiko borroken helburuak lohitu ditu noraezean”.

ETAren bukaera hartu dute hizpide: “Haiek gaizki egin dute, eta besteei ere ez diete egiten utzi. Lur errea utzi dute. Zer dela eta? Bada, herri mugimendua kapitalizatu behar izan dutelako negoziatzeko. EH Bildu borroka errebindikatzetik pentsamendu  posibilistara pasa da. Ezker abertzalean metatu zitezkeen pentsamendu librea, kritikoa, jarduteko modu librea pikutara bidali dituzte. Estatuaren aurkako jatorrizko borroka sena galdu da. Jendea asimilatua izan da. Ez dena. Adibidez, Iruñean Gaztetxea biziarazi nahi dute gazteek. Baina, nola egin dezakete? Ezin da instituzioetan jardun eta borroka okupazionala babestu. Ezin da EH Bilduko alkatea izan, eta okupeei lokala uzten diezula esan. Lokal horiek jabe pribatua dute, herritar gazte horien esku daude une batez, baina ez dira herriarenak”.

Horrelako gogoeta utzi digute amaitzeko: “Egungo agintarien politika nefastoa da. Lehen hondartzak eta natura parkeak kudeatu dituzte, gero herrietako alde zaharrak, baina ez hori bakarrik, orain herrien eta hirien zerbitzuak antolatzeko modua haiek erabakitzen dute. Marxistek ziotenez, ‘lan egiten duzun arabera pentsatuko duzu’. Eta horri buelta emateko lema ‘bizi zaitez pentsatzen duzun bezala, bestela bizi zaren bezala pentsatuko duzu’ aldarrikatu zuten. Pentsamendu hori baina, galdu dugu”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Anarkismoa
2023-01-31 | Gedar
102 egun daramatza gose greban Alfredo Cospito preso politiko anarkistak, Sardinian

Jasaten ari den isolamendu-erregimena salatzeko ekin zion gose grebari Cospitok. Erroman, presoarekin elkartasunez, protestak izan ziren larunbatean, eta 40 pertsona atxilotu zituzten polizia-indarrek.


Lola Iturberen eskola

Bartzelona, 1902ko  abuztuaren 1a. Lola Iturbe Arizcuren anarkista eta feminista aitzindaria jaio zen. CNTko kidea eta Mujeres Libres erakundeko sortzaileetako bat, 1936ko Espainiako Gerra amaitzean Frantziara alde egin zuen eta han Erresistentzian parte hartu zuen. Franco... [+]


2022-06-12 | Julen Azpitarte
Voltairine de Cleyre
Anarkista, besterik ez

Voltairine de Cleyre (1866-1912) XX. mendeko mugimendu anarkista eta feministako emakume garrantzitsuenetariko bat izan zen, Emma Goldmanekin batera. Feminismoa boto-eskubidearen aldeko borrokara mugatzen zen garaian, Cleyrek bide berriak ireki zituen eta gaur eguneraino iraun... [+]


Indarkeria matxista. Zer egin erasoa gauzatu duten pertsonekin?
Eraso matxisten kudeaketari buruzko hausnarketak, begirada anarkistatik

Poltsatik objektuak atera ahala, hitzaldira gerturatutako pertsonen begirada arretatsuaren pean ari da horiek kokatzen hizlarietako bat. Ur botila eta mukizapi pakete bat bazter batean, eta parez pare, distantzia dezentera, fruitu lehor poltsa eta hortzetako eskuila. Erdian,... [+]


Bakunin Batailoia; apaizez jantzita gizarte amurrioar fededuna astindu zuten miliziano anarkistak

Sergio Balchada Outeiralek liburua argitaratu du Gerra Zibilean alde errepublikarrean borrokatu zuten galiziarrei buruz. Horietako asko Amurrion egon ziren, Bakunin Batailoian. Bere presentziak amurrioarren arreta erakarri zuen, praktikatzen zuten ateismoak talka egiten baitzuen... [+]


Eguneraketa berriak daude