Espainiako Estatuaren biktimak: argazkien bidez memoriara

  • Espainiako Estatuak azken hamarkadetan eragindako 105 biktimaren argazkiz osatutako liburua argitaratu du Joseba Zabalza argazkilariak Euskal Memoria Fundazioarekin. 40.000 kilometro egin ditu zeregin horretan, hildakoen familien sukalderaino sartu eta iraganetik orainera ekarri du haien sufrimendua. Familien mina erakutsi nahi izan dute.

Iñigo Cabacas. Athletic-eko futbol partida baten ondoren, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen 2012ko apirilean. Egun gutxira ospitalean hil zen. Argazkian, Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, Iñigoren gurasoak berau hil zuten lekuan, B
Iñigo Cabacas. Athletic-eko futbol partida baten ondoren, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek buruan jo zuen 2012ko apirilean. Egun gutxira ospitalean hil zen. Argazkian, Fina Lizeranzu eta Manu Cabacas, Iñigoren gurasoak berau hil zuten lekuan, Bilboko Indautxu auzoan. Argazkia: Joseba Zabalza

Liburuaren zergatiaz galdetzen diogunean berau egitea bururatu zitzaion unea datorkio burura Joseba Zabalzari: “Autoan nindoan eta entzun nuen irratian hemengo gatazkaren biktimak ETAk eragindakoak bakarrik zirela. Amorratu egin nintzen. Zer ote ziren, bada, nire euskara irakasle ‘Basajaun’, Katu tabernako Mikel Castillo, Mikel Zabalza –hau oraindik terrorista gisa ageri da agirietan–, Lasa eta Zabala eta beste hainbat? Euskal Memoriari proiektua proposatu nion, hauek onartu eta ekin egin genion”. Biktima hauen memoria gizarteratu eta berreskuratzeko lanean ale bat gehiago jarri du Zabalzak.

Zuri-beltzez egindako argazkietan oinarritzen da liburua. “Serioagoak eta erakargarriagoak iruditzen zaizkit halako kasuetarako, bakardadea islatzeko adibidez”. Biktimaren senidea hartu, biktima hil edo zauritu zuten tokira eraman eta han argazkiak egin. Kasu bakoitzari dagokion idatzizko azalpena ere bada, testuinguruan kokatu ahal izateko. Leku horiek bereziak dira senideentzat, sakratuak bihurtzen dira, eta beti ez dira bertaratzeko gai izaten: “Senide bat, esaterako, ez da inoiz pasatu bere anaia hil zuten tokitik, ezin du, eta sekulako itzulia ematen du hara ez gerturatzeko. Beste batzuetan terapeutikoa izan da eta esaten dute ‘han egon ondoren hobeto sentitzen naiz’ edo ‘ez nekien gai izango ote nintzen’”.

Ohikoan senide bat edo bi agertzen dira argazkietan. Batzuetan ez dago biktimaren toki zehatzik, eta oroigarriren batekin agertzen dira, Jose Miguel Etxeberria ‘Naparra’ren ama, Celes, eta Eneko anaiaren kasuan bezala: “Auto batean ikusi zuten azkenekoz eta Frantziako poliziak aukera eman zion familiari oroimenen bat eramateko autotik. Aitak bolantea eskatu zuen eta harekin ateratzen dira Celes eta Eneko”.

Hala ere, biktimak bizirik zireneko argazkiak ere badira hildakoen kasuan, familiak edo lagunek utzitakoak: “Germán Rodríguez, adibidez, zer da guretzat? Profilez ezagutzen dugun bizardun bat edo kopetan tiroa duen gaztea. Bada, liburuan ateratzen den Germán bizar gabe Etxaurin eskalatzen ari den gaztearena da”.

Ez da gorrotorik, egia nahi dute

Saminaren bihotzera sartzea ez da samurra: “Batzuetan familiekin hitz egitea gogorra izan da, hasieran isiltasuna da nagusi hainbatetan, baina proiektuaz hitz egin ahala berotuz joan ohi da giroa. Mina badute, baina denborarekin mina ez da berdina. Baztertu dute gorrotoa eta hori oso garrantzitsua da bizirik jarraitzeko, gorrotoarekin ezin da bizi eta. Barkamena ez da garrantzitsuena hauentzat, egia baizik, zer gertatu zen eta zergatik”.

Kasu ezezagunak ere jorratzen dira liburuan, Pedro Jesus Etxandi Iturrirena esaterako, 1975ekoa. Luzaidekoa (Nafarroa) zen eta handik Auritzera zihoala tirokatu zuen Guardia Zibilak. Ospitalean berak esan zuen ez zegoela inongo kontrolik. Handik egun batzuetara hil zen. “Guardia Zibilak ohar txiki batean jakinarazi zuen kontrolean geratzeari muzin egin ziola. Isiltasuna nagusi izan da harrezkero”.

Koldo Arriola 18 urteko ondarroar gaztearena ere ezezagun horietakoa da. “Urte bukaerako afaria zuen lagunekin eta afalostean Ondarroako erdigunean zegoen Guardia Zibilaren kuartelaren aurretik pasatu ziren. Guardia zibil batek esan zion sartzeko, sartu zen eta berehala tiro bat entzun zen, gaztea korrika kanpora atera zen eta bertan erori hilik. Zaborraren kamioian eraman zuten hilerrira eta ondoren familiak lortu zuen etxera eramatea”.

Aitak frankisten aldean jardun ei zuen 36ko Gerran eta guardia zibilen laguna ei zen, baina Zabalzaren esanetan, oraindik inork ez daki zergatik hil zuten. “Akats bat izan omen zen. Hidalgo kapitain ospetsua zegoen kuarteleko buru eta esaten da zera esan zuela: ‘bagoaz gaiztoen atzetik eta ez ditugu harrapatzen, eta gero hau gertatu behar”. Epaiketa egin zen, baina ez zen zigorrik izan, liburuko gainerako kasu gehientsuenetan legez.

105 biktima 457 orrialdetan, tartean ETAko militante batzuk ere bai: “Ez naiz sartzen haiek epaitzera, batzuk eskuan arma zutela hil ziren eta beste batzuk handik pasatzen ziren, besterik ez. Niretzat guztiak dira historiaren bazterrean utzi nahi dituzten biktimak”.

Manuel Fuentes Mesa. Manoli Fuentes Gallego, Manuel Fuentes Mesaren alaba, 1977an amnistiaren aldeko astean Polizia Armatuak aita hil zion lekuan. Tiro bat jaso zuen lokian.

 

Marcelo Gartziandia Aierdi. Mari Cruz, kalez jantzitako guardia zibil batek haren anaia Marcelo Gartziandia Aierdi zauritu zuen tokian, Lasarte-Orian, N-1 errepiderako sarbidean, Donostiarako noranzkoan. Zauriak heriotza eragin zion.

 

Mari Jose Bravo del Valle. Alberto, María José Bravo del Valleren anaia, Zorroaga gaineko miserikordia bidean. Han faxista talde batek arreba bortxatu eta hil zuen, eta haren mutil-laguna Francisco Javier Rueda Alonso larri zauritu. Batallón Vasco Español talde parapolizialak bere gain hartu zuen hilketa.

 

Jose Miguel Beñaran Ordeñana, Argala. Pablo, José Miguel Beñaran Ordeñana Argala hil zuten tokian, L’Orée du Bois etxebizitza-blokearen ondoan, Lapurdiko Angelu herrian. Argala 1978ko abenduaren 21ean zendu zen, bere autoaren azpian bonba bat lehertuta. Batallón Vasco Españolek bere gain hartu zuen atentatua.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Estatuen biktimak
Estatuaren biolentziaren 41 biktima onartze bidean da Nafarroako Gobernua

Asteazken honetan prozesu horren berri eman du Martin Zabalza motibazio politikoko Biktimen Aitortzarako eta Erreparaziorako Batzordeko lehendakariak. Ostegunean, Egiari Zor Fundazioak eta Nafarroako Torturatuen elkarteak pauso garrantzitsua dela adierazi dute Iruñean... [+]


2024-01-24 | Ahotsa.info
Nafarroako Auzitegiak atzera bota du 1978ko Sanferminetako gertaeretako helegitea eta elkarteak berriro aurkeztuko du kereila

Sanfermines-78: gogoan! elkarteak, German Rodriguezen ahaideek, 1978ko sanferminetako gertaeretan larriki zauritutako pertsonak eta Iruñeko Peñen Federazioak 2019ko urtarrilean kereila bat paratu zuten 1978ko sanferminetan, Iruñean, jazotako poliziaren... [+]


Torturatu eta hil zituztenetik 40 urtera, Zabala eta Lasa ez dituzte oraindik terrorismoaren biktimatzat hartu

Datorren igandean, urriaren 15ean, beteko dira 40 urte GALek Joxean Lasa eta Joxi Zabala Baionan bahitu zituela. Guardia zibilek torturatu eta hil ondoren, oraindik ez dituzte terrorismoaren biktimatzat hartu.


2023-09-26 | Axier Lopez
Xabier Kalparsororen hilketa argitzen laguntzeko egitasmo herritarra aurkeztu dute

Gaur 30 urte Espainiako Poliziaren eskuetan hil zen Xabier Kalparsoro Golmaio militante zumaiarra. Anuk.eus webgunea zabaltzearekin batera ekitaldia egingo dute gaur, irailak 26 . Ekimena bultzatu duen Hegiak elkarteak dioenez, urteak beste zalantza daude Anuken heriotza... [+]


Eguneraketa berriak daude