Dema itzela Irlandan: Apple eta mundu guztia versus gizon bakarra

  • Planetako jende burutsuenei uneoroko zoriona zerbitzatzen dien Apple multinazionalak Irlandan eraiki nahi du Europako datu biltegirik handiena, 850 milioi euroko inbertsioa datozen 15 urteetan. Ordaindu gabeko zergetan lehendik milaka milioi ostu dizkien arren, irlandar ia guztiek nahi dute Applek berriro hauta ditzan bere negozioetarako. Ez denek, ordea. Bada norbait jarraitzen duena epaitegietan borrokan urrezko sagarraren asmoaren kontra.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko urriaren 29a
RTE Irlandako Irrati-Telebistaren irudian, Athenryko herritarrak irailean Appleri herrira etortzeko eskatuz burututako manifestazioan. 4.500 biztanleko herrian 2.000 jende bildu ziren. Applek agindu die 300 lanpostu sortuko dituela, horietatik erdia eraik
RTE Irlandako Irrati-Telebistaren irudian, Athenryko herritarrak irailean Appleri herrira etortzeko eskatuz burututako manifestazioan. 4.500 biztanleko herrian 2.000 jende bildu ziren. Applek agindu die 300 lanpostu sortuko dituela, horietatik erdia eraikuntza lanek iraun artean. Multinazionalari bakar-bakarrik aurre egiten dion Allan Dalyk dio herritarrak ez direla jabetzen sakoneko arazoaz, Irlandak diru asko galtzen duela: gobernuak zergak barkatzeaz gain, herritarren zergekin antolatzen dizkie azpiegitura berriak Apple eta beste erraldoiei.

Bi urtez auzitegietan katramilatuta eduki ostean, urri hasieran epaitegiek atea zabalik utzi diote Appleri Irlandako Galway eskualdean eraiki dezan Europako bigarren data center handiena. Multinazionalari bere maitasuna irailean kaleko manifestazioz deklaratu zioten Athenry herrian jendeak zoratzen daude. Aldiz, epaileengana jo zuten hiruek adierazi dute helegitea aurkezteko asmoa.

Bata Brian McDonagh da, ustez Applerentzako egokiak ziren beste lur batzuk erosten 22 milioi gastatuta, orain horiek galdu nahi ez dituena. Bigarrena Sinead Fitzpatrick abokatua, proiektua doan eremuaren ondoan bizi dena. Hirugarrena eta benetan hautsak harrotu dituena Allan Daly da, AEBetan sortu eta Athenryko emakume batekin ezkondua, Kaliforniako Sierra Search ingurumen aholkularitzarekin lan egiten duena internet bidez.

Allan Daly joan den udan bisitatu zuen David Gilbert kazetariak, haren argudioak Vice hedabidean biltzeko “Irlandako herri txiki bateko gizon batek pikutara bidal ditzake Applek Europarako dituen planak” kronikan. “Dalyren kezka da Applen data center berria sekulako zama izango dela Irlandako sare elektrikoarentzako. Era berean, Applek ez dauka planik eraikuntza berrietan sortuko dituen gas isuri handiak murrizteko. Proiektuarentzako aukeratu duten lekua ere ez da egokia, Galwayn badira gune egokiagoak dagoenekoz  planetan izendatuta daudenen artean”.

2015eko abuztuan jaso zuen Appleren ordezkarien bisita. Athenryko hotel bakarrean egindako hitzorduan, oso gozo mintzatu omen zitzaizkion, “baina argi utzi zuten ez zutela ezer aldatuko, ezer egitekotan egingo zela justu haiek esandako eran eta epeetan”. Munduan gehien balio duen konpainia horrela jokatzera dago ohituta.

Krisi garaiotan, iPhoneen salmentak makaldurik, konpainiaren emaitzak bermatzeko garrantzia berezia hartu dute, iTunes, App Store, iMessage, iPhoto eta gainerako zerbitzuek, datu biltegi handiak behar dituztenek. Eta Europako parlamentuetan kezka eragiten duenez bertako herritarren datuak munduan barrena zabaltzeak, horiek Europan biltzea nahitaezkoa bihurtu da. Oinarrizko negozio atal horretan besteren mende ez egoteko Applek bereak nahi ditu. Badauka bat Danimarkan eraikia eta Irlandako hau izanen da AEBetatik kanpo daukan bigarrena.

Daly ez da izango Irlandak gisa honetako proiektuetan ingurumen kontrol oso eskasak dauzkala dioen ez lehena eta ez bakarra, baina gehienek atzera egin duten bezala berak aurrera jarraitu du. Bide batez esanda, Amazonek Dublingo unibertsitateko campusean egin nahi duen 1.000 milioi euroko beste data center baten kontra ere ari da.

Salaltzen duenez, Dublingo agintariek IDA Irlandako Garapen Agentziaren bidez herritarrei ezkutatzen dizkiete proiektuen benetako ingurumen eraginak, multinazionalak ekartzeko beren obsesioan. Ez da harritzekoa Athenry eta inguruetan herritar gehienak haserre egotea Dalyrekin, eskualdea berpizteko aukera galduko duten beldurrez. Athenry for Apple facebookean ikus-entzun daitezke beren argudioak, Applek ekarriko dien aurrerapenaren itxaropenak eta Dalyren kontrako haserrea.

Viceko kazetaria egon baitzen talde horretako kideekin, Daly aipatuta batek esan zion “proiektu handiak oztopatzen jarraitzen baldin bazuen, bukatuko zuela Michael McCoyk bezala”. McCoyk Dublin inguruko beste herri batean hainbat proiekturi oztopoak jartzen zizkion eta joan den urte amaieran haren gorpua aurkitu zuten jipoituta hila. Hemerotekan bilatuz gero irakur daiteke poliziak ez duela hiltzailerik aurkitu.

Kolonialismo berria Europan bertan

Allan Dalyk kalkulatu duenez, Athenryko data biltegia eginez gero Applek 240 Megawat kontsumituko ditu, hots, Irlandako argindar kontsumoaren %6, herrialdeko etxebizitza guztien laurdenaren pareko. Applek dio, bost urteren buruan gehienez 30 Megawatera iritsiko dela. Dalyk arrapostu, Applek kontabilitatetik kanpo uzten dituela Irlandan dauzkan zerbitzu ugarien kontsumoak.

Kontua da Irlanda kokagune estrategiko bilakatu dela konpainia askorentzako. Batetik, Brexitarekin, bera gera liteke Europar Batasuneko herrialde ingeles hiztun bakar. Eta bestetik, konpainien etekinei jartzen dizkien zergak Europako apalenak dira. Microsoft izan zen lurreratzen lehenbizikoa, 2009an Dublinen ia bost hektareako eraikina ezarriz. Ondoren iritsi dira Alibaba, Google, Amazon, Facebook...

Multinazionalen data biltegiek iaz bertan 300 Megawat baino gehiago kontsumitzen zuten. Horretarako argindar sarean egokitzapen handiak egin behar izan ditu Irlandak, milaka milioi aterata irlandarren sakelatik. Ordainetan, oso enplegu gutxi sortzen dute, Applek Athenryrako 150 aipatzen ditu, Amazonek Dublinen 15 sortu ditu.

Applek dio energia guztia berriztagarrietatik eskuratuko duela. Greenpeacek ere txalotu omen du jarduera hori. Dalyk uste du, aldiz, kontsumo itzel hori lehendik dauden berriztagarrietatik xurgatzea ez dela onargarria, Apple agintariek behartu behar dutela bere ingurumen eragina murriztera. Danimarkak, esate baterako, bertan data center bat eraikitzeko exijitu dio ordenagailuek sortutako beroa aprobetxatzea inguruko etxeen berokuntzan, Seatlen Amazoni eskatu dioten bezala; Kalifornian Googlek teilatuetako euria biltzen du makinak hozteko. Applek antzeko konpentsazio bat egin ahal izango zuen 200 hektareatako oihanaren ordez onartu balu beste lur eremu bat Athenryn bertan, herriko eraikin publikoak berotuz. Baina Apple ohituta dago nahi duen guztia egiten Irlandan.

Zer diren kointzidentziak, Dublingo epaileek Athenryko data biltegiari argi berdea eman dioten egun beretan Europako Batzordeak Irlanda auzitara eraman du Appleri 13.000 milioi euro barkatu dizkiolako zergatan. Iazko irailean agindu zioten Europako agintariek Dublingoei kobratu gabeko zerga horiek eskatzea Appleri. Kopuru izugarriak Irlandaren urteko gastu sozialaren bi heren adinakoak. Baina gobernuaz gain herritarrak ere zorra ez erreklamatzearen alde daude, inkesten arabera.

80ko hamarkadatik neoliberalek beste guztiontzako garapen eredutzat aipatu izan duten tigre zeltak paradisu fiskal baten baldintzak eskaini dizkie multinazionalei. 2008ko krisia lehertu zenean inork ez zituen ukitu horien zerga betebeharrak. Europak ezarritako neurri hori saihestu eta korporazio handioi plazer egiteko edozer egingo du Irlandak: XXI. mendeko kolonia baten ezaugarri asko betetzen ditu, tartean herritarren menpekotasuna. Baldintza horietan, ea nork erakusten dizkion hortzak Appleri.


Irlanda kanaletik interesatuko zaizu...
2017-11-15 | Miren Osa Galdona
Bonba bat desaktibatu dute Irlanda iparraldean, Omagheko atentatua izan zen lekuan

Bonba bat aurkitu eta desaktibatu dute Ipar Irlandako Omagh herrian. Hildakoen Monumentuan atzeman dute lehergailua, Benetako IRAk (RIRA ingelesezko sigletan) orain dela hogei urte atentatu bat egin zuen leku berean: 1998an bonba bat jarri zuten herriko merkatuan eta 29 pertsona hil zituen. Omenaldiak ez dira bertan behera geratu eta agintariek “oztopoen gainetik hildakoak oroitzea” funtsezkoa dela adierazi dute.


Milaka lagunen manifestazioa Dublinen, abortatzeko eskubideari buruzko erreferendumaren atarian

Abortatzeko eskubidearen aldeko Martxak milaka lagun bildu ditu asteburuan Dublinen. Tradizio katolikoak pisu handia du Irlandan eta konstituzioak berak debekatzen du abortua, 14 urtera arteko espetxe-zigorrekin. Datorren udaberri-udarako gaiari buruz erreferenduma iragarri du Gobernuak.


2017-06-08 | Lander Arbelaitz
Istripua Dublingo erraustegian abiatu eta bi egunera: hamaika zauritu ospitalera

Ostegun goizean jakinarazi dute Dublingo erraustegiko hamaika langile ospitaleratu dituztela, gauean partikula hodei batek erraustegia bera barnetik hartu ostean, Irish Times egunkariak jaso duenez.


2017-05-25 | ARGIA
Irlanda batzeko erreferenduma egin nahi du Sinn Feinek bost urteko epean

Alderdi errepublikazale irlandarraren arabera, urgentzia handiagoa dauka irla bi estatutan banatuta egoteari uzteak Brexitaren ostean.


2017-03-21 | ARGIA
Hil da Martin McGuinness, Sinn Feinneko buruzagi historikoa

Martin McGuinness 66 urterekin hil da Derry hirian, politika utzi eta aste gutxira, gaixotasun genetiko baten ondorioz. Sinn Feinneko kide eta IRAko buruzagi ohia zen. Urtarrilera arte lehen ministro ordea izan zen Ipar Irlandako Gobernuan, baina kargua utzi zuen Arlene Foster gobernuburuarekin desadostasunak zirela eta.


Unionismoak gehiengoa galdu du Ipar Irlandako Legebiltzarrean

Lehen aldiz Ipar Irlandaren historian unionistek ez dute gehiengoa Stormonteko legebiltzarrean. Nahiz eta DUP Alderdi Demokratiko Unionistak irabazi dituen ostegunean egindako hauteskundeak, ozta-ozta egin du, soilik 1.168 botok eta diputatu bakarrak bereizi du Sinn Feinn errepublikanotik; lehenak 28 eserleku lortu ditu, eta bigarrenak 27. Horrela, ohiko indar unionistek historikoki gehiengoa osatzeko zuten aukera galdu dute.


Euskara, galiziera eta irlanderaren hiztun berrien hizkuntza-identitatea
MULTIMEDIA - solasaldia

EHUko Euskal Ikasketak Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetako ikasle Irati Lizeagaren hitzaldia.


Ipar Irlandan gaelikoa bultzatzeko baino poloniera sustatzeko plana?

Lehen ministroak kanpainan esan du Alderdi Demokratiko Unionistak ez duela inoiz gaelikoaren aldeko planik onartuko.


Brexit "gogorra", leiho berri bat Eskozia independentea EBn geratzeko?

Eskoziako  independentziaren inguruko bigarren erreferenduma prestatzen ari da SNP alderdia. Horretarako atzerriko laguntza beharrezkoa dute.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude