Osagarria eta bizi pribatuaren errespetua zalantzan

  • Izan partikularren zein udalen partetik, Linky deitu argindar kontagailuaren aurkako jarrerak biderkatuz doaz Ipar Euskal Herrian. Bi kezka nagusi daude errefusaren oinarrian: batetik, dakarren bizi pribatuari buruzko informazio bilketa; bestetik, hedaturiko uhin elektromagnetikoen kaltegarritasuna.

(Argazkia: Isabelle Miquelestorena / Mediabask)
(Argazkia: Isabelle Miquelestorena / Mediabask)

Ipar Euskal Herriari dagokionez, Linky kontagailuen instalazioa ez du uste bezain erraza Enedis enpresak. Kontagailu honen gibelean gordetzen dena ezaguturik, geroz eta gehiagok duelako errefusatzen. “Aldaketa handiak ahalbidetuko dituen Troiako Zaldia da Linky”, dio kezkaturik José Lavictoire CADE elkarte ekologistako kideak.

Azalpen ofizialari fidatuz gero, “inteligente” kalifikatzailea gehitzen zaion kontagailu honek sinpletasuna ekarriko dio herritarrari, une oro zehatz-mehatz jakinen duelako zein heinetako argindar kontsumoa duen. Hori erranik, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako etxe guztietako elektrizitate kontagailuak ordezkatzen dabil Enedis enpresa. Tarrapataka, 2021. urterako, Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatu osoan, guztira 35 milioi Linky kontagailu inteligente instalatzeko kontratua lortu zuelako iaz.

Hauturik ez dela azaltzeko orduan, 2009ko uztailaren 13an Europako Parlamentuak bozkatu zuzentarau batean oinarritzen dira Enedis enpresaren ordezkariak. Elektrizitate horniduraren merkatuan parte hartzera behartzen ditu kontsumitzaileak lege horrek. Baina xehetasun bat isilean atxikitzen dute: gaur egungo kontagailuekin berdin-berdin bete dezaketela betebehar hori.

Sinpletasuna baino gehiago da, ordea, Linky. “Jendeak ez daki, Enedisek ez duelako informatzen. Baina jakinez gero, aurka kokatzen da herritarra”, Lavictoiren hitzetan. Etxe jabe gisa errefusa adierazteko gutuna bidaliz Enedisi edota herriko kontseiluak Linkyren aurkako udal erabaki bat bozkatuz, trabak kausitzen dituzte teknikariek bidean.

Big Data osatuz

Bizi pribatuaren errespetu eza da kontra direnen arrazoietako bat. Hain zuzen, etenik gabe, norbanako bakoitzaren kontsumoari buruzko milioika datu batzen ditu Linky kontagailuak. Hots, Big Data datu base masiboa elikatzeko balioko dute 35 milioi kontagailuek. Funtsean, Lavictoirek ohartarazten duenez, hori da Linkyren betebehar nagusia: “Momentu oro jakinen dute zenbat elektrizitate eta zertarako kontsumitzen dugun”.

José Lavictoire, CADE:
“Linkyren bidez une oro jakinen dute zenbat elektrizitate eta zertarako kontsumitzen dugun; datu horiek biziki interesgarriak dira industriarentzat”

Elektrizitate eskaintzak zerbitzu publikoarekin errimatzen zuen garaia iraganean galdurik da. Linky azaltzeko orduan, zehaztasun horrek garrantzi handia duela dio CADEko kideak. Hain zuzen, 2007an ireki zitzaion elektrizitatearen merkatua konkurrentziari, eta Frantziako EDF egitura publikoak argindar banaketa gestionatzeko ERDF sozietate anonimoa sortu zuen. Iaztik izenez aldaturik, gaur egun Enedis izena du enpresa horrek. Mundu mailako merkatu librean lehiakor izateko kontsumoari buruzko informazio ahal bezain zehatza ezinbestekoa dute enpresek.

“Datu horiek biziki interesgarriak dira industriarentzat, erosi nahiko dituzte eta salduko dizkiete, gure bizi pribatuaren errespetua zangopilatuz”, dio Maite Etxeberria Ozazeko auzapezak. Linky kontagailuen instalazioaren aurka udal-erabaki bat bozkatu dutenen artean dago Zuberoko herrixka hori. Ironiaz dio: “Inteligente deitzen duten kontagailu hori jakintsua izanen da gure datu pertsonal guztiez jakinean izanen delako...”.

Gainera, kontsumoa ahula den uneetan elektrizitatea gutxitu ala mozten ahalko dute, errekuperatu elektrizitate kantitatea merkatuan saldu ahal izateko.

Uhinek sortu kezka

Kontagailu hauek uhin elektromagnetiko bidez igortzen dituzte ordenagailu zentral batera etxe bateko kontsumo xehetasunak. Uhin horien kaltegarritasuna da Linky errefusatzeko beste arrazoietako bat. Hain zuzen, orain arte inork ez duelako frogatu uhin horiek osasunerako kaltegarriak ez direnik. Alderantziz, Munduko Osasun Erakundeak “minbizi sortzaile” izan daitezkeen osagaien artean sailkaturik ditu.

Dudak argitzeko, ikerketa independente bat exijitzen dabil Criirem, Frantzia mailako erradiazio elektromagnetikoei buruzko ikerketa zentroa. Eskaera berdina luzaturik dute aurkako jarrera hartzen duten udalek.

Errefusaren gainetik ari da Enedis

Egoiliarraren partetik errefusa edo zalantza kausituz gero, bide gogorrak erabili ohi dituzte teknikariek: larderia, beldurra, mehatxuak zein presioa. Etxean ez zeudela, baimenik eman gabe, kontagailua aldaturik atzeman dutenak ere ez dira gutxi. Funtsean, hamarnaka dira Enedisen aurkako salaketa jarri dutenak. Behartze hori onartezina dela argudiatuz, Linkyren instalazioari buruzko moratoria bozkatu zuen Baionako Kontseiluak iragan uztailaren 19an. Kontagailu berria ez instalatzeko eskubidearen errespetua eskatzen dio Enedisi Jean-René Etxegarai auzapezak.

2021erako Frantziako Estatu osoan 35 milioi Linky kontagailu ezartzeko kontratua du Enedis enpresak. (Arg.: ERDF)

Baiona ez da aurka kokatu den herri bakarra. Horien artean dira, besteak beste, irailaren 15ean Paueko Administrazio Auzitegira deituak ziren Ozaze, Hauze eta Iruri. Kontagailuen jabegoa herrien esku ez dela erranik, udalen errefusak baliogabetu ditu epaileak. “Zein da kontagailuen jabe? Hori izan da galdera. Baina jabe ez izan arren, zerbait gertatuz gero herriko etxea izango da erantzule. Gu horrek gaitu kezkatzen”, dio Maite Etxeberriak. Linkyk ondorioztatzen dituen aldaketak ezaguturik, egitura publikoek arduraz aritzeko betebeharra dutela dio Ozazeko auzapezak.

Pirinio Atlantikoetako Energiaren Sindikatua da kontagailuen jabe. Linkyren aurka agertu ez bada ere, egoiliarrek adierazi errefusa errespetatzea eskaturik dio sindikatuak Enedis enpresari.

Ipar Euskal Herri Elkargoko ordezkariengana joko dute ondoko asteetan Linkyren aurkakoek. Lavictoirek dioenez, zerrendaturiko kezkez gain, zerbitzu publikoaren geroa delako mahai gainean. “Zerbitzu publikoa dago jokoan. Elektrizitatearentzat Linky dagoen gisara, Aquarius dago urarentzat eta Gazpar gasarentzat. Aldaketa horiek dakartenaz jakinean izan behar du Herri Elkargoak”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argindar kontagailu inteligenteak
2017-09-14 | Euskal Irratiak
Xiberoko hiru auzapez deituak dira Paueko auzitegi administratiborat Linky kontagailuen aferagatik

Xiberoko 3 auzapez deituak dira Paueko auzitegi administratiborat ostiralean arratsaldeko 2etan, Linky elektrika kondagailuen kontra hartu dutelako delibero bat.


2017-09-12 | ARGIA
Argindar kontagailu inteligenteak
Herri Berri taldea kexu, Donibane Lohizuneko Herriko Etxeak ez duelako informaziorik helarazi 'Linky' kontagailuez

'Linky' izeneko kontagailu elektromagnetiko inteligente berriak ika-mika iturri dira Ipar Euskal Herrian. Erabiltzaileen inguruko datu pribatuak bildu eta osasunerako kaltegarriak izan daitezkeelakoan, etxeetan kontagailu horiek ez instalatzeko eskatu diote zenbait... [+]


Eguneraketa berriak daude