Gutxietsitako arriskua

  • 2001ean Jaume Matas Espainiako Ingurumen ministroak Esako presa berriaren lehenengo harria jarri zuenetik, epeek eta aurrekontuek gora egin dute modu geldiezinean, baita presa sostengatzen duen magalaren mugimenduek ere. Herritarren artean ezjakintasuna da nagusi, eta Ebroko Ur Konfederazioaren erantzuna isiltasuna da. Handitzearen benetako eraginak jakin bitartean obrak geldi ditzatela eskatzen du gizarteak, eta eskaera horri batu zaio Nafarroako Gobernua.

(Argazkia: Josu Santesteban)
(Argazkia: Josu Santesteban)

Esako urtegia frankismo garaian inauguratu zuten, 1959an, laborantza lurretako 2.400 hektarea urperatuta eta Tiermas, Ruesta eta Escó herrietako despopulazioa bultzatuta. Segurtasun arazoak izan ditu hasieratik, presa sostengatzen duen magala geologikoki oso ezegonkorra delako. Adituek urteak daramatzate arrisku horiez ohartarazten. Hala eta guztiz ere, 1985ean urtegia handitzeko proiektua onartu zuten.

Magala milimetro batzuk ari da mugitzen hilero eta haren egoera “jasanezina” izango da, Antonio Casas geologoak otsailean Nafarroako Legebiltzarrean azaldu zuenez

Hasierako egitasmoak urtegiaren edukiera hirukoiztea aurreikusten zuen, baina borroka sozial eta judizial handi baten ondorioz, proiektua aldatzea lortu dute: urtegiaren bolumena bikoiztu egingo dute, 490 hektometro kubotik 1.079ra pasata. Lanak 2009rako amaituta egongo zirela esan zuten hasieran, baina epea atzeratzen joan dira, 2020an finkatu arte. Hasieran 113 milioi euroan esleitu zituzten obrak, eta 433 milioira igo dute zifra; aurrekontua laukoiztu egin dute, alegia. Kopuru horri “obra osagarrietara” zuzendutako 277 milioi euro gehitu behar zaizkio.

Ondorioei dagokienez, presa handitzeak kalteak eragingo ditu Natura 2000 sare ekologikoa osatzen duten Kontserbazio Bereziko Eremuetan eta Batasunaren Garrantzizko Lekuetan, eta mendi-hegalak irristatzeko probabilitatea handituko du. Horrez gain, urak Artieda, Mianos eta Sigües herrietako lurrik emankorrenak hartuko ditu, eta biztanle askori lurrak eta etxeak desjabetuko dizkiete. Ibarraren ondarean ere eragingo du, Santiago Bidearen 22 kilometro desagerraraziko dituelako.

Mugimenduen eta arriskuen inguruko txosten ofizialik ez

Antonio Casas Zaragozako Unibertsitateko geologoa da Esaren inguruan gehien ikertu duten adituetako bat. 1990ean hasi zen urtegiaren arriskuei buruz ohartarazten, eta gerora, haren txostenetako aurreikuspenen zuzentasuna frogatu da. Otsailean, Nafarroako Legebiltzarrean, jakinarazi zuen eskuineko magalaren egoera “jasanezina” dela, hilero milimetro batzuk higitzen ari dela eta mugimendua hasieran aurreikusten ez ziren inguruetara zabaldu dela. Aurrera begira egoera “jasanezina” izango dela adierazi zuen Casasek.

Esako handitze lanetan segurtasuna bermatuta ez dagoela eta Ebroko Ur Konfederazioa arriskua “gutxiesten ari dela” ondorioztatu dute Nafarroako Gobernuko teknikariek

Espainiako Gobernuak eta Ebroko Ur Konfederazioak (CHE), baina, ez dituzte onartzen Casas eta gainontzeko adituen ikerketak, eta Konfederazioak ez du informaziorik ematen. Horregatik, herritarren kolektiboek urteak daramatzate Nafarroako Gobernuari exijitzen bere eskumenak erabil ditzala, nazioarte mailako ebaluazio-txosten independenteak eskatzeko, existitzen diren arriskuak baloratzeko. Eta hainbat ezezkoren ostean, azkenean, baiezkoa jaso dute: irailaren 6an, Nafarroako Gobernuak jakinarazi zuen nazioarteko adituen irizpena enkargatuko dutela eta txostenaren kostuak 2018ko aurrekontuetan zehaztuko dituztela.

Era berean, Madrilgo Gobernuari eskatu diote obrak gelditu ditzala txostena burutu arte. Asmoa berretsi baino ez dute egin Gobernuko teknikariek egin duten eta urriaren 9an ezagutarazi zen ikerketaren emaitzek: segurtasuna ez dago bermatuta Esako urtegia handitzeko lanetan, eta Ebroko Ur Konfederazioa arriskua “gutxiesten” ari da.

Handitze lanaren helburu ofizialak, zalantzan

José Luis Beaumont Esako urtegiaren auzietan ibili den abokatua da. Gertutik ezagutzen du CHE eta “opakotasunaren sinbolo” moduan definitu du: “Arazoak daudenean ezkutatzen edota gutxiesten dituzte, Esa ez da inongo salbuespena. Espainiako Estatuan obra hidrauliko handien proiektuak onartzen dira aurretiazko ikerketa geologikoak egin gabe, eta ondoren arazoak daudenean nahi bezainbeste diru publiko desbideratzen dute”.

Beaumonten ustetan, helburu ezkutu bat dago urtegia handitzearen atzean: bertsio ofizialaren arabera, eraikitzen ari diren hormigoi puska berria jatorrizko presan sostengatuko da; hark, ordea, alderantziz izango dela uste du, jatorrizkoa segurtatzeko eraikiko dutela berria, alegia. “CHEk ez du hori inoiz esan, onartu beharko lukeelako egungo urtegia ez dela segurua eta hustu egin behar dela konponbide bat aurkitu arte”, azaldu du.

“Handitzearen lehenengo proiektuan presak 1.225 hektometro kuboko dimentsioa izatea aurreikusten zen, eta hala eraiki izan balute, ezinezkoa izango litzateke urtegia betetzea, presa urte oso batez itxita ere –hori ezinezkoa da, gutxienez ibaiaren emari ekologikoa utzi behar delako–, Aragoi ibaiaren ekarpena txikiagoa da eta”, argudiatu du abokatuak. Haren ustez, neurri horietako presa bat eraikitzearen helburu bakarra presa zaharra sostengatzea izan daiteke.

Antzekotasunak Vajont-eko urtegiarekin

Esan gertatzen ari diren mugimenduek parekotasunak dituzte adituek Vajonteko urtegian (Pordenone, Italia) antzeman zituztenekin. “Eraikuntza fasetik egon ziren arazoak Vajonten, teknikari adituek behin eta berriz adierazi zuten labainketa bat jazoz gero, urtegia beteta bazegoen edota mugimenduak presari eragiten bazion, hondamendi bat gerta zitekeela; Esari buruz esaten dutenaren antzekoa, alegia. Eta hemen bezala, han ez zieten jaramonik egin”, salatu du Beaumontek.

Hain zuzen ere, 1963ko urrian irristatze handi bat egon zen, urtegiaren ur-maila altua zenean, eta 260 metro kuboko bloke bat uraren gainean erori zen; 200 metroko olatu bat sortu zuen horrek. Olatuak presa gainditu zuen, herriak aurrean eraman zituen eta 2.000 hildako inguru eragin. Naturak eragindako ezbehar saihetsezin bat bailitzan “saldu” zutela salatu du abokatuak.

Tresnarik ez arriskuen aurrean

Iker Aramendia Zangozako biztanlea da, arriskua hurbilen duten herrietako batekoa, eta Esa+Ez kolektiboko kidea. Talde horrek askotan salatu du CHEk ez duela inongo larrialdi protokolorik diseinatu balizko katastrofe bati aurre egiteko, ezta 2013an jazotako krisialdian ere. Urte horretan irristatze larriak izan ziren eskuineko hegalean eta Lasaitasuna eta El Inglés urbanizazioetako 60 etxebizitza hustu zituzten. Zenbait adituk –tartean Casasek–, Zangoza hustea gomendatu zuten. “Arriskuaren aurrean tresnarik ez genuela ikusi genuen”, salatu du Aramendiak. 

Iker Aramendia, Esa+Ez:
“Euria barra-barra egiten duenean, gauean, zure mamuetan pentsatzen hasten zara eta ezin duzu hori baztertu”

Ordutik ez diote borrokatzeari utzi, eta kontzientziazioa piztea lortu dute: “Ez da erraza izan jendea egoeraz jabearaztea, arazoak urte asko baitaramatza, eta bat-batean esatea herri oso bat arriskuan dagoela marra gorri bat pasatzea da, eguneroko bizimodua planteatu behar duzu”, adierazi du. Egonezin horrekin bizitzea zer den azaltzea kostatu zaio: “Hemen euria barra-barra egiten duenean, gauean, zure mamuetan pentsatzen hasten zara eta ezin duzu hori baztertu. Gero kalera zoaz, eta han ere gaia ateratzen da. Eta informaziorik ez dagoenean beldurrak areagotzen dira”.

Hala ere, etorkizunari itxaropentsu begiratzen dio Aramendiak: “Nafarroako Legebiltzarraren gehiengoa gure alde dago orain, arazoa konpontzeko premia onartu dute eta euren eskumenak martxan jarri dituzte. Gainera, Europako Batzordeak ingurumenari gehiago begiratzen dio eta hori aukera izan daiteke. Epaile batek gure kasua eskuan hartuta, txosten teknikoekin, ezingo du beste toki batera begiratu: gelditu, aztertu eta irtenbide bat bilatu beharko du”.

“Gaur egungo legediarekin ez lukete Esako proiektua onartuko”

José Luis Beaumont Itoizko urtegiko uretan behera dagoen Artiedan (Nafarroa) bizi da, eta urtegi askoren aurka lan egin du abokatutzan hasi zenetik, arreba María Josérekin batera. Egun, ziurtatzen du ibai baten ondoan bizitzea “sekulako zortea” dela, baina manipulatuz gero “bonba bat” izan daitekeela.

Gehien borrokatu dituen auzien artean dago uztailean Espainiako Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen Biscarrueseko urtegia (Huesca). Lehen aldiz historian, Espainiako Estatuak halako proiektu bat baliogabetu du ibaiaren uraren kalitatea hondatuko lukeelako. Hain zuzen ere, Biscarrueseko proiektuak ez zituen betetzen Europako Uraren Esparru Zuzentarauak (UEZ) zehazten dituen baldintzak eta Europako Batzordeak arau-hauste prozedura bat abiarazi zuen Espainiako Estatuaren aurka. Horren ondorioz, eta herritarren borroka nekaezinari esker, azkenean, proiektua baliogabetu dute.

Eta zergatik jaso du estatuaren oniritzia Esako urtegi handiak? Beaumontek azaldu du: “Proiektua onartu zutenean ez zen existitzen UEZ, 2002an sartu zuten indarrean Espainiako Estatuan, eta Esari lotutako azkeneko auziak lehenagokoak dira. Garai hartan UEZ indarrean egon izan balitz, ordea, Biscarrues atzera bota duten arrazoi berdinarengatik deuseztatuko zituzketen Esa, Itoiz eta beste asko”.


ASTEKARIA
2017ko urriaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Esa urtegia
Esa urtegia handitzeko lanak, geldirik

"Segurtasun faltagatik" geldirik daude Esa urtegia handitzeko lanak Rio Aragon Elkartearen esanetan. Lan horien kontratua eteteko eta proiektua berrikusteko eskatu du talde horrek. "Bideragarritasun eza" onartzeko eskatu diote Ebroko Ur Konfederazioari. 


2023-09-29
Esa urtegiaren handitzea 2027rako bukatu nahi dute

Lanak duela 22 urte hasi ziren, baina urtegiaren eraikuntzak hamaika arazo izan ditu, eta oraindik lanek atzera-aurrera jarraitzen dute. Rio Aragón elkartearen eskaerari erantzunez, lanak 2027an bukatzea aurreikusten duela erantzun du CHE Ebroko Konfederazio... [+]


Satelite bidez ere Esako urtegia desegonkorra dela ohartarazi dute

Ikerketa geologikoek behin baino gehiagotan ohartarazi dute, eta, orain, satelite bidezko zaintzatik heldu da abisua: Esako urtegia ez da egonkorra. Copernicusek, Lurra behatzeko Europako Batasunak abian jarritako programak, "mugimendua" antzeman du urtegiaren... [+]


Alfredo Ollero Ojeda
“Ibaiak haien ibilguetan gero eta sakonago hondoratzen ari dira”

Euskal Herria zeharkatzen dutenen artean ibairik handiena da Ebro. Haren ertzean mintzatu gara, Ollero bizi den Zaragozako sarreran, lertxunaren ibili geldoa, txorien kanta zoroa eta ibaiaren emari barea lagun, udaberria 33 gradura lehertu den arratsaldean, zorionez arbolen... [+]


Esako urtegia ez handitzea aholkatu du Ingeotyc geologia enpresak

Urtegiaren eskuin hegalak desegonkor jarraitzen duela eta, beraz, arrisku maila bat dagoela ondorioztatzen du. Txostena Ingeotyc enpresako Valentin Ibarra eta Tomas Morales geologoek egin dute Zangozako Udalaren enkarguz.


Eguneraketa berriak daude