Edurne Koch, Chrysallis Elkarteko kidea

"Direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira haur transexualak"

  • Urteak daramatza lanean UEUko Nafarroako arduradun, askotan korrontearen kontra, unibertsitate horren balioen alde. Duintasun eta identitateen aldeko beste ekimen handi batean dabil buru-belarri: bere haur txikiena bezala, transexualitate egoeran dauden haurren eskubideak aldarrikatzen ditu Chrysallis Elkartetik.

Reyes Ilintxeta @ReyesIlintxeta
2017ko urriaren 22a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Edurne Koch Elizegi (Irun, 1973)

Duela hamaika urtetik Nafarroako UEUko arduraduna da, baina hori baino lehen argazkilari profesionala izan zen familiaren estudioan eta Euskaldunon Egunkarian. Nafarroako Basaburuko herri txiki batean bizitzea hautatu zuen. Hiru haurren ama da. Txikiena, zakila duen neskato bat da. Chrysallis Euskal Herria, transexualitate egoeran dauden haur eta gazteen familien elkarteko kidea da.

Argazkilaritzarekin aspaldiko harremana duzue familian, ezta?

Aita, aitona eta birraitona argazkilariak ziren. Birraitona Alemaniatik Donostiara etorri zen 1898an eta argazki estudioa zabaldu zuen. Nik hautatu nuen negozioarekin jarraitzea aitak utzi behar izan zuenean. Imajinatzen dut lau ahizpetako batek hartu behar zuela erreleboa eta ni izan nintzen.

Beraz bokazioa edo beharra?

Akademian ikasten hasi nintzen, baina aitarekin zuzenean ofizioa ikasteko aukerarik ez nuen izan, gaixotu egin baitzen. Aitarengandik txikitatik ikasi nuen ordea gauzak begiratzeko modua. Horrela, beraz, bat-batean negozioaren zama nire gainera etorri zen 19 urte bete berritan. Handik gutxira Euskaldunon Egunkarian lan egiteko aukera sortu zitzaidan eta bi lanetan batera denboraldi batez aritu nintzen, bietako bat hautatzeko unea iritsi zen arte. Erabaki nuen negozioa ixtea izugarrizko zama zelako niretzat. Prentsan egin ahala ikasi nuen argazkilariaren lana. Gustura ibili nintzen lehen urteetan, baina gero digitalerako jauzia etorri, papera krisian sartu eta ondorioz argazkilariei kristoren presioa sartu ziguten. Ordutegi finkorik gabe, asteburutan lanean, presioa, kaleratzeak... jasangaitza. Zortzi urte pasatuta, utzi egin nuen. Krisi pertsonal handi bat izan nuen. Denarekin moztu eta Nafarroara etorri nintzen. Imoztar batekin maitemindu eta hona etorri nintzen bizitzera.

UEUra nola iritsi zinen?

Lehen bi seme-alabak eskolan hasi ondoren ikusi nuen iragarki bat lanpostu horretarako. Aurkeztu eta hartu ninduten. Bederatzi urte pasa dira dagoeneko. Oso proiektu polita da.

UEUrentzako haize berriak Nafarroan orain, ezta?

Aldaketa itzela. Azken urteotan UEUk ez ezik, euskalgintza osoak pairatu behar izan duen bazterkeria ikusita oraingo egoera izugarria da. Alfonbra gorria jarri digute, diru laguntzak, harrera ofizialak…

“Boikota hain handia izan da ezen jende asko orain ezagutzen ari baita UEU Nafarroan”. Argazkia: Dani Blanco.

Itsuskeria asko jasan behar izan duzue?

Aurrekoen politika moldea horrelakoa izan da: euskararekin lotua dagoen guztia satanizatzen dute. Nafarroa inbaditzera datorren EAEko jendea bagina bezala tratatu gaituzte beti. “Que-vienen-los-vascos” mamu horrek funtzionatu du eta funtzionatzen du oraindik.

Gogoan dut nola Xabier Azanza Euskarabideako zuzendariak gure edukietan Euskal Herriaren aipamena egiten zela leporatu zigun behin eta berriz.

Boikota hain handia izan da ezen jende asko orain ezagutzen ari baita UEU Nafarroan. 40 urte daramagu udan ikastaroak antolatzen Iruñean eta hamabost urte udazken eta udaberrian.

Zergatik da beharrezkoa UEU gaur egun?

Helburu nagusia euskal unibertsitatea sortzea da. Hori politikoki ezin da gauzatu gaur egun, horretarako erabakimen sendorik ez dagoelako. Egoera horretan UEUk egiten duena da erdaraz aritzen diren unibertsitate horiekiko elkarlana sustatzea euskarazko graduondoak eta ikastaroak eskainiz, euskal komunitate zientifikoa bildu eta haien arteko sareak sortuz, eta unibertsitate-gaiak ekoitzi eta gizartearen esku jarri.

Erakundeek eman diguten babesari esker eta egin den zabalkunde lanarengatik matrikulazioa boskoiztu egin da azken bi urte hauetan. UEU ezagutzen duenak gero berarekin jarraitzen du, euskarazko formakuntza beharra dagoelako.

Udako unibertsitatea, baina urte osoan lanean?

Gainera orain balantza aldatzen ari da: lehen udakoa izaten zen eskaintza nagusia, eta orain aldiz, indar handia hartu dute udazken eta udaberriko ikastaroek.

San Ferminen ondoren UEUko ikastaroak ziren Iruñeko basamortu latza alaitzen zuten ekimen bakanetakoa, baina data aldatu duzue.

Bi urtez egin ditugu ikastaroak ekainaren bukaeran eta oso emaitza onak jaso ditugu. Beste aldaketa handi bat izan da erdigunera ekartzea. Urtez urte egoitzaz aldatzen ibili gara ezinbestean. Orain, azkenean, udako ikastaroak egiteko Ezpeleta Jauregia eskaini digu Nafarroako Gobernuak, Iruñeko bihotzean, Kale Nagusian. Aldaketa ikaragarria izango da.

“Aizarotz herri txikian bizita gure seme-alabei askatasunean hazteko aukera eman nahi genien. Oso pozik gaude, gasolinatan ordaintzen ari garen arren”

Hiru haurren ama izatea ere ez da lan makala izanen.

Hiru seme-alabak heztea nire lanik konplikatuena da zalantzarik gabe!

Zergatik erabaki zenuten herri txiki batean bizitzea?

Gure seme-alabei askatasunean hazteko aukera eman nahi genielako. Oso pozik gaude, gasolinatan ordaintzen ari garen arren. Hemen bokataren bila etortzen dira etxera eta ondorengo orduetan ez ditugu ikusten. 6 eta 15 urte bitarteko neska-mutilak askotan ibiltzen dira jolasean, elkar zaintzen, gauzak egiten, elkarri gauzak irakasten… eta tamalez hori gaur egun hirietan ez da asko ikusten. Nire ustez ikasketa prozesu garrantzitsuena kalean dago.

Ni beste modu batez izan naiz hezia, umearen hitzak entzuten ez ziren garaikoa naiz eta saiatu naiz gure haurrei kontrakoa transmititzen, arau batzuekin, noski, horiek ere beharrezkoak direlako. Gainera hemen tempoa desberdina da, dena pausatuagoa. Iruñetik etorriz gero lasaitasuna eta naturaren babesa sentitzen dira. Hirian beti estimulu pila dago. Alaba nagusiak dio nahiz eta urte batzuk kanpoan ibili hona itzuli nahi duela bizitzera. Pozgarria da.

Zuek Aizarotzen bizi zarete. Zer du berezi herri horrek?

Hemengo udalak duela zenbait urte apustu batzuk egin zituen jende gaztea erakartzeko. Ernaizu emakumeen kooperatiba bultzatu zuen, adibidez, emakumeak bertan lan egin eta bizi ahal izateko eta Aizarotz herria sortu zuen. Lau etxe soilik ziren, bi familiaren esku zeudenak, eta etxe txiki eta merkeak egin zituen gazteak erakartzeko. Orain oso herri gaztea da. Bizpahiru adineko daude, besterik ez. Erroldatutako 176 pertsona gaude, horietatik 58 adingabekoak. Bizitzeko beste filosofia baten bila etorritakoak, asko, eta komunitatearen aldeko lanean gabiltza, ekimen ugari horretara bideratuz.

“Nire begiradarekin Beñati transmititzen nion oso femeninoa zen seme bat neukala, eta onartzen nuela, baina berak bilatzen zuena ez zen hori. Orduan hasi zen etengabe, egunero-egunero, galdetzen: ‘Ama, ni neska naiz?’” Argazkia: Dani Blanco.

Zuen hirugarren umea Beñat da, zakila duen sei urteko neska.

Beñat etorri da eskema guztiak haustera. Zakila duen neska da, baina ez ginen hori ikusteko kapazak izan lau urte bete zituen arte. Ikusteko gai izan nintzen une hori ez zait sekula ahaztuko. Ni barnetik hautsi egin nintzen. Haurra bi urtez aritu zen guri modu desberdinetara esaten erratuta geundela. Bera ez zela guk pentsatzen genuena. Oso berandu hasi zen hitz egiten eta ordura arte ez ginen gai izan bere beste mezu horiek ulertzeko. Mundua ulertzeko modua erabat aldarazi zigun. Oso potentea da. Nahiz eta buru-belarri ibili borrokan, Chrysallis EH elkartean, eta Beñati eskua eman eta bere ondoan nagoela lehen mementotik esan, gogorra izaten ari da, emozioak pil-pilean ditut.

Haur asko dago egoera horretan?

Elkartean 500 familia gaude Espainiako estatuan, horietatik 50 Euskal Herrian. Pentsa, Euskal Herriko Elkartea zortzi familiak osatu zuten 2015. urtean, beraz bi urtean izugarri hazi gara. Haurren transexualitatea bereziki tabua izan da orain arte eta hori apurtzera etorri gara. Umeok direna izatea baimentzen zaien lehen belaunaldia dira eta oso handia da gizarte guztiarendako, aniztasunaren diskurtsoan jartzen gaituelako. Transexualitate egoeran dauden helduek esaten digute haurtzaroa galdu zutela etengabe ezeztatuak izan zirelako; haien suizidio saiakera tasa oso altua da, beldurtzekoa. Horregatik errealitate hori gizarteratzearen garrantzia.

Adin guztietako haurrak ditugu elkartean, baina jakintza hazi ahala gero eta nerabe gehiagok erabakitzen dute pausoa ematea, beraien egoera ulertu eta ausartu egiten dira. Nerabeok kristoren motxila daramate, baina behin onartuta eta gizarteratuta, zoriontsu izatera heldu daitezke.

Haur transexualei beren identitatea ukatzen ari zaie, guztion partetik eta egunero. Oso gogorra da. Gehienek izugarrizko nortasuna dute, baina beste batzuek ez. Batzuetan arazoak sortuz adierazten dute zerbait gaizki doala. Batzuk, adibidez, beren organo genitalak mutilatu nahian hasten dira. Zorionez ez da gure kasua. Beñatek naturalki eraman du prozesua.

Nola jakin zenuten Beñat neska zela?

Txiki-txikitatik soinekoak janzten zituen, amonaren eraztunak, oihal bat buru gainean ile luzea balu bezala, makillatzen zen, azazkalak margotu… Femeninotzat jotzen diren portaerak muturrera eramaten zituen. Hori dena onartzen geniola ikusita, haurra hasi zen mutilen gauzak baztertzen, mutilak baztertzen, aita eta aitona baztertzen. Antsietate zantzuak ere hasi zen erakusten eta ulertezinak zitzaizkigun amorru aldiak izaten. Sentitzen zuen ez zela zen bezala onartua eta hitz egiten hasi zenean neska zela esan zuen. Guk esan genion baietz, nahi zuena izango zela eta guk igual maitatuko genuela, baina mutil tratatzen jarraitu genuen. Erdaraz hitz egitean artikulu maskulinoa erabiltzen genuen. Nire begiradarekin umeari transmititzen nion oso femeninoa zen seme bat neukala, eta onartzen nuela, baina berak bilatzen zuena ez zen hori. Berak bere identitatearen onarpena bilatzen zuen. Orduan hasi zen etengabe, egunero-egunero, galdetzen: “Ama, ni neska naiz?”.

Autobus transfoboaz: “Kritikak eta astakeriak esaten dituztenek ez dituzte gure haurrak eta familiak entzun”

Informazio bila hasi zineten.

Bagenekien zerbait gertatzen zela, baina ez genekien zer. Hasi ginen informazioa biltzen eta beste guraso batzuen testigantzak aurkitu genituen. Orduan argi ikusi nuen. Hurrengo egunean galdetu zidanean esan nion: “Bai, zu neska zara. Zakila duen neska eta zu bezala beste askotxo ere badaude”. Ordura arte ikusia ez nion barne poza atera zuen bat-batean. Geroztik ez dit berriro galdetu. Nire onarpena zuen eta gero hasi zen familia osoarena bilatzen. Bere aitarekiko harremana aldatu zen, eskolako mutilekin berdin eta oro har bere ezinegonak desagertu ziren, alaitasunari bide egiteko. Haur gehienek patroi berberak segitzen dituzte: oso femeninotzat edo maskulinotzat jotzen ditugun jarrerak muturrera eramaten dituzte benetan sentitzen dutena ikusarazteko. Inork ez du atzera egiten. Beñat oso txikia da eta garaiz lortu du onarpena, baina ez da ohikoa, nahiz eta sufrimendua eragozteko prest gauden gurasoak gero eta gehiago garen, asko daude oraindik ezeztatuak direnak. Azken datuen arabera, mila umetik bat transexualitate egoeran jaiotzen da.

Zer izan da Chrysallis Elkartea zuentzat?

Chrysallis niretzat argia izan da. Haiei esker ulertu dut etxean zer nuen. Oso zaila da denarekin puskatzea. Presio sozialarengatik, sinesmenengatik… familia askok etxe barruan dituzte arazoak. Beñatek izugarrizko zortea izan du jaio den tokian jaio izanda, familia honetan, komunitate txiki honetan eta eskola honetan. Hemendik ateratzen denean 16 urte izango ditu eta ordurako nortasun oso sendoa izango du. Orain gu ari gara etengabe mundu guztiarekin hizketan, azalpenak ematen Beñat neska bezala onartua izan dadin. Igeriketara apuntatu genuen, adibidez, eta denei banan-banan azaldu behar izan genien neska dela eta nesken aldagelan aldatuko dela. Beste haurrak bezala hazi nahi dugu eta ez dadila desberdina sentitu. Bailara osoko neska zakildun bakarra dela jakitea kudeatzearekin nahikoa du. Beñat oso txikia da eta ez daki ezer eramaten ari garen borrokaz. Guk errespetuzko begiradak jasotzea nahi dugu, gutxienez. Denek uler dezaten eskatzea ezin da, baina errespetua jende guztiari eskatu behar zaio. Oso kontu polita da umeekin lantzeko: denok desberdinak gara eta denok errespetu bera merezi dugu.  

Zer uste duzu autobus laranja moduko ekintza transfoboez?

Ezjakintasunak ekartzen ditu beldurrak eta ondoren fobiak. Errealitate hori dagoela gizarteratzea da gure lana. Kritikak eta astakeriak esaten dituztenek ez dituzte gure haurrak eta familiak entzun. Familien testigantzak adituko balituzte, desberdin jokatuko lukete.

Kanal hauetan artxibatua: Transexualitatea  |  Argazkilaritza  |  UEU  |  Aizarotz

Transexualitatea kanaletik interesatuko zaizu...
2018-06-19 | ARGIA
Transexualitatea gaitz psikologikoen zerrendatik kanporatu du Osasunaren Mundu Erakundeak

Nahasmendu psikologiko kategoria kendu diote transexualitateari, eta genero inkongruentzia bezala izendatu. Aldaketak kontu fisikora mugatzen du orain arte gaitz psikologikotzat jotakoa.


2018-04-26 | Miren Osa Galdona
Sexu aldaketaren protokoloa aldatuta, Jaurlaritzak onartu du pazienteak lehendabizi endokrinoarengana joatea psikiatrarengana ordez

Gurutzeta Ospitaleko Genero Identitateko Unitatean eman ditzaketen hobekuntzak  lantzen ari da iazko azarotik. Sexuz aldatu nahi duten pazienteei eragiten dien neurriaren berri eman dute Eusko Jaurlaritzarekin bildu ostean: unitatera doazen pertsonen sarbidea Endrokinologian hasiko da, eta ez Psikiatria sailean. Hormona tratamendua jasotzeko denbora hainbeste luzatzea ekiditea da xedea.


2018-03-04 | June Fernandez
Lur eta Ekai

Artikuluaren lerro-burua hauxe: Euskaltzaindiak zakila arazo linguistiko bilakatu zuenekoa. Axier Lopez kazetariak ARGIAn publikatutakoa. Horrela hasten zen: “Orain bi hilabete jaio zen Lur. Artean izen ofizialik ez bazuen ere, Lur izan da burua mundu honetara atera aurretik eta ondoren. Haurdunaldian ez genuen bere hanka-tartearen berri eduki nahi izan. Genitalen forma bigarren mailako kontua iruditzeaz gain, gure burua eta ingurua ez genituen aurrez baldintzatu nahi genero jakin bati... [+]


2018-02-20 | ARGIA
Crysallis: "Institutuko ikaskideek zein irakasleek Ekairen sexu-identitatea onartu zuten"

Crysallis Euskal Herria elkarteak ohar bat kaleratu du Ekai Lersundi 16 urteko mutil transexualaren heriotzaren harira. Irakasle eta ikasleen partetik jasotako babesa argitu nahi izan du Crysallisek, eta gaztearen ondoan egon direnei eskerrak eman.


2018-02-20 | Arabako Alea
Gasteizen dozenaka lagunek oroitu dute bere buruaz beste egin duen gazte transexuala

Ondarroako gaztea omentzeaz gain, transfobia salatu dute TransBolloMarika Sareak deitutako elkarretaratzean.


2018-02-19 | Miren Osa Galdona
Ekairi babesa adierazteko elkarretaratze ugari egin dira Euskal Herrian

Asteburu osora zabaldu dira Ekai Lersundi bere buruaz beste egin zuen 16 urteko mutil transexuala oroitzeko ekitaldiak. Ondarroan, bere jaioterrian, larunbatean egin zuten. Iruñean eta Donostian igande eguerdian bildu ziren Transfobiak hiltzen gaitu lelopean. Gasteiz eta Bilboko bilkurak astelehen arratsaldean izango dira. 


2018-02-18 | Ander Perez
Dau García Dauder. Aniztasuna ikustarazten
"Dualismoaren tirania birpentsatu beharko genuke"

“Gorputzen aniztasuna” da intersexualitatea García Dauderrentzat. “Lekzio bat”, haren hitzetan, gizon eta emakume eskematik harago bestelako gorputzak daudela erakusteko. Hain zuzen, logika dualista horri aurre egiten dihardu, bai militantzia arloan, eta baita akademian ere. Txikitatik aniztasuna erakustea nahiko luke, gizartearen begirada dualistarekin bukatzeko.


2018-02-16 | ARGIA
16 urteko mutil transexual batek bere buruaz beste egin du Ondarroan

Chrysallis EH Elkarteak jakinarazi du berria. Ekai gaztearen amak semearen gorpua hilik topatu du otsailaren 15eko goizean.  Gizarte osoak galdutako borroka dela nabarmendu dute.


Miquel Missé. Trans nortasuna aldarrikatzen
"Bizitza errazagoa da mutil gisa bizitzea erabaki nuenetik"

Transexualitatea inoiz baino ikusgarriagoa da. Orain dela gutxi arte trans erreferente bakarrak estigmatizatzaileak ziren, eta gaur egun baikor hitz egiten da haietaz, eta lehenengo pertsonan. Baina horrek ez du esan nahi, dio Miquel Missé soziologo eta ekintzaile transak, nagusi diren diskurtsoekin kritiko izan behar ez denik. Donostiako Feministaldian izango da abenduaren 2an.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude