Rock doinu indartsuak jotzen ditu Deus Ez taldeak, bizitasun eta energia handiarekin. Hainbatetan rock gogor ukituak antzeman daitezke kantuetan, eta melodiak ongi zaintzen dituzte. Rock alternatiboa delakoaren kutsukoak dira beren kantuak.
Beren lehen diskoa jadanik kalean dute. Grabazioa Iruñeko Drum Groove Studioan egin dute, Josu Ervitirekin. Teknikari lanak egiteaz gain ekoizle ere izan da, eta denen artean soinu mardula eta trinkoa gauzatu dute, ozena. Josu eta Eric abeslari eta gitarrista elkarrekin arituak dira, Eric Deza Group taldean, eta iaz First Step diskoa plazaratu zuten.
Deus Ez taldekoak inguruan ikusten dutenari buruz mintzo dira kantuetan, eta beren kezkak eta sentimenduak azaltzen dituzte: “Azal eder batez estaliak, barrutik usteldutako kantuak. Abesti alai hoiek, guztiz goibeltzen naute” (Dohainaren ordaina); “Horma altuak eraiki ditut kanpoan zer dagoen ez ikusteko. Irribarre atseginak prestatu ditut inork nire barnean begira ez dezan” (Barrutik); “Ez da iluntasuna ni beldurtzen nauena gaur, baizik eta argiak erakutsi dezaken guztia” (Itzaletan); “Nork irekiko dizkigu begiak aurrera egin ezin dugunean? Nork eskeiniko digu bere eskua lurretik jaiki ezin garenean?” (Bi arima); “Soberan genuen zama itsaslabarretik bota; suntsitu berriro sortzeko; begiak itxi, ikusteko” (Argazkiak); “Horrenbeste izan genuen baina hala ere, nahikoa ez al zen zuretzako? Urruti zauden leku hartan entzungo ote da nire kantuen oihu ozena?” (Bilatzen); “Bide okerrak beti izan dira nire gustokoenak. Alde onaren alde txarra da arduratzen nauena” (Bide okerrak).
Eric Deza (ahotsak, gitarra), Alex Etxeberria (baxua) eta Koldo Sagarzazu (bateria) dira taldekideak, Azkoitikoak eta Eibarkoak dira, eta 2016ko udaberrian sortu zuten Deus Ez taldea. Urtebete lanean buru-belarri aritu dira, entseatzen eta kantuak egiten, eta azkenik beren lehen diskoa irailean kaleratu dute. Taldekideen hitzetan, ilusio handiarekin jardun dute, bai entseatzeko lokalean bai grabazio estudioan, giro onean, suhartasun, gogo, grina eta kemen handiarekin eta hori nabari da kantuak entzuteko garaian, kantuek hori guztia transmititzen baitute.