"Kultur balioak babestu behar ditugu iritzi politikoen gainetik"

  • Sahararra da, Mendebaldeko Saharan sortua, egiazko Saharan, exodoa bizi izandakoa. Sahararra da gaur egun Gasteizen, ikastolako ama, euskaldunetara guztiz irekia, izatea bera ere partez herri honetara jarria, bere baitan harrera beroa egina euskarari eta euskaldunari.

Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Safia Nafa Aali (Mijek, Sahara, 1971)

Saharatik ihesi joan zen familia Safiak 6 urte zituenean. Libian egin zituen Lehen Hezkuntza ikasketak, eta Aljerian Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoa. Unibertsitate ikasketak, azkenik, Euskal Herrian. Artean (Bizkaia) bizi izan zen lehenik eta Gasteizen da duela hamar urte baino gehiago. Euskaldunak seme-alabak, bere burua euskalduntzen Safia eta senarra, beren jaioterriko Sahara libre amets.

Oraintxe, telefonoz ari zinen kanpamenduetara.

Bai. Whatsapp-a baino ederragorik ez dago. Zoragarria. Nomada gara, eta uste dut telefono mugikorra dela gure izateari hobekien egokitu zaion asmakaria. Ikasle nintzen garaian, Bilbon, zaila zen Saharako familiarekin komunikatzea, odisea hutsa. Eskutitzez behar zenuen, edo Aljeriako halako toki jakin batera, telefono finko batera hots egiteko hitzordua egin… Zoramena zen. Orain aberatsak gara. Kar, kar…

Ez zarete aberatsak, baina sakelakoak dituzue, eta sakelakoak dituzte kanpamenduetan.

Geuk bidaltzen dizkiegu sakelakoak. Antenak, berriz, aljeriarrek ipini zituzten. Horri esker komunikatzen ahal gara. Dena dela, estaldura gorabeherak izaten ditugu kanpamenduetan bertan ere. Toki batzuetan besteetan baino hobea da. Deiak etetea ere ez da gauza arrotza, alegia.

Urteak daramatzazu Euskal Herrian.

1990ean etorri nintzen, azaroan. Ikasle nintzen Aljerian, batxilergoa egin nuen eta zenbait ikasle hautatu zituzten beren txosten akademikoen arabera. Aldi berean, nonbait, Gasteizko Udalak hiru beka eman zituen, eta honaxe bidali ninduten ni, beste bi ikaslerekin batera. Etorri ginenean ez genekien hitzik gaztelaniaz. Frantzisko Vitoria Institutuan hasi ginen, Helduen Heziketa Iraunkorrean, eskola partikularretan ere bai... Ekaina heldu zen, selektibitate proba egin genuen, baina ez genuen gainditu. Alegia, zientzia ikasgaiak bai, gainditu genituen; letrak, aldiz, ez. Irailean azterketa berriz egin eta gainditu genuen.

Unibertsitatera sartzeko hautaproba gainditurik, zer?

Enpresa ikasketak egiten hasi nintzen. Diplomatura. Hiru urte dira, baina lau behar izan nituen nik. Ez nengoen ohitua unibertsitateko gela batera sartu eta etengabe oharrak hartzen. Oso gogorra egin zitzaidan lehen urte hura. Ohitu nintzenean besterik izan zen. Ikasgaiak aise gainditu nituen azken bi urteetan.

Hemen zara harrezkero.

Ez, ez, hori baino korapilo handiagoa da. 1992an Saharari buruzko erreferenduma egingo zela agindu zuten, eta atzerrian ginen saharar ikasle denak itzuli ginen etxera. Botoa eman beharra zen.

Ez zen erreferenduma egin, ordea.

Ez, bada! Baina hura ilusioa! Sekulako poza genuen, erreferenduma egingo zela esan ziguten… eta poza hainbestekoa izan zen etsipena erreferenduma ez zela egingo jakin genuenean. Prest zegoen dena eta bat-batean, ezetz, ez zela erreferendumik. Hasteko, 1975ean Saharan zirenek zuten bozka emateko eskubidea. Marokok, berriz, harrezkero Saharan ziren marokoarrek ere botoa ematea nahi zuen. Bertako sahararrak baino askoz gehiago dira ordudanik gure lurretan diren marokoarrak. Ezinezkoa zen era horretako erreferenduma egitea. Horrez gain, seguru nago interes ezkutuak ere izan zirela erreferenduma egin ez zedin, eta egin ez dadin.

Sahara lur aberatsa dela irakurria dut.

Fosfatoa du, eta munduan diren arrantza-bankurik handienetakoak ditu. Hala zen, behintzat, garai batean. Orain, batzuek eta besteek erabiltzen dituzten arrantza-teknika agresibo horien ondorioz, ez dakit zer izango den. Petrolio zundaketak ere egin omen dituzte. Interes ekonomikoak hor dira, dudarik gabe. Hala ere, Sahara ez askatzeko lehen arrazoia inperioa hedatzeko monarkiek ohi duten irrits gaizto hori da. Sahara, beste gabe, lur agorra balitz, Marokok ez zukeen interesik hura bereganatzeko.

Erreferendumik ez, atzera Euskal Herrira etorri zinen.

Itzuli eta unibertsitatean ikasten hasi nintzen. 1998an diplomatu nintzen Enpresa zientzietan, eta kanpamenduetara itzuli nintzen. Han lan egitea izan nuen beti amets, nahiz eta hemengoak bezalako azpiegiturarik ez logistikarik ez izan han. Joan eta bertan egon nintzen, neure familiarekin bizi nintzela eta Saharako Gazteriarekin lanean, bateko eta besteko proiektuak asmatzen Espainiako Gazteria Sozialistarekin, tarteka Madrilera joanez. Hala ere, 2000. urtean Euskal Herrira etorri nintzen berriz.

Zertan zen kanpamenduetako bizitza?

Errutina hutsa da kanpamenduetako bizimodua, eta are eta errutina handiagokoa emakumearentzat. Nik, esaterako, bulego batzuetan egiten nuen lan. Horrez gain, familia zaindu beharra nuen, ganadua gobernatu, jatorduak egin… Lanean, goizetik arrats. Horretan nintzela, neure buruari galdetzen nion: “Horrela biziko ote naiz beti? Hau ote da neure buruari opa diodan bizimodua?”. Bai, neure herriaren aldeko lanean nintzen, baina hemengo bizimodua ere ezagutua nuen ordurako, eta hango errutina zeharo gogorra egin zitzaidan.

Argazkia: Zaldi Ero.

Gaur egun ere horrela da hango bizimodua?

Han ez dago ezer. Lehen horrela zen, eta orain ere, nahiko lan. Ez dago egitekorik. Zenbait gazte GKE-ren batekin ariko dira lanean, besteren batzuk erizain ariko dira… Baina ez dago etorkizunik. Ikasketak eginagatik ere, ezer ez. Emakumeari dagokionez, askoz ere markatuago dauka bidea, gizarteak irensten baitu: ezkondu eta umeak egin, ez du besterik. Gizonezkoak negozioa ireki ahalko du, dendatxoren bat... Baina ez dago Estatu egiturarik.

Kanpamenduetako errutinan sortu zinen zu.

Ez ezazu uste. Ni ez naiz luzaro bizi izan kanpamenduetan. Hasteko, egiazko Saharan jaio nintzen, eta sei urte nituela, 1977an alde egin zuen handik familiak. Desertura iritsi ginen, eta han ezer ez. Zenbait herrialdek laguntza eskaini zuten; besteak beste, Libia, Kuba eta Aljeriak, eta haraxe hainbat ume. Ni, esaterako, Libian nintzen 6 urterekin, ikasten. Ikasleok bi urterik behin etortzen ginen etxera, udako. Horrela ibili ginen 1984 arte. Urte horretan, Gadafik akordioren bat egin zuen Marokorekin –horrelakoxea baitzen Gadafi, noiz alde batera, noiz bestera–, eta gu Saharako ikasleok Libiatik atera eta Aljeriara eraman gintuzten.

Barnetegian zineten ikasle.

Bai. Libiako barnetegian 85 saharar ginen ikasle. Aljerian, 50. Ez dut Libiako oroitzapen askorik, baina bai Aljeriakoak. Oso ondo moldatu ginen. Libian, txiki joan ginenez, airean ikasi genuen libieraz. Are gehiago, bi urte han eta kanpamendura itzuli ginenean, gurekin batera joandako zenbait ez ziren hasanieraz mintzatzeko gai, ahaztua zuten. Libieraz ikasi genuen, libiera itxia, zarratua. Kar, kar… Aljerian, bestalde, bertako dialektora egokitu genuen gure arabiera, eta eragozpenik gabe jarduten genuen eskolan nahiz lagunekin.

Ez duzu Libiako oroitzapen askorik, baina bai Saharatik kanpamenduetara egindako bideaz.

Zer edo zer. Une jakin batean, helduak zalantzan ikusi nituen, erabaki ezinik. Gure aitona eta osaba alde batetik, amona bestetik… “Datilak zuk, nik… Gu oinez, zuek…”, deigarri egin zitzaidan pertsona larriek hainbeste zalantza ibiltzea. Aaiunen bizi ginen gu eta hantxe geratu zitzaizkigun aitaita-amamak, kanpamenduetara gabe. Abiatzera gindoazela, gure neba txikiak utzi egin gintuen, aitaita-amamen etxera joan zen ihesi. Gure amak gorriak ikusi zituen, marokoarrak ere bertan ziren kasik… eta, azkenean, aitaita-amamenean geratu zen neba. Neba zaharrena eta txikia, hantxe geratu ziren biak. Orain esaten diet: “Neuk izan nuen zoririk handiena!”. Kar, kar…

Aaiunen zineten, beraz.

Bai, nahiz eta Mijek-en sortu nintzen, Mauritania aldeko mugan, baina nomada ginen, eta batetik bestera genbiltzan. Gure gurasoak 60ko hamarkadaren bukaeran joan ziren Mijek-era. Aurretik, nomada hutsak ziren. Etxea Aaiunen izanagatik ere, non edo non euria egin zuela, haraxe joaten ziren, ganaduarentzako bazka bila, ur putzuetara… Bizimodu latza. Gure aita nomada izan da, baina ez dio inori opa.

Ez nomada, ez kanpamendu.

Egoera aldatu beharra dago, politika bera, noiz edo noiz lehertu egin beharko du honek. Globalizazioa ere gure kontra dago. Gazteek besterik merezi dute, zer edo zer egin beharra du Fronteak [Polisarioa] edo baten batek, edo guk denok.

Katalunian bezala beharbada.

“Katalunian bezala” diozu? Kataluniako erreferendumaren bezperan, greba deia egin zuten Gasteizen, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan. Gure semeari grebarik ez egiteko agindu nion, lehengo batean Puigdemontek esandakoarekin haserre. Telebistan elkarrizketatu zuten, eta galdetu ziotelarik: “Herrien autodeterminazioaren alde zaude?”, berak baietz. “2014an Kurdistanen independentziaren kontra eman zenuen bozka”. “Ez naiz oroitzen”, Puigdemonten erantzuna. “Eta Saharako independentziari?”, “Ezezko botoa eman nion”. Puigdemontek! Ez zen Kurdistanekoaz oroitzen, baina bai Saharakoari ezetz esan ziola. Semeari esan nion: “Gaur, grebarik ez!”. Herri guztien autodeterminazioaren alde nago, baina “zuk bai eta nik ez”, ez!

Sahararra, Libian, Aljerian eta Euskal Herrian ikasia zaitugu, aski nomada.

Kar, kar… Hemen egin nituen lagunengatik nago ni hemen. 25 urte ere badira, eta lagun ditut oraindik. Enpresa eskolarik ez zegoen garai hartan Gasteizen, eta nahiz eta beka hemengo udalak eman zigun, Bilbon egin nituen ikasketak, hantxe bizi nintzen. Senarra nuen ordurako, sahararra, eta Bilboko lagun batek etxea inguratu zigun Artean, Arratian. Eta hantxe bizi izan ginen bost urte.

Hainbestean ikasi zenuen euskaraz.

Ez dakit ikasi nuen ala ez, baina belarria, behintzat, ondo zaildua dut. Ulertu, dena! Gasteizera etorri ginelarik 4 urte zituen gure seme zaharrenak: ez zekien bizkaieraz eta hasanieraz besterik. Gaztelaniaz ez zekien. Baina, jakina, nahikoa izan zuen hilabete eta erdi Gasteizen, gaztelaniaz ere hitz egiten hasteko.

Hemen egindako lagunengatik zaitugu Gasteizen, ikastolan seme-alabak, abertzale giroa bizi duzu, baita espainol giroa ere.

Iritzi guztiak errespetatzearen aldekoa naiz, hori hasteko. Baina globalizazioaren aurrean, kultur balioak babestu behar ditugu, kultura, iritzi politikoen gainetik. Nork bere hizkuntza, nork bere identitatea defenditu beharra dago. Badut lagun bat euskararen kontra mintzatu izan zaidana. Nik kontra egin diot, esanez hizkuntzek aberastu egiten gaituztela, euskara aberasgarri dugula, kultur balioak aberasgarri zaizkigula, ideia politikoak zeinahi ditugula ere. Gurean, bai euskara bai gaztelania ikasteko giroan hazi ditugu seme-alabak, baina hasanieraz. Kultur balioak babestu behar ditugu denok, nahiz eta nork bere administrazio politikoa izan gustuko. Orain esateko moduan naiz.

Zer esan nahi duzu? Lehen ez?

Etorri ginenean ez nuela oraingo ikuspegirik. Nik ere ikasi egin dut. Elkarbizitza delikatua da hemen. Hasieran, etorri eta, lagunekin: “Espainiara etorri nintzenean…”, eta beraiek: “Euskadira etorri zinenean?”. Hurrena, besteren batekin: “Euskadira etorri nintzenean…”, eta berak: “Tira, Espainiara etorri zinenean…”. Azkenean, “Hona etorri nintzenean!”, ez Espainiara, ez Euskal Herrira, “Hona!” eta kito.

Hainbeste urte herrialdetik kanpora, nongoa zara?

Euskal-sahararra naizela esaten diet lagunei. Urte asko daramatzat hemen, bertakotu ere egin naiz, Saharan errebindikatuko ez nituzkeenak errebindikatzen ditut hemen. Bi kulturetakoa naiz, hangoa eta hemengoa, ikaragarri gustatzen zait lagunekin irtetea, hitz egitea, barre egitea… Bestalde, badira zenbait ohitura, nire kulturakoak, gaur gero ulertzen ez ditudanak. Errespetatu bai, ulertu ez. Zorionekoa naiz bi kulturak ditudalako, hemengoa eta Saharakoa, eta nire seme-alabek ere bi kultura hauek ematen duten ikuspegiaren jabe izan daitezen nahiko nuke.

Betiko

“Lehen umea izan baino lehen, hemen bizi nintzelarik ere, hilabeteak ematen nituen kanpamenduetan. Ez bat eta ez bi, hiru eta lau ere bai. Ezagutzen dut hango bizimodua, ikusi ditut berrikitan egin dituzten errepideak, jarria dutela elektrizitatea… Ongi da horiek egitea, baina horrek, bestalde, betikotu egiten du egoera”.
 

Esperantza

“Ez dakit zein den kanpamenduetako etorkizuna, ez dut esperantza handirik, ikusiak ikusirik. Ez dakit inoiz Aljeriako parte egingo duten inguru hura edo zer egingo duten, baina independentzia… Gainera, kanpamenduak ez dira gure lurra, betiko Sahara, Mendebaldeko Sahara baizik. Kanpamenduak ez dira sahararron etxea”.
 

Arrotz herrian

“Sahara da gure lurra, baina hara joan eta, orain, marokoarrez inguratuta, ez gara etxean sentitzen. Arrotz gara gure herrian”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Mendebaldeko Sahara
2024-03-24 | Reyes Ilintxeta
Kristina Berasain. Sahararekin kateatuta
"Palestinakoa ikusita, zer egingo du orain Marokok Sahararekin?"

Arnas luzeko kazetaritza maite du Kristina Berasainek. Kazetaritza pausatua. Haimaz haima ibili da sahararrekin hizketan, kontakizunak eta testigantzak bilduz, gero horiek guztiak liburu eder batean harilkatzeko. Pasioz eta pazientziaz, ia 50 urte erresistentzian daraman saharar... [+]


2023-12-22 | Euskal Irratiak
Saharari buruzko euskarazko lehen kazetaritza kronika idatzi du Kristina Berasainek

Sahara, herri bat erresistentzian liburua argitaratu du Kristina Berasainek. Urte luzez jarraitu du Mendebaldeko Saharako gatazka, 2005ean BERRIA egunkariko kazetari gisa lurralde okupatuetara lehen aldiz bidaia egin zuenetik.


'Saharari kantari' diskoaren kontzertu solidarioa egingo dute Donostian

Mendebaldeko Sahararen alde egingo dute kontzertua hilaren 22an, Kursaalean. Bertan izango dira Oreka TX, Eñaut Elorrieta, Mikel Urdangarin, edo Minatu Embarek, Nayat Hosseinek eta Hayuh Ramsik artista sahararrak, besteak beste. Sahararrak gerran daudela ez dela ahaztu... [+]


Palestinan bezala Mendebaldeko Saharan ere, okupatzailea beti espoliatzaile

Mendebaldeko Saharako Smara hirian urriaren 29an jaurtigaiekin izandako eraso ezezagun batek gorenean jarri du Fronte Polisarioaren eta Marokoko armadaren arteko gerra. Gaza bezala, harresi luze batez inguratuta dago herrialde osoa, eta Israelek palestinarrekin egin bezala,... [+]


2023-07-19 | Leire Artola Arin
Israelgo Gobernuak formalki onartu dio Marokori Mendebaldeko Sahara euren menpe dagoela

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gutun bat bidali dio Marokoko Mohamed VI.a erregeari, "harremanak sendotzeko" pausoa emateko. Astelehenean baieztatu du asmoa dutela okupatutako Mendebaldeko Saharako Dakhla hirian kontsulatua irekitzeko.


Eguneraketa berriak daude