Kataluniako prozesu soberanistak Espainiako Estatuko botere guztiak bat egitea ekarri du independentzia lortzea eragozteko.
Erasoaldiak ez du aurrekaririk, eta euskaldunoi abisu moduan, Kataluniako herritarrak beldurtu eta itotzeko ari dira aurrera eramaten. Gobernua, monarkia, tribunalak, auzitegiak, poliziak… Denak bat, herri borondatea ezagutua eta onartua izan ez dadin.
Herri katalanaren eta bere gobernuaren irmotasunaren aurrean, sektore ekonomikoaren txanda da orain, bankuak buru dituztela; Moncloatik eta Zarzuelatik telegidaturiko erasoa da. Lau haizetara iragarri da Sabadell, Caixa Bank eta Gas Naturalek Katalunian duten egoitza soziala utziko dutela, eta beste enpresa batzuek ere gauza bera egin dezaketela, hala nola Codorniuk eta Freixenetek. Nazioarteko Diru Funtsa eta nazioarteko agentziak ildo beretik doaz. Testuinguru horretan, fronte mediatiko antikatalanak “izualdia” edo “enpresa exodoa” moduko hitzak erabili ditu eta Katalunian enplegua arriskuan dagoela nabarmendu. Beldurraren estrategiaren parte da, balizko independentzia aldarrikapen baten aurrean katalanak kikiltzeko.
Hala ere, independentzia aldarrikatzen bada, denbora labur bat igaro ondoren enpresa eta banku horiek itzuli egingo dira, etorkizuneko errepublika horretan negozioa dutelako, profesional oso onak daudelako, lan eskua ere bai, eta euren interes ekonomikoak hor daudelako. Orain beldurra sartu behar dute, botere politikotik hori eskatzen baitiete. Ekaitza pasata eta ikusten denean presio horrek ez duela ezertarako balioko, itzuliko dira euren kontuentzako emaitza onak lortzen dituzten tokira. Kapitalak ez du aberririk, horietako bakoitzetik elikatzen da. Denborarekin ikusiko duzue!