argia.eus
INPRIMATU
Kaleetako zuhaitzen hostoak, konposterako elikagai
Garazi Zabaleta 2017ko urriaren 13a

Konposta egiten dutenek ikasiak izanen dituzte dagoeneko emaitza egokiak lortzeko oinarrizko arauak. “Materia hezea eta lehorra bolumen berdinean nahastu”, dio konposta nola egin azaltzen duen gidak oinarrizko arauetako batean. Materia lehor horien artean daude, besteak beste, udazken aldean zuhaitzak botatzen eta gure kaleak betetzen dituzten hostoak. Euskal Herriko zenbait herritan hasiak dira dagoeneko kaleetan bildutako hostoak aprobetxatzen eta herritarrei beren konpostera gehitzeko aukera ematen. Orio izan da gurean ekimena martxan jarri duen azken herria.

Hondakindegirako ‘zabor’ kopurua murrizten

Orain arte kale garbiketatik langileek jasotzen zuten guztia zuzenean hondakindegira joaten zela kontatu digu Amaia Usandizaga Orioko Udaleko arkitekto teknikoak. Udazken partean, kaleko hondakinen artean hosto kopuru oso handia jasotzen zuten garbitzaileek, eta horri probetxua ateratzeko jarri dute martxan ekimena. “Banaketa egitean, hondakindegira askoz material gutxiago bidaltzeaz gain, herritarrei ongarri naturala egiteko aukera ematen diegu”, azaldu digu Usandizagak.

Orion kale garbiketa egiten duen enpresak proposatu dio Udalari hostoak aparte biltzea. Izan ere, inguruko beste zenbait herritan zerbitzu bera ematen dute, eta herritarren artean izan duen harrera ona ikusita Orion ere ongi funtzionatu zezakeela pentsatu zuten.

Nola funtzionatuko du?

“Erriberetako baratzeen inguruan puntu bat edo bi jarriko dira, eta kale garbitzaileek jasotzen dituzten hostoak bertan utziko dituzte pilatuta”, azaldu digu Usandizagak. Konposterako hostook nahi dituen edonork bertaratu eta behar duen kopurua har dezake handik. Bestela, Udaleko telefonora deituta edo bertara azalduta ere zerrenda batean izen eman dezakete interesatuek, gero garbiketa zerbitzuko langileak jarriko dira harremanetan beraiekin hostoak non eta noiz utziko dizkieten zehazteko. “Ohiko garbiketarekin jasotzen diren hostoak izango dira eta, beraz, hostoekin batera, litekeena da bestelako zakarren bat ere tokatzea. Erabiltzaile bakoitzaren lana izango da horiek apartatzea”, argitu dute Udaleko webgunean.

Hasi dira pixkanaka zuhaitzak hostoak galtzen eta kaleetako lurrak apaintzen. Batzuentzat hondakin, beste zenbaitentzat “opari”, guztiak ados egongo dira, ziurrenik, hostoak birziklatzeko modu ezin hobea dela konpostatzea.