Zertan da urtebete geroago

  • Abenduaren 17an urtea beteko da zenbait eragilek Donostian Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa aurkeztu zutenetik. Orain, protokoloa kaieren bidez praktikan jartzeko garaia dela adierazi du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak.

Irailean bildu ziren Kontseiluko Paul Bilbao eta Haizpea Abrisketa Korsikako Biltzarreko presidente Jean-Guy Talamonirekin. Protokoloa parlamentuan aurkezteko asmoa adierazi zuen. Argazkia: Kontseiluak utzia.
Irailean bildu ziren Kontseiluko Paul Bilbao eta Haizpea Abrisketa Korsikako Biltzarreko presidente Jean-Guy Talamonirekin. Protokoloa parlamentuan aurkezteko asmoa adierazi zuen. Argazkia: Kontseiluak utzia.

Agendak estu hartuta dabil azkenaldian Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia. Korsikatik itzuli berria da, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloari lotutako bidaia tarteko. Hegazkin ugari hartu ditu Bilbaok azken urtean, iazko abenduan sortutako hitzarmenean sakontzeko asmoz. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren amaieraz geroztik, Kontseilua da protokoloak marraztutako bide-orria betetzen ari dela bermatzen duen eragile nagusia.

Bilbaok uste du proiektuak oihartzun dezentekoa izan duela lehen bederatzi hilabeteetan. Bere esanetan, “protokoloa bere bidea urratzen ari da”, eta horren adibide da Alemaniako Udako Ikastaro batzuetara joateko deia jaso izana: “Horrek erakusten du interesa badagoela”. Sare bat sortu dute eragileen artean, eta laster newsletter bat bidaliko diete protokoloaren gainontzeko sustatzaileei, eman beharreko pausoak azaldu eta ELENeko –European Language Equality Network (Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sarea)– gainontzeko partaideak akuilatzeko.

Hurrengo urratsetako bat protokoloak nazioarteko erakundeetan legitimazioa izatea da. Hiru erakunde dituzte jomugan: NBE Nazio Batuen Erakundea, Europako Kontseilua eta ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundea. NBEn, esaterako, urtea amaitu aurretik aurkezpen bat egin nahi dute. Europako Kontseiluaren Estrasburgoko egoitzan, aldiz, otsailean izan ziren eta hainbat batzorderekin harremana egin zuten.

Tokian tokiko erakundeek, batik bat, parlamentuek, protokoloa aitortzea da etorkizunerako ezarri duten beste helburuetako bat. Bide horretan zenbait bilera egin dituzte han-hemengo erakundeekin. Euskal Herrian, Kontseilua EAEko eta Nafarroako legebiltzarretako presidenteekin bildu da; Korsikan eta Galizian agintariekin eta eragileekin bildu dira. Hain justu, Korsikako Biltzarreko presidente Jean-Guy Talamonik begi onez hartu du proiektua, eta protokoloa parlamentuan aurkezteko asmoa adierazi du. Katalunian bertako CIEMEN eta Linguapax aritu dira bileretan, eta Generalitateak Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloa “oso gertuko” duela adierazi du Bilbaok.

Protokoloaren indargune nagusiak bere baloreak direla uste du Kontseiluko idazkari nagusiak. Horien artean, bizikidetza eta demokratizazioa azpimarratu ditu: “Guk hizkuntza aniztasunaren kudeaketa desegokia agerian jarri dugu. Europan izan diren liskar gehienak ez dira estatuen artekoak izan, estatu barruan gertatu dira. Hizkuntza dago erdian, eta hizkuntza boterea da, baita ekonomikoa ere. Beste hizkuntza bat dakienak lan hobea duela edo ikasteko erraztasun gehiago dituela jakitean, talkak sortzen dira estatu barnean”. Horregatik, Kontseiluko kideak dio hizkuntza-komunitateen arteko aukera berdintasunean sinesten duela, eta horiek bermatuz gero hainbat gatazka saihestuko liratekeela. Bere esanetan hizkuntzen arteko aukera berdintasunaren bila joan behar da, eta nazioarteko erakundeek zeresan handia dute.

Sare propioa handitzea ere jo du erronkatzat Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak: “Berez, gure asmoa ez da kuantitatiboa, kualitatiboa baino. Gutxienez, hizkuntza bakoitza ordezkatuko zuen eragile bat nahi genuen proiektuan. Europako oso hizkuntza gutxitu gutxi geratu dira kanpoan. Behin hori lortuta, erakunde horiei biderkatzeko eskatuko diegu, euren hizkuntzetan sare trinkoago bat osatze aldera”.

Kaiera, tresna garrantzitsua

Protokoloaren luzapen gisa kaiera abiatuko dute sinatzaileek. Tresna garrantzitsutzat du Bilbaok: “Ehun eragiletik gora dabiltza inguruan. Agian ez du balio loteslerik izango, baina zuzenean edo zeharka milioika hiztun ordezkatzen dituen tresna kontuan hartu beharrekoa da”.

Hiztun komunitate bakoitzak protokoloa norbere hizkuntzan bideragarria izan dadin prestatuko duen bide-orria da kaiera: “Hizkuntza bakoitzaren egoera ezberdina da, eta baita tokian tokiko amarauna instituzionalak ere. Beraz, hor jasotzen diren neurriak bakoitzak bere inguruaren arabera jorratuko ditu”. Azken xedea, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloak ezarritako 185 neurriak betetzea da. Bakoitzak bere erritmoan egingo du, eta tarteko urratsak ere kontuan hartu ahal izango dira: “Erritmoa ezberdina denez, ez da beti kolpetik beteko, kasuistika guztiak ezberdinak direlako. Esaterako, Kataluniako Principat-ean neurrien %80tik gora beteta dituzte, eta beste leku batzuetan laurdenik ere ez”.

Kaierak lantzeko azterketa bat egiten da; ondoren, tokian tokiko eragileek esaten dute bost urte barru noraino iritsi nahi duten, eta hamar urtean noraino: “Batzuei irakasleak trebatzea interesatuko zaie, frisieraren kasuan bezala, eta besteei zinema hizkuntza propioan lantzea”. Dagoeneko hainbat tokitan hasi dira kaierak prestatzen. Besteak beste, Aragoin eta Korsikan lehen pausoak eman dituzte, beste zenbait lurraldetan bezalaxe.

Euskararen kaiera aurten argitaratzeko asmoa dute. Bilbaoren esanetan, “guretzat kaiera erronka bat da, eta 2017an inbertsio handia egin dugu prestatzeko. Sinatu zuten eragileekin harremanetan jarri eta eremuz eremu ari gara iritziak jasotzen”. Halaber, Kontseiluan jakitun dira euskararen kasuan egoera berezia dela zatiketa administratiboa tarteko.

Hala ere, ikuspegi nazionala lantzeko beharra dagoela uste du Bilbaok. Kaiera bakarra izango da, baina 185 neurrietako bakoitzak zein erakunderi dagokion jartzen badu, Euskal Herriko kasuan hiru administraziori egingo zaio erreferentzia kasu askotan. Erritmoak ere, herri bakoitzeko errealitateak ezagutzen dutenek markatuko dituzte: “Guk bide-orria zein den esango dugu, baina gero bakoitzak landuko du bere eremuan, baita sektoreka ere”. Hedabideak jarri ditu adibide.

Udalek zeresan berezia dute prozesu honetan, batetik bestera aldaketa handiak daudelako: “Getxo eta Azpeitiako errealitateak ezberdinak dira”. Zer esanik ez Euskal Herriko hiru eremu administratiboak kontuan hartuta. Bilbaoren aburuz, EAEko eta Nafarroako aldundiek praxia gehiago lantzen dute, eta neurri asko Eusko Jaurlaritzara edota Espainiako Gobernura bideratuko dira, eskuduntzak haiek dituztelako. Aldiz, Ipar Euskal Herrian araugintza guztia Frantziako Estatuaren esku dago, eta herriko etxeek sustapena egin dezakete. Kasuistika hori guztia kontuan hartu beharko da kaierak lantzerako garaian. Hizkuntza eskubideak bermatzeko 185 neurriak betetzea da helburu nagusia.

Zer da protokoloa

Europako hizkuntza eskubideak bermatzeko bitartekoa da. Hizkuntza gutxituetako 200 eragileren eskutik 185 neurri zehaztu ziren. Neurri horiek hartuko balira hizkuntza eskubideak errespetatuko lirateke. 2016ko abenduan aurkeztutako protokoloaz informazio gehiago: Donostiako Protokoloa: Badator hizkuntza eskubideen alde borrokatzeko tresna berria


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Sugoi Etxarri Zabaleta, EHE-ko kidea
“Euskararen borroka gaztetzen ari da, oso azkar”

Euskal Herrian Euskarazek apirilaren 22tik 28ra egingo du lehen aldiz Harrotze Astea. EHEk bost ekintza nazional prestatu ditu, eta hortik aurrera, herriz herri hainbat dinamika antolatuko dituzte euskaltzaleek. Sugoi Etxarri EHEko kidea elkarrizketatu dugu. Haren ustez,... [+]


Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Eguneraketa berriak daude