Giro mistikoa

34. Antioko Musikaldia. Easo Eskolania. Zuzendaria: Gorka Miranda. Koruko Andra Mari Musika Kapera. Organo-jolea: Oscar Candendo. Zuzendaria: Andoni Sierra. Bakarlariak: Ana Otxoa (sopranoa), Marife Nogales (mezzoa). Egitaraua: Pergolesi-ren Stabat Mater. Zumarragako Antioko Baselizan. Irailaren 30a.

Musika saio bat gozatzeko elementu garrantzitsu bat, noski, taula gainean ikusi eta entzuten dugunaren kalitatea da. Baina ez da osagai bakarra, eta, batzuetan, ezta inportanteena ere. Badaude, kasu askotan, saioaren testuinguruko elementu batzuk, benetan baldintzatzen dutenak entzuleak hartzen duen inpresioa. Zumarragako Antioko Baselizan ematen diren kontzertuetan horixe gertatzen da. Zoritxarrez, amaitu da 34. Antioko Musikaldia, baina disfrutatu genuen azken kontzertu honetan, hango espiritualtasunak hartu gintuen eta une magikoa bizi izan genuen. Egun hotza, hezea, baina Antioko ermitaren barruan giro berezia sortu zen, kontzertua hasi orduko.

Giovanni Battista Pergolesik Stabat Mater lana bere bizitzaren azkeneko asteetan konposatu zuen. Sentimendu sakona eta sentsibilitate fina nabariak dira obraren zati guztietan. Bakarlariek lan dotorea egin zuten. Ahots biribilak erakutsi zituzten, giro hotza egonda ere, esan bezala. Ana Otxoa soprano bilbotarra adorez aritu zen, nahiz eta ñabadura gutxiko kantua eskaini. Cuius animam gementem pasartean, adibidez, ederki proiektatu zuen ahotsa, eta duo ederra egin zuen Marife Nogales mezzoarekin O quam tristis et afflicta zatian.

Agian Nogales mezzoak hobetu luzitu zuen bere ahots sakon eta haragitsua. Aise pasatzen da kantaria erregistro guztietatik, baina ertainekoa du bereziki distiratsua. Quae morebat et dolebat pasartea, beste batzuen artean, horren adibidea izan zen. Matizatua eta ondo fraseatua atera zen.

Koruko Andra Mari Musika Kapera, Andoni Sierraren batutapean, doitasunez aritu zen, eta behar den taxu eta segurtasunarekin azpimarratu zuen ahotsen lana. Oscar Candendo izan genuen organo-jole adierazkorra, bestalde.

Baina benetako protagonistak Easo Eskolaniako gaztetxoak izan ziren. Mutilez osatutako talde honek (Euskal Herrian gaur egun bakarrenetakoa), Antzinako Musikan espezializatuta, eskarmentu handia du, eta nazioarteko orkestra eta zuzendari garrantzitsuenetakoekin aritu da. Aldi honetan, erabat afinatuta eta enpastatuta abestu zuten, eta elementu klabea izan ziren saioaren magia eta xarma hori sortzeko, dudarik gabe.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika klasikoa
Distira musikan, zakarkeria ekoizpenean

Zer: OLBEk antolatutako Verdiren 'Rigoletto' opera.
Nork: Bilbao Orkestra Sinfonikoak eta Bilboko Opera Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Otsailaren 23an.

------------------------------------------------

Spoiler: Euskaldunan entzun genuen... [+]


Gorabeheratsua

FITXA
Zer: OLBEk antolatutako Mozarten Serralloko bahiketa (Die Entführung aus dem Serail) opera.
Nork: Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Operaren Abesbatzak.
Non: Bilboko Euskalduna Jauregian.
Noiz: Urtarrilaren 20an.

[+]


Fantasia bat haurrei, musika klasikoaren ardatzean

Haendel, Bach, Mozart, Vivaldi... haurrentzat ere izan daitezke, zergatik ez? Publiko espezifikoa izan ohi du musika klasikoak, baina ate gehiago ireki ditzake antzezlan edo ikuskizun berezi bihurtuta. Euskadiko Orkestraren Musika Gela egitasmoa Pantomima ikuskizuna eskaintzen... [+]


Maite Idirin kantari hilberriari azken agurra egingo diote asteazkenean Angelun

Maite Idirin abeslaria urtarrilaren 20an hil da. Angelun bizi zen, eta asteazkenean 10:30ean izango da ehorzketa meza. Euskal kantagintzaren ahots ezagunenetakoa izan da. Emakumeen eskubideen alde borroka egin zuen bere bizialdian.


Eguneraketa berriak daude