argia.eus
INPRIMATU
Goierriko Baratza
Denda ekologikoz gain gizarte eragile
  • Ordiziako produktu ekologikoen denda txikia da Goierriko Baratza, duela 13 urte bi kideren artean sortua. “Hastapen hartan ez zegoen egungo eskaintzarik produktu ekologikoetan, eta ikusi genuen bazegoela modu horretako denda irekitzeko aukera”, azaldu du Danel Etxeberria Pascual kideak. Hasieratik bi kideek garbi zuten, ordea, negozio hutsetik haragoko proiektua izanen zela abiatutakoa. Kontsumo ekologikoaren gaia gizarteratzeko lan aktiboa eginen zutela, alegia.

Garazi Zabaleta 2017ko urriaren 06a
Eskaintza ekologikoa eta sentsibilizazioa

Tokiko produktuei garrantzia ematen diote Goierriko Baratzan, baina bertan eskaintzen dituzten salgai guztiak produkzio ekologikokoak behar dute izan. “Ekoizpen ekologikoko zigilua duten produktuak ekartzen ditugu dendara, oraingoz hori baita produktua benetan modu ekologikoan ekoiztu dela bermatzen diguna”, dio Etxeberriak. Proiektua abiatu zutenetik ekimenak antolatu dituzte gizartea sentsibilizatzeko eta formatzeko. Besteak beste, ekoizpen ekologikoko baserrietara bisitak, hitzaldiak, tailerrak nahiz liburuen aurkezpenak sarritan antolatu dituzte Goierriko Baratzan.

Hamabostaldi ekologikoa eta kontsumo taldearen sorrera
Duela zenbait urtetik Goierriko hamabostaldi ekologikoa antolatzen du Goierriko Baratzak, Zeraingo Udalarekin elkarlanean. Eskualdeko hainbat herritan ekimen ugari egoten dira irailaren bukaerako egunetan, eta aurten ere egitarau aberatsa osatu dute hamabostaldirako: hesteetako bakterien inguruko tailerra, baratzegintza ekologikoaren gaineko hitzaldia, Goieko haragi ekologikoaren elkartearen aurkezpena eta ekoizpen ekologikoko baserri batera bisita.
Aurtengoan berrikuntza eta albiste ona izan da kontsumo talde berriaren aurkezpena izan dutela hamabostaldian: “Kontsumo taldea Basherri sarearen irizpideen barruan sortu den taldea da. Ataungo ekoizle ekologiko batek saskiak prestatuko ditu astero izena eman duten hamalau familientzat”, azaldu digu Etxeberriak. Kontsumo talde berria sortzeko laguntzen aritu da Goierriko Baratza. “Ekoizleari babesa eskaini genion, uste dugulako gure lana ere badela bestelako ereduetan lanean dabilen jendea laguntzea”.