Francisca Rodriguez, nekazaria

"Argi utzi dugu gure feminismoa nekazariena eta herritarra izango dela"

  • La Vía Campesina mugimenduak mende laurdena darama martxan eta uztailean Euskal Herrian egin zuen bere ibilbideko zazpigarren kongresua. Derion bildu ziren munduko hamaika txokotako nekazarien ordezkariak, tartean, Francisca “Pancha” Rodriguez txiletarra, emakume eta nekazarien babeslea. Herrion kontzientzien gainean zama handia dagoela uste du, eta ez du erronka handia gutxietsi nahi, baina Pinocheten diktaduraren aurka borrokatu zenak oraindik ez du itxaropenik galdu.

Danele Sarriugarte Mochales @daneleSM
2017ko urriaren 08a
Argazkia: Dani Blanco.
Argazkia: Dani Blanco.
Francisca Rodriguez (Lo Espejo, Txile, 1946)

Gaztetatik hasi zen Francisca Rodriguez borrokan. Lehenik, eraikuntza-lanean, herritarren esku zegoen Txile baten alde, eta ametsa lapurtu zietenean, amesgaiztoaren aurka erresistentzian. Nekazarien elkartetan jardun da beti, eta orain dela hamasei urtetatik, ANAMURI elkarteko kide aktiboa da: Txileko landako emakumeen eta emakume indigenen alde borrokatzen dira.

Nolatan hasi zinen aktibismoan?

Ufa, aspaldi izan zen hori. Gaztetan. Neure kidea, neure senarra, Nekazarien Konfederazioko gazteen arloko arduraduna zen Ranquil-en, eta uste dut horrek izan zuela zerikusirik. Nekazal erreforma betean geunden Txilen, hain justu ere oraintxe bete dira 50 urte legea onartu zenetik, pasa den udan. Herri proiektu bat eraikitzen ari ginen, Allendek presidente-kargua hartuz geroztik. Pasioz beterik geunden, eta uste dut horregatik ekin geniola erronka historiko horri, herriaren gobernua eraikitzeari, nahiz eta ez zuen iraun mila egun baizik. Hortik gatoz gu, garai heroiko horietatik: gazte pribilegiatuak izan ginen, bestelako etorkizun bat amestu genuen, eta diktadura militarrak bat-batean eten zuen hori dena.

Nola?

Allendek kargua hartu eta berehala jarri zen sedizioa martxan. Gaur egun Venezuelak bizi duen berbera bizi izan genuen guk: eskuin izugarri oldarkor bat, terrore-kanpaina erraldoi bat, elikagaien hornikuntza moztea… Hortxe konturatzen zara zer-nolako pisua eta balioa duten elikagaiek munduan, nola erabil daitezkeen presioa egiteko eta zapaltzeko, tresna ikaragarri eraginkorra da. Eragin handia du: Txile erori zen, eta gero sozialismoa, eta gero Nikaragua, denak metodo berberarekin. Eta orain Venezuela dago mehatxupean.

Diktaduraren aurka borrokatu zinen.

Oso oroitzapen gogorrak dira, izugarriak, oso diktadura odoltsua izan baitzen, ez zegoen familiarik ez zeukanik kide edo senide bat kartzelan, desagerturik edo erbestean. Gero badaude bizirik iraun arren hilda moduan daudenak, neure neba, adibidez, lur jota dago, tortura lazgarriak egin baitzizkioten. Diktaduraren ondorioak azalean bizi ditugu oraindik.

Baina, sasoian, ez zenuten etsi.

Ez, aliantza garrantzitsuak eraikitzeko kapaz izan ginen, duintasunez eutsi genion, eta behin eta berriro aldarrikatu genuen nekazal erreforma artean egiteko zegoela gure herrian. Diktaduraren gau iluna amaitzeko borrokatu ginen, behin ere atseden hartu gabe, eta azkenean iritsi zen demokrazia, ez ordea nekazal erreforma. Gure ametsak zapuztu ziren, zeren, diktadurak prest utzi zuen konstituzio bat, garapen kapitalista oso fuerte bati laguntzeko. Eta horixe gertatu da… Atzo, herri ausartzat gintuzten, herri antolatutzat, diktadura gogor bati aurre egin ziona; gaur, berriz, Latinoamerikako herrialde arrakastatsua gara, txikiena, munduaren amaiera, eta hala ere garrantzitsuena. Txilek ditu, gaur egun, indize ekonomikorik onenak eta indize sozialik txarrenak.

Argazkia: Dani Blanco.

Nolako egoera ikusten duzu Latinoamerikan?

Gaur egun, kontra-erreformak dauzkagu, nekazal prozesu historiko guztiak lehengoratzen ari dira, Mexikotik hasi eta Txileraino, hain justu ere, kapitalak baliabide naturalak nahi dituelako, eta baliabide naturalak gure lurretan daudelako, gure komunitateetan. Gure lurrak hartzen ari dira, lurra jada ez da geurea, herrialdea ez da geurea. Meatzaritza, baliabideen erauzketa… puskaka ari dira herrialdeak eramaten, herrialdeak saltzen ari dira. Sistema ekonomiko benetan maltzur baten aurrean gaude, eta aukera diruditenak mehatxu bihurtzen dira sarri.

Zeren premia ikusten duzu?

Guretzat nekazal erreformaz hitz egitea da herriek elikadura osasuntsua edukitzeko eskubideaz hitz egitea, lurra lantzeko eskubideaz hitz egitea, gure baliabide naturalen defentsaz hitz egitea. Eta eztabaidatzea geure bizitzeko moduaz, landa-eremuan osasun- eta hezkuntza-eskubidea edukitzeaz, geuri nekazarioi mesede egiten diguten errepideak edukitzeaz… Gaur egun, herrialdetik salgaiak ateratzeko eraikitzen dituzte errepide handiak eta gu, nekazariok, errepide horien artean hesituta gaude.

Herrialde bakoitzak bere begirada landu behar du, garapen nazionaleko begirada, kapital finantzario espekulatiboaren aurkakoa. Kapital horrek gure gobernuak zapaltzen ditu, gaur egun kapitalak eragin handiagoa dauka gobernuen gainean herriok baino. Galduta gabiltza herriok, akituta. Hala ere, ez gaude garaituta, inondik ere. Beti esaten dudan moduan, ez dago ehun urte irauten duen gaitzik ez eta hori jasango duen herririk ere.

Horregatik ari zarete oraindik ere borrokan.

Txiki-txiki eginda gaude, horregatik dihardugu CLOC (Latinoamerikako Landako Antolakundeen Koordinakundea) eta La Vía Campesina eraikitzen. Egunez egun, nekazal sektorea txikiagotzen ari da herrialde guztietan, baina hara non gero eta antolakunde gehiago dauden. Ez da antolatzeko gaitasun handiagoa dagoelako orain, baizik eta mugimendua zatitzen ari delako. Gu, ordea, CLOC-La Vía Campesinan hainbat antolakunde gara, baina bandera beraren pean goaz denok ibilian.

Zergatik da hain inportantea elkarrekin borrokatzea?

Gaur egun bizi ditugun une politiko hauetan, aliantzak dira gakoa. Guk argi daukagu, sektore gisa, bakarrik arituta ez dugula borrokarik irabaziko, horregatik eraiki behar dira adostasun handiagoak, eta uste dut hori egin dugula nazioartean, baina uste dut lurraldeetan bertan indartu behar ditugula sareak. Helburu edo interes berberak dauzkatenak artikulatu behar dira, besterik ez bada helburu hori lortzeko.

Esaten dute kapitalismoa dagoela krisian… zer krisi, ordea? Krisian gu gaude, kapitalismoa ez da krisian egon orain dela ez dakit zenbat hamarraldi. Kapitalak asmatzen ditu krisiak, bata bestearen atzetik, eta nor ateratzen da garaile? Gu ez, gu hor geratzen gara, lehen baino biluziago. Beraz, konfiantza berreskuratu behar dugu, eta itxaropena elikatu. Borroka globalizatu behar dugula, horixe da gure kontsigna, baina horretarako itxaropena ere globalizatu behar dugu.

Argazkia: Dani Blanco.

Zer da CLOC eta nola abiatu zen?

La Vía Campesinarekin batera ekin genion bideari. Mugimendu horren sustraiak estu daude loturik Latinoamerikarekin, izan ere, lan handia egin genuen “deskubrimenduaren” 500. urteurrenean erresistentzia indigena, nekazari, beltz eta herritarra antolatzeko. Hala batu ginen. Geuk aldarrikatu genuen latinook ez geneukala zer ospatu, baina gure burua geneukala deskubritzeko. Bost urtez aritu ginen kanpaina hori artikulatzen, eta konturatu ginen, hura antolatzeko gai izan baginen, beste zerbait artikulatu genezakeela Latinoamerikako mugetatik kanpo ere, garai hartan indarra egiten ari ziren beste mugimenduekin batera, hala nola EHNErekin. Hala iritsi ginen munduaren nekazal artikulazio horretara. Sorrera zirraragarria izan zen, helburu eta ametsak geneuzkan, baina garai hartan ez genekien La Vía Campesinak halako eragina izango zuenik munduan.

Ez bakarrik nekazari zaren aldetik, emakume zaren aldetik ere borrokatzen zara.

La Vía Campesina sortu bezain pronto hitz egin genuen argi emakumeok. La Vía Campesina sortzen ari ginela, horixe izan zen eztabaida sutsuetako bat: ea zer balio emango zitzaion emakumeon lanari eta zer toki hartuko genuen prozesuaren barruan. Garrantzitsua izan zen hura, eta ez pentsa eztabaida samurra izan zenik. Gogoan dut emakume batek indar handiz hitz egin zuela sorrerako eztabaida haietan, eta iruditu zitzaidan ez geundela bakarrik, eta elkarrekin lortu genezakeela hori, La Vía Campesinak sorreratik bertatik emakumeen parte-hartzeari garrantzia eman ziezaiola. Lortu genuen, bai, eta uste dut mugarri bat ezarri genuela. 1992an sortu zen La Vía Campesina, 1993an berriz CLOC, eta hura sortzeko orduan ere, asko hitz egin genuen beste emakumeen prozesu hartaz.

ANAMURI sortu zenuten (Landako Emakumeen eta Emakume Indigenen Txileko Elkarte Nazionala).

Beste antolakunde baten ordezkari gisa nengoen CLOC-en, Ranquil-eko Konfederazioaren ordezkari moduan. Garai hartan barra-barra ari ziren sortzen emakumeen antolakundeak. Ez genuen nahi emakumeen antolakundetzat har gintzaten, geuk mugimenduaren parte izan nahi genuen, eta gainerako erakundeen mailan aritu. Eta baldintza horietan sortu genuen ANAMURI, emakumeen espazio bat. Hasieratik esan genuen ez ginela ghetto bat, gu geu eta geure kide emakumeak indartu nahi dituen espazio bat baizik. Helburua, gainera, beste kideekin batera borrokatzea zen, mugimenduari ekarpenak egitea. Errebelde jaio ginen, mugimendu historikoko jarrera matxista guztiak iraultzeko asmoz, erakunde horietan oso logika patriarkalak egon baitira eta emakumeok bigarren mailan egon baikara. Guk nahi genuen parez pare eseri mahaian beste antolakundeekin, eta urte baten buruan lortu genuen eskubide osoko antolakunde izatea, ahotsa eta bozka zeuzkana.

Argazkia: Dani Blanco.

Landako emakumeak eta emakume indigenak biltzen zarete antolakundean.

Horrek ere badu bere zera. Hasiera batean, ANAMUR ginen, eta landako emakumeak ginelako elkartu ginen: nekazariak, artisauak, indigenak… Landa-munduaren aniztasuna biltzen genuen. Baina, gero, emakume indigenek salatu zuten gizarteak betidanik baztertu eta ezabatu dituela, eta ez zirela berriro ikusezin izango. Hala, landako emakumeen eta emakume indigenen elkarte nazional bilakatu ginen, ANAMURI.

Bestalde, eztabaida sakonak izan ditugu emakume indigenekin, Latinoamerikako emakumeok gure buruari ezarri diogun zeregina delako gure burua feministatzat hartzea eta gure feminismoa eraikitzea, eta gure elkarteko emakume indigena batzuk ez zeudelako ados horrekin.

Mesfidantza zaio feminismoari?

Landa-munduan gauza izugarri gisa aurkeztu baitute feminismoa beti, beraz deabrua kendu behar izan diogu. Guk argi utzi dugu gure feminismoa nekazariena eta herritarra izango dela. Hiriko feministekin lan egingo badugu, haiek ondo jakin behar dute gu langile-klasekoak garela.

Gure feminismoa eraikitzen ari gara oraindik, edukiz betetzen ari gara. Adibidez, Paraguaiko kideek esan zuten feminismo herritarra eta iraultzailea izango dela gurea. Eraikitze-bide honetan harresiak eraitsi behar izan ditugu gure buruan eta gure antolakundeetan, eta erakutsi behar izan dugu gure jarduna feminista dela, emakumeen eskubideak ez ezik emakumeen interesak ere defendatzen ditugulako.

Latinoamerikako prozesu bat da hauxe. Europako kideekin konpartitu dezakegu akaso, baina La Vía Campesina mugimendu anitza da, hor daude muga kulturalak, patriarkatua modu ezberdinetan agertzen da, eta nork bere erabakiak hartu eta bidea egin behar du.

Hitz egin dezagun elikadura subiranotasunaz. Printzipio bat ei da, ez kontzeptu bat.

Kontzeptuz beterik gaude, sarritan hutsak, ezin ditugunak interpretatu ere. Printzipioak, ordea, defendatu egiten dira, eta printzipioei eutsi egiten zaie. Kubako kideek beste zerbait gehitu zioten definizio horri: printzipioak defendatu egiten dira, eutsi egiten zaie eta ez dira negoziatzen. Guretzat elikadura-subiranotasunak dimentsio hori hartu du. Ezin diogu mundu osoari eskatu halakorik, baina lurra zaintzen duten eta bertan bizi diren gure komunitateen oinarria da.

Elikadura-subiranotasuna eskubidez osaturik dago. Ez dago elikadura-subiranotasunik non eta ez dagoen lurra edukitzeko eskubiderik, hori bai, lurra lantzeko, ez lurra monokultiboz betetzeko edo higiezinak eraikitzeko.

Off the record: Trenaren bideak

Elkarrizketa amaitu ostean, jaioterriaz galdetu diot Rodriguezi, eta hauxe kontatu dit Lo Espejori buruz: “Garai batean, tren-geltoki garrantzitsu bat zegoen han. Hegoaldetik Santiago hiriburura zihoan trenak hantxe egiten zuen azken geldialdia, eta ispilu txiki bat ateratzen zuten bidaiari denek, apaintzeko. Horregatik jarri zioten izena”. Orain, berriz, Lampan bizi da Rodriguez, Santiagotik iparraldera dagoen landa-eremuan, eta nekazariek erabiltzen zituzten trenbide-sareak kendu izana deitoratu du.


La Via Campesina kanaletik interesatuko zaizu...
2017-07-23 | Unai Brea
"Denentzako elikadura osasungarria bermatu behar dute politika publikoek"

Larunbatean Derioko Nazioarteko Konferentziari amaiera eman eta gero, manifestazioa egin da igandean Bilbon, La Via Campesinak deituta. Moyua plazatik Zazpi Kaleetako Plaza Barrira arteko ibilbidea egin dute ia 2.000 lagunek, eta ondoren bazkaria izan da. Horren aurretik bezperan aurkeztutako Euskal Herriko Deia agiria irakurri dute berriro, eta Europako La Via Campesinak biltzarrean egindako hausnarketa plazaratu du.


2017-07-22 | Unai Brea
La Via Campesinaren Euskal Herriko Deia: "Borroka hau kritikoa da gizateriarentzat"

Euskal Herriko Deia zabalduz amaitu da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra Derion. Lau egunez eztabaidan aritu eta gero, biltzarraren ondorioak biltzen dituen adierazpena aurkeztu dute bi ordu inguruko ekitaldi hunkigarri batean. Mundu osoko 200 milioitik gora laborari ordezkatzen duen mugimendua handitzen jarraitzeko eta elikadura burujabetzaren eta agroekologiaren ildoetatik borrokatzen jarraitzeko nahia agertu du La Via Campesinak.


2017-07-21 | Unai Brea
"Argentinako iparraldean familia askok galdu dituzte lurrak, eta soja eremuen erdian bizi dira orain, uharte txikiak bailiran"

Argentina iparraldeko Santiago del Estero probintziatik etorri da Deolinda Deo Carrizo La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarrera. Nekazari indigenen eskubideen alde borrokan diharduen MNCI (Nekazari Indigenen Mugimendu Nazionala) taldeko kidea da, baita mugimendu probintzialekoa ere.


2017-07-21 | Unai Brea
"Nekazarien ohiko jarduerarekin zerikusirik ez duten baldintzak ezartzen ari dira, nork sal dezakeen erabakitzeko"

La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren egitarau osagarriaren barruan, nekazarien eskubideen urraketari buruzko txostena aurkeztu zuten asteazkenean. EAEri dagokion atalaren egileak, Leticia Urretabizkaia EHUko ikerlari eta hezitzaileak, gurekin hitz egin zuen aurkezpena egin baino lehentxoago.   


2017-07-20 | Unai Brea
"Eguneroko jatekoa erostea ekintza politikoa dela ikusarazi nahi dugu"

“Elkarte txikia gara eta guretzat erronka handia da nazioarteko konferentzia hau antolatzea, baina gure errealitatea ikusarazteko aukera bikaina ere bada”, esan digu Alazne Intxauspe EHNE Bizkaia sindikatuko kideak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarra inauguratu eta ordu gutxira. “Elikadura osasungarria denon eskubidea da”, azaldu du Intxauspek, “eta herri bakoitzak zer elikadura nahi duen erabakitzeko eskubidearen jabe izan behar du”.


2017-07-19 | Aritz Loiola
ARGAZKIAK: Hasi da La Via Campesinaren nazioarteko konferentzia Derion

Jendez mukuru izan da Derioko apaiztegi zaharreko eliza zena, Biltzarraren inaugurazio ekitaldian. Dantzak, kantuak eta musikak hartu dute lehenbiziko ordua, mezu politikoek bigarrena. Amaieran, azken urteetan La Via Campesinarekin bat egindako elkarte berrien aurkezpena egin da. Gogorarazi dutenez, 200 milioi laborari baino gehiago ordezkatzen ditu antolakundeak dagoeneko, 70 herrialde baino gehiagotan. Aritz Loiolaren argazkiak segidan.


2017-07-19 | Unai Brea
Mundua elikatuz mundua aldatu; abian da nekazari txikien biltzar erraldoia

Pertsonak elikatzeko nekazarien beharra du munduak. Eta modu egoki eta jasangarrian egiteko, edozein ereduk ez du balio. Hala aldarrikatu du Miguel Blancok, Espainiako Estatuko nekazari elkarteen COAG federazioko idazkari nagusi eta hizlari kementsuak, La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarrari hasiera ofiziala emateko egindako ekitaldiaren amaieran. Datozen egunetan eredu horren aldeko estrategiak finkatzen saiatuko dira mundu osotik Euskal Herrira etorritako ehunka ordezkariak.


2017-07-19 | Unai Brea
"Elikadura txarra Espainiako Estatuko osasun publiko arazorik handiena da, baina ez da neurririk hartzen"

Javier Guzman VSF (Elikadura Justizia Globala) elkarteko zuzendaria da. Derion izan da, La Via Campesinaren Nazioarteko Biltzarraren ekimen osagarrietako batean. Hain zuzen, bere elkartea Espainiako Estatuan egiten ari den Dame veneno (Emadazu pozoia) kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu.


2017-07-19 | Unai Brea
"Lehen aldiz hitz egin dugu nekazarien feminismoaz, eta hori historikoa da"

Derion egin berri den La Via Campesinako V. Emakumeen Biltzarra historikotzat jo du Sandra Moreno Cadena antolatzaileetako batek. Moreno kolonbiarra da jatorriz, baina Espainian bizi da. Andaluziako Langileen Sindikatuko kidea da, eta zehazkiago Landa-eremuko Langileen Sindikatukoa. Haren ahotik jaso dugu Emakumeen Biltzarrak emandakoaren berri.


2017-07-18 | Unai Brea
Nekazari gazteen biltzarra: lanerako baliabide eta jakintza premia

Nekazari gazteen nazioarteko laugarren asanblada izan da La Via Campesinaren VII. Nazioarteko Biltzarraren lehen urratsa. Egun eta erdiko bilkurak emandakoa azaldu digu Paula Gioiak, La Via Campesinaren koordinazio batzordean Europak dituen ordezkarietako batek.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude