Bertsio ofiziala kalean borrokatzen da

  • Gasteizko tour politikoak elkarri lotuta dauden garai eta agertokiak ditu ardatz, nola Lauaxeta-ren fusilatzea edo 1976ko langile sarraskia. Herri-tresnatzat dute ibilbidea Martxoak 3 elkartekoek, Frankismoaren krimenak desitxuratzeko “estatu estrategiaren” aurrean. Urriaren 7ko ARGIA Egunean ezagutu ahal izango dituzu kaleari konkistaturiko memoriaren espazioak.


2017ko irailaren 20an - 18:16
‘OroiTour’ ibilbideak azken mende eta erdiko Gasteizko historian barrena bidaia proposatzen du. Urriaren 7ko ARGIA Egunean 1976ko gertakizunak izango ditugu ardatz, eta berariaz prestaturiko joan-etorria egingo dugu Zaramagara. Lander Garcia, Martxoa

“Bertsio ofiziala etengabe borrokatu behar den munstroa da”, dio Lander Garcia gasteiztarrak, Martxoak 3 elkartean egiten ari diren lanaren berri ematen duen bitartean. Eta horretarako tresna guztiak dira beharrezkoak. OroiTourrekin kalea aukeratu dute. Ibilbide honen bidez ezagutarazten dituzte azken mende eta erdian Gasteizen izandako hainbat gertaera, hiriaren izaera definitzeko mugarri izan direnak.

Asmoa duela hamar bat urte sortu zen, Martxoak 3ko hainbat kide Ipar Irlandara lehenengo bidaiak egiten hasi zirenean. Hango hirietan tour politikoak antolatzea ohikoa da –euskaraz ere egin izan dira–, Belfasten eta Derryn adibidez. Berehala antzeman zuten Derryko 1972ko Bloody Sundayko gertaeren eta Gasteizko 1976ko sarraskiaren arteko antzekotasuna: “Gogoratzen dut –dio Garciak– Free Derry museoan izan ginenean hango lagunei hori esan geniela, eta haiek erantzun ziguten ez ginela lehenengo gasteiztarrak halako zerbait sentitzen zutena”. 2011n bi hiriak senidetu egin ziren eta geroztik Derryko biktimen familiar eta lagunek urtero bidaiatu izan dute Euskal Herrira.

Gasteizko lehen ibilaldi “pilotua” 2008an antolatu zuten, Hala Bedi irratiak 25 urte eta Gaztetxeak 20 egiten zituztela-eta. Tour politikoekin, berriz 2010ean hasi ziren eta jadanik 200 pertsona baino gehiagok hartu du parte eta ikasleentzako unitate didaktiko bat ere sortu dute, besteak beste.

Zaramaga auzo langilea epizentroan

Tourraren zati handiena Zaramagan izaten da, duela 41 urte poliziak eraso zuen tokietan barrena. Auzoa frankismo garaian jaso zen eta beste toki batzuetatik etorritako langileen bizitoki bihurtu zen laster: “Gasteizek denbora gutxian bere biztanleria hirukoiztu zuen, langile asko etorri zen, eta horrela uler litezke urte horietako grebak eta atzean zegoen mugimendu asanblearioa”.

Baina bisitak ez dira mugatzen horretara, helburua baita jendeari ulertaraztea zergatik eta nola sortu ziren 70eko hamarkadako gatazka sozial eta politiko horiek. Eta horretarako, ezinbestean Frankismoaren errepresioaz hitz egin behar. Hortik ez oso urrun Santa Isabel hilerria dago, faxistek ia 200 lagun fusilatu zituzten hango hormen kontra, tartean Estepan Urkiaga Lauaxeta olerkaria 1937ko ekainaren 25ean. Hilerria XIX. mende hasierakoa da –100.000 lagun daude lurperatuta– eta horrek aukera ematen du foruez, Bigarren Errepublikaz edo hiriko familia liberal eta karlisten paper politikoaz ere hitz egiteko: “Ezin dugu egungo betaurrekoekin begiratu, baina jakin beharra dago”, dio Martxoak 3ko kideak; Historia ezagutu, oraina ulertzeko da euren leloa, hain zuzen.    

Etengabe eraldatzen ari den tourra

Urteotan guztiotan ibilbidea eraldatuz joan dira, “espazio publikoa memoriarentzat konkistatu dugun heinean”. Hala, elkartearen eta herritarren ekimenez 1976an bost langile hil zituzten tokiak “jantzi” dituzte: mural erraldoia, monolitoa, memoriala... Hurrengo urteetan auzoan poliziak hildako beste hainbat biktimaren omenezko plaka ofizialak jartzea ere lortu dute.

Martxoaren 3ko sarraskiak hiri osoa “markatu” zuen Garciaren esanetan eta belaunaldi berriek badituzte horren inguruko erreferentziak. Azken urteetan borroka sozialen katalizatzaile bilakatu da egun hori, baina gasteiztarrak gogorarazi du ez dela beti horrela izan, eta “duela ez hainbeste” elkarteko kideek Auzitegi Nazionalean amaitu zutela Ertzaintzaren atestatu baten ondorioz.

Horregatik jarraitzen dute kalean oroimena elikatzen, garbi izan dezagun duela lau hamarkadako greba handien atzean bazegoela Gasteizen elkartasunean, justizia sozialean eta horizontaltasunean sinesten zuen jende bat: “Hori guztia transmititu egin da eta oraingo herri mugimenduetan ikusten ari gara”.

 


 

ARGIA EGUNA’17

Oroimenaren eta Euskararen zutabeak

 

Urriaren 7an laugarrenez ospatuko dugu ARGIAEguna, oraingoan Gasteizen, herri mugimenduen eta euskaltzaleen taupadaz bizi-bizi dagoen hiria. Goizeko egitarauan zita garrantzitsu bat izango duzu: hiri borrokalari eta euskalduna ezagutzeko ibilbide gidatuak.

Bi zutabe antolatu ditugu, biak Gaztetxe ondoko Etxauri plazatik irtengo dira (euria egingo balu Landatxotik). Lehenak 10:30ean egingo du Zaramaga alderantz eta Martxoak 3 elkartearen OroiTour ibilaldia izango du ardatz. 1976ko sarraskiaren agertokiak ezagutuko ditugu elkarteko kideen eta audiogiden laguntzarekin.

Bigarrena, Gasteiz Euskaldunaren ibilbidea, GEU elkartearen eskutik dator eta 11:00etan irtengo da. Alde Zaharrean barrena, euskarak hirian duen garrantziaz jabetuko gara bereziki ARGIA Egunerako bilduko diren hainbat lagunen testigantzekin.

Ibilbideetan parte hartzeko komeni da aurrez izena ematea:

  •     E-postaz: komunitatea@argia.eus helbidera idatzita.
  •     Telefonoz: 943 37 15 45 zenbakira deituta.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Argia Eguna
Zuek gabe ez legoke Argia Egunik

Zorionez, ARGIAn badugu txoko hau eta probestu nahiko genuke pasa berri den urriaren 7an Gasteizko Argia Eguna aurrera atera zedin modu batera edo bestera lagundu diguten guztiei eskerrak emateko. Euskaldunok hitz gutxikoak omen gara, eta eskerrak ematea ere asko kostatzen omen... [+]


Argia Eguna
Komunitate oso batek bultzatutako kazetaritza independentea

Ospatu dugu Gasteizen Argia Eguna. Kataluniako anabasa guztiaren erdian, buruak ekarri ditugu gurera, eta laugarren urtez Argia Jendearekin gozatzeko aukera izan dugu Arabako hiriburuan.


2017-10-10 | Dani Blanco
Galeria: Argia Eguneko irudi onenak

Urriaren 7an Gasteizen ospatu genuen Argia Eguna hango eragiel eta lagunekin elkarlanean eta komunitate osoa bilduta, kazetaritza independentea babesteko helburuz. Hemen egunak utzitakoa iruditan.


Eguneraketa berriak daude