30 urteren bueltan dabilen belaunaldikoa da Izaro Ieregi (Algorta, 1987ko urriaren 28a), arretaz jarraitu beharreko belaunaldia, inondik ere, arteak Euskal Herria erakusteko duen modutik zerbait ikasi nahi bada. Gure bizitza da.
Arte Ederrak ikasia, Okela Sormen Lantegiko kide fundatzailea da. Gaztea izanagatik, lan ugari egin du orain arte, tartean 81 amama dokumentala, baina bere arte lana da hona ekartzeko arrazoia. Proiektuka egin ohi du lan, serieka, eta bere kezka estetikoa zeinuak keinu bihurtzea da, zeinuei gorputza ematea.
Buenos Airesen egon da denboraldi batez, eta han egin zituen, aurrez Txinan bezala, Zero Gradua ariketak, Time For Love egitasmoaren baitan. Lazkaoko Beneditarren Fundazioaren dokumentazio zentroan abiatzen da bere lana: han aurkitutako pegatinetan agertzen diren ekintzetan oinarrituta gidoiak sortu eta ariketak egiteko eskatu zien hainbat performerri. Ariketa horiek argazki eta bideoetan jasotzen ditu. Eta horrekin egiten du lan, eskultura bilaka daitezke, edo ez.
Elkarrizketa egin zion Ainhoa Larrabek Berriarentzat Buenos Airesera abiatu aitzin. Hauxe zioen artistak bere lanari buruz: “Komunitate baten mekanismo ideologikoak bistaratzen saiatu naiz ariketa horien bidez, garai historikoak bizi dituen komunitate batena”. Eta beste hau ere bai: “Proiektuak talde sozialen subjektibitatearen inguruan jarduten du. Irudien pertzepzioa zalantzan jartzeko nire testuinguru propiotik ateratzea garrantzitsua iruditu zait, errealitatea keinu gisa ikusteko; hau da, zero gradura itzultzeko”. Garai historikoak. Gure bizitza zen.
Urriaren 6an irekiko du erakusketa Basaurin, Arizko Dorretxean. Garazi Ansak idatzi dio testua, irakurtzekoa. Arretaz jarraitu beharreko belaunaldia.