Irabazleen ahuntza

Gezurra badirudi ere, Kataluniari buruz ez hitz egitea erabaki dut. Danilo Zolo pentsalariak Irabazleen justizia liburuan dioenez, nazioarteko krimenak galdutako gerrak besterik ez dira. Hau gurera ekarriaz, herri txikiak gerra galduetan murgildurik ibiltzen gara, eta, horregatik, beti gaude justiziarik ez dagoen eremuan, kriminalizazio eremuan, ahaztuen, gaiztoen edo terroristen eremuan.

Irabazleek egiten dute Legea, hizki larriz idazten dena, eta bortizkeriaren monopolioaz betearazten digute. Eurak ez daukate lege hori bete beharrik, eta betetzen ez badute ere, askotan gertatzen dena, abokatu eta epaileak jartzen dituzte, lagunak, ia inoiz zigortuak ez izateko.

Irabazleek gerrak irabazten dituzte, eta hildako guztien gainean Bakearen Nobel saria eskaintzen diete. Galdu dutenak, ordea, lurraldea, etxea, eta bihotza triskatuta dakusaten artean, justiziaren atzamarrak euren gain sumatzen dituzte, ezintasunean erabat paralizatuak.

1936an estatu-kolpea eta ondorengo hiru urteko gerra eragin zutenak irabazle atera ziren. Aurkako ideiak zituztenak akabatu zituzten milaka, ez frontean, herrietan baizik, eta oraindik asko bide bazterrean edo mendietan lurperatuta dauzkagu.

Irabazle ziren aldetik, ez ziren inoiz juzgatuak izan; alderantziz, ohorez tratatuak izan ziren. Jendartea eraso zuten, atxilotu, kartzelatu, fusilatu, desagerrarazi. Euren ideiak inposatu zituzten egitura totalitarioa eraikiz, gizarte hertsi, izuti eta indibidualista isila eratuaz, non denak denen beldur ziren, auzokoekiko mesfidantzan biziaz, hormak ere belarriak baitzituzten, eta hitz egitea arriskutsua izan zitekeela pentsatuaz.

Irabazle hauek, estatuaren babesean negozioak egin zituzten, ondasun handien jabe egin ziren, eta besteentzat infernua zena eurentzat paradisu izan zen, gizakien gehiengoaren sufrimenduak areagotuz, gutxi batzuei, zoriona lortzeko balio izan ziena.

Diktadorea hil zenean, dena ondo lotuta utzi zuen, boteredunek kapitala pilatzeko aldaketa politikoak behar zirela adierazi zutenean. Sistema politiko berria, Legea, hizki larriz, berritu zuten, armadaren begiradapean, eta jendartearen gainetik amnesia orokorra dekretatuz.

Estatu berritua egitura zaharraren barnetik jariatu zen, ustez dena aldatuaz ezer aldatu gabe. Irabazleek berriro irabazi zuten, eta irabazle jarraitu dute gaur arte. Galtzaileek berriro galdu zuten, eta euskaldun galtzaile batzuek, temati, apurketa demokratikoa aldarrikatu, eta borrokan jarraitu zuten arren, ez dute lortu, esan dezakegu jada, frankismoaren ondorengoen egitura politiko ustela zulatzea.

Agian, irabazleek, berriz ere, herri txiki bat zapalduko dute, Diagonaletik ahuntza paseatuaz. Halere, galtzaile tankerako abizena duen parlamentariak esan duenari helduko natzaio, etorkizuna ezin baitut asmatu: urriaren 1ean frankismoa hilko da behingoz, Kataluniako hautestontzi batean. Kaka zaharra, ez nuen Kataluniari buruz hitz egin nahi!

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


ASTEKARIA
2017ko urriaren 01a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude