argia.eus
INPRIMATU
Maria Solana
Irmo normalizazioaren bidean
  • Gauza jakina da Nafarroako Euskararen Legeak hiru zatitan banatu zuela herrialdea, euskararen ofizialtasunari zegokionez: eremu elebiduna, zeinean euskararen lege-estatusa EAEkoaren parekoa zen; eremu mistoa, non herritarrek zenbait eskubide zituzten, tartean euskaraz ikastekoa, eta, azkenik, eremu erdalduna, inolako eskubide gabea.1986a zen.

Maria Solana 2017ko irailaren 21

Harrezkero, hurrengo hiru hamarkadetan, euskararen egoerak okerrera egin zuen Nafarroan Foru Administrazioari dagokionez: helduen euskalduntzea ekonomikoki itotzeko ahalegina, Euskalerria Irratia eta euskal hedabideen kontrako jokabidea, hezkuntzan euskaraz ikasteko Administraziotik behin eta berriz jarritako oztopoak. Egoera hainbeste gaiztotu zen, ezen 1998an Euskaltzaindiko presidente Haritschelharrek berak hizkuntza politika eztabaidatzeko bilera eskatu zion, jendaurrean, Miguel Sanzi. Alferrik: UPNren gobernuek, dekretuz dekretu euskararen kontrako neurriak hartzen jarraitu zuten (372/2000k euskararen ezagutza atzerriko hizkuntzaren pareko bihurtzen zuen eremu mistoko administrazioan; 29/2003 dekretua, esate baterako, Hezkuntzako 2016ko oposizioetan euskarazko lanpostuen kontra egiteko; azken hau Administrazio Publikoetan euskararen erabilera arautuko duen dekretu berriak indargabetuko du laster).

Lasai esan daiteke euskararen normalizazioa kosta ahala kosta eragotzi nahi zela. Erraz uler daiteke, beraz, mobilizazio sozialak bere jomugan izan izana Euskararen Legea.

Hiru hamarkadatan lege-hobekuntza gutxi izan ditu euskarak Nafarroan: 2010ean hiru udalerri igaro ziren eremu erdaldunetik mistora, baina benetako aldaketak geroago etorri dira. 2015ean aldaketa kualitatibo handia gertatu zen, euskaraz ikasteko eskubidea herrialde osoko hezkuntza publikora hedatuta; aldaketa kuantitatibo handiena 2017an gauzatu da: 44 udalerrik lortu dute eremu erdaldunetik mistora igarotzea. Bi-biak eskutik doaz, gaur egungo egoera sozialean ezinbestekoa baita euskararako eskubidea legeetan txertatzea, eguneroko praktikak jendartean normaltasunez finka dezan gero. Horretarako oinarrizkoa da Gobernua sustatzailea izatea, ez oztopo-jartzailea, baita guztiok jakitea ibilbidea eskubideen defentsan oinarriturik egingo dugula, horrek ematen baitigu nafar gizartearen babesa.

Etorkizunean lehentasunez aldatu beharrekoak gizartearen harrera eta jarrera dira. Nafar hizkuntza gatazka politikotik atera beharra dago, eta hori lortzea guztion erantzukizuna da. Indarrean dagoen lege markoak euskararen sustapenerako lan-esparru zabala eskaintzen digunez, langintza hori ahalik eta atarramenturik handienarekin egiten ahaleginduko da Gobernua. Parlamentuan Foru Lege berri bat onartzeko adostasuna lortzen ez den bitartean.

Finean bilatu beharko dugu nafar guztiek, ideologia zein duten ere, normaltzat hartzea euskara eta haren sustapena. Alegia, hizkuntzarekiko kontrakotasuna indargabetzea dugu eginkizun garrantzitsuenetako bat. Horretarako, euskararen normalizazioaren aldeko jarrera gizartearen sektore ideologiko guztietara hedatu beharko dugu, defendatzen duten planteamendu nazionaletik harago.

Maria Solana Nafarroako Hezkuntza Kontseilari eta gobernu bozeramailea da