La Naval

Pribatizazioak ontziola eskoratu du azkenean

  • Sestaoko La Navalek abuztuaren 30ean hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen, bere 220 lanpostuak oso kolokan jarriaz. Langileak ez daude geldi eta irailaren 21ean manifestazioa egingo dute Ezkerraldean. Izebergaren punta baino ez da, ontziolarentzat lan egiten duten azpikontratetako eta enpresa hornitzaile txikietako ehunka lagun askoz okerrago baitaude. Hondamendia 2006an hasi zela dio zenbaitek, Espainiako Gobernuak La Naval esku pribatuetan utzi zuenean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2017ko irailaren 24a
Pribatizazioak  babesik gabe utzi ditu langileak, batez ere azpikontratetan dabiltzanak (Argazki Press / Aritz Loiola)
Pribatizazioak babesik gabe utzi ditu langileak, batez ere azpikontratetan dabiltzanak (Argazki Press / Aritz Loiola)

“Jendeak ezin du begira egon”. La Navaleko zuzendaritzako kide batek joan den irailaren 11n egindako bileran botatako esaldi horrek erresumina sortu zuen langileen artean, batek baino gehiagok pentsatuko zuen, “eta zuek nora begira egon zarete orain arte?”. Enpresaren kudeaketa txarrari egozten diote gehienek ontziolaren oraingo egoera larriaren errua.

Egun horretan bertan zuzendaritzak iragarri zuen aldi baterako kontratua duten 50 langile bota eta lantalde finkoa osatzen duten gainerakoei enplegua erregulatzeko espedientea irekiko ziela sei hilabeterako. Likidezia falta eta lan kargarik eza argudiatu dute sozietateko arduradunek. La Navalek baditu hainbat ontzi eraikitzeko bere eskaera zorroan, baina jarduera oso eskasa da momentu honetan Sestaoko instalazioetan eta hornikuntza ere geldirik dago, azken urteetan pilatutako zorren eta galeren ondorioz.

Hartzekodunen konkurtsoa edo inbertitzaileen mauka

Despidoaren atarikotzat hartu daiteke erregulazio dosierra zabaltzeko neurria, abuztuaren 30etik hartzekodunen konkurtsoan baitago La Naval. Ajeak ez dira oraingoak ordea, 2014an eskaera krisi larria igaro zuen eta langileak etxera bidali zituen denbora batez lan karga sartu artean. Herbehereetako TESO enpresarentzat ferry bat eraikitzeak salbatuko ei zuen, baina negozio hori eta hurrengoak ez zitzaizkion uste bezain ondo atera. Hala, aurtengo udaberrian hornitzaileei ordaintzeari utzi eta uda hasieran aurre-konkurtsoa aurkeztu zuen. 80 milioi euroko galerak ditu La Navalek, hornitzaileei 50 milioi zor dizkie eta bankuei beste 150.

Dirutza horri aurre egiteko modua izan zitekeen kapital soziala handitzea, eta aukera hori oso zabalik zegoen duela hilabete batzuk, Manuel del Dago enpresari asturiarrak esperantza elikatuta. Del Dagok 90 urte ditu eta Miamin bizi da, Picos de Europan artzain izatetik Kolonbian eta AEBetan ontzigile izatera igaro zen eta gaur egun Naviera del Nervión-en jabeetako bat da, La Navalen akzioen %10 duen enpresa. Zenbait hedabidek argitaratu du enpresaria proposamena egitear dela; izan ere, konkurtsoan sartuta, inbertitzaileak zorraren zama ez luke izango, baina ikusi beharko litzateke nola eragingo liekeen langileei.

Balizko koiuntura horrek, ordea, ez lituzke alboko kalteak eragotziko ingurumarian dabiltzan dozenaka hornitzaileren artean, La Navalek ez baitie zorretan utzitakoa kitatuko. 40 edo 50 enpresa txiki eta ertain dira euren produkzioaren zati handiena ontziolara bideratzen dutenak, eta azpikontratekin batera 1.600 lagun ingururi ematen die lana. La Naval likidatuko balitz haiei egingo die kalte handiena, kaleratzeak eta aurrejubilazioak negoziatzeko indar askoz gutxiago baitute. Sestaoko Podemosek enpresontzako erreskate plan bat abian jartzeko eskatu du, kreditu bigunak eskainiz.

Sestaoko instalazioak, geografikoki oso ondo kokaturiko lurrak izanik, espekulazio urbanistikoaren mamua ere zabaldu da. (Argazki Press / Luis Jauregialtzo)

Historia pixka bat: 2006ko pribatizazioaren ondorioak

Enpresaren norabidearen erantzukizuna Ingeteam eta Murueta ontziolek dute bizkar gainean, beraiek baitira jabe nagusiak –akzioen %38 bakoitzak–. Langileek hori badakite eta joan den irailaren 8an akziodunek eta enpresa batzordeak egindako bileran garbi utzi zuten: Sestaoko plantaren kanpoaldean bilduta Ingeteam-Murueta errudun leloa zeraman pankarta handi bat zabaldu zuten. 2006an erosi zutenetik La Naval “kontrolik gabe” eraman dutela diote.

Ontziola historikoak gorabehera ugari izan ditu 108 urteko bere historian. Euskalduna ontziola ezagunarekin batera sektore publikora pasa zen 70eko hamarkadan eta milaka langile biltzen zituzten bien artean. 1984an Euskalduna itxi zutenean La Navalek jarraitu zuen funtzionatzen eta ondoren Izar taldera pasa zen, hau ere estatuaren esku –industria partaidetzak kudeatzeko SEPI sozietate publikoarena zen–, harik eta 2004an Zapateroren gobernu sozialistak erabaki zuen arte Izar taldearen arlo militarra mantentzen segi eta gainerakoa –La Naval barne– pribatizatzea.

Egon zen Sestaon gerrarako barkuak egiteko tentaldirik, baina zorionez gaur egun ez du halako zamarik. Hala ere, UGT eta CAT sindikatuek SEPIrekin adostutakoaren arabera, La Navaleko langile finkoek oraindik aukera izango lukete Espainiako ontzigintza militar publikoa barnebiltzen duen Navantia sozietatera joateko –Cartagenan, Cadizen eta El Ferrolen ditu lantegiak–, eta berez egina dute eskaera hori, Sestaoko panorama iluna ikusita.

2006an La Naval geratu zen Construcciones Navales del Norte-ren esku, hainbat enpresa pribatuk osatutako sozietatea. Eusko Jaurlaritzak ez zuen begi onez ikusi operazioa eta ELAk ere gogor kritikatu zuen. Pribatizazioaren aurretik 1.200 behargin aritzen ziren Sestaon eta horren ondotik apenas iristen ziren 400 ingurura. Baina ontzigintzaren arloan esku-lanak pisu handia dauka eta Sestaoko faktoriak ehunka lagun azpikontratatu ditu urteotan eskariak aurrera ateratzeko, baldintza askoz okerragotan ordea.

La Navaleko langileen lanpostuak baino askoz gehiago dago jokoan: industriagintzaren joera deduseztatzailea agerian utziko luke itxierak

2009an azpikontrataturiko langileok protesta egin zuten, atzerriko langileen desesperazio egoera baliatuz “konkurrentzia desleiala” bultzatzen ari zirelako –ELAren esanetan astean 60 orduko lanaldi prekarioak egiten ari ziren–. Nolanahi ere sindikatuek garbi utzi zuten “langile guztiak direla jokabide horren biktima”. Pribatizazioak, beraz, ehunka lagun babesgabetasun egoeran utzi ditu prekarietatearen eta langabeziaren aurrean.

Industria politikarekin zer?

Eusko Jaurlaritzak uko egin dio La Naval salbatzeko diru publikoa jartzeari “ekimen pribatuko” enpresa delako bere esanetan. Langileek gobernu autonomoari gogorarazi diote pribatizazioaren kontra azaldu zela bere garaian eta ontziolaren kontrola hartzeko eskatu diote, berme horrekin finantzabideak aurkituko dituztelakoan. Hain justu, hainbat analista ekonomikorentzat (ikusi Juan Mari Arregiren zutabea ARGIAren 2.565 zenbakian) finantzazioak egin du huts; Kutxabank eta antzeko erakundeen jarreran nabarmendu dute, Eusko Jaurlaritzari “xantaia” egiten ari zaielako ontziolak bankuekin dituen zorrak beregain hartu ditzan.

La Navaleko enpresa batzordeak ez du etsi instituzioen inplikazioa bilatzeko orduan eta mahaia osatu nahi du Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuarekin. Ezkerraldeko alkateekin izan direnean ere hori eskatu diete –Urkulluren exekutiboa osatzen duten EAJ eta PSE alderdikoak dira denak–, baina alde horretatik ez dute erantzun garbirik jaso. Bestalde, Sestaoko Udalak ontziolako lurrak “blindatu” ditzala nahi dute, industriarako izaten segi dezaten; espekulazio urbanistikoaren mamua pribatizazioa hasi zenetik egon da presente geografikoki gozoki bat diren terreno horietan.

Honetan guztian jokoan daude La Navaleko langileen lanpostuak baino askoz gauza gehiago. Ezkerralde osoko tailer eta lantegietan eragina izango luke ekonomiaren traktorea den ontziolaren itxierak. Baina horrez gain, industriagintzak Hego Euskal Herrian hartu duen joera deuseztatzailearen froga bat gehiago litzateke, eta Eusko Jaurlaritzak erabili ohi dituen datu makroekonomiko onen –%3ko hazkundea 2018 arte– azpian beste errealitate bat ezkutatzen dela erakutsiko luke.

Kanal hauetan artxibatua: Ontzigintza  |  Enplegua  |  Sestao

Ontzigintza kanaletik interesatuko zaizu...
La Naval konkurtsoan, 'Living Stone' ontziolatik kanpo, eta langileen etorkizuna kolokan

Langileek hiru hilabeteko erregulazio espedientea onartu dute, kable-ontzia amaitzeko “bermeak” edukitzearen ordainetan. Gaur aurkeztuko du konkurtsoa ontziolaren zuzendaritzak.


La Naval konkurtsoan, 'Living Stone' ontziolatik kanpo, eta langileen etorkizuna kolokan

Langileek hiru hilabeteko erregulazio espedientea onartu dute, kable-ontzia amaitzeko “bermeak” edukitzearen ordainetan. Gaur aurkeztuko du konkurtsoa ontziolaren zuzendaritzak.


2017-09-21 | ARGIA
La Navalen eraikitzen ari diren itsasontzia eramaten saiatu da bere armadorea

Armadorearen hainbat marinel gauez azaldu dira Sestaoko ontziolara eta amarrak askatzen saiatu dira azalpenik eman gabe. Langileek Ertzaintzari abisua jo ostean alde egin dute.


2017-08-31 | Juan Mari Arregi
La Navaletik harago

La Navalen finantziazioak huts egin du bankuek egin dutelako huts. Euskal industria indartzea eta lanpostuei eustea helburu duen banku publikoa behar dugu, eta hor egon beharko luke Kutxabankek.


La Navalek konkurtsoa aurkeztuko du

Ontziola historikoa ez dela “bideragarria” argudiatuta, balizko hartzekodunen esku utziko dute konpainiaren etorkizuna.


2017-02-02 | Jon Goikolea
Flotazio-marra

Zirrara sortzen du karro azpian jarri eta begirada jasotzeak. Zirrara sortzen du tamainak, izeberg bat moduan, itsasotik ateratako baporea gauza handia baita. Zirrara sortzen du arrantzak herri bat nola moldatu dezakeen pentsatzeak.


Burgostik Pasaiara itzainen atzetik

Burgos, Errioxa, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoan barrena heldu dira Pasai San Pedrora bike eta alkitran upelez betetako hiru gurdiak. Desagertzeko zorian dauden idi eta mendi-behiek (200 ale baino ez dira geratzen) tiratuta osatu dute ibilbidea, duela zenbait mende egiten zen bezala. Aurretik itzainak eta atzean hamaika lagun zutela sartu ziren hilaren 19an Albaolaren eraikinera. Han eraikitzen ari diren XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika zuten zain.


2016-07-10 | Aitor Kaltzakorta
Itsasoa eskutik eskura

Itsasoa gobernatzea ezinezkoa izaki, itsasoan norbera nola gobernatu asmatzean jarri dute adimena ozeanoari begira sortu, hazi eta bizi diren herriek. Berdin egin dute Hondarribiak eta euskal itsas ondoko beste herriek. Ongi joan zaie gainera, eta mende luzez ontzigintzan trebatu ziren puntako ekoizle bihurtzeraino. Etorkizuna, baina, itsasoa bezala, laino dago.


Euskal ontziolei emandako diru-laguntzak legezkotzat jo ditu Luxenburgoko auzitegiak

Auzitegiak atzera bota du Bruselak Espainiako ontziolentzako hobari fiskalez hartutako erabakia eta inbertitzaileek ez dute dirurik itzuli beharko.


2014-05-09 | ARGIA
Navaleko langileen ustez kontratu berriak ez du denentzat lanik ziurtatuko

Ferry bat eraikitzeko kontratua sinatu du Sestaoko La Naval ontziolak eta horri esker bi urterako lan karga ziurtatu du. Langileen ustez ez da nahikoa denek lan egin ahal izateko.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude