Koban hiria

  • Koban taldeak emandako kontzertuaren kronika: Irailaren 9an, Zarauzko Euskal Jaietan. Hurrengo kontzertua: irailaren 23an Sopelan.


2017ko irailaren 24an

Zarauzko Euskal Jaietan, Koban taldea ikus entzuteko aukera izan dugu. Japoniar txanpon bat, polizia postu bat, taldearen izenak sinifikazio frango ditu. Nik, beste askok bezala, Kurdistaneko hiria irudikatzen dut.

Kobaneko hirian zazpi musikari aurkitzen ditugu: Alde zaharrean, kabaret giroak sortzen dituen sanpler eta instrumentu elektronikoetan, Joseba. Soinu ezberdinak erabiltzen ditu; erratzekin ferekatutako atabala, erien klixkak, txarlezton biziak... Gustuzko xehetasun anitzekin eraikitzen da base erritmikoa. Baxua ere, soinu aberatsez osatua, elektronikaren kaleetatik irteten da. Industrialdean atzematen ditugu gitarra eta pianoa. Bi enpresen lanak swinga inposatzen du hiri guzian! Hala ere, proposamen erritmikoetatik urruntzen ahal dira, piano solo mailukatuekin eta gitarra esaldi «fuzz»atu batzuekin. Bi musikariak, aitzin gibelka, soinuan erabat sartuak dira. Hiriko hondartzan, Onintza eta Rakel, triki eta gitarra, taldeko «abeslari nagusiak». Abeslari nagusiak, nahiz eta denek asko abesten duten taldean.

Protagonismo gutxi agertzen da. Trikitia, beste instrumentuen gisa, fina eta ongi eramana da; abestien «xerbitxuko». Ez gara «triki-swing» edota horrelako edozein tranpetan erortzen.

Periferietan orain, koruak. Alimaleko indarra ekartzen diote taldeari, eta Kobaneko hiria kolore ezberdinez margotzen dute. Iruditzen zait Kobanen indarra taldekideen ahots nahasketatik heldu dela; xuxena izateaz gain, energia ekartzen du. Energia, badute eta transmititzeko gai dira ere! Kantuz kantu, zazpi musikariek hiria inarrosten dute!

Hastapenean, arazo bat agertu da soinuan, halako frekuentzia ibiltari bat. Baina kezka laster konpondua da, eta taldearen soinuak sorpresa polita ematen digu; gehienetan estilo horretan, atzeko «bum-bum-bum» hori da gehien notatzen, baina Kobanek finago jotzen du, eta erritmo sanpleak goxoki nahasten ditu beste instrumentuekin.

Lagun batekin komentatu dugu: soinuaren goxotasunak Zarauzko Udalak inposatu «dezibelometroarekin» zer ikusirik badu? Laster konturatu gara Udalak soinu nahasketa on batekin ez duela zerikusirik.

Publikoan, lehen notatik azkenera arte, besta giroa biziki ederra da. Denak beti dantzan, soinuak harrapatu egin gaitu. Erran behar da gau honetan euria jauts ahala ari duela, baserritarrez mozorrotutako hiritarrak trenpan utziz. Baina publikokoak hor gelditu gara bukaera arte, Kobanekoek Necropoly abestia kantatu diguten arte... nahiz eta nekropolirik ez dugun ikusi Kobanekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontzertuak
Zuzeneko kronika
Behin baziren baionar batzuk...

Willis Drummonden agur besta

Non: Intxaurrondoko kultur etxean, Donostian

Noiz: Urtarrilaren 5ean

Gonbidatuak: Zetkin, Elvis Caino DJ, Indezen DJ eta Zumitrenko DJ.

------------------------------------------------

... esango dugu noizbait. Joan ikustera, baina... [+]


Eguneraketa berriak daude