Juan Ignazio Zulaika, puntista ohia

"Gure garaian, erretiratu arte seguru zen pilotaria"

  • Behin batean izan ziren pilotari batzuk, zesta-punta nahiz raketa jokalari, Amerika amets izan zutenak. Izan ziren ametsa gauzatu zutenak, Juan Ignazio Zulaika, kasu, ametsaren gozotik bezainbat amesgaiztoaren ozpinetik dastatu zuenak AEBetan. Txik-txak blogean kontatzen du...

Miel Anjel Elustondo
2017ko irailaren 24a
Argazkia: Zaldi Ero.
Argazkia: Zaldi Ero.
Juan Ignazio Zulaika Barreras (Andoain, 1956)

Tolosan hazi zen, baina 14 urte besterik ez. Pilotari ari zen Zaragozan 15 urte zituenean. Harrezkero, Milan, Bartzelona eta Floridako frontoiak zapaldu zituen, Amerikako ametsa betez. Pilotariek 1988an AEBetan hasi zuten grebak zapuztu zuen ametsa. Urtea eta zenbait hilabete borrokan eman eta gero, Euskal Herrira itzuli zen 1989an, ezkondua eta haurra zutela ordurako, bestelako bizimodu bat amets, bestelako lanbide bat. Garraio enpresa batean hasi zen lanean eta, bestalde, Amerikan pilotari da haurra zela Euskal Herrira etorritako hura.

Zesta jokalariak ez ziren bakarrik Gernikan eta Markinan.

Ezta pentsatu ere. Gipuzkoan zesta-punta jokatzeko zaletasun handia zegoen. Villabona inguruan, Oarsoaldean… Bizkaian Markina izan zen foku handiena, handik irten ziren pilotari gehienak, baina Tolosako eskolatik ere ehunka irten ginen.

Tolosara bizitzera joan zineten 6 urte zenituela.

Pilotan ari nintzen zortzi urte nituela. Aita pilotazalea, eta frontoitik gertu bizi ginen. Anaia zaharra eta biok gainerako pilotariek nola jokatzen zuten begira egoten ginen. Halako batean, aitak zesta bana ekarri zigun, eta Anoetan (Tolosaldea), hala-moduzko frontoi irekian hasi ginen saioak egiten. Gero, aitak Rafael Elizondorekin hitz egin zuen, urte askoan toki askotan pilotan ibilitakoa –Kuban, Manilan, Mexikon…–, eta erretiratu zenean Tolosako pilota eskolako maisua.

Eta Elizondok eskolarako hartu zintuzten. Ez zituen denak hartuko, hala ere.

Denak hartu, ez. Gaztetxoak nahi zituen hark. 17-18 urteko mutil sendo eta indar handikoak nekez hartzen zituen. Haiei teknika irakasteko modurik ez, nonbait. Kankailu haiek aitarekin joaten zitzaizkionean, Rafaelek [Elizondo] proba egiten zien, traketsak zirela ikusten zuen, eta dena delako mutilaren aitari esaten zion berandu xamar zela haiei ezer erakusteko, eta han itzultzen ziren burumakur aita-semeak etxera.

Ez zen zuen kasua izan.

Ez, gu oso gazte hasi ginen, indarrik ere ez geneukala. Ikasteko aproposak. Eta ikasi genuen, eta pilotari izan ginen. Nik, esaterako, 14 urterekin debutatu nuen, Zaragozan (Espainia). Hori zen debuta egiteko adina. Baziren 13 urterekin debuta egindakoak ere, artean galtza motzetan ibiltzen ziren mutikoak. Eta Kubara nahiz Madrilera joaten ziren. Guretzat ere izugarria izan zen etxetik irtetea. Oso mundu txikia zen gurea, eskola eta familia, ez zen besterik. Frankismoa zen, egoerari buruzko informaziorik ez, eta bestalde, erlijioak oso baldintzatuta bizi ginen, lotsa eta erruduntasuna barruraino sartuak: sexu informaziorik ere batere ez, neskekin harremanik ez, eskolan mutilak mutilekin ginen, neskak neskekin… Horrek pisu handia izan zuen gure heziketan.

Erbestean bestela zen.

Orduan, komeriak. Batetik, sekulako ilusio eta ametsa genituen Amerikara-eta joateko. Bestetik, berriz, lotsa eta beldur handia genuen, guztiz lotuta bizi ginen, zentzu guztietan.

Amerika amets zuek.

Tolosan ikasten ari ginela Tximela eta fama handiko pilotariak etortzen ziren, eta gu haiei begira egoten ginen, gaur egun mutikoek futbolariei begiratzen dieten miresmen berarekin. “Hau Ameriketatik etorri duk. Hura Filipinetatik. Beste hura Madriletik. Halako, Mexikotik”. Ez genuen erbesterik ezagutzen, baina gure buruan, irudimena libre. Gogoratzen naiz Miamin liburuxka moduko bat publikatzen zutela, pilotarien fotografiak, kinielak… guretzat hura ikaragarria zen, entenditzen ez bagenuen ere: ingelesezko izenak guretzat arraroak, pilotari kubatarrak euskaldunekin batera pilotan…

Juan Ignazio Zulaika Floridan jokatzen. Argazkia: Zulaika berak utzia.

Mundu horrekin bat egin zenuen zuk ere halako batean.

Bai. Garai hartan, pilotariek lau-bost hilabete jokatzen zuten Amerikan. Gero, Euskal Herrira etorri eta Espainian jokatzen zuten Zaragozan, Madrilen, Mallorcan… Gu baino zaharragoak ziren haiek, etortzen ziren, joaten ziren, eta gu, berriz, Amerikara joateko gure txanda noiz ailegatuko zain bizi ginen. Halako batean, Miamiko frontoiko enpresaburua etortzekoa zela esan ziguten, eta jakin nuen ni ikustera etorria zela; besteak beste, ni. Jokatu nuen, baina guztiz urduri. Gero, intendenteak hots egin zidan bulegora, eta han, Amerikako enpresaburuak esan zidan, erdi ingelesez erdi gaztelaniaz, gaztetxoa nintzela, itxaron egin behar nuela heldu arte, tokia izango nuela. Nik, berriz, nire ume fantasian uste nuen egun hartan bertan egingo zidala kontratua, eta arraioa!, zapuztuta geratu nintzen. Berehalaxe, berriz, Milanera joateko aukera izan nuen, zenbait beteranorekin: “Gaztetxoa duk baina badik heldutasunik”. Aitari baimena eskatu behar izan nion. Hark baietz, eta Milanera. Hantxe bete nituen hamabost urte. Jauzi ikaragarria izan zen. Zaragoza herri handi bat besterik ez zen. Milan, aldiz, hiria, zeharo ezberdina. Hango giroa, eta hizkuntza, eta kultura, eta zinema, eta politika giroa… Oso gustura igaro nuen, nahiz eta lotsa eta erruduntasun sentipen hark erabat baldintzatzen ninduen.

Bakarrik zinen?

Nire moduko mutiko gazteekin. Beasaindar batekin joan nintzen. Han, berriz, bizkaitar batekin elkartu ginen etxebizitzan, eta ikasleen modura bizi ginen. Etxetik frontoira joan-etorrian. Frontoiko ikusleak gaiztoak ziren, biraoka ez baina zalaparta handia ateratzen zuten, eta ikaragarri sartzen ziren pilotariekin. Han ez zuten barkatzen, 14 urte izanagatik ere. Bestalde, mundua agertu zitzaidan. Italiera ikasi nuen, pixka bat irakurriz, zinemara joanez…

Puntista karrera egiten zu, beti Amerika amets.

Baina hara joateko errazago zen Bartzelonako frontoiaren bidea egitea, Milangoa baino, eta Kataluniara joan nintzen. Urte eta erdi egin nuen.

Zure bidean aurrera, Bartzelonatik Amerikara joan zinen.

Floridara joateko kontratua eskaini zidaten, Tampa hirira, 1973an. Hala ere, 1974ko urtarrilaren lehenengoan hasi genuen denboraldia. 45 ginen, helduak batetik, gazteak bestetik, nork bere buruari begiratzen zion han. Ni, neure sokakoekin elkartu nintzen, ohi denez, Hernaniko Lujanbio, Sebastian Arruabarrena Astigarragakoa, Alkorta mutrikuarra…

Eta zer zen Amerika?

Hura deskubrimendua! Paisajea, klima, frontoia –leporaino beteta egunero–, neskak nonahi, ondo ikusiak gu pilotariok… Oso garai polita izan zen. Gure artean lehia handia zegoen; Tampan, gure frontoian lehia lasai xamarra, baina, Miamikoan, basatia. Gure hiria ere Miamikoa baino lasaiagoa zen, latino asko ere bai hemen, Kubatik joandakoak ere bai… Tampan, amerikarrak ziren gehienak. Han ere hizkuntza ikasi nuen, eta unibertsitatean ere hasi nintzen, zertarako ari nintzen jakin gabe ere.

Unibertsitatean ere ikasten pilotaria?

Bai. Kar, kar… Soziologia gaiak, antropologia… gai horietarako joera izan dut beti.

Ez ziren asko izango zure modukoak.

Ez, garai hartan batere ez. Gaur egun bai, badira unibertsitatean ikasten ari direnak. Konturatu dira pilota eta gero ere bizitza dagoela. Gure garaian bestela zen, erretiratu arte seguru zen pilotaria, hala ikusten genuen. Ni, 20 urte eta zerbaitekin ikasten hasi nintzen, baina presarik gabe. 40 urterekin ere jokatzen ikusten nuen neure burua. Bestalde, Euskal Herrira begira bizi nintzen, Trantsizioa ere hor zen. Han izan ez banintz, ez dakit non bukatuko nuen hemen. Gogoratzen dut bazela aldizkari bat, Triunfo, Alderdi Komunistarena, eta Eduardo Haro Tecglen-en artikulu onak. Zeruko Argia ere jasotzen nuen.

Argazkia: Zaldi Ero.

Zeruko Argia ere bai.

Bai. Floridan bizi nintzen, baina Euskal Herrira begira. Han baina hemen. Tampan eta Ocalan-en jokatzen nuen, eta bi hilabete Euskal Herrian izaten nintzen. Hurrena, Bridgeport-eko frontoira joateko eskaintza egin zidaten: bost-sei hilabeteko sasoia zen han, eta udako jaialdiak hemen. Barruan sartuta neukan honako gogoa, eta etorri nintzen. Eta emaztea izango nuena ezagutu nuen, ezkondu ginen, eta Bridgeportera etorri zen. Baina muturra hemen sartua neukan ordurako.

Greba sonatua etorri zen tartean.

1988an grebara jo genuen. Diru eskaerak izan ziren lehen gauza. Horretarako, jai-alai player-en [puntista jokalarien] sindikatua sortzea erabaki zen. Gainera, ni jokatzen ari nintzen frontoian sortu zen txinparta. Gernikako Pedro Olarretak deitu gintuen; zerbait esan nahi zigula. Panfleto bat irakurri zigun esanez enpresak soldatak bi halakotzen ez bazituen gose grebari ekingo ziola. Ez genion kasu handirik egin, baina intendenteak Olarretarena jakin zuenean kaleratu egin zuen. Hala ere, Olarretaren kezka hura jaso egin zuten batzuek, eta sindikatua sortzeari ekin zioten. Abokatu bat ere hartu zuten, eta aurrera. Gauza moderatu xamarra zela esango nuke. Gero, ordea, elementu muturrekoek hartu zuten prozesu haren gidaritza, enpresa beraren jarrera ere gogortu egin zen.

Lehertu egin zen gauza.

Enpresak gogor, eta jokalariak ere gogor. “Egurra eman beharra zagok hemen!”, esan zuten batzuek, eta sekulakoa sortu zen. Euskaldun bero borrokalaria atera zen gure barruetatik, eta hordago handira! 600 bat pilotari greban, hamalau bat frontoi itxita Floridan eta Connecticut-en. Enpresak, orduan, eskirolak kontratatzen hasi ziren, amerikarrak batzuk, gure artekoak ere bai beste batzuk. Eta gutxieneko batzuk bete eta frontoiak atzera irekitzen hasi ziren. Jende gutxi bildu zen frontoietara, apustuak ere barregarriak, baina mugimendua puskatzeko itxaropenarekin enpresaburuak. Gu, berriz, piketeetan, frontoiei bueltaka, filmetan bezala.

Argazkiak ere badira.

Segituan konponduko zela uste genuena, bihurritu egin zen. Bide judizialetik jo zuen gauzak. “Lasai egon mutilak, denok hartu beharko gaituzte berriz, eta atzeratutako diruak ere jasoko dituzue”, esaten ziguten gureek. Baina luze jo zuen, eta nik, halako batean, erabaki pertsonala hartu nuen. “Nik ez dut etorkizunik ikusten, banoak Euskal Herrira”, esan eta etorri nintzen.

Zer diozu oraingo egunean greba gogor eta luze hartaz?

Oso gai konplexua da, oso konplexua, irakurketa eta bertsio ezberdinak baitaude. Momentu jakin bat gertatu zen, lidergoa ere halakoa, euskaldunon egoskorkeria ere hortxe… Ikusmoldearen arabera, gure jokabidea heroikoa izan zen, edo kixoteskoa. Borrokarako grina hura ikaragarria izan zen. Baina esan dizut, azkenean nik neure erabakia hartu eta etorri nintzen. Zenbait partida ere jokatu nituen hemen, baina gutxi batzuk besterik ez. Ilusiorik ez, goi mailan jokatzen segitzeko ere zalantzak, eta 1992an utzi egin nuen. 36 urte nituen, eta bitartean, greba hasi zenetik, bi urte egon nintzen xextoa hartu gabe.

Horrelaxe amaitu zen zure jai-alaia Amerikan, eta jai-alaia bera ere bai kasik.

Bai. Pilotari batzuk etorri egin ziren, nahiz eta gehienak han geratu, bizimodua han egina zeukaten eta. Nire anaia, adibidez… Azkenean, epaileek arrazoia eman zioten gure sindikatuari, enpresaburuak jokalariak berrartzera behartu zituzten, baina frontoia ez zen lehengora itzuli. Grebak iraun zuen bitartean, bestalde, era guztietako joko, loteria eta apustuak zabaldu ziren, eta kito frontoiak. Bata bestearen ondoren itxi ziren.

Jai Alai Blues dokumentalak horixe kontatzen du, partez.

Bai, bada. Gaur egun bi frontoi dira, bata erdipurdika. Are gehiago, legeak aginduta irauten dute frontoiek irekita, zeren apustu baimenari eutsi nahi badiote, jai-alai eskaintzera behartuta daude bi frontoi horiek irekita. Ez da inor ikustera joaten, baina frontoiak derrigortuta daude partidak antolatzera. Orain 70 bat pilotari izango dira han. Hemen eskuz ari direnak baino gehiago, hemen 48 baitira. Hala ere, ez dute zarata makala ateratzen. Kar, kar…

Patxadaz

“Gogoratzen naiz Hartford eta Bridgeport-eko pilotariak bilerak egiten hasi ginenean, han azaldu zela behin, Egurbide. Intendente ari zen beste frontoi batean, baina denboraldia hasi gabe zegoen. Hartu ninduen eta galdetu zidan: ‘Hi, uste duk grebara joko duzuela?’, eta nik: ‘Ezta pentsatu ere! Bilerak egiten ari gara, patxadaz, elkartea sortu…’. Horixe pentsatzen nuen. Baina handik hiru astera kale gorrian ginen denok!”.
 

Egurra, latz!

“Amerikan paradisuan bizi ginen eta, aldiz, uste genuen hura infernua zela. Beti protesta jotzen ari ginen. Frontoiak lepo betetzen ziren, enpresaburuek diru asko irabazten zuten, zegokiguna baino gutxiago irabazten genuen, seguru asko. Lanean beti dago protesta jotzeko arrazoirik. Gure kasuan, ez genuen asmatu egoera kudeatzen, ez genuen gerririk izan. Muturreko jarrerak hartu genituen: ‘Egurra, latz!’, esaten genuen”.
 

Eskirolak

“Gure frontoiaren itzalean, pilotari amateurren mundua sortu zen, eta guk haiei saltzen genizkien erabilitako xextoak. Guk grebara
jo genuenean, eskirol joateko aukera izan zutenean, gure frontoira zuzen, guk saldutako xextoak hartuta! Kar, kar… Mutrikuar batek esaten zuena: ‘Zer uste zenuten, bada, zertarako nahi zituztela gazte hauek?’”.

Off the record: Txik-txak!

Ezohiko pilotaria da Juan Ignazio Zulaika. Betikoa du aitagandik jasotako irakurtzeko zaletasuna. Maximo Gorki, Honorato Balzac, Pio Baroja… irakurri zituen gazterik etxean. Italian pilotari ari zela, berriz, Henri Charriere-ren Papillon, Mario Puzzoren Aitaordea… eta beste hainbat. Lehen, irakurri. Orain, irakurri eta idatzi egiten du, txik-txak, zesta jokalariaren jokaldian.

Kanal hauetan artxibatua: Pilota  |  AEB  |  Andoain

Pilota kanaletik interesatuko zaizu...
Azken sakea: Barriola vs Abel
MULTIMEDIA - dokumentala

Abel Barriola pilotariaren inguruko dokumentala. Kirolariaren ibilbidea aztertzeaz gain, kiroltasunaren balioetara hurbiltzea du helburu dokumentalak.


2017-07-14 | FMK media
Martinez de Irujo, bihotzaren iraultza
MULTIMEDIA - dokumentala

Esku pilotaren historian leku berezia izango du Juan Martinez de Irujok. Pilotariak bi ezaugarri handi ditu: berritzailea eta txapelduna. Bere ibilbidea errepasatuko du dokumentalak.

Irudia: Oier Plaza, Mikel Etxebarria, Kerman Goikouria eta Daniel Ojanguren
Soinua: Dani Asua eta Ager Galarza


"Jendearen arreta bukatuko da, baina hori azken finean egoa da"

38 urterekin eta horietatik 19 profesional aritu ostean, Leitzako pilotariak agur esan die frontoiei. Bolada batez eskuko lesioek kantxatik aldendu bazuten ere, Buruz burukoa, Lau T’erdikoa eta Bikotekakoa irabaztea lortu dutenen klubekoa da Barriola (Retegi II, Arretxe I, Martinez de Irujo, Olaizola II, Urrutikoetxea eta Bengoetxea VI.arekin batera), baina batez ere, jokalari eta pertsona maitatua da atzelaria. Maiatzaren 7an du azken hitzordua zaleekin, Donostiako Atano III... [+]


2017-04-16 | Koldo Aldalur
Mindfulness

Sarri-sarri pentsatu ohi dut, gurpilari etengabe eraginez ari den kurkumixa bezala, ziklikoki bueltaka dabilen gure mundu hau ere inora ez doala, ibili-ibili eginda beti toki berean gaudela. Azaleko kontuak aldatzen dira, baina mamia beti azpian, ezkutuan geratzen da. Adimena, inguratzen gaituena adi aztertzeko ahalmena, galtzen ari gara, eta ondorioz,  gure izaera eta bizimodua baldintzatzen dituzten arrazoiak hanka artetik pasatzen zaizkigu, modernitatearen presaren... [+]


2017-03-06 | Axier Lopez
Gasteizko Alde Zaharreko herri mugimenduak babesa adierazi dio Auzolana pilotaleku autogestionatuari

Larunbatean 300 pertsona baino gehiagok bat egin zuten Gasteizko Auzolana pilotalekua kudeatzen duen Txapa-Hotsa asanbladaren deialdiarekin. Udal Gobernuak frontoi autogestionatua eraisteko asmoaren aurrean, elkartasuna eta babesa emateko prest azaldu dira.


Testosteronadun pilotak frontoietan

Pilotari profesionalek aukeratutako materiala “pelotas de hombres, de mucho poder” direla idatzi du DVko kazetariak, eta testosteronadun pilotak irudikatu ditut, barrabilak zintzilik dituzten pilotak.


"Erremontetik ezin zaitezke bizi"

Gazteak dira, baina ez berriak. Josetxo Ezkurra (Doneztebe, 1992) eta Endika Barrenetxea (Hernani, 1990) erremontistek urte batzuk daramatzate goi mailan, eta ongi ezagutzen dituzte kirol honek azken urteotan pairatutako gorabeherak, erremontea hilzorian utzi zuen krisitik hasi eta jokoarekiko maitasunak ekarritako berpizkunderaino. Binakako Txapelketa bete-betean harrapatu ditugu, Hernaniko Galarreta frontoian. Ionekin ari da Ezkurra II.a, Segurolarekin Barrenetxea IV.a.


A jai alai player who breaks the mould

"Don't dream about life, live your dreams!” says the mural next to the Markina-Xemein pilota court. Jai alai player Izaro Arbe took part in the mural and she has certainly adopted the slogan: she was the only woman left-back in a men's world for many years, and had to win her own place on the pilota court.


2016-08-16 | Aiaraldea.eus
Jose de Amezola eta Euskal Herriko lehen urre olinpikoaren historia bitxia

Rioko Joko Olinpikoak zeresana ematen ari diren egunotan, lehen urre olinpikoa eskuratu zuen euskal herritarraren historia kontatu du Aiaraldeak. Domina lortzeko modua bitxia izan zen, gaur egun antzeko lorpenek eskatzen duten lehia biziarekin alderatuta.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude