Diskurtso handirik gabeko diskurtsoak

  • Zer da diskurtso bat? Diskurtso bat eduki behar dugu, beti, edozein gairi buruz? Zergatik egiten ditugu diskurtsoak, eta zertarako?


2017ko irailaren 24an

Garai batean, diskurtso bat norbaitek jendaurrean jaurtitzen zuen hitz-parrastada bat baino ez zen, sermoi baten antzera traketsago edo dotoreago osatua, oratoria eta erretorika baliatuta, besteak beste.

Orain beste mota bateko diskurtsoak ere hedatu dira, eta horiek interesatzen zaizkit hemen: gai jakin baten inguruan dugun iritzi antolatu samarrak, komeni denean aldarrikatzekoak.

Euskarari buruz, kasu.

Diskurtsoa behar omen dugu euskararen inguruko iritziak eta jarrerak erakusteko, eta, batez ere, euskararen aldeko estrategiak hezurmamitzeko.

Hiztunok diskurtsoak eratzen ditugu geure –eta besteen– hizkuntzei buruz, oro har gurea beste hizkuntza batzuen ispiluan alderatuta. Hizkuntza-aniztasuna medio, neke da irudikatzea besterik: balizko egoera bat non hiztunak beren hizkuntzari buruz gogoetarik egin gabe bizi baitira, beste ezein hizkuntzaren berririk ere ez dutelarik.

Bestalde, agerian da nork duen, non eta noiz, bere hizkuntzaren aldeko diskurtso baten edo gehiagoren behar larriagoa: zenbat ere seguruago hiztunak beraien hizkuntzarekin –zenbat eta ziurrago izan zernahitarako erabili ahal dutela–, orduan eta txikiago diskurtsoen beharra.

Euskaldunok, euskararen babes-behar handiaren kariaz, diskurtsoak makulu hartuta ibiltzen gara gehienetan, inguruko hizkuntza boteretsuen haizea kontra dugularik ia beti, hiztun gisa arrastaka daramagun ahulezia gorria agerian.

Diskurtsoek, maiz, gure ahuleziak islatzen baitituzte, salatu. Hala gertatzen da, adibidez, gazteei euskaraz mintzatzeko esaten diegunean, euskara ez galtzeko, bestela euskara galduko delakoan: esan gabe ari gara esaten euskarak euskaldunon beharra daukala, eta ez guk euskararena. Errealitate alderantzizkatua: kontrara jokatu behar izaten dugu –hiztunak hizkuntzaren alde–, non eta normalena baita, naturalena, hiztunek beraien aldeko tresna huts gisara erabiltzea hizkuntza.

Horregatik kezkatzen naute hizkuntza defendatzeko diskurtsoek, beharrezkoak izanagatik ere diskurtso-egileok nahi dugunaren aurka egin dezaketelako, oharkabean.

Horregatik nahiago ditut hiztunen nahia aldarrikatzen duten diskurtsoak –“euskaraz bizi nahi dut”–, euskara pertsonifikatzen dutenak baino –euskara maite dutela dioten askok gehiegizkoak jotzen baitituzte gero euskararen erabilpen zehatzak–. Nahiago egoera jakin baten aurrean indartsu sortzen diren aldarriak, hizkuntzaren aldarrikapen abstraktuak baino.

Nahiago diskurtso txiki askotarikoak eta malguak, unean-unean eta tokian-tokian egoerari aurre egiteko unean uneko eta tokian tokiko baldintzak kontuan hartzen dituztenak, diskurtso bakar erraldoi eta zurrun bat baino.

Eta nahiago diskurtso handirik gabe errealitatea eraldatzera jotzen duten ekimen xume eraginkorrak, hizkuntzaren erabilera justifikatzen ibili beharrik gabe zuzenean hizkuntza dantzan paratzen dutenak, behar den tokian. Gure ahoan.

Inma Errea Iruñeko Udaleko euskara zerbitzu burua da


LARRUN
2017ko irailaren 24a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Nafarroan
Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


Administrazioan Euskaraz taldeak salatu du Iruñeko eta Antsoaingo udalek euskara baztertu dutela zenbait lan deialditan

Iruñeko zein Antsoaingo udaletan EH Bildu dago. Herritar batek errekurtso bat jarri du Antsoaingo Udalean, eta ez dutenez errekurtsoa onartu, Nafarroako Administrazio Auzitegira jo du.

 


Apirilaren 24an izanen da Iruñerriko III. Mintzodromoa

Iruñerriko AEK, Iruñerriko IKA, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofiziala, Zubiarte euskaltegi Publikoa eta Iruñerriko Mintzakide egitasmoa berriz ere elkartu dira Iruñerrigo hirugarren Mintzodromoa antolatzeko. Geltokin izanen da hitzordua... [+]


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Korrika larunbatean abiatu da Nafarroako Lokizaldean

Lokizaldeako Euskararen Egunaren barnean Korrika Txikiak zeharkatu ditu Iturriagako inguruneak. Urteak direla hasi ziren eguna ospatzen, eremu ez-euskaldunean kokatuta zegoen eskualdean Korrikaren kilometroak erosteko. Giro ederrean gozatu dute egun osoko egitaraua.


Eguneraketa berriak daude