argia.eus
INPRIMATU
Euria eta debozioa
Montserrat Auzmendi del Solar 2017ko irailaren 20a
34. Antioko Musikaldia. Artxipielagoa. Ainhoa Garmendia: sopranoa. Andoni Egaña: bertsolaria. Peio Ramírez: biolontxeloa eta akordeoia. Garikoitz Mendizabal: txistua.German Ormazabal: pianoa. Zumarragako Antioko Ermitan, irailaren 9an.

Udako Musika Hamabostaldiaren ondoren, baditugu udazkenean hainbat musikaldi interesgarri han eta hemen. Hauetako bat Zumarragako Antioko Musikaldia da, aurten 34. edizioa ospatzen duena. Urtez urte publikoa gerturatzen da Antioko Baseliza ederreraino bake momentuez disfrutatzeko.

Beste garai batzuetan nazioarteko artistak etorri izan dira, baina, imajinatzen dugu azkenaldiko krisia dela eta, urte hauetako edizioetan gure inguruko artistek osatzen dituzte ondo pentsatutako egitarauak. Halaxe da aurtengo musikaldian. Irailaren 9an hasi zen Artxipielagoa ikuskizunarekin, eta iraileko larunbat guztietan, urriaren 1era arte, Iñaki Salvador eta Ainhoa Zubillaga, Sariranaga taldea, Koruko Andra Mari Musika Kapera eta Easo Eskolania, eta Emilio Villalba eta Sara Marina artista eta taldeak arituko dira jaialdi honetan.

Artxipielagoa espektakulua izan zen lehenengo hitzordua. Nahiz eta oso eguraldi txarra egin, publikoa debozio osoz iritsi zen baselizara. Kontzeptu berritzaile bezala aurkeztu da talde honen lana, eta puntu bateraino hala da. Taldekide bakoitza musika arlo batetik dator, eta halere, jakin izan dute elkar ulertzen eta fruitu komun bat ematen. Ez da lan  makala. Baina, azken batean, baloratu behar da emandako fruitu hori. Orokorrean, eta ez dut ezkorra izan nahi, planteatutako ideiak ez du gehiegi aportatzen. Ainhoa Garmendia soprano zoragarria da (eta, benetan, saioaren onena izan ziren bere aktuazioak), Peio Ramirez biolontxelo eta akordeoi-jotzailea musikari ona da, oso adierazkorra, Garikoitz Mendizabal txistulariak menderatzen du bere soinu tresna, Andoni Egañak izugarrizko trebezia du eta German Ormazabal piano-jotzaile eraginkorra topatu genuen. Primeran. Baina ikuskizun flojotxoa suertatu zen. Egañak esfortzuak egin zituen osotasunari lotura emateko, bere bertso eta komentarioekin. Baina azken batean, sustantzia gabeko produktua izan genuen. Benetako luzimendua Ainhoa Garmendiarena izan zen, oso adierazkorra Cotarelo-ren Nun zeran eta Telleriaren Loa loa kantuetan, adibidez. Mendizabalek izan zuen bere une distiratsua Peio Ramírezek konposatutako Dantza nazazu arin-arin-ean. Egañak freskotasuna eman zion saioari uneoro, eta Ramírez eta Ormazabal doi-doi aritu ziren. Halere, hobe artxipelago horretako irla bakoitza bere aldetik eta bere estiloan aritzen denean.