Amiantoaren kontrako militanteok: industriaren infiltratu bat daukazue

  • Bere jokabide atsegin eta jatorragatik lortuko zuen edo eta kanpainetan erakusten zuen kemenagatik, baina amiantoaren aurkako mundu mailako liderrek lau urtez konfiantza eduki zuten Robert Moore ingelesarengan. Ekintzaile kualifikatuenen artean azpilanean ari zen mundua oraindik material kutsakorrez betetzen duen industriarentzako. Asbestoa hilgarria dela jakin eta mende bete geroago, herrialde gehienetan haren ekoizpen eta salmenta ez etetea lortu dute.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko irailaren 24a
“BBCko buru baten anaiak dirua kobratu zuen ‘amiantoaren kontrako kanpainetan espiatzeko’”, 
‘The Times’ egunkariaren lehen orrian 2016ko udazkenean, infiltratuaren argazki eta guzti. Ustelkeria borrokatzen duen Globat Witness elkarteak auzitara eramanda
“BBCko buru baten anaiak dirua kobratu zuen ‘amiantoaren kontrako kanpainetan espiatzeko’”, ‘The Times’ egunkariaren lehen orrian 2016ko udazkenean, infiltratuaren argazki eta guzti. Ustelkeria borrokatzen duen Globat Witness elkarteak auzitara eramanda, Moorek aitortua du 400.000 eurotik gora pagatu zizkiola K2 Intelligence segurtasun konpainiak amiantoaren patronalaren buruetako baten enkarguz. Urtean 1.800 milioi tona asbesto merkaturatzen duen industriak badu hori eta askoz gehiagorako indarra.

1998an sinatu zen Rotterdamgo Ituna, gai kimiko arriskutsuen nazioarteko salerosketetan erosleak arriskuez informatzea derrigorrezko egiten duena. Nazio Batuen Erakundearen babesean Itunak urtero burutzen du biltzarra; estatuetako agintariekin batera elkartzen dira bertan, batetik industriaren ordezkariak, eta bestetik gai kutsakorrak arautzeaz gain debekatzea sustatzen duten erakundeak.

Hasieratik da amiantoaren debekua Rotterdamgo Itunaren eztabaidagai gatazkatsuenetakoa, urteroko biltzarrean hartze du parte Amiantoaren Gaixotasunaz Ohartarazteko Erakundeak (ADAO ingelesezko sigletan), militanteen artean kutsagaiaren biktimak ere biltzen dituena. 2017ko hitzaldietan ADAOren ordezkaritzan falta zen aurpegi ezagun bat, Robert Moore. Hilabete batzuk lehenago jakin zen ustez kutsagaiaren kontrako gudari sutsua zena benetan mahaiaren beste aldekoen espioia zela, asbestoaren patronalarena.

ADAOren fundatzaileetakoa den Linda Reinsteinek 2006an senarra galdu zuen lanpostuak eragindako mesotelioma batek eramanda, alegia, amianto zuntzek sortutako minbiziak. “Gure elkarteak –esan dio Montreal Gazette egunkariari– milaka dolar xahutu ditu alferrik Rob Moore konbidatu eta haren gastuak pagatzeko. Diru galera baino gogorragoa da, ordea, traizionatuak izatearen mina. Latza da, ezin barkatuzkoa, horrelako bat asbestosiaren biktimen biltzar batean gertatzen ikustea. Ez al dugu nahikoa sufritu?”.

Zinegile akreditazio legezkoa erabiliz, estreina Amiantoaren Debekurako Nazioarteko Idazkaritzara (IBAS ingelesezko sigletan) hurbildu zen Moore Londresen. Amiantoaren kontrako ekintzaile nekaezin bezala agertuko zen kide ezagunenen artean. Gaiaz prestatzen ari omen zen dokumentalaren aitzakian, mugimenduak mundu osoan dauzkan  taldeen bileretan infiltratu zen, liderren  joan-etorri eta planez informazio zehatzak jaso, biltzar publikoetan parte hartu, berak espiatzen zituen erakundeen ordezkari izatera iritsiz.

AEBetan ari den ADAO elkartean sartu zuen muturra eta baita Kanadako  militanteen artean ere. Kathleen Ruff kanadar beteranoak kazetariari kontatu dio nola aurkitu zuen Moore Thailandiako biltzar batean. Ruffek berak lagundu zion Rotterdamgo Itunaren 2015eko ediziorako kredentzialak lortzen. Gogoan dauka galdera asko egiten zituela mugimenduaren finantziazio iturriez eta nola eskatu zion bitartekari egitea –eta militante zaildu zuhurrak ukatu– Kanadako gobernuaren barruan amiantoaren aurkakoekin harremana zuten funtzionarioekiko.

Kontua da 2016ko irailean Global Witness gobernuz kanpoko erakundeak Londresen auzitara eraman zuela Robert Moore amiantoaren kontrako mugimenduak espiatzeagatik. Antza denez, Moorek berak jo zuen munduko ustelkeria kasuak ikertzen dituen Global Witnessera aitormen harrigarriak eginez: infiltratua zela, K2 Intelligence segurtasun enpresak pagatzen ziola, enkargua Kazakhstanen krisotilo –amianto zuri– meategia daukan Nurlan Omarovek egin zuela, gaiak nahigabe gero eta handiagoa sortzen ziola...

Moorek Global Witnesseko buruei sekretua isilpean gordetzea eskatu zien,  beldur zelako kasua jendearen aurrean azaltzeak kaltetuko zuela BBC kate publikoaren buruzagitzan dagoen bere arreba Charlotteren karrera profesionala. Ez zioten eskaria onartu eta gaia amiantoaren aurkako mugimenduari jakinarazi zioten, epailearen eskuetan uzteaz gain. Moorek kideei ostutako 300.000 dokumentu entregatu behar izan zizkion epaileari.

“Oraingo amiantoa ez da lehengoa”

Asbestoaren patronalaren espioiak bazituen motiboak Kanadako mugimenduetan muturra sartzeko. Munduan ziento erdi herrialdek daukate debekatuta amiantoaren komertzializazioa, tartean Europa osoak, baina gainerakoetan libre saltzen da, tartean AEBetan eta Kanadan. Industria urduri zebilen Justin Trudeau lehen ministroak urte hasieran iragarria zuenetik Kanadan ere debekua ezartzeko erabakia.

Munduko Osasun Erakundearen kalkuluetan urtean amiantoak planetan 100.000 heriotza eragiten duen arren, ez da lortzen haren erabilera mozterik. Rotterdamgo Itunaren 2017ko edizioan  biktimen elkarteak saiatu dira debekua lortzen, baina porrot egin dute berriro. India, Errusia, Kazakhstan eta Zimbabwek kontra bozkaturik, pikutara joan da proposamena, Itunaren arauen arabera herrialde guztien unanimitatea behar baitu erabakiak.

Industriak lobbygintza eraginkorra egiten du eskueran dauzkan bitarteko guztiekin beraiek beti krisotiloa deitzen dutena saltzen jarraitzeko. Amianto edo asbesto zuria besterik ez da krisotiloa baina industrialek jendeari sinetsarazi nahi diote arriskurik gabe erabil daitekeela. Alde batetik, asbestoaren arriskugarritasuna demostratu duten ikerketen inguruan zalantza bat sortzen ahalegintzen dira. Tabakoaren, petrolioaren edo ikatzaren industriek darabilten taktika berean, kontua ez da zientzia gezurtatzea, plazaratutako ikerketen balioaz zalantza zabaltzea baizik.

Kathleen Ruff ekintzaile kanadarrak ongi ezagutzen ditu metodook: “Zientzia usteltzen dute. Industriak zientzialari batzuei pagatzen die ikerlan ez objektiboak argitaratu ditzaten. Kanadan urte luzez zabaldu dituzte txosten zientifiko faltsuak, herrialdearen osasun politika usteldu dutenak”.

Amiantoaren kontrako borrokan ekintzaileek egiten dute topo industrialen diruz sortutako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin ere, eztabaidak eta ekintzak katramilatzen ahalegintzen direnekin. Beste tresna klasiko bat da Robert Moore bezalako espioiak mugimenduetan infiltratzea, lobbyek orain K2 Intelligence bezalako segurtasun enpresen bitartekaritzarekin disimulu handiagoz lortzen dutena.

Mooreri K2 Intelligencek emandako enkarguaren pagatzailea Nurman Omarov kazakhstandarra, Krisotiloaren Nazioarteko Elkartearen (ICA ingelesezko sigletan) zuzendaritzakoa da. Izen neutro horrek estaltzen du amiantoaren munduko patronala. Errusia, Txina eta Brasilekin batera Kazakhstan da munduko ekoizle nagusia, eta debekuaren kontrako gurutzadan bidaide dituzte AEBak, Kanada eta beste herrialde askotako industrialak ere.

Zientziak eta esperientziak amiantoaren hilkortasunaz erakutsi digutena gezurtatzen diru asko darabilte, adibidez No Crysotile Ban (Krisotiloa Ez Debekatu) bezalako webguneen bitartez. Errusian eta beste askotan amiantoaren arriskuaz kasik inork ez hitz egitea lortu dute. Bitartean, mesoteliomak ugarituz doaz munduan.

Kanal hauetan artxibatua: Amiantoa  |  Espioitza  |  Herri mugimenduak  |  Erresuma Batua

Amiantoa kanaletik interesatuko zaizu...
2017-10-11 | Andoni Mikelarena
Amiantoaren biktimek konpentsazio funtsa izango dute 40 urteren ostean

Eusko Legebiltzarrak bultzatu du lege proposamena, aurreko agintaldian Gasteizko parlamentuan onartu ostean. PP abstenitu egin da eta gainontzeko alderdiek aldeko botoa eman dute.


2017-06-05 | Arabako Alea
Amianto egunak

Amiantoarekin lan egiteagatik gaixotzen diren herritarren zifra altuen atzean dauden bizi esperientziak bildu ditu Juanjo Basterra Respaldizak (Areta, 1963) Cuatro lunas. El drama del amianto en Euskal Herria liburuan. Oinarrizko lan segurtasunerako neurriak hartu gabe, ezjakintasunez, mineral kantzerigenoarekin lan egin duten milaka pertsonen eta euren familien drama azaleratu du; enpresen eta mutualitateen aurrean, gaixotasuna aitortzeko egin behar izan duten bide latza jaso du... [+]


Amiantoaren kalteei nola aurre egin? Eztabaida Eusko Legebiltzarrean

Talde politikoek euren proposamenak mahairatu dituzte osoko bilkuran: amiantoaren plana, konpentsazio funtsa, institutua, mapa… Baina eskaera formaletan urardoturik geratu da gaia.


Amiantoren biktimentzat konpentsazio-funtsa: oraingoan Madrilek baietz esango du?

Amiantoaren biktimen kalteak konpentsatzeko funts bat sortzea eskatu dute Eusko Legebiltzarreko ordezkariek Espainiako Kongresuan. Iaz antzeko lege proposamena onartu zuten erkidegoko ganberan, baina Madrilen atzera bota zuten. Oraingoan Kongresuko talde guztien babesa jaso dute.


2017-02-16 | ARGIA
Epaitegiak Laudioko Udala zigortu du amiantoak hildako langilearen familiari kalte-ordaina ematera

Kepa Galdos udal brigadako langilea 2012an hil zen mineral kantzerijenoa arnasteak sortutako mesoteliomagatik. Familiak salatu du EH Bilduren udal-gobernuak baztertuta sentitu dela.


Amiantoaren biktimentzat diru-funtsa sortzeko eskatuko dio Nafarroak Espainiako Gobernuari

Aho batez onartu dute Nafarroako Parlamentuan PSNren proposamena: amiantoaren biktimen kalte-ordainei aurre egiteko diru-funtsa sortzeko eskatuko diote Espainiako Gobernuari. Diru-funtsa “kalte oro konpontzeko” bideratua egongo litzateke, “amiantoak sorrarazita gaixotasunaren aitorpena jaso dutenentzat eta amiantoaren eraginpean jartzeagatik kaltetuentzat”.


“Arcelor Mittalen aurkako epaia justizia egiteko lehen urratsa da”

CCOOko Jesus Uzkudunen aburuz, amiantoaren biktimen artean ageriko biktimak eta isilpeko biktimak daude. Azken horien barruan sartu du Luisa Soraluze, 2011n amiantoz kutsaturik zeuden senarraren arropa garbitzearen ondorioz hil zena. Uzkudunen arabera, askotan fokua langileen gainean jartzen da, “askotan amiantoaren kalteak hauen ingurukoek ere pairatu dituztela ahaztuz”.


Amiantoz kutsatutako arropak garbitzen zituen emakume baten heriotzagatik, lehen zigor-epaia Euskal Herrian

Bergarako auzitegiak Arcelor Mittal zigortu du hildakoaren seme-alabei 71.519 euro ordaintzera. Amiantoak eragindako heriotzen %11 gisa bereko kasuengatik izan ohi da.


2015-08-27 | Garazi Zabaleta
Amiantoagatik hil eta lau hilabetera eman diote ezgaitasuna nafar bati

Errenteriako enpresa batean amiantoarekin egiten zuen lan hildako emakume nafarrak. Materialarekin kontaktuan egoteagatik atera zitzaion minbizia, eta Nafarroako Segurantza Sozialak hil eta lau hilabetera onartu dio  ezgaitasuna.


2015-07-05 | Ane Irazabal
Hiltzaile isilaren aurkako borroka Italian

Eternit lantegiaren arrastorik ez da geratzen, baina amiantoak astean hildako bat uzten du Piamonteko Casale Monferrato hirian. Bertako herritarrek gerra deklaratu diote mineral kantzerigenoari.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude