"Gizon altu sinesgarri bat nahi genuen, ez munstro bat"

  • Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handiaren eta haren anaia Martinen arteko harremanak eta bizipenek harilkatzen dute "Handia", Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzeko hautatua. Errealitatea eta mitoarekin jolasteaz, errelatoaz, pertsonaien psikologiaz, erronka teknikoez… aritu gara filmaren zuzendariekin.

Dani Blanco

Mitoa eta kondaira batetik, errealitatea bestetik. Denborak, esamesek, norberaren memoriak… itxuraldatzen dute errealitatea.

Aitor Arregi: Altzoko Handiari buruz dokumentatzen hasi ginenean, hori bera ikusi genuen. Datu historikoak badira, ez asko, eta makina bat kondaira eta istorio txiki (20 litro sagardo edaten zituela irakurtzen duzu, beste batek esaten dizu zezen bat altxatu zuela adarretatik hartuta…). Zer den errealitatea eta zer mitoa, pertsonaia honi oso lotuta dagoen auzia da, hari buruzko istorioak ere transformatzen eta desitxuratzen doazelako.

Jon Garaño: Altzoko Handiaren inguruan beste pertsonaiek mitoa sortzen duten moduan, pelikulak ere gauza bera egiten du, joko horren parte gara.

Anaiaren ikuspegia da nagusi.

J. Garaño: Hasieran Migel Joakin zen protagonista, baina gero konturatu ginen interesgarriagoa zela erraldoia beste baten begietatik ikustea, bai erraldoiaren istorioa kontatzeko, bai erraldoiaren inguruan zegoen horri guztiari buruz hitz egiteko ere, orduko gizarteari buruz. Guretzat, pelikulan funtsezkoa da XIX. mendeko testuinguru hori: bi indar daude talkan, mundu zaharra eta mundu berria, gerra karlistak tarteko, eta horren aurrean anaietako batek eta besteak jarrera bana hartzen dute. Batak ez du aldatu nahi baina kondenatuta dago aldatzera; besteak aldatu nahi du, baina mugatuta dago.

Diozue kondairaren eta errealitatearen arteko joko horren parte dela pelikula. Benetako historia oinarri hartzeak zein abantaila eta arrisku ditu? Errealitatea traizionatzeko garaian zenbateko tartea utzi diozue zuen buruari?

A. Arregi: Errealitatean oinarrituta dagoenean, jendeak beste dimentsio bat ematen dio istorioari, nahiz eta elementu narratibo bat gehiago baino ez den, inoiz ez duzulako kontatuko zehazki gertatu den bezala, sintetizatu behar duzulako, zulo beltzak daudelako… Kasu honetan dokumentazio gutxi dago eta zulo beltzak bete egin behar ziren. Gainera, fikzioari logika bat eman behar diozu sarri errealitateak ez daukana. Materiala erreala da, baina zure terrenora ekarri behar duzu, malgu jokatzen eta istorioa zure egiten jakin behar duzu, datuen esklabo bihurtuz gero istorioa alde batera utzi dezakezulako; eta aldi berean mugak ere jarri behar dituzu, historiarekin eta pertsonaiarekin zintzoa izateko. Ariketa hori egin dugu etengabe.

J. Garaño: Benetako datu asko daude pelikulan, erraldoiaz dakizkigun datu garrantzitsu asko, eta hari buruz irakurri duenak antzemango ditu pelikulan. Zenbait detaile ere zaindu ditugu: garaiko Madrilgo egunkari baten erreprodukzioa ikusten da, Handiaz egin zuten ilustrazioa… Jendeak deskubritu dezala zer den benetakoa eta zer asmatua.

“Altzoko Handiaren inguruan beste pertsonaiek mitoa sortzen duten moduan, pelikulak ere gauza bera egiten du, joko horren parte gara”

Zuen errelatoa egin duzue. Gure historia guk kontatzen ez badugu, beste batzuek kontatuko dutela irakurri dizuet.

A. Arregi: Garai baten errelatoa bakarrik ez, gure zinemari ekarpena egingo dion errelatoa izatea ere espero dugu, beste pelikula batzuekin elkarrizketan jarriko dena, osagarri, baina ez errelato bakar izateko anbizioz.

J. Garaño: Argi dago gure ikuspuntua jartzen diogula istorioari, eta sustraiak non dauden ere garbi dago.

“Garai baten errelatoa bakarrik ez, gure zinemari ekarpena egingo dion errelatoa izatea ere espero dugu, osagarri eta ez errelato bakar izateko anbizioz”

Eta zuen ikuspuntutik, zertzelada batzuetan garaiaren irakurketa politikoa egiten du filmak.

J. Garaño: Esango nuke filmeko pertsonaiek ez daukatela kontzientzia politikorik, baina bai kontzientzia soziala. Konturatzen dira zerbait aldatzen ari dela, mundu ezberdinak daudela, eta aldaketa horiei aurre nola egiten dieten da interesatu zaiguna. Batzuk egoerara egokitzeko gai dira, norberaren interesen arabera, eta beste batzuek ez dute egokitzeko inongo asmorik, betikoari eutsi nahi diote. Euskal Herrian esaterako nabaria izan da tradizioari lotzeko eta gauzak bere horretan mantendu nahi izateko joera.

A. Arregi: Elementu identitarioak pisu handia du pelikulan.

Ñabarduraz betetako bi pertsonaia protagonistak dira istorioaren ardatza; bi anaietan oinarritutako pelikula psikologikoa da. Aktoreen lana funtsezkoa da halakoetan.

J. Garaño: Oso pelikula gogorra izan da denentzat, tartean baldintza teknikoak ez direlako batere samurrak izan, eta aktoreek ere lan handia egin dute. Filmak erretratu zabala egiten duen arren, egia da funtsean pelikula psikologikoa dela eta inportantea da esaten denetik harago kontatzen dena; horretarako aktoreen lana ezinbestekoa da. Aktore guztien emaitzarekin oso pozik gaude, eta protagonisten kasuan, Eneko Sagardoy [Altzoko Handia] aktore kamaleonikoa da, oso fisikoa eta teknika handikoa, eta lortu du oso gauza zaila: Migel Joakin erraldoia sinesgarri egitea, kontuan hartuta bilakaera dramatiko handia duela pertsonaiak. Joseba Usabiagak [Martin anaia] asko transmititzen du begiekin, keinu txikien bidez, eta benekotasuna eman dio pertsonaiari, bera denaren eta izan nahi duenaren arteko borroka irudikatu du; lortzea pertsonaiak bere burua era batera ikustea eta ikusleek beste era batera, hori erronka handia da. Eta oso inportantea da bien artean dagoen kimika, pelikulan islatzen delako oso pertsonaia ezberdinak izan arren, konexio uneak dituztela, zerbaitek lotzen dituela.

Sinbolo eta metaforak atsegin dituzue. Loreak filmeko ardia al da Handiako otsoa?

J. Garaño: Sinbologia handia dago, bai, baina gauza horiek ez dira kontatzen, ikusle bakoitzak egin ditzala bere interpretazioak. Detaile asko daude, gustatzen zaigu ikusleari halakoak planteatzea, denek antzemango ez dituzten arren. Heldulekuak ere badira guretzat, pelikulak zerbait kontatu nahi duela adierazten duten heldulekuak, gizarteaz, identitateaz, askatasunaz, aldaketaz, egokitzeaz… Saiatzen gara kriptikoak ez izaten, baina agerikoegiak ere ez.

A. Arregi: Erraldoia bera metafora da guretzat: pelikulan duen bilakaera fisikoak berak nolabait islatzen du handitzen eta transformatzen doan mitoa, gelditu ezin duen eta handitzen doan hori, aldaketa delako aldaezina den gauza bakarra.

Pertsonaiek hitz egiten duten euskarak zein ezaugarri izango zituen erabakitzeak denbora asko eskatu al dizue?

J. Garaño: Buruhauste batzuk eman dizkigu, ez delako tratamendurik errealistena, baina azkenean erabaki dugu gipuzkera kutsua mantendu arren gipuzkera hutsean hitz egiten ez jartzea pertsonaiak, hasteko ez dakigulako nola hitz egiten zuten benetan garai hartan. Pertsonaia donostiarrek, nafarrek, kostaldekoek… ere euskara ezberdinak darabiltzate. Eta Altzoko gaur egungo euskarari keinu batzuk egin dizkiogu. Finean, ziurrenik ez da euskararik errealistena, baina naturaltasuna hobetsi dugu, eta hainbaten laguntza izan dugu bide horretan.

“Bi aktore nagusien arteko kimika oso inportantea da, pelikulan islatzen delako oso pertsonaia ezberdinak izan arren, konexio uneak dituztela, zerbaitek lotzen dituela”

Errodatzeko ia Euskal Herri osoa zeharkatu duzue. Zein garrantzi du paisaiak filmean?

J. Garaño: Paisaiak eta lurrak garrantzi handia dute, istorioa eta pertsonaiak markatzen dituelako: non dauden, zein ibilbide egiten duten eta non amaitzen duten. Pertsonaien unibertsoarekin lotzen gaitu paisaiak, inguruak ere egiten duelako pertsona.

A. Arregi: Eremu epikoa eta intimoa uztartzeko aukera ere ematen du paisaiarekin jolasteak.

80 egunean filmetik Loreak-era salto kualitatiboa aipatu zenuten (estetikan, muntaketan…). Beste salto bat eman eta erraldoi bat irudikatzeko erronka izan duzue oraingoan. Arriskuak hartzea gustuko duzue?

J. Garaño: Lantaldea horrelako produkzio bat egiteko gai garela ikusteko erronka izan da hau, teknikoki produkzio handia baita guretzat. Gainera, Loreak-ek poz eta gauza eder asko ekarri zizkigun, baina azkenerako nekatuta amaitu genuen eta argi geneukan film honek beste zerbait izan behar zuela, ezberdina. Errealizazioak, istorioa eramateko moduak… beste estilo bat daukate, nahiz eta gero konturatu garen uste genuena baino konexio gehiago daudela bi pelikulen artean; gure unibertsoko gauzak antzematen ditugu, uste genituenak baino gehiago.

A. Arregi: Erronka ugari izan ditugu: XIX. mendea modu sinesgarrian sortzea, animaliekin lan egitea, gerra irudikatzea… eta erraldoia bera. Amarru analogikoak eta efektu digitalak uztartu ditugu eta plano eta eszena bakoitza azterketa eta borroka bat izan da, errodaje-egun batean balio zuenak hurrengoan agian ez zuelako funtzionatzen. Beti izan dugu argi gizon altu errealista eta sinesgarri bat nahi genuela, naturala, ez munstro bat; ikuslea istorioan sar dadin eta ez dadin egon denbora guztian pentsatzen erraldoia lortzeko zein teknika dauden atzean. Erraldoi protagonista, emozioak garatuko dituena, gainerako pertsonaiekin hartu-emanean egongo dena eta aldi berean istorioa estaliko ez duena, hori guztia orekatzea ez da erraza izan.

Loreak filmaz nekatuta bukatu omen duzue, baina saihestezina izango da konparaketa. Beldurra ala konfiantza ematen dizue aurrekariak?

J. Garaño: Konparaketak izango dira, bai, eta bestelako harrera eta ibilbidea izango ditu film berriak, baina gu lasai gaude, pelikula ezberdina egin dugulako eta ez dugulako Loreak 2 egin nahi izan.

A. Arregi: Loreak-en eraginez eta Altzoko Handia pertsonaiak duen erakargarritasunagatik, espektatiba handia dagoela, hori bai nabaritu dugu. Beldur pixka bat ematen du, bai…

“Konturatu gara gurea ez dela zigilu pertsonala, talde-zigilua baizik: gai gara gure pelikuletan Moriarti produktora antzemateko”

Moriarti produktoran duzuen filosofiaren barruan ulertzen da, baina baten batek esango du: Garañorekin batera Loreak-eko zuzendari aritu zen Jose Mari Goenagaren ordez, Aitor Arregi dago orain.

A. Arregi: Gurean normala da eta ez da aldaketa handia, taldelanean oinarritzen garelako eta hasiera-hasieratik egin ditugun labur, dokumental eta fikzioetan rolak banatzen eta aldatzen joan garelako. Loreak-en ni nintzen lekuan dago orain Jose Mari. Gure lan egiteko moduan badu logika, inork ez dezala pentsatu Jon eta Jose Mari haserretu direnik, kar kar kar.

J. Garaño: Aitor eta Jose Mari oso ezberdinak dira eta ondorioz dinamika ere beste bat izan da, baina ez dugu elkar egokitu behar izan, Moriartin hasieratik elkarrekin aritu garelako. Denborarekin konturatu gara gurea ez dela zigilu pertsonala, talde-zigilua baizik: gai gara gure pelikuletan Moriarti antzemateko; guri interesatzen zaizkigun gaiak eta jorratzeko moduak errepikatzen dira. Pelikula ezberdinak eginagatik, konexioak eta loturak aurkitzen ditugu batzuen eta besteen artean.

A. Arregi: Pertsonaia paradoxikoak, komunikazio arazoak, identitatea… aurkituko dituzu gure lanetan.

Alfonbra gorrira ohituta zaudete eta hein batean euskal zinemaren ordezkari zareten neurrian, ardura sentitzen duzuela esan izan duzue. Zama da ala harrotasuna?

A. Arregi: Zamarik ez, harrotasuna. Ez gara bakarrak, gurea ekarpen bat gehiago da, momentu jakin batean fokuak erakarri ditzakeena, baina zorionez lan interesgarriak egiten ari den jende ugari dago, eta atzetik etor daitezkeenei ateak irekitzen eta Euskal Herrian filmak egiteko aukera dagoela erakusten ari bagara, pozgarria da.

J. Garaño: Inork ez digu ordezkari-lana jarri, baina egia da gure pelikulek kanpora bidaiatu dutela eta aukera ona izaten dela hemengo errealitatearen, kulturaren, hizkuntzaren berri emateko. Gurea industria txikia izan arren, gero eta handiagoa eta anitzagoa da eta euskal zinemagintzan sekulako urteak datozela uste dut, proiektu interesgarriak daude bidean.

Ikusi trailerra:


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zinemaldia 2017
Zinemaldiko Publikoaren Saria: Barretik negarrera

Jendeak barre egin nahi du, eta negar; sentitu, emozionatu. Beharbada horregatik irabazi du tragikomedia batek Publikoaren Saria.


Desastrearen, emakumeen eta 'Handia'-ren Zinemaldia

James Francoren Urrezko Maskorra, Anahí Berneriren eta Sofía Galaren zilarrezkoak eta Handiak jaso duen Epaimahaiaren Sari berezia dira aurtengo palmares ofizialeko puntu nabarmenenak.


Publikoaren Saria / Barretik negarrera

Jendeak barre egin nahi du, eta negar; sentitu, emozionatu. Beharbada horregatik irabazi du tragikomedia batek Publikoaren Saria.


'The disaster artist' filmarentzat Urrezko Maskorra, 'Handia' ere saritu duen Zinemaldian

James Franco zuzendariaren The disaster artist filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiko film onenaren Urrezko Maskorra. Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia filmak Epaimahaiaren Sari Berezia eskuratu du.


Perlak / "The Leisure Seeker". Zaharra, baina bizirik

Bai, zaharrek ere desio sexuala dute, eta bizitzaz gozatu nahi dute, maitasunaz. Eskubidea dute erokeriaren bat egiteko, euren kabuz erabakitzeko, aske izateko… eta gustuko ditugu hori guztia gogorarazten diguten filmak.


Eguneraketa berriak daude