Joan den astean, euskal gehiengo sindikala osatzen duten ELAk eta LABek ekintza batasuna irudikatzen duen beste urrats garrantzitsu bat egin zuten, “burujabetza prozesu aldebakarreko eta sozialaren” alde.
Pauso esanguratsua Euskal Herriko gehiengo sozialaren interesen zerbitzura. Aitortzeko modukoa eta txalogarria da ekimena, sindikatu abertzaleen batasunerantz mugarria izan daiteke-eta.
Egongo da esango duenik eremu politikoan “sartzea” dela, alderdi politikoek protagonista izan behar omen duten tokian. Sindikatuek, baina, eskubide osoa dute politika sozial, ekonomiko eta laboralak eskatzeko, gehienean langile eta pentsionistek osaturiko jendarteari bete-betean eragiten baitie. Politika horiek nork erabaki, hobeak edo okerragoak izango dira. Testuinguru horretan, logikoa da salatzen dutena: Espainiako Estatuarekiko menpekotasunak kalteak ekartzen dizkie langile eta pentsionistei; gainera, agintariek ez dute borondaterik egoera hori gainditzeko eta aldebikotasunak ez du funtzionatzen. Ondorioz, prozesu subiranista aldebakarreko eta sozialaren alde daude sindikatuok.
Apustu horrek eragina izango du prozesuan hartu beharreko erabakietan. Horregatik diote beharrezkoak direla “ezkerreko aliantzak”. Burujabetzarik ez izateak zailtasunak ekarri ditu negoziazio kolektiboan, jendea pobretu du, lana prekarizatu eta pentsioak eskastu. Burujabetzaren bidez eta euskal gehiengo sindikalak bultzaturik, aurrekontu eta politika fiskal sozialak ezar daitezke, ez eliteen zerbitzura, baizik eta jendartearen gehiengoaren mesedetan. Horretarako burujabetza mota batek baino ez du balio: osagai sozial indartsua duena.