Independentzia erreferenduma deitu du Kataluniako Gobernuak

  • Gauerdia baino lehen sinatu dute Puigdemontek eta Generalitateko kontseilari guztiek U-1erako dekretua. Aurretik, Kataluniako Parlamentuak Erreferendumaren Legea onartu du, espero zen bezala. Espainiako Gobernuaren erantzuna berehalakoa izan da.


2017ko irailaren 07an - 07:45

Dena joan da pentsatu moduan Kataluniako Erreferendumaren bozketari dagokionez eta Junts Pel Sí, CUP eta Germá Gordóren (JxS ohia) 72 botoekin atera da aurrera urriaren 1eko kontsulta arautuko duen legea. CSQP abstenitu egin da. C’s, PSC eta PPk Legebiltzarretik alde egin dute bozketan parte hartu gabe.

Osoko  bilkura luzea izan da oso, ordea, eta katramilatua, aldekoek aurrera egin nahian eta aurkakoek ahalik eta gehien zangotrabatuz. Pentsatu bezala, goizean goiz Legebiltzarreko Mahaiak tramitera onartu dute legea eta hor hasi da gudu politikoa. Egunero harri-bitxia Legebiltzarreko 81.3 araua izan da: honek ahalbidetzen du osoko bilkura etetea eta, gehiengo osoa badago, lege bat edo proposamen bat bideratzea egunean bertan.

Arau hau aurten erabiltzen den bigarren aldia da, iragan maitzaren 17an erabili baitzuen Legebiltzarrak, QSQP eta CUPen eskariz: orduan, Palau ustelkeria auzia zela eta Parlamentuari eskatu zioten Generalitatea akusazio partikular gisa aritzea auzian. Legebiltzarreko talde guztien onespenaz egin zuen aurrera eskaerak.

Halako lege garrantzitsu bat onartzeko halako arau bat erabiltzea demokraziaren aurkatzat jo du oposizio osoak eta honen inguruko kontsulta juridikoak eta hainbat bilkura eskatuz, behin eta berriro lortu du atzeratzea Erreferendum Legearen eztabaida. Junts Pel Sí eta CUPek onartu dute ez dela halako lege bat ateratzeko modurik egokiena, baina azpimarratu dute Espainiako Gobernuaren etengabeko ezetzak ez diela bestelako irtenbiderik utzi.

Tentsio eta eztabaida handiko uneak bizi dira egunean zehar, baina azkenean legearen eztabaidari ekin diote arratsaldea ondo sartua zegoela eta 21:30ean legea onartu dute. Ondoren, independentistek Els Segadors abestu dute. Legebiltzarreko Buletin agertu da Legea 22:00ak aldera eta, ondoren, Carles Puigdemont Kataluniako Gobernuko lehendakariak erreferendumerako dekretua sinatu du Legebiltzarrean bertan. Gobernu osoak sinatu du berarekin batera.

CSQPren apurketa

Tentsio handia izan da ez bakarrik independentista eta oposizioaren artean, CSQPk ere osoko bilkuran erakutsi du erreferendumarekiko bizi duen apurketa. Taldeko bozeramale Lluis Rabelek bere ikuspegia azaldu behar zuenean, Joan Giner diputatuak hitza eskatu dio Forcadelli, eta azaldu dio bere taldea bitan dagoela zatitua eta, beraz, berak ere hitz egin nahiko lukeela. Forcadellek ihardetsi dio beren denborak banatuz gero ez dagoela arazorik, baina Rabelek ez du onartu eta berak hitz egingo zuela adierazi du. Horren aurrean CSQPko lau diputatuk alde egin dute aretotik.

Espainiaren kontraerasoa

Espainiako Gobernuak ez du itxaron legea onartu arte eta goizean bertan eraman du gaia Auzitegi Konstituzionalera, argudiatuz Auzitegi honek behin baino gehiagotan ohartarazi duela Kataluniako Legebiltzarreko Mahaia ezin duela erreferendumarekin zerikusirik duen ezer tramitatu eta, hala ere, muzin egin diola. Konstituzionalak, dena den, ez dio asteazkenean heldu gaiari eta osteguneko bileran jorratuko du.

Mariano Rajoyren Gobernuak, halaber, asteazken gauean bertan eskatu dio txostena Estatu Kontseiluari, horrela ostegunean bertan helegitea jarri ahali zango dio Legeari Konstituzionalean. Honek tramitera onartu eta legea baliorik gabe geldituko da behin-behinekoz.

Kataluniako fiskal nagusiak ere kereilak jarriko ditu, seguruenik ostegunean bertan, Legebiltzarreko Lehendakari Carme Forcadell eta Mahaiko Junts Pel Sí-ko beste kideen aurka, guztiei desobedientzia eta prebarikazioa leporatuz. Forcadellek, bere aldetik, Auzitegi Konstituzionaleko kideen aurkako errekusazioa eskatu du, hauek Espainiako Gobernuaren menpe daudela argudiatuz.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude