argia.eus
INPRIMATU
“Administrazioak ez du LISMI legea betetzen”
Mikel Asurmendi @masurmendi 0000ko ren 00a
KLko langileen bost ordezkari sindikalak (ezkerretik eskuinera): Mª Dolores Jimenez Martinez (CCOO), Jesús Galdaera Zubieta (ELA), Diego Bravo Barquilla (CCOO), Edurne Castro Etxaburu (LAB) eta Maite Rodriguez Lekue (ELA).

KLko langileen bost ordezkari sindikalak eta Administrazio Kontseiluko partaideak dira. Diego Bravo Barquilla (CCOO), Edurne Castro Etxaburu (LAB), Maite Rodriguez Lekue (ELA), Jesús Galdaera Zubieta (ELA) eta Mª Dolores Jimenez Martinez (CCOO). Hona beren ikusmolde batzuk.

Langile ezgaituen estigma: Askok ez du esan nahi desgaitua denik. Enpresa arruntetan ariko balira agertzen dute beren burua: “Desgaitasun bat dugulako zertan joan behar dugu enpresa berezi batera?”. Rodriguezek aitortu digu berak ez zuela KL enpresara etorri nahi. Orain hauxe dio: “Mundu oso emankorra da gurea, lanean zein giza harremanetan”.  

Langileen indarra: “KLn langileok indar gehiago dugu Gureaken baino” diote bostek. Gure soldatak baxuak direla? Egia da. Baina, guk krisia garaia nahiko ongi gainditu genuen. Enpresa arruntarekin alderatuz, krisia hobeto eraman dugu, gure BPG eta soldata igoz joan dira urtetik urtera”.

Ezgaitasunak landu beharra: “Sindikaliston helburuetako bat langile bakoitzaren ezgaitasunaren araberako lanketa espezifikoa hobetzea da: beste enplegu batzuetatik –eritasuna edo istripu  bat dela eta– heldu dira hona, beren lanetan gaitasuna zuten baina ‘beren ezgaitasun berria dela eta’ egokitu behar dute lan-postura berrietara”. Hainbat lan ongi aztertu behar izaten da, ezgaitasunak mugatzen baitu errendimendua hobetzea.

Ezgaituaren Gizarte Integraziorako Legea (LISMI gaztelaniaz): “Administrazioak ez du LISMI delako legea betetzen. Legeak dioenez enpresa arruntetan langileen %2 ezgaituak izan behar du, baina hainbat enpresak nahiago du legea ez bete eta isuna ordaindu. Enpresek ez dute langile desgaitua nahi”. Galdaerak dioenez, “legea beteko balitz, zentro hauek ez lirateke izango”. Zentro okupazionalak izango lirateke. Okupazionaletan langileen %80k desgaitasun mentala dute. Bravok: “Legeak langileentzako trantsitu aldi bat aurreikusten du enpresa arruntetara pasatzeko. Administrazioak enpresek legea betetzeaz gehiago arduratu behar luke. Ez Jaurlaritzak ez Diputazioak ez dute beren eremuan legea betetzen, eta ez dute desgaitasunak dituzten langileen trantsitua garatzen. Enpresa batzuek diote egiten dutela, baina enplegatzen dituztenak azpikontratua daukate, eta ez dute kobratzen besteek bezala”.

KLren ekarpena: “Jendeak gure enpresa ezagutzen du, baina ez barnetik. Areago, hemen hasten diren langileak harritzen dira ekoizten dugun kalitatea ikusita” dio Rodriguezek. Bravok hauxe gehitu du: “Jendarteko sektore batek uste du, desgaituak garenez, ez dugula besteen modura ekoizten, beraz, enpresa arruntak gurea salbatzen ote duen pentsatzen dute askok. Ez da batere horrela. Galdaera ez dator bat uste horrekin: “Herri guztietan gurekiko ezagutza eta kontzientzia ez dira berak. Ni Aretxabaletako naiz eta bertako langileen familiak guregandik hurbil dira”.

Menpekotasunetik gero eta libreago: Lantegi hauek ez dute ekoizpen propiorik, azpikontratatuak dira. Hala ere, lana gero eta hobeto egiten ari dira eta inoren menpekotasunetik gero eta libreago daude. Lan arduratsua medio, berritzen eta kualifikatzen ari dira. Hartara, enpresa kontratatzaileei gero eta gehiago exijitze diete, horrek lan egoeraren kalitatea ere hobetzea dakar.  

Elkartasunean aritzea: “KLn eritasun edo desgaitasun berantiarrak izan dituzten langileak ere badira. Horiekin harremanak konplikatuagoak dira. Enpresa arruntean aritu diren langile desgaituak gurera etortzen direnean, lan prozesu konplexua izaten da”, diote bostek. Jimenezek dioenez: “Hasiera ez da erraza. Elkarbizitza landu behar da. Osasungintzako profesionalak inguruan izatea ongi da, baina batez ere, laguntza lankideok eman behar diegu. Desgaitasun sakonagoa dutenek beste norbanakoaren konfiantza are handiago behar dute: elkartasuna, maitasuna, animoa begi onez tratatuak izatea” .