"Asmo handirik gabeko musika zintzoa da gurea"

  • Berlinen bata eta Bartzelonan bestea. Hainbat urtez kanpoan izan dira Paula Estévez eta Aritz Aranburu, ilustrazio eta diseinu kontuetan sartuta. Egun, elkarrekin bizi dira Getarian, eta etxean bertan ekin diote Oki Moki proiektuari. Ocean Breeze lehen diskoa argitaratu zuten iaz, pop melodia itsaskorrak gitarra zakarrekin nahastuta.

Klase guztietako fanzinez, komikiz eta kasetez josita daude Dabadabako standak. Igande eguerdia da, ekainak 11, eta iluntzera arte luzatuko da Guillotina Festa, Donostiako autoedizio topaketa. Jendea mahaiz mahai ari da saltsan. Batzuk, bezperako ajeari buelta eman nahian, bainilazko irabiatuari zurrupaka, besteak, alaiago, marianitoa eskuan. Ezin panorama aproposagoa Oki Mokiren zuzenekorako, taldekide biek lotura estua izan baitute betidanik autoedizioaren munduarekin; are, Paula Estévez bera da jaialdiaren antolatzaileetako bat. 13.30ak aldera, Bilboko Niebla Fascistaren ondoren igo dira eszenatokira, eta berrogei minutu pasatxoan xehatu dute diskoa, pieza berriren bat barne. Lau egun lehenago, areto bereko terrazan eserita erantzun zituzten galderok.

Otsailean hasi zineten zuzenekoak ematen, eta ordutik asko jo duzue. Ze sentsaziorekin zabiltzate?

Kostatu zaigu soinu egokia topatzea. Bateriak pedal batean grabatuta ditugu, eta oso desberdina da entsegu lokalean edo eszenatoki batean entzuten duzuna. Lehen bizpahiru kontzertuetako soinua desastre samarra izan zen. Zikin puntu hori bilatu nahi genuen, baina pasatu egin ginen: bateriek, anplifikatzean, soinu kaotiko samarra ateratzen zuten. Beraz, berriro grabatu genituen, garbiago, eta geroztik erosoago gabiltza.

“RIP, Eskorbuto eta abarren punk nihilista sartu zen indartsu hemen, beste talde batzuk popera gerturatzen ziren arren”

Bateria jotzaile bat hartzea baztertzen duzue?

Ez dugu baztertzen. Hala ere, espiritu praktikoa daukagu. Frantzian era horretako talde asko daude: bi instrumentuz osatuak, ahots ekipoa bozgorailuetan integratuta daukatenak. Ingurura egokitzen dira, entxufe bat dagoen edozein tokitan jo dezakete: ate izkinan, eszenatokiaren alde batean, kale bazterrean… hori gustatzen zaigu.

Sentsazioa daukat Oki Mokiren berri ahoz aho zabaldu dela batez ere. Ez duzuela promozio handirik egin, alegia.

Ez bereziki, baina orain arte bestelako proiektuetan egin duguna baino askoz gehiago. Facebooken kontu bat egitea, tarteka argazkiak igotzea… hori promozio lan handia da guretzat. Egia da, hala ere, bilatu gabe iritsi zaizkigula kontzertuak, elkarrizketak eta artikuluak. Bandcamp bidez abesti batzuk erosi dizkigute AEBetatik, eta hori sekulakoa da. Munduaren beste puntan zuk egiten duzunarekin flipatzen duen pertsona bat dagoela jakitea betegarria da, eta lanean jarraitzeko motiboak ematen dizkizu.

Eta entzuleen aldetik nolako feedbacka jaso duzue?

Jo ditugun kontzertu apurretan feedback ona jaso dugu. Ematen du Oki Mokiren duo formatu horrek lagundu digula jendearengana iristen, eta gustagarriak direla udako egun alaietako espirituz egindako kantuok. Lehengoan zapatilla zale batek esan zigun kasetea hamar aldiz entzun duela. Espero ez genuen jendeari entzuten dizkiogu halakoak. Badakite ze mundutatik gatozen, eta horregatik entzuten dituzte gure kantuak aurreiritzirik gabe.

Nola sortzen dituzue kantuak?

Normalean, aurrena melodia bat ateratzen dugu, eta mugikorrarekin grabatu. Zati horretatik tiraka pixkanaka kantua osatzen dugu, letra azkenerako utzita. Ze soinu bilatu edo nondik jo garbi duzunean, dena da errazagoa. Estiloa oso zehaztuta daukagu, biok dakigu zer nahi dugun.

Dena hain zedarrituta edukita ez al dago arriskurik konfortean erortzeko?

Bestelako talde bat bagina, esperimentalagoa edo, izan zitekeen negatiboa estiloa hain zehaztuta edukitzea. Konfortetik ateratzeak aberastuko gintuzke, kantu bakoitza litzakeelako abentura bat. Zerbait sortzen hasi eta non bukatuko duzun ez jakitea oso interesgarria da sarri. Aldiz, daukagun talde kontzepturako formula ona da hau. Sortze prozesuan sorpresa gutxiago izaten ditugu, baina dena da errazagoa. Asmo handirik gabeko musika zintzoa da gurea.

Musikaz harago, sumatzen zaizue afinitate hori. Biak zarete diseinatzaile grafikoak, biak zatozte autogestioaren mundutik…

Bai, mundu beretik gatoz, eta sortzerakoan oso antzeko gustuak dauzkagu. Horrek ez du esan nahi gatazkarik izan ez dugunik, baina oro har, biok gara lasaiak, eramanerrazak eta malguak.

“Guretzat arrakasta ez dago ospearekin lotuta: musika lotzen dugu jendea ezagutzearekin, jende ezezagunaren etxeetan lo egitearekin...”

Zertan izan dituzue gatazkak?

Adibidez, bideoklipetan gure burua zenbateraino erakutsi erabakitzerakoan. Gu beti atzeko mundu horretan ibili gara, kontzertuak antolatzen, publiko orokorretik aparte, beti bigarren planoan… eta gure burua asko erakusteak bertigo puntu bat ematen digu. Orain, ordea, bideoren bat egitean sortu izan dira tentsioak, ze batek agian aurpegien planoak bere horretan utzita argitaratu nahi du, eta besteak nahiago du badaezpada aurpegiak ezkutatzea. Baina ondo daramagu kontua. Oki Moki bion proiektu pertsonala da, etxean sortua eta etxean grabatua. Bideoak ere bion artean egin ditugu, eta, hortaz, logikoa zaigu biok azaltzea. Pertsonaren irudia eta taldearena batera doaz. Gainera, guretzat arrakasta ez dago ospearekin lotuta, ezta salmentekin edota diruarekin ere. Musika lotzen dugu jendea ezagutzearekin, ezezagunen etxeetan lo egitearekin… Horrela esanda agian handikeria ematen du, baina askotan sentitu dugu –(Aritzek) Arrotzak taldearekin Frantzian zehar egindako biran, adibidez– badela oraindik gizaterian esperantzarik, dena ez dagoela galduta: izugarri zaindu gaitu jendeak. Horrek betetzen gaitu, eta ez kasete pila saltzeak, edo halako aldizkaritan ateratzeak, edo Facebook-en “atsegin dut”-ak jasotzeak.

Koherentzia estetiko handia dute bideoklipek. Irudiak oso ondo ezkontzen dira musikarekin.

Azken urteotan utzita genituen ikus-entzunezkoak, eta probatzeko gogoz genbiltzan. Kantu oso bisualak iruditzen zaizkigu. Udan grabatu genituen, eta biltzen dute udako aldarte alai hori. Izan balitz barrura begirako estilo ilunago bat, zailagoa litzateke bideora eramatea. Asko gustatzen zaigu post-punka, egin genituen kutsu horretako kantu batzuk hasieran, baina azkenean tonuz aldatu genuen. AEBetan asko dira kutsu hori duten taldeak.

Minor Threaten gitarrak eta Cloud Nothingseko melodiak etorri zaizkit burura zuek entzun ahala.

Bai, AEBetan talde pila ederra dago punk mundukoak izan arren amaitu dutenak zerbait poperoagoa egiten, oso musika alaia eta melodikoa. Euskal Herrian ez dugu halakorik ezagutzen. Badaude garaje-pop egiten duten batzuk, baina ez datoz punk mundutik. Hemen bi muturretan bizi dira popa eta punka: punk munduan melodia txikiren bat sartzen baduzu, betiko aurreiritziak ateratzen dira; eta, aldiz, pop munduko taldeak beti aritu izan dira arrakasta bila, kutsu komertzial hori izan dute, lurrazpiko eszenatik urrun. Gu, ostera, gaztetxe girotik gatoz, eta nahi izan dugu zerbait melodikoa eta alaia egin, baina jarrera underground horri eutsiz. Florida inguruan badago espiritu hori: hartu gitarra akustiko bat eta bi perkusio zati, sartu garaje batean eta sekulako festak egin, jende guztia zerbezak burutik behera botaz. Izan ginen halako jaialdi batean: nerd jendez lepo, denak zoratuta kantatzen. Eta pentsatzen genuen: “Hau baino punkyagorik!”. Noski, musikalki ez zen hemengo punk matxo hori. Justu kontrakoa. Askoz melodikoagoa eta alaiagoa zen, eta letra politikoak baldin bazituen ere, bizipoza kutsatzen zuen, nihilismo auto-suntsitzailea beharrean.

Egia da aipatzen duzuen jarrera hori ez zela askorik zabaldu inguruotan –Jotakie edo M-ak aipa litezke agian–. Zergatik izan daiteke hori?

Euskal Herrian goizetik gauera igaro ginen Ez Dok Amairuko kantautoreetatik RRVra. Egia da bazirela talde batzuk –Zarama edo Hertzainak, adibidez– tarteka popera gerturatzen zirenak. Baina RIP, Eskorbuto eta abarren rollo nihilista izan zen batez ere indartsu sartu zena, eta popaz ari bagara, hurrena bururatzen zaizkigun taldeak La Oreja de Van Gogh eta tankerakoak dira.

Inguruotako ze talde sentitzen dituzue gertuko?

Musikalki, inor gutxi. Jarrera aldetik, berriz, aipa genitzake gure lokalean ibili diren taldeak: Petra edota Erroma. Edo Bilboko Killerkume. Getariako gaztetxean beti saiatzen gara apustu arriskatu samarrak egiten dituzten musikariak programatzen, eta Bilbon Killerkumeko biak ere ildo horretako kontzertuak antolatzen ari dira. Horiez gain, oso ongi moldatzen gara Vulk eta Sofa taldekoekin, besteak beste.

“Gero eta jende gehiago animatzen da fanzineak egitera, baina bestalde, kontuak badu moda puntu bat ere”

Zer dela eta atera duzue kasetea?

Sareko plataforma bidez entzuten da musika gaur egun, CDa ere zaharkituta gelditu da… Gu kasetean hasi ginen musika entzuten. Gaztetan jende ezezagunarekin kaseteak elkarbanatzen genituen, posta bidez. Beranduago, Kriston Zintak zigilua sortu genuen Arrotzak taldeko batzuek, eta lokalean entseatzen aritzen ziren hainbaten grabaketekin 50-100 kopiako edizio txikiak argitaratzen genituen. Azken batean, kasetea formatu analogiko bat da, ibilbide luzekoa, fisikoki zure lana betirako izozteko moduetako bat. Badu kolekzionista kutsu hori eta, gainera, merkea da.

Paulini Records zigilua ere sortu duzue. Ze asmorekin?

Kontzertuetara maleta txiki bat eraman ohi dugu, fanzine, zinta eta abarrekin, eta aurrerantzean sortzen dugun materiala Paulini Records estalkiarekin argitaratu nahi dugu. Egungo baliabideekin oso erraza da norbera izatea musikari, bideogile, produktore… Trap musikaren mundua da adibiderik garbiena: jendeak ikusten ditu Youtubeko lau tutorial eta gai da horrekin sekulako bideoklipak egiteko.

Hortaz, garai onak al dira Do it yourself mugimenduarentzat?

Igandean [ekainaren 11ri buruz ari da] Guillotina Festa antolatu dugu hementxe, Dabadaban, eta ohartzen gara gero eta jende gehiago animatzen dela fanzineak edo bere musika autoeditatzera. Baina, bestalde, kontuak badu moda puntu bat ere. Bat-batean topatzen duzu norbait fanzine bakar bat egin duena horretarako diru laguntzak eskatuta. Edo bizi estilo oso altuko jendea autoedizioaren munduan sartuta. Edo igarotzen zara Kursaal paretik eta ikusten duzu klase horretako azoka bat antolatu dutela. Instituzioek ere oso bere egin dute ekitaldietan detaile txikiak zaintzeko joera hori… Baliabideen aldetik garai onak dira Do it yourself-arentzat, baina badago joera mugimendua esanahiz hustu eta azalekoarekin gelditzeko ere.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-04-21 | Iker Barandiaran
Amorrazioa, jarrera eta kantuak

Madrilgo queer mugimenduan kokatzen nuen taldea, eta orain gutxi bere esentzian –zuzenekoan– ezagutzeko aukera izan nuen. Orduan jakin nuen Argentinan jaio baina gaztetan Madrilera joandako Belenek (ahotsa eta gitarra) sortu zuela taldea, eta Mariarekin (bateria eta... [+]


2024-04-14 | Iker Barandiaran
Errekak ez du planeatzen

Garai batean, buruz genekizkien The Dark Knight filmeko Jokerren esaldi guztiak, “kaosaren agentea” zenez gero. Horrelakorik zuen, esaterako, bere jokabidea azaltzeko: “Plan bat duen tipo bat al dirudit? Badakizu zer naizen? Autoen atzetik korrika doan txakur... [+]


2024-03-24 | ARGIA
Korrika: 23 edizioetako kanten bilduma

43 urte igaro dira AEK-k lehenengo Korrika antolatu zuenetik 1980an. Lekukoak egindako ibilbideen, leloen, abestien eta omendutako pertsonen errepasoa jarraian.


Eguneraketa berriak daude