Nafar Pirinioak berpiztera doan belaunaldia

  • Despopulazioaren, bazterketa instituzionalaren eta biztanleri gero eta zaharragoaren mamua bizi dute aspalditik Nafarroa Garaiko Pirinioetako herritarrek, are gehiago ekialdeko ibarretan: Aezkoa, Zaraitzu eta Erronkari. Badira, ordea, beren bizi eta lan proiektuak bertan aurrera ateratzea lortu duten gazteak. Horietako batzuekin izan gara.

Ane Eslava Serrano @eslavaane
2017ko irailaren 10a
Oihane Garmendia eta Pilar Glariak landetxea ireki dute Erronkarin (Arg: Dani Blanco)
Oihane Garmendia eta Pilar Glariak landetxea ireki dute Erronkarin (Arg: Dani Blanco)

Pirinioetako bederatzi bizilagunekin elkartu gara, hiru haranetakoak. Silvia Erlanz, Koldo Hualde, Javier Laspidea eta Pilar Glaria Erronkarikoak dira; Nerea Recalde, Nekane Arroyo eta Gonzalo Celay Zaraitzukoak, eta Joseba Martinez eta Miguel Agorreta Erroibarrekoak. Eskualdeari buruz zabaldu ohi den irudi ezkorra errealitatearekin bat al datorren galdetuta, aho batez erantzun dute denek: “Ez”. Pirinioetan bizi nahi duenak lor dezake, baina argi dute horretarako ezinbestekoa dela ingurugiroak eskaintzen dituen aukeretara egokitzea. Esfortzu bat eskatzen du, eta eurek apustu hori egin dute, bizi-kalitateak ahalegina merezi duela sinetsita.

Egun, herrian lan egiten dute guztiek, baina hirian ikasi zuten gehienek, lortutako formakuntza gero bertan aplikatzeko. Koldo Hualdek zurgintza goi-zikloa egin zuen, familiaren aroztegia zain zuelako herrian, eta Javier Laspideak baso-ustiapena ikasi zuen, bailaran horretan jarduteko parada izango zuelako. Azkenean, beste bide bat hartu zuten bai batak bai besteak: lehenak Erronkariko okindegian lan egiten du eta bigarrenak familiaren gaztandegian; herrian jarraitzeko moduko lanbideak, edonola ere. Hualdek eta Laspideak egin bezala, gazteak jatorrizko ogibideetan profesionalizatzeak erreleboa ziurtatzen du Pirinioetako bailaretan.

Herrian lan egiteko beste bide batzuk aukeratu dituztenak ere badira. Nekane Arroyo zaraitzuarrak ez ditu gustuko lurrari lotutako ofizioak, ile-apainketa ikasi eta negozioa ireki zuen herrian. Hasierako beldur eta zalantzak gaindituta, positiboa izan da emaitza eta negozioa du gaur egun diru-sarrera iturri bakarra. Bailaran biztanle gutxi izateak lehia minimoa egotea dakar, eta hori lagungarria da.

Silvia Erlanz eta Gonzalo Celayk unibertsitatean ikasi zuten, eta ikasitakoa tokira moldatzea lortu dute. Erlanzek Ingurumen-biologiako karrera egin eta inguru naturalari lotutako enpresa sortu du. Hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: baso-proiektuak, lorategiak, ingurune hezkuntza... Celayk Soin Hezkuntza eta Kirol Zientziak ikasi zuen eta zahartze aktiboko proiektu bat sortu du Zaraitzu ibarrean eta Nabaskoze Almiradioan, lagun batekin batera. Ezkarotzeko zahar-etxean, osasun etxean eta erretiratuen lokalean ariketa fisikoko tailerrak eskaintzen dituzte, duela bi urtetik.

Bizi kalitatea helburu

“Hemen bizitza naturari lotuta dago, auzotarren arteko komunikazioa izugarria da, sistemaren parte gara. Eta baratzeko tomateak eta oiloaren arrautzak jaten ditugu, hori ordainezina da”, dio Erlanzek. Haur jaioberria du soinean, eta pozik dago, semea han haziko delako.

Nerea Recalderen kasua esanguratsua da: Irunberrin jaio zen, eta Ezkarotzen bizi da orain. Txikitatik joan da herrira, senideak dituelako, eta haren bikotekidea bailara berekoa da. Erizaintza ikasi zuen Iruñean, Ezkarotzeko osasun etxean lan egitea proposatu zioten eta pentsatu gabe onartu zuen. Bi urte igaro dira ordutik, eta ez du zalantzarik: “Etorkizunean hemen jarraitzeko aukera badut, geratuko naiz. Pazienteenganako gertutasuna eta herritarren arteko konfiantza paregabeak dira”. Baina maiz entzun du galdera: bakardadeak ez al zaitu itotzen? Edo beste hau: Zer egiten duzu zinemarik edo merkataritza-gunerik gabe? “Hemen ez dugu halakorik, baina mendiak ditugu, basoak, ibaiak, elurra”. Eta herrietan jarduera anitz dituztela gaineratu du; Ezkarotzen adibidez, aste osoan zehar dantzak, kirola, joskintza, euskara eta pintura ikastaroak dituzte, besteak beste.

Lehen sektorea: trabak eta alternatibak

Jende gazte prestatua herrietara itzultzea eta ikasketak bertan aplikatzea oso positiboa da zonaldearentzat; Pirinioetako oinarri ekonomikoa, baina, lehen sektorea da, eta egoera larrian dago: jarraikortasuna falta da, ahula da gazteek lurrarekiko duten lotura. Miguel Agorreta Auzperrikoa (Erroibar) eta abeltzaina da. Egungo egoerak kezkatzen du, haren adinekoak azken nekazari eta abeltzainak izan daitezkeela ikusten duelako. Arazoaren jatorria, “traba administratiboak”. Abereen eskumenak eta diru-laguntzak Europar Batasunak zehazten ditu, baina estatu bakoitza da interpretatzen dituena eta erabakitzen duena hauek nola aplikatu, eta Agorretak azaldu digunez, Espainiako eta Frantziako estatuen kudeaketa-ereduek ez dute zerikusirik: Frantziako araudiak nekazari eta abeltzain txikiei mesede egiten dien bitartean, Espainiakoak agroindustria bultzatzen du. “Burgosko behitegi erraldoiari eta antzekoei zuzendutako legedia ezarri du Espainiak, eta hori ez dator bat gurekin, hemen ez dagoelako esplotazio handirik. Halako oztopo burokratikoekin nola sartuko da jende gaztea?”.

Alternatibak sortzea baino ez zaie geratzen nekazari txikiei: zuzeneko salmenta, ekologikoen aldeko apustua, norberaren produkzio bereizia... Agorretak zuzeneko salmenta aukeratu du, bitartekariak kenduta etekin handiagoa ateratzen duelako eta polita iruditzen zaiolako erosleak bere produktuak zuzenean kontsumitzea, haren bordara gerturatu eta animaliak nola dauden ikusteko parada izatea. Hala ere, horretarako inbertsio handiak egin behar izan ditu eta industria handiari eskatzen dizkioten baldintzak bete.

Erlanzek, gazteagoa izan arren, Espainiako Estatuaren legedia sufritu du baita ere. Xaboiak, marmeladak eta eztia landu eta saldu nahi ditu, baina oraindik ez ditu lortu eskatzen dizkioten baimen eta ziurtagiriak. Prozesua oso luzea eta garestia dela eta azkenean kontsumitzaileak askoz gehiago ordaindu behar izaten duela kritikatu du: “Larre guztiak ekologiko bezala ziurtaturik dituen bailara batean galarazten digute bertako produktuak saldu eta kontsumitzea”. Iparraldea aipatu dute biek eredu gisa, “hango abeltzainak etxean gela bat moldatu eta lanean has daitezkeelako”.

Nekane Arroyo, Nerea Recalde eta Gonzalo Celay.

Turismoa, tokiko sozio-ekonomia indartzeko tresna

Pirinioetako ekonomiarentzat beste sostengu garrantzitsu bat turismoa da. Jende anitz gerturatzen da urtero Otsagi eta Izaba bisitatzera, Irati oihana ezagutzera, mendi-txangoak egitera edota Belaguan eta Abodin eskiatzera. Naturari, historiari eta landa eremuari lotutako turismoa da, lasaia, herrietan kontsumitzen duena eta gerora itzuli egiten dena.

Pilar Glariak turismo teknikaritzako goi-zikloa ikasi zuen eta kudeaketa ekologikoko landetxe bat ireki du. Joseba Martinezek sukaldaritza ikasi zuen eta Auzperriko kanpinean sukaldari ari da, bere herrian. “Nik abeltzainari erosten diot haragia eta hari laguntzeko modua da”.

“Hemen bizi daitekeela sinetsi behar dugun lehenak geu gara”

Pirinioetatik kanpo ikuspegi negatiboegia zabaldu dela iritzi diote elkarrizketatuek. Celayren hitzetan, irudi ezkorra zabaldu du adineko jende batek: “Herria ezagutzen dute, euren eta ingurukoen esperientzia, eta lehen sektoreari buruz hitz egiten dute, beherantz egin duen sektore batez, horregatik oso ilun ikusten dute dena. Guk, ordea, ateratzeko aukera izan dugu eta ikusi dugu kanpoan ere gauzak zailak direla, toki bakoitzak bere ahuluneak dituela, hemen bezala edonon”. Krisialdiaren aurretik, okasioz betetako esparrua zen Iruñea herrietako gazteentzat, han ikasi eta bertan aurkitzen zuten lana. Orain, pareko ikusten ditu Celayk herria eta hiria: “Hortzak ikusi dizkiote otsoari eta egungo bizi eta kontsumo ereduaren inguruan hausnartzen hasi dira, zerbait aldatu behar dela ikusi dute. Nik argi daukat: hemen bizi eta lan egin daiteke, baina sinetsi egin behar dugu, bestela gureak egin du”. Horretarako, ezinbestekotzat jo ditu oinarrizko zerbitzuak, bailara guztietan: medikua, ikastetxea, haurtzaindegia, saltokiak, tabernak. “Hobera egitea da zerbitzu horien kalitatea hobetzea. Helburua ez da jende gehiago etortzea, baizik eta hemen gaudenak ongi egotea eta hirikoak baino gutxiago garela ez sentitzea”.

Ateak zabalik

Sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta ilusioa pizteko asmoz, hiru kolektibo sortu dituzte bailara ezberdinetako herritarrek: Bizirik Gaude, Pirinioan Lan eta Bizi, eta Txantxalan. Azokak, elkarretaratzeak, hitzaldiak eta antzekoak antolatzen dituzte, eta maiatzean Nafarroako Legebiltzarrari zuzendutako sinadura bilketa egin zuten (2.152 denera), despopulazioaren arazoa agendaren erdigunean jar dezatela eta onartzen diren legeek Pirinioetan nola eragiten duten aintzat har dezatela eskatzeko.

Bizirik Gaude taldean aritzen da Gonzalo Celay eta aktibaziorako tresna egokia dela dio, gazteak falta direla sumatu arren: “Desmobilizaturik daude eta beste gazteok antolatzen ditugun gauzak ez dituzte balioesten, harik eta egiteari utzi arte. Gizartean orokorturik dagoen joera da, baina herri txikietan eraginak areagotzen dira eta konprometiturik gaudenon erantzukizuna handiagoa da”. Hala ere, frustrazioaren eta ezkortasunaren aurrean, ilusioa da nagusi.

Pirinioetako Mahaia ere eratu dute, haranen arteko batasuna indartzeko, eta elkarteen eta administrazioaren arteko bitartekaritza egiteko. Herrietako hamabost ordezkarik osatzen dute eta hainbat lantalde sortu dituzte, irekiak, herritarrek aukera izan dezaten proposamen zehatzak plazaratu eta Legebiltzarrari edo Gobernuari helarazteko. Etxebizitza da lantzen ari diren gai nagusietakoa, Pirinioetan bizi nahi duten gazte gehienek baitituzte emantzipatzeko arazoak. Herrietan etxe asko daude hutsik eta salgai, baina handiegiak eta garestiegiak dira, ez daude alokairuan eta erosiz gero, egokitzeko inbertsioak egin behar dira, zahartuta daudelako. Alokairu soziala bultzatzen ari da hainbat udal, baina prozesua motela da. Legebiltzarrean ere onartu dute arazoa larria dela eta gauzak aldatzeko premia dagoela, hala dio Pirinioetako Mahaian dagoen Martinezek. Pirinioen inguruko ponentzia egin dute, talde guztien oniritziarekin, eta zonaldearen egoera sozioekonomikoaren analisia aurkeztu, konponbideak proposatzeko. Baina Martinezek ez du aldaketa handirik sumatu Nafarroan Lauko Gobernua indarrean dagoenetik. Hori bai, entzuteko eta pausoak emateko prestutasuna erakutsi dutela dio, eta inoiz baino ate gehiago irekirik dituztela: “Aukerei dagokienez, ni bizi naizenetik unerik onenean gaude”.

“Elikadura burujabetza ezinbestekoa da herrien gainbehera gelditzeko”

Joseba Martinez eta Miguel Agorreta.

Egungo elikatzeko eta erosteko ohiturek kezkatzen dute Joseba Martinez sukaldaria. Aspaldi hasi zen elikadura burujabetza aztertzen, bertako nekazari eta abeltzain txikiek produzitzen dituzten jaki ekologikoak kontsumitzea, osasunarentzat onuragarria izateaz gain, baliagarria baita herriak bizirik mantentzeko, tokiko ekonomia, kultura eta bizia bultzatzeko eta natura zaintzeko. Nafarroako beste zenbait gazterekin batera elikadura burujabetzako taldea sortu du, Gazteraiki topaketen testuinguruan. Landa eremuko produktore txikiak eta hiriko kontsumitzaileak lotzen dituzte: abeltzain eta nekazariek eskaintzen dituzten produktuen zerrendak helarazten dizkiete erosleei, eta jaki horiek zuzenean erosteko aukera ematen diete. “Sare honen bidez tresna bat ematen diogu hiriko kontsumitzaileari modu duinean bazkatzeko eta erosteko, eta era berean, abeltzainari laguntzen diogu. Justizia kontua da; gauzei duten balorea eman behar diegu. Nik Miguel bizilagunari erosten diodanean, hari laguntzen diot, baina baita haren familiari eta inguruari ere, eta sektore bat mantentzen dut; azken batean, herria egiten dut”.

“Orain dela hamar urte, herriko gaztetxean ez zitzaigun bururatu ere egiten hondakinak birziklatzea, orain pentsaezina da ez birziklatzea. Elikadura burujabetzarekin berdin gertatuko da, ez delako onargarria herri mugimenduetan filosofia hori ez txertatzea. Erronkari heldu behar diogu, lurra zaintzearren, geure burua zaintzearren eta sozioekonomia bat sortzearren”.

Iparraldeko laborariek lorturiko garaipenak ditu hizpide: “Espainiako Estatuan bezala, Frantziakoan ere produktore txikiek agroindustriaren mehatxuari aurre egin behar izaten diote; haiek, ordea, indar handiagoa dute: sindikatuak ahaltsuak dira, Laborantza Ganbara dute, anitz batzen dira eta euren hitzak garrantzia du”. Hiltegiak jarri ditu adibide: “Hiltegi txikiak ireki dituzte eta zuzeneko salmentarako irizpideak batu, eta horrek balio izan du gazteria eta herria finkatzeko eta lurrari lotutako sozioekonomia bat sortzeko”. Auzperritarrak gertutik jarraitu du prozesua eta ikusi du jaiotzen ari den sistema horrek, hainbat arazo eta kontraesan izan arren, egoera iraultzen ari dela, jende gaztea gurpilean sartzen ari dela, eta laborarien borroka izan dela gakoa, borroka horri esker eman baitira aldaketa administratiboak. “Hori da segi beharreko eredua eta hori da guk bultzatuko duguna”.

Kanal honetan artxibatua: Pirinioak

Pirinioak kanaletik interesatuko zaizu...
Belaguako aterpea, mendizaleentzako zubi berriz ere

Pirinioetako Lan Batzordeak argi berdea eman dio 2004tik itxita dagoen Erronkariko aterpe mitikoa berreskuratzeari. Nafarroa eta Biarnoa mendizaleentzat lotuko dituzte Belarouat proiektuarekin.


2016-09-25 | Garazi Zabaleta
Pirinioetan jan eta bizi

Bertako ekoizle txikiek eskaintzen digutena kontsumitzeak gure bailara eta herriei bizitasuna ematen dietela ezin uka. Bide hori sustatzeko sortu zuten Iratiko Ekoizpenak kooperatiba, Aezkoan (Nafarroa).

Kooperatibak Orbaran dauka lokala. Taberna eta jatetxe zerbitzua dute, baita beren produktuak saltzeko denda ere. Kontratatutako bi bazkide langileez gain, bestelako bazkideen ekarpenekin funtzionatzen du kooperatibak: proiektua babesten duten bazkide laguntzaileak zerbitzuen bazkide diren... [+]


Euskal Pirinioak: lurralde homogeneoa, baina errealitate ezberdinak

Pirinio inguruko 155 udalerriren baldintza sozio-ekonomikoak aztertu ditu Kattalin Sainte-Marie soziologoak. Bi estaturen administraziopean bizitzeak diferentziak sortzen dituela ondorioztatu du.


2014-05-05 | ARGIA
'Euskal Pirinioetan lan eta bizi' ekimenarekin bat egin dute Fiarek eta Herrikoak

Udalbiltzak (Euskal Herriko Garapen eta Kohesio Fondoaren bidez) martxan duen Euskal Pirinioetan lan eta bizi ekimenera batu dira Fiare banku etikoa eta Herrikoa arrisku kapitaleko elkartea. Pirinioen garapena bultzatuko duten proiektuak abiatzea eta finantzatzea da ekimenaren helburua.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude