Diadatik Kataluniako Errepublikari begira

  • Gainean da irailak 11, Kataluniako Diada. Bereziak izan dira azken seiak eta bereziagoa izango da aurtengoa: urriaren 1ean autodeterminazio erreferenduma egingo da. Nola? Inork ez daki. Madrilgo Gobernuak dio ezetz, Kataluniakoak baietz. Aste honetan orain arteko desobedientzia fase gogorrenari ekingo diote Kataluniako instituzioek.

Dagoeneko 250.000 pertsona baino gehiagok eman du izena aurtengo Diadarako. (
Dagoeneko 250.000 pertsona baino gehiagok eman du izena aurtengo Diadarako. ANC

Nola irudikatzen duzu erreferendumaren egunaren hasiera? “Ez da erabateko normaltasuna izango duen erreferenduma, mehatxuak eta deslegitimazio saioak hor izango direlako azken minutura arte. Seguruenik, ez gara joango bozka ematera goizeko 9etan edo 8etan, 6etan baino, erabateko bermea emateko, hauteskunde guneak zabaldu ahal izan daitezen, sabotajeak saihesteko. Horrela hasiko dela irudikatzen dut, eta ez dut uste etxean bukatuko denik. Hauteskunde guneak ixten direnean kalean egon behar dugu, baiezkoak irabazten badu Estatuak emaitza hauek deslegitimatu egin nahiko ditu eta mobilizazioen bidez eutsi beharko zaie”.

Albert Botran CUPeko diputatuak El Mon agerkari digitaleko elkarrizketa batean esandakoa da. Gaur egunetik begiratuta ez da samurra irudikatzea une hori iritsi daitekeenik ere, baina  iritsiko da eta, Kataluniako Legebiltzarra eta Gobernua azken urratsak ematera doaz urriaren 1ean erreferenduma egin dadin: “Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?”. Horra herritarrek erantzun beharko duten galdera.

Kataluniako Gobernuaren esanetan, baiezkoak irabazten badu, urriaren 2an Kataluniako Errepublikari abiada emango zaio, joan den astean aurkeztutako Trantsizio Juridikorako eta Errepublika Sortzeko Legea bidez –Deskonexio Legea moduan ere ezaguna–. Ondo ezkutuan, baina ia 10.000 hautetsontzi ere prest ditu jada Generalitateak.
 

Argazkia: ANC
Espainiak ez ei du legedi berezirik aktibatuko

Zer egingo du Espainiako Gobernuak erreferenduma saihesteko? Hori da denon ahotan dabilena eta Mariano Rajoyk bapo gordetzen duena. Hilabete luzetan asko hitz egin da hainbat aukeraz, horietatik entzutetsuena Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua da. PPk aitortu du ez dagoela berau indarrean jartzeko denborarik –lau bat hilabeteko prozedura eskatuko luke– eta, gainera, uste du une honetan ez litzatekeela komeniko.

Horrela uste du behintzat Madrilgo botereen zirrikituak ondo ezagutzen dituen Enric Juliana La Vanguardia-ko analistak uztailaren amaieran sinatutako artikuluan. Honen ustez, Madrilen “155eko Klubekoak” gogor presionatzen ari dira, baita Carles Puigdemont Generalitateko lehendakaria atxilotzeko ere, baina PP ez ei dago jarrera horretan. PPk nahiko luke Julianak Aranzadi Brigada deitzen duenarekin, hau da, zuzenbide estatuak duen sare judizial zabala erabilita, salbuespenezko ezer aktibatu barik.   

La Razón egunkari eskuindarrak abuztuaren 30ean argitaratu zuenez ere, ildo juridiko hori nagusituko da eta Espainiako Gobernuak bata bestearen atzean jarriko ditu helegiteak Kataluniako instituzioek erreferenduma egiteko lege, dekretu edo arauak onartu ahala.

Egun berean, Espainiako Gobernuaren ordezkari Enric Millók Catalunya Radion egindako adierazpenetan lerro bera berretsi zuen: oraingoz ez da bertan behera utziko autonomia eta ez da Puigdemonten inhabilitaziorik izango, “baina ez da erreferendumik egongo”. Millóren esanetan, 2014ko erreferenduma eta oraingoaren artean badira desberdintasunak: “Oraingoan Auzitegi Konstituzionalak bost aldiz debekatu du erreferenduma”. Merezi du gogoratzea, 2014an ere debekatu zuela azaroaren 9ko kontsulta, bezperan debekua berretsi egin zuela eta azkenean egin egin zela.

Baina oraingoan kosta ala kosta debekatuko duela dio Madrilek. Nola? Pista bat bederen utzi zuen Millòk neurrien moldeaz galdetu ziotenean: “Bozketa fisikoki saihestuta, ez zait beste modurik bururatzen”, erantzun zuen. Eta nork egin dezake hori? Estatuko Segurtasun Indarrek. Baina nork? 17.000 mossoek, bestela ez da samurra salbuespen egoerarik gabe milaka espainiar polizia eta guardia zibil barreiatzea Katalunian zehar bozka-ontziak bahitzeko.

Auzitegi Konstituzionalak erreferendumaren aurka emandako ebazpenen markoan hainbat neurri eska ditzake Moncloak, eta badirudi oraingoan Estatuko fiskaltza mugituko duela horretarako. Oso gaitza da fiskaltzaren eskariz epaileren batek hauteslekuetan bozka-ontzi guztien bahiketa agintzea mossoei, baina dena da posible.

Gainera, aukera honek indarra hartu zuen abuztuaren 29an PSOEko diputatu Margarita Robles epaile ezagunak berau haizatu zuenean: ez zuen polizia zuzenean aipatu, baina argi adierazi zuen justiziak delitua saihestu behar duela, eta kasu honetan erreferenduma. Adierazpen hauen bidez, PSOEk erabateko sostengua eman dio PPri aukera horretan.

Edozein modutan ez da horren samurra izango eta Vicent Partal Vilaweb-eko zuzendariak ezinezko ikusten du kutxen bahiketa: “Nola erretiratuko dituzte 948 udalerritan banatutako 8.000 hautetsontzi? Ausartuko dira norbait bidaltzera jakinda Kataluniako poliziak defendatuko dituela eta boto emaileek ere bai? Zer egingo dute hautetsontzi bat eramaten dutenean eta beste bat agertzen denean, eta dena munduko prentsa guztia begira dagoela”?

Trapero erabaki beharrean

Kataluniatik kanpo, oro har, inork gutxik jartzen du zalantzan azken unean Espainiako Justizia obeditu beharko dutela. Juliana ere molde horretakoa da, baina zalantza tantaren bat ere jausten zaio lerro artean, bereziki Josep Lluis Trapero mossoen burua une honetan “Kataluniako pertsona indartsuena” dela dioenean: “Polizia burua da egungo pertsonaia klabea, urrian bera egongo baita hautatu beharrean. Presio itzela Santa Coloma de Grameneten hazitako gizon gogor batentzat”.

Josep Lluis Trapero Mossoen burua, eskuinean, eta Joaquin Forn Generalitateko barne kontseilaria.

Hipotesi eta aldaera hainbat egon daiteke. Adibidez, erreferenduma egitea, baina Madrilek jarritako oztopoen ondorioz, parte-hartzea asko txikitzea. Edonola, erreferenduma egiten uztea ere arriskutsua izan daiteke Rajoyrentzat, parte-hartzeak eskuetatik ihes egin diezaioke eta, 2014an moduan. Orduan 2.345.000 botoko parte-hartzea izan zen: 1.897.274 baietz estatu berriaren alde eta 232.848 aurka.

Erroldari buruzko daturik ez dugu, baina 2015eko hauteskunde autonomikoetan 5.510.853 pertsonakoa izan zen eta orain ere antzekoa izango dela pentsa liteke. Ez da zifrei buruz hitz egiten, baina erreferendumak gutxieneko arrakasta izan dezan seguruenik 3.000.000ko parte-hartzea gainditu beharko luke eta baiezkoak 2.800.000 botoen langa, gutxienez. Hilaren 9an En Comúkoek egingo duten bilkura giltzarri izango da emaitzari begira, ondoren haren oinarriek onartu beharko dute erabakitakoa 12a eta 14a bitartean. Uztailaren 8an hartutako erabakian, parte-hartzeari baiezkoa eman zioten, baina ez erreferenduma lotesle izateko, ekintza politiko gisa baizik.

Madril-Bartzelona, legitimitateen talka

Une gogorrenetakoak aste honetan bertan hasiko dira seguruenik, hilaren 6an edo 7an Kataluniako Legebiltzarrean Erreferendumaren Legea onartzen denean. Ondoren onartuko da Deskonexio Legea deitzen dena, izan liteke hilaren 20 eta 21ean. Baina ez dago batere argi noiz onartuko dituen Legebiltzarrak, Espainiako Legediarekin ari den kuku-gordeka horren arabera izango baita. Gerta liteke baita ere Gobernuak lege dekretuz onartzea Erreferendumaren Legea.

Era batera ala bestera, Gobernuak berehala deituko du erreferenduma. Denak adierazten du gutxienez Erreferendumaren Legea irailaren 11ko Diadaren aurretik onartuko litzatekeela; eta irailaren 15ean erreferendumaren kanpaina ofiziala hasiko da. Soberanisten artean gero eta tinkoago esaten da: “Heldu da dena batera egiteko unea, onartu eta egin”. Hauetako edozein urrats ematen denean hasiko da orain arteko agindu-desobedientzia katerik larriena.

Kataluniako Legebiltzarrak hilaren 6an onartu zuen Erreferendumaren Legea. (Arg.: Kataluniako Legebiltzarra)

Espainiako Auzitegi Konstituzionala eta Espainiako Gobernua prest dira jada erantzuteko. Rajoyren Gobernuak idatziak ditu jarri beharreko helegiteak, bertako iturrien esanetan, eta Auzitegiak hilaren 5, 6 eta 7an egingo du osoko bilkura. Hurrengo osoko bilkura 19, 20 eta 21ean izango da.

Erabiliko ditu Konstituzionalak bere eskumen guztiak? Hori da airean dagoen galderetakoa. Berez, helegiteak onartuta edozer gelditzeaz gain, zigorra ere jarri dezake bere aginduei kasurik egin ezean, iaz PPk horretarako erreformak bideratu ondoren. Alabaina, ez ei ditu zigorrerako ahalmenak erabiliko, barne mailan ez dagoelako nahiko adostasunik horretarako.

Urriaren 2an ikusiko dugu norantz doan Kataluniako gizartea, dituen aukerak muturrekoak dira eta: Kataluniako Errepublika edo hauteskunde autonomikoak. Soraya Sáenz de Santamaria Espainiako Gobernuko lehendakariak honakoa luzatu zion PDCATeko diputatu Jordi Xuclàri Espainiako Kongresuan: “Uste dut 10-0 irabazteko moduan gaudela”; kolpea jaso eta “kontuz umiliazioekin –erantzun zion Xuclàk– haien arrastoa ezabatzea gaitza da eta belaunalditan irauten dute”.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kataluniako erreferenduma
Ponsati ez da agertu Auzitegi Gorenean zeukan hitzordura

Proces auziarekin lotutako Kataluniako kontseilari ohiari desobedientzia delituagatik auzipetzeko erabakia jakinarazi behar zion epaileak. Ponsatik argudiatu du astelehenean ezin izan dela agertu, Europako Parlamentuan lana daukalako.


2022-09-14 | ARGIA
Espainiako Defentsa Ministerioa harrapatu dute Kataluniako erreferendumaren Wikipediako erreferentzia bat moldatzen

Carla Simóm zuzendariaren Alcarràs filma arrakasta izaten ari da, eta asteartean jakinarazi zen Oscar sarietarako hautagaia dela. Berria ezagutu eta gutxira, filmari izena ematen dion Kataluniako herriari buruzko Wikipedia orrian Urriaren 1ari buruzko... [+]


2022-08-31 | ARGIA
Kataluniako buruzagi independentisten eskubideak urratu zituen Espainiako Estatuak, NBEren arabera

Oriol Junqueras, Raül Romeva, Josep Rull eta Jordi Turull politikarien kargugabetzeak Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna urratu zuela ondorioztatu du NBEk.


2022-05-25 | ARGIA
Kataluniako presoen indultuak berrikusiko ditu Espainiako Epaitegi Gorenak

Gorenaren hirugarren aretoak iritzia aldatu du eta indultuari jarritako helegiteak aztertzea erabaki du orain. PSCk “espero du” indultatuak espetxera ez bueltatzea, eta Carme Forcadellek adierazi du “edozer gauza” espero duela Gorenetik.


Eguneraketa berriak daude