Trump eta Kimek nola ekarri gaituzten gerra nuklearraren atariraino

  • Ez zaie jaramonik egin behar Ipar Koreako diktadura barregarri uzten duten irudiei: herrialde txikiaren eta munduko potentzia nagusiaren arteko tirabirak 2017ko udan mundua eraman dute krisi atomiko larri baten ateetaraino. 1962an Kubako misilen krisian AEBek eta Sobietar Batasunak gerra atomikoa ia piztu zutenetik ez omen da hain egora arriskutsua bizi izan. Udazkena iristear, ez da ikusten nola baretu Ekialde urruneko sute arriskutsua.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria
2017ko irailak 03
‘Chinland Today’ hedabideak zabaldutako irudian, Ipar Koreako militarrak aurtengo Eguzkiaren Egunean Piongiangen burutu desfilean bonba atomikoa eramateko gai diren misilak erakusten. Guam uhartea erasotzeko mehatxua egin dute, handik iparramerikarrek bid
‘Chinland Today’ hedabideak zabaldutako irudian, Ipar Koreako militarrak aurtengo Eguzkiaren Egunean Piongiangen burutu desfilean bonba atomikoa eramateko gai diren misilak erakusten. Guam uhartea erasotzeko mehatxua egin dute, handik iparramerikarrek bidalitako hegazkin bonbaketarien hegaldiak eteten ez badira. Askoz hurbilago, 40 km eskasera daukate Hego Korearen hiriburu Seul.

Donald Trumpek Hiroshima eta Nagasakiren bonbaketaren urteurren eguna hautatu du mehatxatzeko Ipar Korea  “sekula ikusi ez den bezalako suz eta haserrez” atakatzearekin, horrela erakutsiz, froga gehiagoren berririk baldin bazegoen, AEBetako lehendakariaren harrokeria eta buru arina. Beste aldetik, Kim Jong-un buruzagi ipar-korearraren handikeria eta inkontzientziak mundu guztia dauka zainetan. Okerrena gertatuko dela ezin da esan segurtasunez, baina hitzezko eskalada bilaka daiteke gatazka hilgarri edozein gertakizun txikiren poderioz. Mehatxuek eta propagandak ez dute sekula bakerik ekarri. Hobe litzateke errealitatetik abiaturik negoziatzea.

Martine Bulardek hitz horiekin laburbildu zuen uda hasieran AEBen eta Ipar Korearen arteko mehatxu nuklear beroa Le Monde Diplomatiquen. Bularden analisian, Ipar Koreak bonba atomikoan bilatu du bere bizi asegurua atzerritarren eta batez ere iparramerikarren esku hartzeen kontra. Iraki edo Libiari gertatu zaiena erabil dezake frogatzat. Piongiangek bere larruan Koreako Gerran (1950-1953) probatua du zenbaterainokoa den AEBen su ahalmena eta ziurtzat dauka Iran ez baldin badute orain artean Mendebaldeko tropek inbaditu hori lortu duela bere programa nuklearrari esker.

Kontua ez da, oraingo lehendakariaren aitonaren edo aitaren garaietan bezala, plangintza militarra negoziatzea janarien truke. Kim Jong-unek uste du Hego Korea den senide-etsaia Washingtonen morroiegi dela politika autonomorik edukitzeko, horregatik zuzenean negoziatu nahi du AEBekin aintzat hartu dezaten. Ez ahaztu gerra 1953an armistizio batez bukatu zen arren, oraindik bake itunik ez dela bien artean.

Begi guztiek Txinari begiratzen diote, Ipar Korearekiko auzo nagusia delako, baina tentuz jokatu beharra dauka. Nazio Batuen Erakundean zigor ekonomiko berriak bozkatu direnean berak ere baiezko botoa eman duen arren, gero neurriak halako malgutasun batekin aplikatzen ditu. Koreako penintsula nuklearizatzea ez zaio interesatzen, besteren artean AEBek misil eta tropa gehiago hurbiltzea dakarrelako –lehendik txinatarrei itogarria zaien hesi militarra gogorragotuz–. Piongiangi bizimodua zailtzerik ere ez zaio komeni, errefuxiatu korear mordoa ekarriko liokeelako mugako eskualdeetara, lehendik korearrez gainezka dauzkanetara.

Maiatzean gatazka beraz idatzi zuen Philippe Pons kazetariak, berrikitan Corée du Nord. Un État-guérilla en mutation liburua plazaratu duenak. Ponsen “Piongiangen arrazionalitatea” analisia irakurtzekoa da, hedabide nagusiek Ipar Koreaz ematen diguten irudi barregarria gaindituz hango agintarien logika ulertzen saiatzeko, diktadura haren laudorioetan erori barik.

1950-1953ko gerra hilkorraren ostean –milioi erditik gora militar eta 2,5 milioi zibil hilik, erdia baino gehiago iparraldekoak– Ipar Korea berriro erasotzeko aukerak behin baino gehiagotan aztertu dituzte yankiek. Azken aldiz 1994an, Koreako Herri Errepublika plutonioa ekoizten ari zela jakin zenean, Clinton lehendakariaren aginte aldian. Gerra azken unean saihestu zuen James Carter lehendakari ohiak Piongiangera egindako bisitak.

Piongiangen logika ulertu

Gaur Donald Trumpek aurpegiratzen dio Barack Obamari ezer lortu ez izana bere politika epelekin eta munduari agintzen dio korearrak sartuko dituela arrastoan jipoi eder bat emanik. Ponsen aburuz, AEBetako agintariek ezikusia egin diete Piongiangek arma nuklearra eskuratzeko zeukan logika ulertzeari.

Ipar Koreako agintariek, dio Ponsek, ulertu zuten beren burua bakar-bakarrik babestu beharko zutela eta horretarako 80ko hamarkadan abiatu zuten Sobietar Batasunaren laguntzarekin programa nuklear zibil bat, gero erabilera militarrera bideratu zutena, sekretuki. Sobiet Batasuna hondoratzeak eta Txinaren eboluzioarekin are mehatxatuagoa sentituz, Piongiangek plan nuklearra sendotu zuen, oraingoan Pakistanen laguntzarekin. “Amerikarrek Afganistanen, Iraken eta, geroago, Sirian eraso zutenean, horrek are gehiago konbentzitu ditu ipar korearrak: arma nuklearraren jabe izatea dutela patu bera ez nozitzeko berme bakarra”.

1994an bi aldeek lortu zuten akordioa, korearren plutonio ekoizpena abandonaturik zigor ekonomikoak kendu eta Mendebaldeak nuklear zibilentzako zenbait hornidura ematearen truke. Baina yankiek ez zuten beren hitza bete, korearrek hain gutxi. 2002rako ituna haizeak eramana zuen, eta George W. Bushek espero baldin bazuen korearrak itotzea, alderantzizkoa gertatu zitzaion: 2006an burutu zuten lehenbiziko leherketa atomikoa, eta ondoren beste lau edo bost gehiago.

Gauden lekura iritsita, “erregimenarentzako suizidioa litzateke arma atomikoari uko egitea: ezingo luke justifikatu defentsako gastuei lehentasuna emateko urteotan herritarrei beren bizimoduaren kaltetan jasanarazitako sakrifizio guztia, baina gainera kanpoko eraso baten aurrean zaurgarri geratuko litzateke, Irak bezala”. Piongiango erregimenak, dio Ponsek, zoro eta irrazionaltzat jotzen den arren, lerro politiko jakin bati jarraitzen dio aspalditik eta eten gabe: ahalegintzen da potentzia burujabetzat onartu dezaten, arma atomikoa eskuratzen, nazioarteko ezagutza –baita Washingtonena ere– lortzen, hondamendi ekonomikotik ateratzen sakoneko erreformekin, planifikazioa eta ekimen pribatua uztartzen dituzten sektoreak antolatuz, Piongiang etxe horratzez eta merkatal gunez hornituz… eta bide batez barne oposiziorik ñimiñoena ere –honetan ez da erreformarik Ipar Korean– suntsituz.

Txinak asmatuko ote du bitartekari lanetan? Pekingo agintariei ez die graziarik egiten Ipar Koreak bonba atomikoa edukitzeak, baina buruko min larria lukete AEBek bertan gerra piztuko balute: lehendik handia den yankien presentzia areagotu, milaka edo milioika errefuxiatu berri ate joka… eta –logika ororen arabera ipar korearrak liratekeenez galtzaile– Korea osoa Seulen mende geratzea, hau da, Ipar Korea den isolatzailea galtzea AEBko militarren aurren aurrean.

The Global Times hedabide txinatarrak honela zehaztu du Pekingo gobernuaren jarrera: “Korea baldin bada lehena misilak jaurtitzen AEBen lurraldearen kontra eta AEBek erantzuten baldin badute, Txinak neutraltasunari eutsiko dio gerran. Alabaina, AEB eta Hego Korea hasten baldin badira prebentziozko erasoekin eta Ipar Koreako erregimena eraisten penintsula korearreko eredu politikoa aldatzeko, Txinak ez die utziko”. Ez egin barre korearrei, benetan ari dira eta.

Kanal hauetan artxibatua: Arma nuklearrak  |  Nuklearra

Arma nuklearrak kanaletik interesatuko zaizu...
Bonba atomikoaren aurkako emakumeen martxa prestatzen ari dira ekainaren 17rako

Bakearen eta Askatasunaren aldeko Emakumeen Ligak antolatu du bonba atomikoaren debekua aldarrikatzeko elkarretaratze erraldoia AEBetako New Yorken, ekainaren 17rako. NBEen batzar nagusian herrialde gehienak negoziatzen ari diren debekuari sostengu soziala eman nahi diote.


Arma atomikoak debekatzeko negoziaketak hasi dituzte Nazio Batuen Erakundean

Aste honetan zehar, martxoaren 27tik 31era, arma atomikoen debekuaz adostasunera iristeko negoziaketen lehen saioak ari dira burutzen New Yorken NBE Nazio Batuen Erakundearen egoitza nagusian. NBEko batzar nagusiak abenduan herrialdeen gehiengo handiaren botoz erabakitako negoziaketak dira. Potentzia atomiko handiak boikotatzen ari dira negoziaketa historikoa eta hedabide nagusietan ez da haren oihartzunik entzuten.


2017-02-05 | Edu Zelaieta
Botoia

Botoi gorriaren mamuak zeharkatu zuen gure haurtzaroa, gero eta urrunago dagoen 80ko hamarkadan. Nik ordukoaz gogoratzen dudanaren arabera, gerra hotzaren ondorioz, halako botoi gorri batzuk irudikatzen genituen munduko (eta batez ere munduaren) agintari ahaltsuenen bulegoetan. Esan gabe doa, iparramerikarrek egindako pelikulak lagun, errusiarrak hartzen ohi zirela mehatxu nagusitzat planetaren hondamen nuklearra ekartzeko.

Haurtzaroaren mamua berritu dit iparramerikarrek eskaini diguten... [+]


Txina hesitu ostean, haren kontrako gerrara nola garamatzaten

Abendu hasieran aurkeztu da Londresen John Pilger kazetari australiarraren dokumental berria: “Txinaren kontra datorkigun gerra”.  Haren arabera, AEBek urteak daramatzate Txina inguratzen base militarrez eta neoliberalek gaina hartu ahala militarrek galdu dituzte bonba atomikoa erabiltzeko erreparoak. Hedabide nagusien isiltasuna eta manipulazioa salatzen ditu kazetari mitikoak.


2017a izan liteke (edo ez) NBEk arma atomikoak debekatuko dituen urtea

Abendu honetan erabaki historikoa har dezake Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiak: berresten badu Armagabetze eta Segurtasun batzordeak urriaren 27an gehiengoz onartutakoa, 2017an hasiko dira negoziatzen mundu osoan arma atomikoak debekatzeko ituna. Kontra bozkatu duten potentziek –euskaldunok ordezkatzen gaituzten Espainiak eta Frantziak barne– lortuko ote dute zapuztea?


Frantziako 101 diputatu eta senatarik arma atomikoak debekatzeko erreferenduma eskatu dute

Frantziako legebiltzarreko 82 diputatu eta 19 senatarik sinatu dute –orain artean– arma atomikoen debekuaz herritarren iritzia erreferendum bidez galdetzeko eskaria. Horrekin sustatu nahi dute Nazio Batuen Erakundearen batzar nagusiak 2017an lehenbiziko aldiz debeku horretaz egingo duen debatea.


Palomares garbitu zuten militarrak, minbiziaren biktima 50 urte beranduago

The New York Times-ek argitaratu berri duen erreportajeak erakutsi du Palomareseko istripuaren ondoren garbiketa lanetan ibili ziren militar estatubatuarrek osasunean kalteak jasan dituztela, eremuko erradiazioarekiko esposizioagatik.


2015-08-06 | Garazi Zabaleta
Hiroshimatik 70 urtera, 15.850 arma nuklear dituzte bederatzi herrialdek

Hiroshiman eta Nagasakin bonba atomikoak jaurti zituztenetik 70 urte bete dira aste honetan. Bigarren Mundu Gerra amaitzear zela AEBk Japonen egindako sarraskia gogoratzen den egun hauetan, munduko bederatzi herrialdek 15.850 arma nuklear dituzte eskura. 


Zeintzuk dira Irango akordio nuklearraren irabazle eta galtzaileak?

The Guardian egunkari britainiarrak astelehenean Iran eta 5+1 taldearen artean sinatutako akordioan, irabazle eta galtzaileen inguruko analisia egin du.


Marshall Uharteak bonba atomikoen debekua eskatzen

Apirilaren 27tik maiatzaren 22ra bitartean Nazio Batuen Erakundeak deituta New Yorken burutu zen Arma Atomikoen Ez Ugaritzeko Itunaren bilera. Marshall Uharteek beste behin ere eskatu zuten arma nuklearrak eragoztea, munduari oroitaraziz zein prezio gogorra ari diren ordaintzen Mikronesiako herrialde txiki hartako biztanleak.


ASTEKARIA Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude