"Garrantzitsua da bizitzarako tartea utziko duen jendarte bat eratzea"

  • Marina Sagastizabal (1989) soziologoaren lanean bat egiten dute kaleko kezkek eta ikerketa akademikoak. Zergatik parte-hartze politikorako eremu formalenetan txikitzen da emakumeen presentzia, haien bizi-zikloak aurrera egin ahala? Sagastizabalek gakoetako bat azpimarratu du: denboraren banaketa.

“Euskal Herria ere ongizate-zerbitzu murritzekoak eta oso familistak diren lekuetakoa da. Horietan, zaintzaren alorreko politikak oso gutxi garatu dira, ziurtzat jotzen baita lan horiek musu truk egingo dituen familia bat dagoela”. (Arg.: Alex Larretxi)

“Presentzia hirukoitzaz” ari zara zeure lanean. Zer esan nahi du?

Presentzia hirukoitz horrek hartzen ditu etxeko eta zaintza-lanak, enplegua eta parte-hartze soziopolitikoa. Hiru horiek eguneroko bizitzan nola uztartzen diren aztertu dut, tesiaren helburua baita hori lortzeko egunerokoan zer aukera, oztopo eta estrategia dauden ikustea.

Presentzien banaketa hori oso lotuta dago denboraren banaketarekin.

Bi alderditatik aztertu dut denboraren banaketa: kuantitatibotik, inkesten bidez, eta kualitatibotik. Presentzia hirukoitzaren planteamenduak zerikusia du Italiako soziologo batzuen ikerketekin: haiek presentzia bikoitzaz hitz egiten dute. Hau da, emakumeen presentzia hazi egin da lan-merkatuan, baina ez diote utzi etxeko eta zaintza-lanen protagonista izateari. Bi lan hartzen dituzte beren gain egunerokoan, eta hori ez da bi lanen batuketa hutsa, lan horiek koordinatu eta kudeatu egin behar baitira. Eremu batetik bestera ibili behar dute, eta horrek ezinegona sortzen du, ez daukate denborarik beste ezertarako.

Industria Iraultzatik honako garaian kokatu duzu ikerketa.

Bai, baina bereziki Bigarren Mundu Gerraren ondorengo aldian eta Mediterraneoko herrialdeetan. Euskal Herria ere testuinguru horretan dago, ongizate-zerbitzu murritzekoak eta oso familistak diren lekuen multzoan. Horietan, zaintzaren alorreko politikak oso gutxi garatu dira, ziurtzat jotzen baita lan horiek musu truk egingo dituen familia bat –batez ere emakumeak– dagoela. Interesgarria da Italian 80ko hamarkadan egin zuten lege proiektua, denbora politikaren lehen pausoa.

Zertan zetzan?

Kontziliazio politikak kritikatu ziren eta bizitzaren denboraz hitz egin zuten. Gure jendartea lan merkatuaren inguruan dago antolatuta eta horrek esan nahi du ez dagoela beste ezertarako denborarik. Zaintza eta etxeko lanak ez dira kontuan hartzen, baina ezta parte-hartze soziopolitikoaren denbora ere. Azpimarratu zuten garrantzitsua dela bizitzarako denbora utziko duen jendarte bat eratzea, gure bizitzaren erdigunea lan merkatua ez izateko eta gure bizi ibilbidea lan merkatuaren arabera ez antolatzeko.

Zergatik da garrantzitsua Eustatek adibidez denboraren banaketa hori jasotzea?

Eustaten denbora aurrekontuen inkestak 1993tik 2013ra egin dira eta ikusi da erabilgarriak direla etxeko eta zaintza lanen eremua ikusgai egiteko. Krisi ekonomikoaren garaian, adibidez, ikusten da maila sozialean denbora gehiago ematen zaiola etxeko eremuari eta gure ongizatea hein handiagoan datorrela etxeko eremuan ekoizten denetik, lan merkatutik baino. Aldiz, gure imajinarioetan askoz pisu handiagoa du lan merkatuak. Inkesta horien muga handi bat da erabiltzen duten denboraren kontzepzioa hegemonikoa dela, batuketa hutsa. Kantitateaz ari dira, ez kalitateaz, eta zaintzen eremuan oso garrantzitsua da hori. 

“Langile txanpiñoia” esamoldea erabili duzu zuk eta erabiltzen du feminismoak. Zer esan nahi du?

Hainbat ekonomialari feministak erabiltzen dute kontzeptu hori, tartean Amaia Pérez Orozcok. Hark dio “langile txanpiñoia” dela egunero lan merkatura ateratzen den langilea, prestasun osoz. Egunero esnatzen da beharrizan guztiak aseta: jatekoa, arropa garbia eta lisatua, segurtasun psikologikoa… Dena bermatuta dauka eta ez du ardurarik lan horiek guztiak egiteko. Badu beste pertsona bat etxean, emakume bat, bere beharrizan guztiak bermatzen dizkiona berak lan merkatuan aritu ahal izateko prestasun horrekin. Kapitalismoarentzat ezinbesteko figura da. 

Emakumeen helburua ere izan da txanpiñoi izatea.

Bai, kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko ezkontza da, eta sistemak figura hori erreproduzitzera bideratzen gaitu. Mundu guztiak kopiatu behar ditu eredu horiek. Gainera, parte-hartze soziopolitikoa aztertzean, ikusi dut eremu horretan ere militante txanpiñoia dela protagonista. Normalean gizon bat, patroi berarekin: politikan parte hartzeko prestasun guztia dauka, batzar guztietan egotekoa… Zergatik? Beste pertsona bat daukalako beste beharrak bermatzen. 

Eremu horietan badira horri aurre egiteko estrategiak, haurtzaindegiak kasu.

Bai, baina azkenean eredua berbera da. Eta oro har, eremu maskulinizatu edo formalenetan gizonak izan dira protagonista, hein handi batean prestasun horri esker. Eta militante txanpiñoiekin batera ama txarraren figura aurkitu dut: zaintza lanaren inguruko ardurak izanda parte-hartze soziopolitikotik irten ez direnak, presentzia hirukoitz horren protagonistak, hein handian. Oztopo askorekin egin dute aurrera, estigma handia dagoelako oraindik emakume horiekiko. Beren inguru guztiak bultzatzen ditu eremu soziopolitikoan ez parte hartzera, bikotekideak, familiak, lagunek, baita seme-alabek ere. Autoafirmazio esfortzu handia egin behar dute, estigmari eta erru sentimenduari aurre egiteko. Seme-alaba batzuek abandonu sentimendua transmititzen diete ama horiei, ez dute ulertzen zergatik ez dagoen ama, zergatik dagoen batzarretan eta heltzen den hain berandu gauean. Ez da gauza bera gertatzen falta dena aita denean. Horrek erakusten du zer nolako legitimitatea duen militante txanpiñoiaren figurak gizonen kasuan.

Parte hartzeko modu asko

“Elkarrizketa sakona egin diet hainbat profiletako hamalau pertsonari, zaintza-esparruan ardura maila desberdinak dituztenei, hiru ibilbide kontuan hartuta: parte-hartze soziopolitikoarena, lan merkatuarena eta zaintza-lanarena. Hiru horien artikulazioa izan da lanaren ardatza, parte-hartzea era zabalean ulertuta. Maiz parte-hartzean pentsatzen dugunean eremu formalenetan geratzen gara, ikusgarrienetan. Horrek eramaten gaitu esatera emakumeok gutxiago parte hartzen dugula, edo ez gaudela parte-hartze soziopolitikoaren eremuetan, baina begirada zabaldu behar da. Askotan, hain politikotzat hartzen ez ditugun eremuetan daude emakumeak. Eremu informalagoak dira, ezkutuko lanekin zerikusia dutenak, zaintzari lotuak, eguneroko bizitzari: guraso elkarteak, auzo elkarteak... Bi eremuak dira garrantzitsuak, formalak eta informalak”. 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude