"Ikerketek diote sintoma psikotikoak larriago adierazten direla ama hizkuntzan"

  • Zer gertatzen da paziente eskizofrenikoak nola dagoen azaltzen dionean psikiatrari? Gauza bera kontatzen al du lehen hizkuntzan eta bigarrenean? Ikerketa urriek ezetz diote. Leire Erkoreka harrituta dago zein ikerketa lan gutxi egin den buruko osasunaz eta hizkuntzaz, ezaguna bada ere eragina nabarmena dela.

Argazkia: Aritz Loiola.
Argazkia: Aritz Loiola.

Buruko osasuna eta hizkuntza oso lotuta daudela diozu.

Hizkuntza garrantzitsua da osasunaren alor guztietan. Edozein harreman terapeutikotan ikusi da osagilearen eta gaixoaren arteko ulermena zenbat eta hobea izan emaitza terapeutikoak hobeak izango direla. Bien lehen hizkuntza bera denean, osagilearen eta gaixoaren arteko harreman terapeutikoa hobetzeaz gain, tratamenduarekiko atxikimendua hobetu egiten da.

Hizkuntzaren garrantzia are nabarmenagoa da buruko osasunean, guk ez daukagu tresna diagnostiko osagarririk. Hau da, gure tresna diagnostikoa hizkuntza da, azterketa psikiatrikoa egiterako orduan hizkuntzan oinarritzen gara. Psikiatrian, eta psikologian ere bai. Diagnostikoa egiteko eta tratamendua ipintzeko emaitzen azterketa, pazienteak adierazten dizkigun sintoma eta zeinu psikiatrikoetan oinarrituta dugu.

Beraz, ez da gauza bera gaixoa ama hizkuntzan artatu ala bigarren hizkuntzan?

Uda Ikastaroetan [EHUko Osasuna eta Hizkuntza jardunaldiak Bilbon] egin genuen literaturaren berrikusketa. Argitaratutako lan gehienak paziente elebidun eskizofrenikoekin egin dira. Adibidez, depresioetan edo agerraldi maniakoetan zer gertatzen den ez dakigu, ez baitago argitaratuta, ez dago ikertuta. Eskizofrenia aztertu duten lan gehienetan ikusten da sintomak desberdin adierazten direla ama hizkuntzan eta bigarren hizkuntzan. Gehienetan ama hizkuntzan sintomak larriago moduan adierazten dira edo gehiago adierazten dira eta terapeutak larriagotzat hartzen ditu.

Ikastaroan esan zenuen ikerlariek diotela ama hizkuntza emozioekin lotzen dela eta bigarren hizkuntza erabiltzeak errealitatera lotzen gaituela.

Antzeman den desberdintasuna azaltzeko ondoko hipotesia egiten dute: ama hizkuntza emozioekin lotuago dago eta sintoma psikotikoak emozioekin oso lotuta dauden heinean, larriago moduan agertzen dira ama hizkuntzan. Bigarren hizkuntza igortzeko funtzio betearazleak erabili behar dira, garunaren beste funtzio batzuk erabili behar dira. Bigarren hizkuntza ez da hain automatiko ateratzen. Funtzio betearazleak erabiltzerakoan pazienteak hizkuntzaren formari eta igorpenari arreta gehiago jartzen dio. Arreta gehiago eskaintzeak, edozelan ere, gaixoa errealitateari lotuago mantentzen duela diote ikerlari batzuek.

“Ebidentzia nahikoa dago paziente elebidunetan azterketa psikiatrikoa hizkuntza batean edo bestean egiteak emaitza desberdinak emango dituela”

Argitalpenen artean Bizkaiko bat aipatu zenuen. Gainerako ikerketen kontrako joera adierazten zuen.

Lan gehienek esaten zuten sintoma psikotikoak larriago adierazten direla ama hizkuntzan. Baita ere, batzuek zioten entzutezko haluzinazioak ama hizkuntzan bakarrik entzuten direla eta beste batzuek zioten larriago adierazten direla ama hizkuntzan. 1991n, Bizkaiko hiru psikiatrak, (Pablo Malo, Juan Medrano eta Jose Uriarte) lau gaixo eskizofreniko euskaldun zaharrekin egin zuten ikerketa. Haiek entzutezko haluzinazioak gaztelaniaz baino ez zituzten entzuten. Ikerlari gehienek deskribatu zutenaren kontrakoa.

Nola uler daiteke?

Egia da lau paziente baino ez direla, eta nabarmendu behar da gehienetan muga metodologiko nabarmenak daudela. Lan gehienak paziente gutxirekin egin dira, gehienetan ez da aztertu gaixoek hizkuntza bakoitzean daukaten trebetasuna, ezta zein adinetan ikasi duten bigarren hizkuntza ere. Badirudi hizkuntza noiz ikasten den sekulako garrantzia duela. 5 urte baino lehenago ikasitako hizkuntzak hizkuntza primario moduan gorde eta erabiltzen dira, eta 5 urtetik aurrera ikasitakoak bigarren hizkuntzatzat hartzen dira. Hizkuntza bakoitza igortzeko erabiltzen den oroimen mota desberdina da, 5 urtetik aurrekoak automatikoki igortzen dira eta 5 urtetik gerora ikasitakoek funtzio betearazleen parte-hartze handiagoa behar dute, eta hori ere ez da jaso lan gehienetan.

Nik uste dut muga metodologikoak egon arren ondorioa nahiko garbia dela.

Psikologian eta psikiatrian hizkuntzak izugarrizko garrantzia duela esan duzu, baina era berean ikerketa lan gutxi dagoela aitortu duzu.

Txarto ulertuek osasunean ekar ditzaketen ondorioei buruzko ikerketak badaude, baina harritu ninduena da buruko osasuna eta hizkuntza lotzen zituztenak ez egotea. Psikiatriari buruz oso gutxi dago.

Uste nuen lan handia egongo zela eginda horren inguruan. Ikastaroan ez dakit zenbat argitalpen aipatu nituen, baina uste dut dozena batera ez zirela helduko, eta ez dago lan askoz gehiago eginda. Psikoterapiari buruz badago gehiago argitaratuta, baina gaixotasun psikiatriko zehatzetan, paziente elebidunak izanda, hizkuntza bakoitzaren erabileran dauden desberdintasunei  buruz oso lan gutxi dago.

Zuk aipatutakoak nongoak dira?

Batez ere Amerikako Estatu Batuetakoak, latinoei buruz egindakoak, baita Hegoafrikakoak ere. AEBetan elebitasunak osasunean duen garrantzia landuta dago. Mediku latinoak eta paziente latinoak batzeko programak daude.

Zergatik aukeratu zenuen ikerketa lerro hori?

Psikiatra [Barakaldoko Osasun Mentaleko Zentroan] eta ikerlaria [Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean] izateaz gain, irakaslea [EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean] ere banaiz eta Naiara Ozamizekin batera egin dut lan hau. Basurtuko ospitalean lan egiten duen psikiatra talde batekin hasi ginen tresna psikometrikoak (pazienteari egiteko galdetegiak) euskaratzen. Helduak baino umeak genituen buruan, zeren gero eta ume gehiagok du lehen hizkuntza euskara, eskolan txiki-txikitatik lantzen dutelako. Pentsatu genuen garrantzitsua izango litzatekeela umeek sikiera eurei zuzendutako galdetegiak edukitzea. Ikastaroan egin nuen argitalpenen berrikusketa-lana ere hortik sortu zen.

Nola uztartzen dituzu argitalpenak berrikustea eta tresnak euskaratzea?

Berrikusketa-lanak zentzu handia eman dio tresnen euskaratze lanari, azkenean justifikazio antzeko bat da. Zergatik da garrantzitsua tresna psikometrikoak edo galdetegiak euskaratzea? Ebidentzia nahikoa dagoelako paziente elebidunetan azterketa psikiatrikoa hizkuntza batean edo bestean egiteak emaitza desberdinak emango dituela. Badirudi garrantzitsua dela norberaren hizkuntzan edukitzea tresna psikometrikoak.

Galdetegi horiek osasun etxeetan erabiltzen ikusiko ditugu?

Gu, oraingoz, euskaratzen ari gara. Donostiako Psikologia fakultatekoek piloa dituzte euskaratuta eta balioztatuta. Tresna gehienak TEA argitaletxean argitaratuta daude. Test psikologikoak jasotzen dituen argitaletxea da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hizkuntza eskubideak
Behatokiaren hizkuntza urraketei buruzko 2023ko txostena
Hizkuntza muga eta urraketa berak hamar urtez

Hizkuntza eskubideen urraketekin lotutako 909 kexa jaso zituen Behatokiak 2023. urtean. Horien %75 baino gehiago administrazioari loturiko zerbitzuei buruzkoak dira: “Herritarrek salatzen dute urtero horma berdinaren aurka borrokatzen jarraitzen dutela”.


2024-03-18 | Leire Artola Arin
ANALISIA
Nork egingo du euskara ofizial?

Korrikak lehen asteburua Nafarroan egin du, eta argi ikusi dugu ez dagoela Nafarroa bat, ez eta hiru ere, baizik eta hainbat. Herriz herri egoera soziolinguistikoa eta euskaltzaletasuna erabat aldatzen dira, eta Korrika ere izan da horren lekuko.


Ikasle euskaldunek Frantziako Legebiltzarrean euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute

Euskal Herriko 16 ikasle Parisen dira astearte honetan, euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu eta horretarako neurriak har ditzatela eskatu diete diputatuei, Frantziako Legebiltzarrean. “Urduri gaude, baina badakigu zer erran nahi dugun”, adierazi diote goizean... [+]


Iruñeko EHEren talde berria aurkezteko jaia egingo dute larunbatean

Taldea ezagutarazteko eta proiektua finantzatzeko antolatu dute egun osorako egitaraua.


Euskaldunen Harrotze Astea deitu du EHEk apirilaren 22tik 28ra

Euskal Herri euskalduna aldarrikatzeaz gain, euskararen aldeko borrokak kalean ikustaraztea eta indartzea izango du xedetzat.


Eguneraketa berriak daude